Amalio Garcia: "Herrialde behartsuak, garatu beharrean, txirotzen ari dira"

2000-10-13

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Amalio Garcia Amalio Garcia, Euskadiko GKEen Koordinakundeko presidentea "Herrialde behartsuak, garatu beharrean, txirotzen ari dira" * Estibalitz Ezkerra Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea 1988an eratu zen, erakundeen aurrekontuaren %0,7 herrialderik behartsuenei garatzen laguntzeko bideratzearen aldeko kanpaina burutu ostean. Horren ondorioz lortutako dirua behar bezala kudeatzeko xedearekin sortu zen Koordinakundea. Hasieran Garapenerako Gobernuz Kanpoko 11 Erakundek (GGKE) hartzen zuten bertan parte; egun, ostera, 60 dira. Duela bi urtez geroztik, Amalio García da bertako presidentea. Zein da Euskadiko GKEen Koordinakundearen funtzioa? Koordinakundea, orain arte, lankidetza eta garapenaren arloetan aritu da lanean bai transferentziak eginez, bai osasuna, hezkuntza eta elikadurari dagokionez bere laguntza emanez , baina denborarekin GGKEak aldatu egin dira. Herrialde behartsuek ekoiztu eta garatzeko egiten zituzten ahaleginak bultzatu behar genituela ikusi genuen. Herrialde hauetan, erabakiak hartzeko prozedurak, baliabideen kudeaketa eta aberastasunaren banaketa ez dira batere demokratikoak, eta pixka bat horretan aritu dira GGKEak: sistema autoritarioak deusezten saiatu dira, gizartea gai sozial eta politikoetan parte hartzera bultzatzen, giza eskubideak errespetarazten hau da, hain zuzen ere, gure helburu nagusienetarikoa , eta oinarrizko beharrak asetzen. Baina herrialde garatuetako gobernuek eta lankidetzarako mugimendu sozialek lan handia egin duten arren, herrialde hauetako ongizatea eta garapena ez dira gehiegi aldatu. Desberdintasunak areagotu egin dira, eta gero eta behartsu gehiago daude. Garatu beharrean, txirotzen ari dira, eta horren zergatia nazioarteko merkatuetan bilatu behar da, merkataritzan, finantzan, etab. Hainbesteko desberdintasunak egonik, herrialde hauek ezin dute aurrera egin. GKEen helburu nagusienetariko bat, iparralde eta hegoaldearen arteko harremanak orekatzea da, zuzenagoak izan daitezela.Txirotasunaren jatorria aztertzen hasi nahiko genuke, eta hortik abiatuta arazoei beren konponbidea bilatu. Erakundean bertan izaten ditugu gure eztabaidak, hein batean garatzen laguntzeko hausnarketarako nazioarteko mugimenduaren eraginez. GGKEak gainerako erakundeetatik nolabait bereizteko, gure baloreak zerrendatzea komeni zela ikusi genuen, eta horregatik sortu genuen Euskadiko GGKEen jarrera etikoaren kodea, 1998ko maiatzean. Zertan oinarritzen da GKEek sinatutako kode etiko hori? Kode horrek gure maximak jasotzen ditu. Gauza bat da zer esaten dugun gure lanari buruz, eta beste bat da benetan zer egiten dugun. Gainera, ez pentsa GGKE guztiek egokitu dutenik beren ideologia kodera. Kodea ez da formulatu Koordinakundea eratu eta gero; alderantziz, lehendabizi Koordinakundea sortu zen, eta gero ikusi da zeintzuk diren gobernuz kanpoko erakundeen ezaugarriak: alde batetik, demokratikoa izan behar du bere funtzionamenduak, eta beste alde batetik, oinarri soziala behar dute, mugimendu sozialak direlako. Kontua ez da proiektuak kudeatuko dituen enpresa edo erakunde bat izatea, baizik eta gizartea aldatu nahi izatea, eta horretarako gizartearen babesa behar du. Gainera, ez da "G" faktorea ahaztu behar: Koordinakundeari lotutako organizazioek garapena izan behar dute beren helburuen artean. Izan ere, badira txirotasun eta bazterketaren aurka dihardutenak, hainbat alorretako arazoak konpontzen, eta bigarren maila batean lankidetzarako proiektuetan ere murgilduta daudenak, baina hori guretzat ez litzateke Koordinakundearen baitan egoteko moduko GKE bat izango, edozein balio sozial duela ere. Koordinakundeak ahalik eta erantzunik onena eman nahi dio justizia sozialaren aldeko eskariari, nazioarteko aberastasunak hobeto banatzeko. Arreta handia eskaintzen diegu baita garapenerako lankidetzari eta generoari. Egoera txarrenean daudenak emakumeak direla jakinik, logikoa da