Itxaro Borda: "Poesia bizitzeko gogo bat eta Mundua sentitzeko modu bat da"

2000-06-23

URKIZU, Urtzi

Elkarrizketa: Itxaro Borda Itxaro Borda, idazlea "Poesia bizitzeko gogo bat eta Mundua sentitzeko modu bat da" * Traduction au français de l'original en basque Urtzi Urkizu Itxaro Borda. Euskal idazle lapurtarra eta lanbidez postaria. 1959an jaio zen Baionan, baina bere izpiritu nomadari jarraituz, hainbat tokitan bizi izan da: Oragarre, Paue, Parise, Maule... Nekazaritza ikasi eta Historian lizentziatua da. Literatur arloan "Maiatz" literatur aldizkariko zuzendaria izan zen 1981tik 1991ra eta egun kolaborazioak egiten ditu argitarapen horretan. Idatzi dituen liburuen artean Basilika eleberria, Bestaldean poema liburua eta Bizitza nola badoan poema bilduma aipa daitezke, besteak beste. Txikitatik egunero idazten du eta eleberri bat idatzi berri du, oraindik argitaratu ez den arren. Bestetik, Seaskan jo eta su lanean dabil azkeneko urteetan Iparraldeko ikastolen alde. Astearteetan bere iritzi artikuluak irakur daitezke Euskaldunon Egunkariako Seiko Urrean. Alde batetik bestera dabilen lapurtarra da Itxaro Borda. Baionako ostatu batetan jarri genuen zitara irripar batekin iritsi zen eta beste irripar batekin agurtu gintuen. Nekazaritza eta historia ikasketak egin zenituen gaztetan. Alor bakoitzak zer ekarpen eman zizun eta zergatik ikasi zenituen? Nekazaritza ikasi nuen bigarren mailan Donapaleun. Nekazaritza munduko legeak, behien bazkatzeko teknikak, eta ekonomia aldetik anitz gauza ikasi nituen. Irakasle bikain bat ere izan genuen ekonomian: Eñaut Etxamendi. Honen erakaspenek munduaren gaurko ikusmoldea baldintzatu ziguten. Etxamendi euskal kantagintzan ezaguna da, idazle aparta eta edozein "borroka" abiatzean haren pentsamenduaren itzala dugu buruetan oraindik, edo haren kanta bat. Ibiltzeko makila bezala. Historia, berriz, ttiki ttikitatik, maite izan dut. Zinez, gogotik aritu nintzen bost urtez historia ikasten eta demagun 1914ko gerla ikertzen. Egun, historia eta nekazaritza, biak baliatzen ditut, ene olerki edo nobelen ingurumenaren moldatzeko. Zenbait idazleagian ni baino literarioagoak dira. Nire formakuntza ezberdina da, alde sozio kultural ideologikoaren alorrekoa naiz gehiago. Familian anai arreba asko al zarete? Bai. Zazpi gara. Ni naiz gehiena. Denok "formakuntza ideologiko" berdina izan dugu. Laborantzan aritu izan gara guztiak, arto jorran eta hots emaiten, nekazaritzaren ikuspegi berezi batekin. Familia handia gara, garai bateko tribuak bezala. Literaturan oso gaztetan hasi zinen. "Maiatz" aldizkariko lehen alea atera zenean, 22 urte inguru zenituen eta argitarapen horretan zure sinadura ere azaltzen da. Nola hasi zinen idazten? Ni egia erran euskaraz idazten 12 urtetan hasi nintzen. Sei urte nituen arte euskara baizik ez nekien. Eskolara joatea derrigorrezkoa zen sei urte egitean eta orduan ikasi nuen frantsesez. Emeki emeki hurrengo urteetan euskaraz mintzatzeko ohitura galtzen joan nintzen. Bagenuen osaba bat Parisen, hiztegiak, liburuak eta diskoak pasatzen zizkiguna. Berriro autodidakta moldean hasi nintzen euskarari interesatzen eta euskaraz "Herria" irakurtzen. Oso gaztetxoa nintzela sartu zitzaidan idaztearen bizioa eta 1974an "Herrian" argitaratu zidaten lehenengo testua. Ordutik ia astero bertso, artikulu, poesia edo zerbait nonbait atera dut. 1981etik aitzina "Maiatz" aldizkarian parte hartu nuen. Lehendakari postu "honorifikoan" hainbat urtez egon nintzen. Itzulpen, liburu aipamen eta literatur aldizkarietako ohizko atalak betetzen aritu nintzen. "Maiatz" aldizkariko hasierak nola gogoratzen dituzu? Gazteago ginenez garai haiek biziki hunkigarriki gogoratzen ditut. Une hartan Frantziako estatuan gobernu aldaketa bat izan zen; hamarkada askoren ondoren ezkerrak irabazi zuen, 30 urtez eskuina boterean egon eta gero. Jendea ilusioz zegoen eta giro