Juan San Martin: "Euskararen batasuna ez zen askok pentsatzen duten bezala 68an Arantzazun jaio"

2000-05-12

URKIZU, Urtzi

Elkarrizketa: Juan San Martin Juan San Martin, idazlea eta euskaltzaina "Euskararen batasuna ez zen askok pentsatzen duten bezala 68an Arantzazun jaio" * Traducción al espanol del original en euskera Urtzi Urkizu Eibarren 1922. urtean jaio zen Juan San Martin. Hamarkadaz hamarkada Euskal Herrian izan diren gertaerak gertutik bizi izan ditu eta bera beti euskararen inguruan ibili da lanean. 1957an egin zuten urgazle Euskaltzaindian eta hamaika urtez idazkaria izan zen. Handik hona euskararen gorabeherekin ibili da beti. Egun Hondarribian bizi da emaztearekin. Hizkuntza eta Giza Eskubideen inguruko liburu bat egin berri du eta gogotsu jarraitzen du euskararen alde lanean. Haurra zinela Errepublika iritsi zen Eibarrera. Gogoratzen al duzu garai hura? Oso txikia nintzen, baina egun hartaz oroitzen naiz. Nire anaia etorri zen eta esan zuen Errepublika iritsi zela. Nik berriz ez nekien ezer eta galdetu nuen ea zein zen hori. Gero bai, aurrerago jabetu nintzen egoera hartaz. Eibartar gehienak ezkertiarrak ziren eta sozialista girokoa ez zena abertzalea zen. Ia karlistarik ez zegoen. Eta hamalau urte zenituela berriz gerrate zibila hasi zen. Hura bai ondo gogoratuko duzula, ezta? Hori bai, oso gogorra izan zen. Gauza asko aldatu ziren nire bizitzan. Lehenengo bihurri izateari utzi behar izan nion. Familian asko sufritu genuen. Etxerik gabe gelditu ginen. Lehendabizi Arratia inguruan ibili nintzen izeba baten etxean. Gero frontea mugitu zenean, jarraitu genuen Santander aldera eta handik Asturiasera. Frantziara joateko asmotan itsasoratu ginen Gijonetik, baina bidean harrapatu gintuzten. Gerran, bestalde, Gernikako bonbardeaketaren eguna gogoratzen dut; mendi tontor batean ginen eta hegazkin ugari ikusi genituen. Zerua gorri ikusten zen eta menditik jaistean irratitik entzun genuen bonbardeaketaren albistea. Gero bizi behar izan genuen errepresioa oso gogorra izan zen. Familia guztia gorri bezala fitxatuta zegoen. Euskaraz aritzeko eragozpenak ere izango zenituzten 40. hamarkadahartan, lagun artean euskaraz egiten genuen nahiz eta ikasketak gaztelaniaz egin. Bai familian bai kalean gu beti euskaraz. Eta baten bat etortzen zen esatera ‘Hable en cristiano’ hura. Nik ikasitakoaren arabera honakoa erantzuten nien: ‘Yo no sé arameo. Yo estoy hablando la lengua más antigua de España. Yo no soy separatista pero usted es un separador’. Jendeak hori entzutean farre egiten zuen eta espainola oso haserre. Ikaragarria zen. Soldaduskan nora bidali zizuten? Madrilen izan nintzen. Han euskaldun batzuentzat, gaztelera ondo ez zekiten artean, itzultzaile lanak egitea egokitu zitzaidan. Burgosen ere ibili nintzen soldaduskan. Bazen goizuetar bat gazteleraz ez zekiena eta asko sufritzen zuen, tratu oso txarrak jasotzen zituen. Han ikusi nuen militarren kultura eta kontzientzia eza. Euren disziplina eta ordenaz gain ez zekiten ezer, txotxolokeriak besterik ez. Nik uste dut soldaduskan sartu zitzaidala euskararen kontzientzia. Gainera, soldaduskako lagun batek euskal gramatika bat bidali zidan eta orduan ikasi nuen gramatika. Eibarreko kontuetara itzuliz, mendia asko gustatzen al zitzaizun? Bai asko, betidanik. Arrate dugu han eta bertatik ikaragarrizko bistak zeuden. Hamasei bat urterekin Euskal Herri osotik ibiltzen ginen lagunak mendiak ezagutzera. Eta aurrerago Arrateko kantak bildu