GKEek hor nola edo hala esku hartzea, eta lankidetzarako proiektuetan generoari arreta berezia eskaintzea.Herrialderik behartsuenetan, zoazen lekura zoazela, beti emakumea da okerren dagoena. Nagusiki zein herrialderi laguntzen diezue? Kontuan izanik mugimendu sozial hauek garapena dutela helburu, gehienbat Latinoamerikari laguntzen diogu, eta honen baitan, bereziki Ertamerikari: Peru, Bolivia, Ekuador, Kuba. Baina ez ditugu gainerako kontinenteak ahaztuta utzi: Afrika behartsuena, ahaztuena , Asia. Latinoamerikak ohituragatik, herrialde horiekin dagoen harremanagatik eta gazteleraz egiteak ematen dituen erraztasunengatik jasotzen ditu laguntza gehienak. Iñigo Egiluz kooperantearen heriotzak, hainbat herrialdetan dagoen arriskuaz jabetzera eraman gintuen. Zeintzuk dira GKEek dauzkaten arazo nagusiak? Guk giza eskubideak zapalduta dauzkaten herrialdeekin, behartsuekin eta goseak daudenekin solidarioak izan nahi dugu. Zailtasunak asko dira. Alde batetik, herrialdearen azpiegiturak daude hor, askotan laguntzak bideratzeko oztopoz beteta daudelako, eta herrialde horietako agintarien jarrera. Eta erakunde batzuek beren helburu politikoak lortzeko eskuratu nahi dituzte laguntza hauek. Baina gauza hauek guztiak globaltasunaren ondorio dira gure ustez. Herrialde hauek bizi duten egoeraren jatorria, askotan, enpresa multinazionaletan edo beste herrialde batzuetako gobernuetan dago. Arazo horiek batzuetan armadaren bidez ere eragiten dira, herrialdean bertan gatazka edo mugimendu migratorioak sortu nahi izaten direnean. Kolonbian, adibidez, bi milioi errefuxiatu daude interes ekonomiko eta politikoengatik, oraindik ez zaie eman carta de naturaleza delakorik, eta errefuxiatu direnik ere ez zaie aitortzen. Han dagoen indarkeriatik ihes egitearren eta beren bizitza salbatzeagatik, Venezuelara eta mugaz bestaldeko herrialdeetara joaten ari dira. Fenomeno paramilitarrak ere indar handia du, eta ez Kolonbian bakarrik; horrela, agintean daudenek ez dituzte hainbat sarraski eta desplazamendu ofizializatu behar. Paramilitarrak soldatapeko gudariak dira, erakundeei eta armadari lotutadaude, eta erabateko zigorgabetasunarekin aritzen dira. Kooperanteek herrialde hauek bizi dituzten arazo berberak dauzka, baina abantaila batekin: gatazka horretan parte har dezakeen herrialde bateko hiritarra izatean, nabarmendu egiten da nolabait, eta indarkeria darabiltenak gatazka horiek ekiditen saiatzen dira ez dietenean beren erakundeei publizitatea eman nahi (batzuetan hori baita beren helburua), edota nazioarteko diplomaziak indarkeria hori salatu eta operazio horiek gaitzestean. Proiektuak gauzatzeko dagoen beste arazo bat jendearen trebakuntza da, baina arazo honek konponbidea du. Nazioarteko kooperazioak hasierako bultzada ematen die, eta bestela lortuko ez lituzketen baliabideak luzatzen dizkie, aurrerantzean eurek kudea ditzaten beren bizitzak eta beren ekoizpena. Nekazaritzan erreformak egin beharra dago, ezer gutxi balio baitu lurra edukitzeak, gero ezin baldin bada landu. Garapen prozesuen eta laguntzen helburuetako bat, herrialde bakoitzak bere ekonomia sustatu ahal izatea da, eta horretarako finantziazioa, komertzializazioa, transformazioa, banaketa etab. bultzatu behar dira. Izan ere, hor ez baldin bada bitartekariren bat aritzen, beste politikaren bat sartuko da tartean, eta horrek ez du GKEaren proiektua bakarrik kaltetzen, baizik eta baita ere zulotik atera nahi duten herrialdea. Ekoizteko ahalegin handiak egiten diren arren, etekinak banatzaile eta multinazionalek jasotzen dituzte; hauen esku dago herrialde horiek aurrera ateratzea edo bertan behera gelditzea. Askotan herrialdeek ezin dute ezer egin miseriatik ateratzeko; harreman ekonomikoak ekitatibo eta zuzenak izatea da kontua, aukera berdinak izatea, bai lurra eskuratzeko, bai merkatuetara jotzeko... Herrialde garatuetan eta garatugabeetan eskulana ez da berdin baloratzen, ez horixe. Banaketan dauden desberdintasun eta txirotasuna benetan konpondu nahi baldin badira, hortik hasi behar da. Beste alde