Luzien Etxezaharreta: "Maitzekin hasi zen bideak, 20 urteren buruan jarraitzen du, biziak beti aitzina bultzatzen gaituelako"

2000-09-08

BUTRÓN, Ainize

Elkarrizketa: Luzien Etxezaharreta Luzien Etxezaharreta, kazetaria "Maitzekin hasi zen bideak, 20 urteren buruan jarraitzen du, biziak beti aitzina bultzatzen gaituelako" * Traduction au français du original en basque Ainize Butron Luzien Etxezaharreta askok "Gure Irratian" egiten duen kazetari lanari esker ezagutzen badute ere, azken hogei urte hauetan eta gaur egun ere, Ipar Euskal Herriko literatura bultzatzaile eta hedatzailetariko bat izan da. Hain zuzen ere, "Maiatz" aldizkari literarioarekin eta "Gure Irratian" egiten dituen emankizun literarioekin, Luzien Etxezaharretak literatura, eta honekin, euskararen erabilpena, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa behereko etxeetara hurbiltzeko aukera ukan du. Horrez gain, "Maiatz" aldizkarian edo beste olerki bildumetan idatziak azaltzen aritu izan da azken urte hauetan. Gaur egun euskal literatura zabaltzeko tresnak martxan jarriak baldin badira, gaurko egoerara heltzeko bidea luzea izan zen, literatur maitale gisa beretako eta berarekin lanean aritu zirenentzat. Literatura euskara bultzatzeko tresna bat bezala erabiltzen zutela azpimarratzen du kazetariak. "Horregatik gaur egun ezagunak diren idazle batzuk eta ni elkarretaratu ginen eta gogoeta hauek praktikan ezartzeko tresnak martxan jartzen aritu ginen". Hirurogei hamarkadan hasi eta gaur egun arte, hogei eta hamar bat urte pasa badira ere, hasierako borroka eta grina hau oraindik ere Iparraldeko jendartean gai bizi bizian dela argitu du. Azken hogei eta hamar urte hauetan, euskal literatur berritzaile baten eramaileetariko bat izan den kazetari eta idazle honek, urte guzti hauetan, beraien gogoetak plazaratzeko iragan dituzten gora beherak aipatzen ditu. Literaturak betidanik garrantzia anitz ukan du Ipar Euskal Herriko kulturan. Zu "Maiatz" aldizkaria sortu zenetik, kultura hau urtez urte hedatzen eta plazaratzen saiatu zara beste hainbat idazle eta olerkarirekin batera. Aipatzen ahal duzu zein izan zen zuen abiapuntua honelako aldizkari bat sortzeko? Militante askokbezala, euskararen griña ukan dut. Hori aspaldiko kontua da, ni ikasle hasi nintzelarik, 64 urte horretan "Egia" izeneko aldizkarian hasi nintzen . Urte batzu berantago, "Ikasle" izeneko aldizkaria egin genuen eta, 69. urterarte iraun zuen. Aldizkari hau, Bordele, Paue, Tolosa eta Parisen, Ipar Euskal Herriko ikasleen kokaguneetan banatzen genuen. Ni beste anitz bezala, "Herria" astekarian hasi nintzen kronika batzu egiten, batez ere, ikasle munduko berriekin. Hogei urte horietan, Euskal Herriaren nortasun horri buruz, ene burua galdezkatu nuelarik, uste dut aski errezki ohartu nintzela ere euskararen garrantziaz. Bestalde, lehen Ipar Euskal Herriko abertzaleak, euskaltzaleak zirela ere azpimarratu behar da. Hirurogei hamarkada horretan, Hego Euskal Herrian bezala, baziren gogoetak euskara baztertua zelako: ez zen, adibidez, hiztegirik euskaraz. Egungo egunean gauza harrigarria badirudi ere, nahi bazenu euskaraz idatzi eta hitz batzuk bilatu, Ipar Euskal Herrian hiztegi bakar bat genuen, Tournier Lafittena, edo Lhanderen hiztegia. Gero ere, urte horietan formakuntza batzuk egin genituen, "Amaia" izeneko