ona zen. Denek erraten genuen guztia zela posible. Posible zen ere Iparraldean euskarazko literatur aldizkari bat. Erran behar da gero "Maiatz" aldizkaria ez zela Hegoaldeko literatur aldizkariak bezalakoa. Alabaina Hegoaldean adin, kultura edo ikasgela berekokide batzuk aldizkari bat egiten zuten. Iparraldean zeuden idazle gehienak bildu ginen, "Maiatz" aldizkariaren inguruan; adin guztietakoak, estilo guztietakoak, 40 idazle inguru haietan Manex Erdozaintzi Etxart adibidez. Eztabaidak baziren gure artean, normala den eran ezen Xarriton batek ez zuen esaterako Luzien Etxezarretak literaturaz zuen ikuspegi berdina. Aldi berean "Maiatz" iparraldeko ohizko aldizkarien ildotik zetorren eta aitzinekoaren eduki zein izpirituarekin hausten zuen. "Maiatz" en denak biltzen ziren eta hogei urtetan ez da inoiz testu bat baztertu. Orain "Maiatz" en lan gutxiago egiten dut, baina ahal dudanean parte hartzen dut. Balioari dagokionez, aldizkaria tranpolin bat izan da idazle berrientzat. Garai batean "Herria" astekarian idazlegaiak hasten zinen herrietako berriak emanez edo iritzi artikuluak eginez. Azkeneko urteetan "Maiatz" ek betetzen du paper hori. Iparraldean bere burua idazle sentitzen duen batek "Maiatz" era bidaltzen ditu bere testuak. "Maiatz" eko irakurle kopuruari buruz, militantismoz Aberri Egunetan, Herri Urratsen, Nafarroaren Egunean edo Lapurtarren Biltzarrean mahaiekin agertuz, garai batean behintzat mila ale saltzen genituen. Ez zen ere egiazko militantismoa besta egiten genuelako, zenbaitetan hordimen galantak harrapatuz. Poemak idazten aritu zara betidanik. Zure poema bilduma bat ‘Bizitza nola badoan’ izenekoa da, 1974 84 urte bitartekoa. Zein eragin izan duzu denboraren joanean sakontzeko? Bilduma horretako poesia gehienak 20 25 urte nituela idatzi nituen. Egia da frantses literatura errotik barneratuta nuela, idazle batzuk bereziki, Villon, Du Bellay, Chateaubriand, Rimbaud edo Verlaine adibidez. Eskolan Lagarde et Michard liburuak mirazkatuz kurtsoetarik kanpo. Olerki bilduma hori oso erromantikoa da, denboraren joanaren inguruko pentsamenduarekin. Irudi du klasiko erromantiko bat eta denboraren joanaren ikuspegi teoriko bat nuela. Orain ustez pragmatikokiago nabil bizitzan, baita idazterakoan ere, baina euriak edoarats apal batek berdin hunkitzen nau. Poesiak betidanik eta egun ere idazten jarraitzen dut. Poesia ez da gaztaroko bekatu bat, zenbaitek esaten duten bezala. Poesia bizitzeko gogo bat eta Mundua sentitzeko modu bat da. Nire ustez, denbora joan ahala, ikusten daiteke norbera bere egiarik biluzienari hitzaren bidez hurbiltzen dela. Filosofia hori horrela sentitzen dut. Ederra da gure barneko korrontea segitzea eta ikustea nora eramaten gaituen gure poesiaren irrikak. Badakit nire liburuak ez direla perfektuak, ez direla ereduak, baina momentu zehatz batzuen lekuko dira eta neurri berean ondoko liburuaren lehen asmakuntzak dira. Poesia irakurtzea ere biziki maite dut. Zure poesia batzuk nahiko ezkorrak dira. Zu ere pertsona ezkorra al zara? Funtsean ezkorra naiz. Eta gero nire barrua adierazteko ironia ere erabiltzen dut. Voltairen obra osoaren zalea izan naiz, Proustek kateastatu baino lehen... Ironiaren eta umorearen bidez gure pesimismoa gainditzeko manera bat badauka eta halatan, bizitzen segitzeko. Aldi berean, erromantiko eta pesimista naiz, eta zaharrek dioten eran "irri eta trufa egitea" maite dut. Bestetik, itzulpen batzuk ere egin dituzu frantsesetik. Lan zaila izango da hori, ezta? Beno nik ez dut eleberri osorik itzuli. Egin dudana da "Maiatz" aldizkarirako zenbait poema itzuli, nolabaiteko betelana deituko nioke nik. Dokumentu gisa itzuli ditut olerkiak frantsesetik euskarara, baina ez da lan erraza. Ez nuke denborarik liburu bat itzultzeko. Denbora izango banu, kasu horretan Mamoud Darwich palestinarraren olerkigintza guztia itzuliko nuke. Eleberriak