nituen: batzuk sakabanatuak zeuden, beste batzuk zaharrei ahoz jasota eta beste batzuk Aita Donostiren artxiboan Lekarozen. Gainera, mendian ibiltzen nintzenean, baserrietan atea jo eta beti ateak irekita izaten genuen euskaraz hitz eginda. Kontua zen euskarak zer nolako anaitasuna ematen zigun. Gorbean eta Aralarren artzain lagun batzuk egin genituen eta haien txabolan lo egiten genuen. San Juan jaiak etortzen zirenean ni beti bizpahiru egunetarako mendira joaten nintzen. Horrek asko lagundu zidan euskararen giroa ulertzeko eta gero Madrilen eta Burgosen ikusi nuenarekin ba orduan euskaltzale bihurtu nintzen. Sozialista gazteek bazuten izpiritu bat, Munduan hizkuntza bat zelabidea, baina ni ez nintzen ados horrekin. Unibertsoa orokorra da eta bakoitza bere naturalezatik joan behar da. Ni unibertsalagoa sentitzen naiz euskaratik Mundura eta beste hizkuntzak ukatu gabe. Ez dut sekula gazteleraren kontra ezer izan. Eta lantegian ere egin omen zenuen zerbait euskararen alde? Lantegian konturatu gabe, zaharrei entzundako hitz teknikoak biltzen hasi nintzen, asko harrigarriak ziren. Fitxak egiten hasi nintzen ez nekien zer egin haiekin. Garai hartan Euskaltzaindia martxan hasia zen eta hara bidali nuen. Argitaratu egin zuten bilduma eta urgazle izendatu ninduten. Batzarretara joaten hasi nintzen eta 60. hamarkadan euskaltzain oso izatera iritsi nintzen. "Euzko Gogoa" erbesteko aldizkariko idazleekin harremanik izan al zenuen? Bai. Baina lehendabizi hasi nintzen Anaitasunan idazten. Eta gero Euzko Gogoakoekin harremanetan ibili nintzen. Euzko Gogoan hasi nintzen idazten bertako zuzendariak, Zaitegik eskatuta; nik gutunak bidali nituen eta berak esan zidan euskaraz idazten hasi behar nuela. Bestetik, Jon Etxaide oso laguna izan nuen. Berak asko lagundu zidan irakurketa kontuan. Lapurdiko zein idazle irakurri gomendatzen zidan. Liburuak lagunen bitartez eta liburu denda zaharretan topatzen genituen. Lehengo idazleak oso gogokoak ditut, nahiz eta euskara batuan egon ez oso interesgarriak dira. Nik gaur ikusten dut gazteek gazteleraren eragin gehiegi dutela, eta euskara pobreagoa erabiltzen dutela. Idazle gazteak ez zaizkit hainbeste gustatzen. Euskararen zehaztasuna galtzen ari dela iruditzen zait. Urte asko dira Euskaltzaindian zaudela. Euskara batuaren bilakera nola ulertzen duzu? Euskararen batasuna ez da askok pentsatzen duten bezala 68an Arantzazun sortu. Arantzazun gauza asko zehaztu ziren, baina euskararen batasuna aurretik zetorren. Bazegoen Kanpionek eginiko informe bat eta gero Azkueren gipuzkoar osatua. Guk asko erabiltzen genuen gipuzkoar osatua. Azkuek markatu zuen bidea. Gero Umandiren gramatika asko erabili genuen. Eibarren klandestinitateanikasten genuen gramatika. Hondarribiko apaiz batek ere asko lagundu zigun. Euskaltzaindian 57an egin zidaten urgazle eta 61ean numeroko. Urte haietan gauza asko antolatu eta egin zenituen, ezta? Ba esaterako Juan Antonio Mogel Eibarren jaioa zen. Eibarren jendeak kontzientzia har zezan Mogeli buruzko omenaldi bat antolatu genuen 59an. Alkatea gizon ona zen eta gure asmoa azaldu genion. Alkateak lagundu zigun eta Euskaltzaindiaren babespean egin genuen omenaldia. Gipuzkoako gerraondoko lehenengo bertsolari txapelketa ere antolatu genuen hura aprobetxatuz. Hortik aparte, haurrei euskarazko azterketak egin eta onenei sariak eman genizkien. Dantzak, hitzaldiak eta hainbat ekitaldirekin hots dezente atera genuen. Nik hitzalditxo bat eman nuen Mogeli buruzkoa, Euskera aldizkarian argitaratu zena. Harrekin hautsi genuen izotza, baina ez bakarrik Eibarren, inguruetan ere bai. Gainera, urte horren hasieran ireki genituen ikastolak Eibarren eta Bergaran. 