elkarte batean Pierre Lafitte gomitatu genuen hitzaldi batetara, eta Euskal Literaturaren historia aipatu zigun. Hots, askok bezala, nik Euskal Herriaren nortasunaren defentsan sartu nuen euskararen defentsa. Baina, lehenago, behar genuen urrats bat egin euskararen eta euskal literaturaren jakintzari begira. Beraz euskal literaturaren inguruan sortu zenuten "Maiatz" aldizkariaren lehen helburua, euskara eta literatura jakintza hedatzea zen? Aldizkari bat euskal literaturaren inguruan aipatzea, beharbada hitz handi bat aipatzea da. Ipar Euskal Herriko idazleei espazio bat eskaintzea zuen helburu bezala. Gai honen inguruan gogoetak han edo hemen egin genituen. Gogoan dut bilera bat izan zela Beloken eta horretara Ipar Euskal Herrian denbora horretan idazle bezala ezagunak ziren gehienak gomitatu genituen. Bilera honetan, garai horretan unibertsitatean, ingeniero edo irakaslebezala ibili zirenak euskaraz idazteko ahaltasuna anitz bazituztela ohartu ginen. Hauen artean, Piarres Xarriton edo Iratzeder, adinekoak eta Itxaro Borda hamar urteetan Itxarok jadanik idazten zituen kronikak herrian bezalako gazte berri batzuk aurkitzen ziren. Garai horretan ere "Gure Herria" aldizkaria desagertua zen. "Herria" astekariak ordezkatu bazuen ere, Ipar Euskal Herrian idazteko bideak oso murritzak ziren, eta, Hegoaldeko frankismoak ate nagusiak ixten zituen. Mugimendu bat bazen ere, eman dezagun idazle berrien inguruan, finkapenik ez zen. Oraindik klandestinotasun bat bazen euskararen inguruan. Baina, beti sentitu dugu Ipar Euskal Herrian behar genuela zerbait berezia egin. Ikusten zen indarra Hegoaldean pizten ari zela eta gu, ahulak ginela Iparraldean. Nola abiatu zen "Maiatz"? Gure eskualdean ez zen sorkuntza berri bat bultzatzeko nahikeriarik. Hortaz, ez baginen ere berehala ohartu, nahi genuen indar bat egin. Orduan "Maiatz" aldizkariaren sortzea izan zen. Nihaur, 81ean Euskal Herrira itzuli nintzen, eta harremanak izan nituen Itxaro Borda, eta belaunaldi berri batekin: Manex Lanathua, Aurelia Arkotxa, Eñaut Etxamendi, edo besterekin. Dudarik gabe idazteko gogo azkar bat bazen. Eta sentitzen genuen mundu berri horri buruz joateko gogoa bazela. Halabaina, Ipar Euskal Herria garai horietan gaztez hustua zen eta kultur iraultza bidean zen bat euskararen aurka. Telebistaren lehen efektuak agertzen ziren, eta euskara abiadura handian galtzen hasi zen. Euskaltzaleen Biltzarra, eta horrelako erakunde publikoak, euskararen defentsan ari zirenak, guztiz galtzen ari ziren. Beraz hutsune handia bazen euskararen kapituluan. Ziurrenik ikusiz garai horretan aipatzen dituzun arazo horiek, "Maiatz" bezalako aldizkari bat martxan jartzea ez zen erraza izan behar? Bai, orduan aldizkariaren egitea zaila izan zen. Arazo anitz ukan genituen bi lehen zenbakiak egiterakoan. Harrera ona izan zen, 82. urteko otsailean aldizkariaren lehen atala plazaratu genuelarik. Xarritonpartaide genuen hastapenean, nahiz hor lehen zenbaki horretan galdera bat pausatu zigun, ea ikerketa, unibertsitateak egin literatur analisiak eta beste sartzen ahal genituen sorkuntzaren ondoan. Garai horretan ez baitzen tokirik horiek plazaratzeko. Orain aldiz, Lapurdum bezalako aldizkari bat bada horretarako edo Hegoaldean ere horrelako lanak egiteko aldizkari ugari badira. Baina, garai