itzultzeko, iruditzen zait alor horretan formatua izan behar duela itzultzaileak. Nomada izaera duzula aipatu izan duzu. Parisen ere urte batzuk egin zenituen, postari lanetan. Nolako esperientzia izan zen? Batetik oroitzapen latzak ditut, lau urte eta erdiz alabatik berez bizi izan nintzelako. Etorkin edo exiliatu bezala bizi nintzen, eskubiderik ez bainuan, ixil eta mutu. Bestetik lanean nahiko ondo, lankideonartean bagenuen "lurraz desjabetuen arteko" halako elkartasun bat. Lantokian topatu nuen elkartasuna, Euskal Herrian ez dut gehiago topatu. Literatura aldetik, pentsatzen nuen hasieran ezingo nuela idatzi, baina ez zen hala izan eta positiboa izan zen. Euskaraz idazten nuelarik ez nintzen "han" sentitzen. Itzultzerakoan laster ikusten da hausten direla harremanak . Berriro harremanak berreskuratu behar dira orduan. Baina ondorioz, bizitzeko eta idazteko beste gogo batekin itzultzen zara. Agian itzultzean arrotz bat bezala sentitzen zara; berdin da urte bat, bost edo hamar egon kanpoan. Herrira itzultzean dena berriro hasi behar da zerotik. Orain Maulen bizi eta Baionara joatekotan zara berehala. Alde batetik bestera asko mugitzen al zara? Bai, bai. Literatura aldetik uste dut ona dela hori. Egonkortasuna ez da ezertan neure kalitate nagusia. Uztailean noa Baionara eta berriro harreman sare berria osatu beharko dut. Postari lanarekin jarraituko dut, baina toki ezberdin batean. Nire irudiko aldaketak positiboak dira idazterako orduan. Maule oso lasaia da, bakea dago, eta urruntasuna sentitzen duzu; ikusi nahi ez dituzunak ez dituzu ikusten, ez baduzu nahi. Toki ezberdinetako esperientzi horiek asko higatzen eta aberasten dute jendea. Leku berean gelditzen bazara, egunerokotasunaren monotonia batean sartzen zara. Nik, gerotik gerora pentsatzen pasatzen dut denbora luzea, aldaketa bila, oinarrizko nomada izaera horrekin. Zailtasunak ditut egiazki neure burua toki batean betiko finkatzen imaginatzeko. Ene munduarekiko lotura zehatz eta onartu bakarra euskaraz idaztea da. Euskararen alde lan egiten duzu eta horretan ari zara. Nola hasi zinen Seaskan eta nola ikusten duzu ikastolen egoera orain? Parisetik itzuli nintzenean, nire alaba haurra zela, ikastolara eraman nuen Maulera, han bizitzea egokitu bait zitzaigun. Egia da hilabete batzuen buruan ikastolaren bizian sartu nintzela presidenta izanez, adibidez Sohütako ikastola berriaren eraikuntzaren abenturan parte hartuz.Gero Seaskako bulegoan sartu nintzen eta sei hilabete dira Seaskako buru (arin) naizela. Idazle gisa lehenik eta gero euskaldun gisa, uste izan dut euskararen irakaskuntzaren munduan inplikatzea ongi izanen zela, idazten segitzekotan irakurlegoa segurtatzekoa delako baina gehiago harrapatu naute ez erraten ez nekielako. Hortaz aparte liburuak etorkizunean norbaitek irakurri beharko ditu. Euskararen osagarriaren aldetik ez dago optimista izateko arrazoi handirik. Egia da azkeneko hogei urte hauetan, herri eta familia askotan euskara galdu dela. Baina esan daiteke belaunaldi batek galdu baldin badu ondoko belaunaldiaren zati bat euskaraz ikasten eta hitz egiten ari dela. Praktikan behintzat, bada Iparraldean jendearentzat aukera euskaraz ikasteko, eta badira irratiak, egunkariak, rock kontzertuak... garai batean ez zeudenak. Anitzetan bizitza euskaraz egiteko bideak daude iparraldean. Ez da Hegoaldean bezala, ez da konparagarria, nahiz asko idealizatzen dugun. Hemen urrats txikiak dira, batzutan aurrera eta bestetan atzera. Nola ikusten duzu euskararen ofizialtasunaren afera Iparraldean? Frantzian konstituzioko bigarren artikulua aldatzen ez den bitartean oso zaila izanen da. Baina ofiziostasuna egiten ahal dugu. Hau da, euskaradunak, euskararen erabilpenaren galdatzeaz arduradun gara. Eman dezagun postan: joaten naiz laupabost aldiz toki berdinera, euskaraz eskatuta, azkenean ezagutzen naute, keinu