batetik, abusuzko interesak jartzen dituzten zirkuitu finantzieroak daude, herrialde hauenekonomiak zorpetzen dituztenak. Eta armamentuaren merkataritza eta salmenta ere hor daude, eta lehenengo munduan sortzen diren gerrateak... horrelakoek herrialde hauek hipotekatu eta erabat suntsitzen dituzte. GGKEek beren proiektuak gauzatzen lagundu nahi diegu, oinarrizko beharrak asetu ahal izan ditzaten. Eta nazioarteko harremanak aldatzeko, beste erakunde batzuk daude: Merkataritzako Mundu Erakundea, Nazio Batuak, zortzien taldea, Moneta Fondoa eta Mundu Bankua. Herrialde hauek erremedioak behar dituzte. Baina, zoritxarrez, herrialde asko eta askok beren onerako erabili nahi dituzte baliabide ekonomiko horiek Espainiako Gobernua tartean dela , kontraprestazioak jasotzeko, enpresak nazioartetzeko, etab. Hori, laguntza baino gehiago, galbidea da. Horregatik, oso garrantzitsua da laguntzen jarraitzea, herrialde horiei fondoak eta baliabideak ematea, baina aldi berean, kritikoki aztertu behar dugu gure burua, desberdintasun hori zerk eragiten duen aurkitu eta konpontzen saiatuz. Badakigu zeregin hori ez dagoela gure esku bakarrik, azken batean gizartearen zati txiki bat besterik ez baikara. Zein da bolondresen profila? Bokazio eta espezializazio desberdinak daude, gero eta gehiago dira gainera, asko garatu baitira GKEen bidez laguntzeko moduak. Proiektu bat prestatu eta justifikatzeko, lan administratibo burokratiko handia egin behar da; horrek hasiera batean ez dauka kooperantearen irudiarekin inolako loturarik, baina hemen baliabide eskasa iruditzen zaigunak behar asko asetzen ditu han. Arazoak sortu ahala konpontzen dira. Ezin da horrelako prestazio batek faktura izan dezala eskatu. Herrialderik behartsuenetan gauzak konplexutu egiten dira, eta zenbait laguntza ezin dira eman. Askotan, gastua justifikatzerik ez dagoenean, kendu egiten da finantziazioa, eta horren ondorioz GKEak teknifikatu egiten dira. Kontuan izan behar da zein den GGKEen jatorria: bolondres zibilek sortu ote duten ala Elizarena den. Lehen agian zehatzagoa izango zen bolondresen profila, bainaKoordinakundeen bitartez erakundeak harremanetan jarri direnetik, eztabaida ideologikoak sortu dira: laguntza zergatik, zertarako eta nola eman. Erakunde batzuek aldatu egiten dituzte beren helburuak, diru iturriagatik edo diru emaileek ezartzen dizkieten baldintzengatik, baina horrela galdu egiten da independentzia eta gobernuzkanpokotasuna, eta Koordinakundearen ezaugarri nagusienetarikoak horiexek dira hain zuzen. Koordinakundeak erabakiak hartzeko gaitasuna izan behar du, eta barne funtzionamendu demokratikoa. Beste alde batetik, erakunde horietan ez da proportziorik gordetzen parte hartzen duen emakumeen kopuruaren eta taldean daudenen artean; erabaki guneetan emakumeak baino gizon gehiago izaten dira. Hori ere konpondu egin beharko litzateke. Kooperanteari buruz zera esan genezake: harremanek nolakoak izan beharko luketen pentsatzen du, baina aldi berean fideltasunez betetzen ditu erakundearen eta proiektuaren printzipioak. Erakundeak berak arduratu behar du proiektua gauzatzeaz. Herrialde batera doan kooperanteak hango datuak eman ahal izango ditu, eta proiektuak hobetzeko zenbait aldaketa sartzeko eskatu. Kooperantea lanerako prest egoten da, eskuzabala eta diziplinatua da, eta oso soldata baxua jasotzen du, GKE batek ez baitu inoren etorkizuna konpontzen. Badira soldata ikaragarriak ordaintzen dituzten GKE batzuk, Nazio Batuen baitakoak adibidez, baina ez garatzen laguntzeko mugimendu sozialek. Pertsona batzuek bizitza osoa ematen dute honetan, eta beste batzuk denboraldi batean aritzen dira lanean. Batzuek musutruk aritzen dira, modu altruista batean, baina beste batzuek ez daukate baliabiderik, edota ez dute honetara bideratu nahi. Horrelakoetan, GKEak bidaia ordaintzen die, eta GKEan eginkizun horretarako finkatuta dagoen soldata ordaintzen die. Badira GKEek kontratatuta lanean diharduten teknikariak ere, bolondresak ez direnak. Ez dago beraz profil zehatzik; kasu desberdin ugari