Luis Olarra: "Beti izan naiz lagunez inguratuta, sekula ez baitiot inori kalterik egin"

2000-07-07

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Luis Olarra Luis Olarra, kazetaria "Beti izan naiz lagunez inguratuta, sekula ez baitiot inori kalterik egin" * Traducción al espanol del original en euskera Teresa Sala Luis Olarraren aurpegiak (Tolosa, 1902 X 9), 97 urteko bizitza luzean zehar ezagututako poz eta atsekabeak islatzen ditu; hainbeste dira urte horietan guztietan zehar bizitutakoak: gerra zibileko une lazgarriak, Miguel de Unamunorekin hil baino hamabost egun lehenago izandako elkarrizketaren oroitzapen gogoangarriak, 1964ean Helsinkiko Bake Biltzarrera joan zenekoa, eta abar. Donostian, Parisen, Londresen eta Benidormen bizi ostean, Tolosara itzuli da Olarra, "azken egunak etxean emateko". Txundigarria da bere oroimenaren fideltasun eta zehaztasuna; izan ere, mota orotako datu, izen nahiz datak gogoratzen ditu, dela Asturiasko Iraultza, Errepublika aldarrikatu zenekoa, edo Pío Barojaren heriotzaren ingurukoak. Errealitatea goitik behera aldatu zuten gertakarien lekuko, Emeterio Arreseren moduko olerkari eta artisten adiskide izana da. Zeu izan zinen Miguel de Unamuno elkarrizketatu zuen azkena. Nola joan ziren gauzak? Oso ongi gogoratzen dut egun hura. 1936ko abenduaren 15ean izan nintzen berekin, hil baino hamabost egun lehenago. Hilabete neraman Salamancan nire emaztearekin, baina zaindariak egoten ziren bere etxeko atarian, eta ez nintzen bisita egitera ausartzen. Hala ere, abenduko arratsalde hartan, atarian ia inor ez zegoela ikusirik, gora igotzea erabaki nuen. Bere alaba batek zabaldu zidan atea, eta barrura sartzera gonbidatu ninduen. Berehala azaldu zen don Miguel de Unamuno. Arratsalde guztia eman genuen hitz egiten, gauza askori buruz gainera. Bandera gorri horiari buruz aritu zen, esaten horiak zornea adierazten zuela eta gorriak odola. Haserre bizian, ezin zuela gehiago jasan oihukatzen zuen: "Egunen batean, Plaza Mayorren erdira atera, eta Franco eta bere jarraitzaileak hiltzaileak direla esaten hasiko naiz". ("Alderdi" aldizkarian garatuago argitaratua, 214 215 zkia.,1965. urtea). Hortaz, ez dira benetakoak Unamuno frankista zela dioten zurrumurruak... Ez horixe. Nazkatuta nengoen Unamunok pentsatzen eta sentitzen zuenaren inguruan hainbeste gezur eta lelokeria irakurtzeaz. Horixe izan zen elkarrizketa hura egitera bultzatu ninduen arrazoi nagusia. Bere bila joanez gero, "zerraldo" atera beharko zutela esan zidan. Gerora, Ramón Gómez de la Serna Ameriketan Miguel de Unamunori buruzko biografia bat idazten ari zela jakin nuen. Prentsa frankistaren erruz, Unamuno falangista zela pentsatuz aldegin zuen Espainiatik, eta, beraz, gutun bat idatzi nion, don Miguelen ideiak argituz. Zera erantzun zidan: "zure gutuna jasotakoan, urtetako lan guztia apurtu dut". Ramonek nigan sinetsi eta jada bukatuta zeukan liburua desegin izana da hunkitzen nauena. José Manuel Atxaga, Luis Olarra eta Juan Garmendia Larrañaga. 98ko belaunaldiko idazle asko ezagutzeko parada izan zenuen. Inoren lagun min izan al zinen? 