Kontxu Odriozola: "Euskal Herriko emakume askok txalotzen dute Goenkaleko Maria Luisa, lotsarik gabe, pentsatzen dituen gauzak esaten dituelako"

2000-06-16

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Kontxu Odriozola Kontxu Odriozola, aktorea "Euskal Herriko emakume askok txalotzen dute Goenkaleko Maria Luisa, lotsarik gabe, pentsatzen dituen gauzak esaten dituelako" * Traducción al espanol del original en euskera Teresa Sala Haur bat besterik ez zela jakin zuen Kontxu Odriozolak bere etorkizuna eszenatoki baten gainean zegoela. Azpeitiar honek irakasle ikasketak burutu zituen gaztetan, eta hamazazpi urte eman zituen irakasle Gipuzkoako hainbat ikastolatan. Baina bere nahia beti izan da aktore izatea. Hiru haurren ama zela hasi zen interpretazioarekin zerikusia zeukaten ikastaroetan parte hartzen. Besteak beste, bikoizketa ikastaroetan eta Eusko Jaularitzak irekitako lehen antzerki eskolan aritu zen. Beste batzuen artean, "Ama begira zazu" antzezlanean eta Andu Lertxundik zuzendutako "Hamasaigarrenean aidanez" filmean ikusi izan dugu Kontxu. Gaur, berrogeita hamalau urteko amona gaztea da, Donostiako Antigua auzoan bizi da, eta Goenkaleko Maria Luisa bezala ezagutzen dute Euskal Herriko etxe gehienetan. Momentuz, Kontxuk ez dauka bere lana inolaz ere uzteko asmorik: "etorkizunera begira lan berriak besterik ez dut ikusten, eta arrakastatsuak baldin badira askoz hobe". Noiz eta nola jarri zinen interpretazioaren munduarekin harremanetan? Inongo lotsarik gabe onartzen dut niri ez zaidala batere zaila egin aktore izatea. Gure aitak dekoratuak egiten zituen eta txikitatik eramaten ninduen antzezlanak ikustera, txoko batean eseritzen nintzen eta bertatik dena ikusten nuen. Garai hartan ezagutu nituen lanbide honek izkutatzen dituen sekretu guztiak. Beranduago, irakasle lanean aritutako urteek ere izugarri lagundu zidaten, haurrekin ipuinak antzezten nituen eta irrati saio batean ere ibili nintzen. Senarra eta biok Azpeititik Donostiara etorri ginen garaian Euskal Telebista irekitzear zegoen, eta bikoizketa eskola bat ere ireki zuten hirian. Nik garbi neukan antzerki munduan zerikusia zeukan edozer egin behar nuela, gogoa nuen horretarako, baina ez nueninor ezagutzen. Herri Irratian umeentzako saio bat egiten hasi nintzen larunbat goizetan eta interpretazioarekin zerikusia zeukaten ikastaro guztietan izena eman nuen. Baina Gobernuak Euskal Herriko lehen Antzerki Eskola ireki zuen eta neure buruari esan nion: "orain ala behin ere ez". Egia esan, garai hartan emandako pausoaz ez naiz inoiz damutu: ikastaro guztiak utzi eta buru belarri eskolarekin jarri nintzen. Zer ikasi zenuen Antzerki Eskolan? Eszenatoki baten gainean sentitzen dena ez da inon sentitzen. Antzerki Eskolan igarotako hiru urteak zoragarriak izan ziren niretzat, eta gauza asko ikasi nituen. Egia da antzeztearena nortasunean daramazula, baina hori landu egin behar da, atera egin behar duzu barruan daukazuna. Nik erremintak baneuzkan, eta Eskolak erreminta haiek erabiltzeko gaitasuna eman zidan. Zaila izan behar du ama, etxekoandrea eta aktore izateak... Ez, niretzat ez da batere zaila izan. Nire haurrak beti ikusi izan naute pailazokeriak egiten, txikitatik ezagutu dute nire gogo hau. Etxeko lanak batera egiten genituenean, askotan mozorrotu egiten ginen, eta izugarri gustatzen zitzaien. Zer eman dio Kontxu Odriozola aktoreak Kontxu Odriozola emakumeari? Lanbide honetan ardura bakoitzarena da, zu zara zeure lanaren nagusia, ez dago besterik. Interpretatzen duzun pertsonaia bakoitza ezberdina da, istorio berri bat da, zuzendari ezberdin bat daukazu, lankide berriak... Eta hori guztia benetan aberasgarria dela uste dut. Honetan monotoniak ez dauka tokirik. Gainera, gauero beren etxeetan ikusten gaituztenak bizkortzat hartu behar ditugu, eta horrek superazio izugarria suposatzen du aktoreentzat. Telebistan