bat egin dudalako eta keinu horren ondorioz sor daiteke harremana, eta urrunago joanez "eskaera soziala". Hori maiz gertatzen da, karriketan, ostatuetan, dendetan... Gure burua euskaraz eskatzale bezala identifika araztea da garrantzitsua, eta hori liteke momentuko ofiziostasuna. Ez da aski. Hor jarraitzen du gure borrokak ofizialtasuna erdietsi arte. Euskarak publikoa behar du, ez etxe zokokoa, are gutxiago amaren bularrekoa. Publiko izateak "razionalizatuko" luke euskaraz dugun ikusmoldea, "amaren magma malguetarik" atera araziko. Beste gai batera etorriz, nola ikustendituzu egungo aurrerapen teknologikoak, Internet, informatika? Uste dut aurrerapenak, oro har, onerako direla, onerako erabiliak direnean. Internet edo posta elektronikoaren bidez instantean kasik jartzen naiz harremanetan adibidez edozein euskal idazlerekin edo Galiziako adiskide izkiriatzaile batekin. Abantaila handia da hori. Gero elkarteetan ere lan erabiltzen dugu Internet eta biziki errazten du komunikazioa. Egia da pixkanaka web orrialdeak egiten ari direla euskaraz. Uste dut horietaz baliatu behar garela eta gure artean komunikatzeko bide horiek aprobetxatzekoa garela. Nik gehiago erabiltzen dut posta elektronikoa sarea baino. Argitaletxeekin eta egunkariekiko harremanak ere errazagoak dira orain. Pentsa garai batean, 80. hamarkadan,"Argia" n idazten nuenean, egin behar nuena! Gertakariaren lekuko izan ondoren iparraldeko zein nahi tokitan, etxean makina trakets batekin papereratzen nuen artikulua, gero Baionara etorri, gutuna autobusean utzi eta handik "Argia" ko norbaitek Donostiako autobus geltokira joan behar zuen, gutuna eskuratu eta lan guztia jo eta moldatu. Orain, berriz, ordenadore batetik bestera zuzenean pasatzen ditugu testuak. Dena dela, batzuk diote papera desagertuko dela, baina oraindik papera asko erabiltzen eta erabiliko dugula iruditzen zait, zuhaitzen zoritxarrerako. Literatur arloan ba al duzu proiektu berririk? Bai, badut nobela bat Susa argitaletxera bidalia. Ez dakit noiz aterako den, baina ez dut sobera denborarik horretan pentsatzeko ere. Eleberri bat da, 40 ataletakoa, Iparraldearen perspektibatik. Gaua, bidea, gazta, artzaingoa, barruko sentimenduak eta beste hainbat gai jorratzen ditu. Nahiko klasikoa da, ironikoa, gaiztoa noiztenka eta beti samurkiro desesperatua. Luze izan zait eleberri horren burura heltzea. Nire lan orduetaz eta ikastola munduko gauetaz aparte, gaztetxo nintzenetik egunero zerbait idazten dut zerbait dela olerki, dela zutabe, dela nobela zati, dela ipuin. Nik lan asko egin behar dut ondo idazteko, eta ondo diodalarikez da bakarrik formaren aldetik, baita ere idazten dudana erran edo agertu gogo dudanari ondo egokitzen zaion iritzi arte, zenbaitetan heltzen naiz laster, beste zenbaitetan luze zait eta berdin bidea abandonatzen dut, baina ez dut zortzi oren jarraian idazten ahal, asti eskasez. Lan egiten dudala idazteko bai. Hargatik irakurleak ez du lanaren hatzik atzeman behar eskaintzen diogun liburuan, hark debaldetasuna eta ene kasuan superfizialitatea dastatu behar, Milan Kunderak zionaren ildotik "izaeraren arintasun jasanezina" Argazkiak: Egunkaria (lehenengo hiru argazkiak Bob Ebmerenak dira eta azkena Edurne Koch ena) Euskonews & Media 84.zbk (2000 / 6 / 23 30) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Kontxu Odriozola: "Euskal Herriko emakume askok txalotzen dute Goenkaleko Maria Luisa, lotsarik gabe, pentsatzen dituen gauzak esaten dituelako"

 

Irakurri

José Antonio Garrido: "Bilbo jarraitu beharreko eredu bihurtu da"

 

Irakurri

Juan Ignacio Lorente: "Denoi gustatuko zitzaigukeen Martin izatea"

 

Irakurri

Iñigo Agirre: "Hemen gure posibilitateak baino hobeto bizi gara"

 

Irakurri

Enkarni Genua: "Txotxongiloen mundua izugarri zabala da, eta eraberritzea premiazkoa ikusten dut aurrerapausoak eman ahal izateko"

 

Irakurri