horretan ez zen posible "Maiatz" aldizkarian horrelakorik egitea. Gainera idazteko gogoarekin, gero eta jende gehiago bazen, eta testuak bidaltzen zizkiguten. Urtetik urtera gauzak hobetuz joan dira eta orain 33. zenbakia plazaratzen ari gara. Oraindik gora beherakukan baditugu ere, Ipar Euskal Herriko idazle berrien lan biltzaile garela erran daiteke, denen onespenarekin egin delako. Funtzionatu dugu dirulaguntzarik gabe, nahiz Euskal Kultur Erakundeak (EKE) azken hamar urte hauetan laguntza bat eman digun. Baina, laguntza horiek gabe ere bizitzen ahalko ginen, gauzak plazaratzeko nahikeri bat zegoelako. Aldizkariarekin batera liburu sail bat atera dugu. Orain 45 liburu argitaraturik dira, eta Itxaro Bordaren lehen liburua, Aurelia Arkotxa, Manex Lanatua, Henriette Aire, Maddi Pelot eta beste batzuen lanak lehendabiziko aldiz plazaratu ditugula pozgarri da pentsatzea. Lehen urrats hori maiz zailena da eta inportantea ere idazle baten bizian. Literaturgintza bultzatzeko, azken urte hauetan egin duzuen edo duzun lana ikusiz, esaten ahal da zuretzat literatura sustatzea militante jokaera bat izan dela... Militantismo natural bat izan da. Abertzaletasunak ez du baitezpada euskaltzaletasuna sortu. Baina guretako ebidentea zen, euskararik gabe Euskal Herririk ez zen posible. Eta horretarako literatura idatziak, badu funtzio inportante bat mintzairaren finkatzean. 70. hamarkada horretan liburutegiak hondatzen ari zirela ohartu ginen, adineko hainbat pertsona, euskara ongi zekitenak hiltzen ziren eta galtzen genituen euskarazko hainbeste erranmolde eta aberastasun. Gure eginbide bat zeneta da oraindik, Ipar Euskal Herriko euskalkien aberastasun horien atxikitzea, biziaraztea eta sortzea gaurko literatura berria. Gure moldean, euskara biziarazi, aurkotu, gaurko gaiak aipatu eta, bistan da, euskararen akats nagusi batzu zuzendu ditugu. Adibidez, gure "Maiatz" en lehendabiziko aldizkarietan testu erotikoak sartu ditugu. Orain teoria anitz egiten dira horren inguruan, baina badira testu probokatzaileak ere garai horretan publikatu zirenak. Mundu berrien testuak baziren ere; euskal testuak ez dira beti ari laborantza munduaz, edo herriko plazako munduaz. Mundua eta hiritartasuna ere aipagai izan dira. Euskal Herriak parez pare ukitzen duen krisi moral eta soziala, gure produkzioan isladatzen ahal dela uste dut ere. 60. hamarkada horretan eta gaur egun oraindik ere, beraz, esaten ahal da "Maiatz" aldizkarian parte hartu duzutenak garaikideak izan zarete Euskal Herriko literatura mailan... Halabainan, bainan nonbait jarraipena eta errepikapena bada. Maiz konzientzia dugu, lehengo denboretako testu batzuek gaurkotasuna badutela beti. Eta ahanzten dira gehiegi ere lehengo gauzak, eta gaurko jendartean horri kasu eman behar zaio. Baina, berrikuntza eta sorkuntza batean gara. Gaurko idazleak formakuntza internazionaletik abiatzen garela argi dela esaten ahal da. Formakuntza internazional hau, bereziki, unibertsitatea eta telebistaren influentziarekin mundu osoari konektatuak garelako erraten ahal da. Eta aipatu gabe, orain daukagun Internetek oraindik lotura hori handiagotzen du. Beraz munduko literaturan diren esperientzia ezberdinak ere guregana heltzen dira. Halabaina, gaur egun Iparraldean den arazo handiena irakurle gutxi eta euskaldun