98ko belaunaldiko idazle askoren adiskidea izateko zoria izan dut. Dezente gazte ezagutu ditut: Valle Inclánen semea, Marquelie, Emma Penella, Julio Camba, eta abar. Egunero egunero Maximoren tabernan bazkaltzen zuten, eta ni noizean behin Julio Caro Barojarekin joaten nintzen hara. Nahiko harreman ona neukan Pío Barojarekin ere, eta bere anaia Ricardorekin, Antonio Machado, Marañón, Azorín, Emeterio Arrese, Felix Urabayen, Antonio Espina eta abarrekin. Ramonek eta biok asko idazten genion elkarri. Buenos Airestik bere liburu batzuk bidali zizkidan, oso eskaintza politekin, eta argazki bat ere bai, bere "aparteko adiskidetasuna" eskainiz. Ba al da urte haietako oroitzapenen artean bereziki gogoratzen duzunik? Pío Barojaren heriotza, 1956ko urrian. Ni izan nintzen gau hartan hilotza gaubeilatu zuen bakarra. Juliok ez zion beste inori utzi. Goizean goiz, hilkutxa ekarri zuten, goialdean gurutze handi bat zeukala. Arteta sendagileak, gurutzea ikustean, protestatu egin zuen, eta kentzea pentsatu, baina lehendabizi Juliori bere iritzia eskatzerajoan zen, eta kentzeko baimenarekin itzuli zen. Jarraigoa abian jartzen ez zela ikusirik, Val y Vera sendagileak ehorztetxeko mutiko bati galdetu zion, "zeren zain gaude?", eta honek erantzun "apaizen zain". Orduan Val y Verak: "lurperatze honetan ez da ez apaizik eta deus behar". Eta abian jarri ziren. Han ziren, besteak beste, Francoren ministro bat, Hemingway eta Camilo José Cela. Gerra eta diktadura garaian ere ateo gisa azaltzen al zenuen zeure burua? Frankismoko urteetan, behin ere ez nintzen eliza batean sartu, ezkontzeko izan ezik, nire Emaztearenganako errespetuagatik. Ezustekorik ere sortaraziko zizuten zure printzipio eta ideiek... Egia esan, kasualitateak eta benturak behin baino gehiagotan askatu naute heriotzaren hatzaparretatik. Kontatuta ere sinestezina dirudi. 1936ko uztailaren 18an Gasteizen nintzen, andregaiari, Pilar Sánchez Bordonari, ikustaldi bat egitera joana bainintzen. Oso gustura ibiltzen nintzen Arabako hiriburuan, han inork ez baininduen ezagutzen. Baina erreketeek Tolosa hartu zutenean, izua sartu eta etxera itzuli nintzen. Iritsi bezain laster, ordea, alde egiteko esan zidan aitak, errugabe asko beren pentsamoldeagatik erailtzen ari zirela eta. Ibiltzeko baimenak kanpotar batzuei esker lortu, eta Gasteiza itzuli nintzen, eta hara non iritsitakoan, ni joan ondorengo gauean "paseotxoa" egiteko nire bila ibili zirela esan zidaten, gauero norbait fusilatzen zuten lekura eramateko. Kasualitate horrek bizitza salbatu zidan. Centro Republicano ko kide ere izan zinen... Bai, gaztetandik ibili nintzen Tolosako Centro Republicano an. Garai batean zuzendari eta liburuzain ere izan nintzen, baina Alcalá Zamora presidentearen jokaera moderatu eta kontserbadorea ikusita, utzi egin genuen David Álvarez eta biok. Unamunorekin egon ostean, Tolosan nenbilen goiz batean, guardia zibil batek eta errekete batek atxilotu eta komisario baten aurrean deklaratzera eraman ninduten, baina azken honen oker batengatik aske utzi ninduten. Horra hor heriotzetik askatuninduen beste kasualitate bat. Beti izan naiz lagunez inguratuta, sekula ez baitiot inori kalterik egin. Bi bandoetan neuzkan lagunak, eta komisarioak, kanpokoa zenez gero, Tolosako buruekin hitz egin behar zuen lehenengo, eta hauek, antza, erreferentzia onak eman zizkioten niri buruz. Erabat txundituta zegoen komisarioa. Komisaldegikoek fusila hartu eta beraiekin batera borrokatzeko esan zidaten, baina nik ezetz erantzun nien. Orduan, bulegoren batean beraientzat lanean aritzeko. Lasai asko esan nien sekula ez nintzela beraientzat lanean arituko, lotsa handia emango lidakeela. Eta alde egiten utzi zidaten. Ez zait asko gustatzen niri buruz hitz egitea, ipuin bat kontatzen ari naizela dirudi eta... Interesgarrienetan interesgarriena den ipuina baina... Egia esan, hainbeste urte igaro ostean, atzera begiratzean, bizitza desberdin asko bizitu ditudala iruditzen zait. Hainbeste dira gertatu zaizkidanak... Zertan aritu izan zara? Zein lanbidetan? Gaztetan, gaixo nengoela eta, Batxillergoko ikasketak