daude. Baina guztiek eskaintzen dituzte beren denbora eta bizitza kausa honenalde. Euskaldunok beti izan dugu solidarioak izatearen fama. Estatistiken arabera, garatzen laguntzeko kooperazio mugimenduen arloan, Euskal Herria da bolondres eta baliabide gehien mugitzen dituen herrialdea. Baina ez dugu pentsatu behar nahikoa egiten dugunik. Beste edozein arlotan giza baliabide, tekniko eta finantziero gehiago daude. Eskuzabal eta solidarioak izan arren, ez dugu lasai gelditu behar. Gazteleraz esaten den bezala, "en el mundo de los ciegos, el tuerto es rey": kooperanteok begibakarra ginateke. Baina ez dugu hor gelditu behar; askoz gehiago egin dezakegu. GKEen jarduera gehienbat udarekin lotzen da. Beste urtaroetan baino proiektu gehiago gauzatzen al dira sasoi horretan? GKEak etengabe aritzen dira lanean. Udan, gainera, segun eta zein arlotan, murriztu egiten da jarduera. Proiektuak ez dira urtaroei lotuta egoten; hasi eta bukatu egin behar dira. Gertatzen dena da udan, oporrak direla eta, bolondres gehiago izaten direla hilabete bat edo biko tartean, baina, aldi berean, orduantxe hartzen ditu GKEetako jendeak oporrak, eta, beraz, lana nolabait arindu egiten da. Beste kontu bat da proiektuak deialdien arabera aurkezten direla. Aurtengoan uztailan aurkeztu direnez, lan handia izan dugu hilabete horretan. Gero, proiektu horiek martxan jartzeko, onespena eman behar izaten da. Bulkadaka egiten dugu lana, baina tradizioa eta urteak dauzkan GKE batean salto gutxi izaten dira, lana modu jarraian egiten delako. GKEek finantziazio iturri desberdinak izaten dituzte (beraineak, udalarenak, Eusko Jaurlaritzarenak, Europar Batasunarenak, beste erakundeenak), eta baliabide horiek proiektuen bidez garatzen laguntzeko erabili behar ditu. Proiektu bat, aurkeztu baino lehen, landu egin behar da. Torlojoen enpresa batek bezala funtzionatzen du, urte guztian torlojoak eginez. Zein asmo bete nahi ditu koordinakundeak epe laburrean? GGKEen Koordinakundea Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako Aholku Kontseiluan sartuta dago, arlo honetan egiten diren ekintzen inguruanaholkatzeko. Egiten duenaren berri ematen du, eta kontrola handiagoa izateko araudiak proposatzen ditu. Eusko Jaurlaritzak garatzen laguntzeko laguntzen fondoak arautzeko eman duen dekretuaren inguruan izan den eztabaida osoan zehar, hantxe izan da Koordinakundea. Gainera, legegintzaldi berri honetan, ziur aski garatzen laguntzeko lege berri bat lantzen hasiko da Eusko Jaurlaritza, eta horretarako gure esperientzia eta ikuspegia ematen saiatuko gara. Atzerritarren legearen erreformak ere lotura du gure jarduerarekin, jendearen askatasuna eta mugimenduak mugatzen direlako. Pertsona hauek miseria, gosea, askatasun falta, zapalkuntza eta errepresio politikoa pairatzen dituzte beren sorterrietan, eta orduan etorkizun hobea eskaintzen dieten lurraldeetara migratzen dute. Giza eskubideak, mugitzeko askatasuna eta diskriminazio eza bezalako baloreak bultzatu nahi ditugu. Kezkagarria da immigranteen giza eskubideak nola zapaltzen diren ikustea; horri aurrea hartu behar zaio. Gizarteak babestu egin behar ditu eskubide horiek. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 95.zbk (2000 / 10 / 13 20) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Vincent Ducourau: "Gogoa nuen iraganeko gauzak bizirik segi zezaten. Neretzat ez dira sekulan egon orainetik kanpo, hortan sinesten dut eta bizirik garrantzisua da niretzat; ez naiz sekulan aspertzen gauza zaharrak ikusteaz".

 

Irakurri

Juan Celaya: "Euskal Herrian bezala, ez da inon bizi"

 

Irakurri

Angel Amigo: "Lanbide honetan garrantzi handikoak dira norberaren kreatibitatea, liluratzeko gaitasuna, historia eta egindako lana; zazpigarren dokumentala lehenengoa baino errazagoa izango da beti"

 

Irakurri

Juan Ignacio Vidarte: "Museoak eraldaketa prozesu garrantzitsu batean murgilduta daude"

 

Irakurri

Luzien Etxezaharreta: "Maitzekin hasi zen bideak, 20 urteren buruan jarraitzen du, biziak beti aitzina bultzatzen gaituelako"

 

Irakurri