gutxi dela da eta euskarak baztertua jarraitzen du. Horiek hola norberak bere bizian beti aitzinako bidea hartzen du naturalki. Orduan horri garaikidetasuna deitzen ahal zaio. Gure bizian gaurko egunetaz eta biharamunaz piska bat amestuz ari gara. Iragan literaturak ere ematen dizkigu, zorionez, beste literaturetan bezalaerreferentziak. Eta erreferentzia horiekin ere, hizkuntza bat eraikitzen da. Eta horiek oro dute sorkuntza egiten. "Maiatz" en eginbidea, hala ere, hogei urteren buruan aitzina joatea da, biziak beti aitzina eramaten gaituelako. Zu hainbeste urtez Ipar Euskal Herriko literatura munduan ibili ondoren, erraten ahal da Ipar Euskal Herriak berezko literatur bat daukala? Gaur egungo Iparraldeko literatura oso lotua da Hegoaldeari. Gaur egun ez da erraten ahal Ipar Euskal Herriko literatura, baizik eta "euskal literatura" bere orokortasunean. Ipar Euskal Herriko nortasuna, gaur egun euskalkien influentzian bermatzen da. Gaurko Ipar Euskal Herriko idazle batzuetan Hegoaldeko influentzia argia nabaritzen zaie eta horrek erakusten ditu loturak. Iparraldeko idazleek, Hegoaldeko idazleak irakurtzen dituzte. Gainera hogei urtez beti kolaboratu dugu Hego Euskal Herriarekin, zubia beti izan dugu eta influentzia azaldu da. Zer nahi gisaz, literatura gauza oso pertsonala da ere eta idazle bakoitzak bere influentziak jasaten eta paperean ematen ditu. Euskal Herriko literatura bat errateaz gain, aipatzekoa da geroz eta gehiago kultura unibertsal batean sartzen garela eta Ipar edo Hegoaldeko idazleek informazio berdinak dituztela gaur egun. Beraz, gero eta gehiago Ipar eta Hego Euskal Herriko literaturak hurbilduko direla uste dut. Baina, hala ere Iparraldeko idazleok badugu zor bat orain arte euskara irakatsi diguten guraso eta irakaslekin. Horiei esker,gutara heldu dira aberastasun anitz, eta beraz indar bat egin behar dugu Iparraldeko euskalkiak ongi ikasteko eta erabiltzeko. Gaurko literatura eta bere eragina internazionala aipatzen duzunez. Nola ikusten duzu euskal literaturaren geroa? Gaur egun adibidez harritzen naiz zenbat idazle interesgarri izan den eta baden Bosnian. Ikusten da Euskal Herritik zein hurbil diren beren problematikak. Hau ikusiz, hizkuntza txipiek elkarren artean badugula asko irabazteko iruditzen zait. Esate baterako, harremanak antolatuz Bretania, Okzitania,Korsikarrekin badugu asko egiteko bai itzulpen mailan eta bai trukaketa mailan ere. Han eta hemen literatur topaketak egiten dira Europako mintzairen idazleen artean. Hau egiten badugu asko irabaziko dugu, denek arazo berdinak ditugulako gure hizkuntzaren etorkizunari buruz. Euskal literaturaren etorkizuna Europan kokatzen da. Argazkiak: Ainize Butron Euskonews & Media 90.zbk (2000 / 9 / 8 15) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Koldobika Jauregi: "Kultura gobernuaren menpe egoteak gehiegizko politizazioa suposatzen du"

 

Irakurri

Eugenio Ibarzabal: "Kalitatea modan zegoen zerbait izatetik funtsezko tresna izatera igaro da"

 

Irakurri

Mario Salegi: "Hezkuntza eta kultura, Euskal Herria berreraikitzeko oinarri"

 

Irakurri

Luis Olarra: "Beti izan naiz lagunez inguratuta, sekula ez baitiot inori kalterik egin"

 

Irakurri

Marisol Esteban: "Udalerri batzuek pairatzen duten dentsifikazio arazoekin bizi beharra daukagu"

 

Irakurri