laugarren mailan utzi behar izan nituen. Eskolak udan jasotzek aukera eskaini zidaten, baina besteak igeri egitera zihoazen bitartean ikasten gelditzeak ez zidan inolako graziarik egiten. Orduan, nire gurasoei nahigabe handia emanda, ikasketak utzi, eta aitaren Txokolategian lan egiten hasi nintzen. Pinturarako zaletasunak bultzatuta, Donostiako Foru Aldundiko Artista Berrien koadro bat aurkeztu eta sari bat eskuratu nuen, baina Pradoko Museoan eta Toledon Grekoaren obra ikusi bezain laster utzi egin nion margotzeari, margotu beharreko guztia ordurako margotuta zegoela konturatu bainintzen. Tolosan hamabostean behin argitaratzen genuen BOLAS aldizkarian olerkiak idazten hasi nintzen. "Olerkari txokolateroa" deitzen ninduten. Orduan ezagutu nuen Emeterio Arrese, inoiz izan den euskal olerkaririk onena. Baina beste garai bat zen hura... Geroago litografiari ekin nion, beti gustatu izan baitzait arte hori, eta eraikuntzako langilea ere izan nintzen, Kasinoko bazkidea nintzenaldi berean. Bartzelonan lanik gabe gelditutakoan, Madrilen Katastroko lanpostu batzuetarako oposaketak prestatzen hasi nintzen, eta destinoa erabakitzeke zegoela gainditu nuen, baina Gerra piztu eta ezin izan nuen lanean hasi. Beraz, litografiara itzuli nintzen berriz ere. Familia oneko semea izan arren, langile izateak oso harro sentiarazten ninduen. Jubilatu artean aritu nintzen lanean Tolosan, Bilbon, Errenterian, Zarautzen, Gijonen, Parisen, Bartzelonan, Zaragozan eta Madrilen, eta Donostiako Irakasle Eskolan idazkari laguntzaile ere izan nintzen... Hainbeste dira egin ditudanak...! Langabezia ere ezagutu dut, baina familiak edo lagunek beti aurkitzen zidaten zer edo zer. Garai hartako jende guztia ona zen, oraingoa baino hobea. Beti izan al duzu idazteko zaletasuna? Bai, idatzi izan ditut zenbait gauza, baina anonimo moduan beti. Tolosan gertatutakoei buruz 400 orritako eleberri bat ere idatzi nuen, baina erre egin nuen. Izugarrizko pena hartzen dut hortaz oroitzen naizen bakoitzean. Helsinkin 1964ean izandako Bake Biltzarrera joan zinen. Izan al zenuen Pablo Neruda ezagutzeko aukerarik? Bai, Biltzarrak zirauen egunetan olerkariarekin bizitzeko zoria izan nuen. Hiru Nobel saridunekin batera agertzen naizen argazki bat eta guzti daukat: Miguel Angel Asturias, Sartre eta Nerudarekin. Hantxe eman zuen Nerudak hitzaldi ezagun hura: "... Amerikak Kalifornia irentsi zuen, Texas eta Florida jan zituen, ...baina Kuban hortzak apurtu zitzaizkion". Oso oroitzapen ederrak dauzkat. Bertaratu ziren guztien izenak jasotzen zituen liburu bat neukan, baina diktadurak aurkitzearen beldur nintzen eta txikitu egin behar izan nuen. Oso leku eta hiri desberdinetan bizitu izan zara. Nolatan itzuli zara Tolosara? Dagoeneko 97 urte dauzkat, eta nire bizitza bi edo hiruren parekoa behintzat izango zen. Zaharra naiz, eta azken egunak etxean emateko itzuli naiz. Heriotza noiz etorriko zain egotera... Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 86.zbk (2000 / 7 / 7 14) gratuita | Abonnementgratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Marisol Esteban: "Udalerri batzuek pairatzen duten dentsifikazio arazoekin bizi beharra daukagu"

 

Irakurri

Itxaro Borda: "Poesia bizitzeko gogo bat eta Mundua sentitzeko modu bat da"

 

Irakurri

Kontxu Odriozola: "Euskal Herriko emakume askok txalotzen dute Goenkaleko Maria Luisa, lotsarik gabe, pentsatzen dituen gauzak esaten dituelako"

 

Irakurri

José Antonio Garrido: "Bilbo jarraitu beharreko eredu bihurtu da"

 

Irakurri

Juan Ignacio Lorente: "Denoi gustatuko zitzaigukeen Martin izatea"

 

Irakurri