arrakastarik ez baldin badaukazu berehala baztertzen zaituzte. Labe bat da hau, kontuz ibiltzen ez bazara bertan erretzen zaituen labe arriskutsua. Telebista, antzerkia eta zinemaren artean, zein aukeratuko zenuke? Nire ustez hemengo aktoreek ez daukagu horretan aukera egiterik, eta zinean lan egitea izugarrizko loteria jokatzea da guretzat. Euskalaktore bakar batzuek daukate zinean arrakasta izateko aukera, eta gehienetan kanpora alde egiten dute. Badirudi herrian bizi garen aktoreak txarrenak garela, eta ez daukagula eskubiderik pelikula baten protagonista bezala lan egiteko. Guri etortzen zaizkigun lan gehienak laugarren eta bosgarren mailakoak izaten dira normalean; horrelako bat eskaini eta ezetza ematen badiozu harroputz bat zarela esango dizute gainera. Bakoitzak inguruak eskaintzen dizkion aukeren arabera moldatu behar du, eta momentuan Euskal Herrian antzerkia eta telebista daude, besterik ez. Niretzat antzerkia dagoen gauzarik ederrena da, baina gogorregia da bertan aritzea. Antzokiak erori dira eta frontoietan antzeztu behar duzu, bestela, obra prestatu eta kanpora atera. Egia esateko, telebista da bertako aktoreoi lana ematen digun gauza bakarra, eta denetan bezala, ez dago guztientzat tokirik, aktore asko daude langabezian. Zein egoeratan aurkitzen da, zure ustez, euskal interpretazioa? Hemen oso eskola ona dago. Hori garbi ikusten da, euskal aktoreak kanpora joaten direnean oso lan onak egiten baitituzte, eta antzerki munduan ere antzematen da nolako arrakastarekin zabaltzen diren Euskal Herriko antzezlanak. Futbolari onak ditugun bezala, antzezle onak ere badauzkagu, baina gure aberriak ez du inoiz antzerkiaren mundu hau aintzakotzat hartu. Gutxienez, erdeldunek daukaten ospea merezi dugula uste dut, eta hori oso zaila dago momentuan. Antzezle edozein izan daitekeela dirudi, bazter guztietan aktoreak eskatzen dituzte, eta egunero zure lanaren kalitatea erakusten egon behar duzu. Gogorra da benetan, baina izugarri pozgarria ere bai. Baina Espainiako telebistetan gero eta gehiago dira telesailetan azaltzen diren euskaldunak, zuk ere "Medico de Familia"n parte hartu duzu... Egia da, baina Madrilera joaten direnak hutsetik hasi behar dira berriz ere, hori da arazoa. Zein puntutaraino sentitzen zara identifikatuta Goenkaleko Maria Luisarekin? Emakume askok txalotu egiten naute, Maria Luisak pentsatzendituen gauzak, lotsa gutxirekin, esaten dituelako. Herri honetako emakume askok, gehienek egiten duten bezala, benetazko pentsamenduak irentsi egiten dituzte. Maria Luisa oso emakume lotsagabea da, gogorra, baina benetakoa. Miramonera heldu bezain laister Maria Luisa naiz egun guztirako. Badakit nire aurpegiak, nire ahotsak eta nire indarrak pertsonaiari laguntzen diotela, baina ez nuke bizi guztirako Maria Luisaren etiketarekin gelditu nahi. Aktore batentzat gauza ederrenetarikoa erregistro ezberdinak edukitzea da. Zer ikusten du Kontxu Odriozolak aurrera begiratzean? Orain neurekoia izango nintzateke eta esango nuke nire etorkizuna lan berri arrakastatsuez blai ikusten dudala. Niri, Euskal Herritik irten gabe lan egitea izugarri gustatuko litzaidake, eta momentuz lortzen ari naiz, gerokoak ikusi behar. Argazkiak: Teresa Sala Argazki zuri beltza: Auñamendi entziklopedia (Ref. "Habe") Euskonews & Media 83.zbk (2000 / 6 / 16 23) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Antonio Garrido: "Bilbo jarraitu beharreko eredu bihurtu da"

 

Irakurri

Juan Ignacio Lorente: "Denoi gustatuko zitzaigukeen Martin izatea"

 

Irakurri

Iñigo Agirre: "Hemen gure posibilitateak baino hobeto bizi gara"

 

Irakurri

Enkarni Genua: "Txotxongiloen mundua izugarri zabala da, eta eraberritzea premiazkoa ikusten dut aurrerapausoak eman ahal izateko"

 

Irakurri

Juan San Martin: "Euskararen batasuna ez zen askok pentsatzen duten bezala 68an Arantzazun jaio"

 

Irakurri