60. Hamarkadan euskaltzaleen artean dirua bildu eta lokal bat erosi genuen eta ikastola klandestinitaterik ateratzen saiatu ginen. Bestetik, Koldo Mitxelenarekin ere oso ondo konpondu nintzen eta berari esker publikatu genuen Umandiren gramatika. Handik aurrera gauzak hobeto joaten hasi ziren. Hala ere, errepresioa handia zen. Euskaltzaindian berehala idazkari jarri ninduten eta lan horretan hamaika urtez ibili nintzen. Diru arazoak ba al zenituzten aurrera egiteko? Lehenengo batzarretara joaten nintzenean bakoitzak gure bidaia eta janaria ordaintzen genuen eta dirurik ez zegoen euskaraz argitaratzeko. Gero lortu genuen konfiantzazko enpresari euskaltzaleen artean, susmorik ez sortzeko, suskripzio bezala Euskerari urtean mila pezeta. Eta batzuk bi mila ematen zuten. Horrekin lortu genuen euskara argitaratu ahal izatea eta batzarretara kanpotik joaten zirenei bazkaria ordaintzea. Baina ni fitxatu egin ninduten eta telefonoa Guardia Zibilak interbenitua nuen. Horrek aurrera jarraitu zuen. Carrero Blanco hil zutenean, guk DonibaneLohitzunen batzar bat genuen eta bisadoa behar zen muga pasatzeko. Joan nintzen bisadoaren bila eta komisaldegian esan zidaten ezin zidatela eman. Orduan alkatearekin egon nintzen eta galdeketa bat egin zidan poliziak. Nire ‘pekatu’ guztia Txillardegiren laguna nintzela eta zenbait aldizkaritan kolaboratzen nuela omen ziren. Bisadoa azkenean eman zidaten. Demokrazian sartuta Guardia Zibilak autoaren perrilak ere askotan zulatu dizkidate. 60. hamarkadan euskal literaturan belaunaldi bat sortu zen. Zuk hainbat hitzaurre idatzi zenituen liburu garrantzitsuetan. Gabriel Arestiren Harri eta Herri liburua ere zuri esker argitaratu zen, ezta? Aresti 50. hamarkadaren amaieran ezagutu nuen. Eta gertatu zitzaion Harri eta Herri idatzi zuenean ez zuela aurkitzen non argitaratu. Han zegoen ideologia ‘errebelde’ xamarra, berriarengatik euskal literaturan. Niri kopia bat bidali zidan eta ni arduratu nintzen. Joan nintzen Itxaropenako Patxi Unzurrunzagarengana eta berari interesgarria iruditu zitzaion. Hala ere, esan zidan nik hitzaurrea egiten banion argitaratuko zutela eta hala egin genuen. Harremanak sendotzen joan ginen eta gauza gehiago argitaratzen. Eibarren jende askok lehenengo aldiz euskaraz irakurri dute nire ipuinetatik: Zirikadak eta estenkadak. Kuliska sortak, bestalde, oso lan ona egin zuen bere garaian. Aita Barandiaran ezagutu al zenuen? Bai, lagun handiak ginen. Asko hitz egiten genuen gizakiaren eboluzioari buruz. Nik nire erlijio kezkak azaltzen nizkionean, berak ez zidan kontseilurik ematen eta honakoa esaten zidan: "Zalantzak nik ere baditut. Fedea dut baina dudak ditut. Nahiago ditut zu bezalako kezkatiak igandero mezetara joan eta eskuak garbitzen dituztenak baino". Itzulpengintzan ere aritu zinen Brecht, Ghelderode, Espriu eta beste autore batzuk itzultzen. Gaur egun itzulpen egokiak egiten direla iruditzen al zaizu? Itzulpena beste mundu bat da. Autorearekin identifikatu behar zara. Ez bazara identifikatzen nekeza da. Shakespeareren sonetoak ere itzulinituen euskarara, baina bere pentsamendua ondo ulertu eta gero. Esate baterako nire gazte denboretako poemak Unibertsitateak argitaratu ditu, baina gaztelerako itzulpena hurbildu daiteke, baina ez nahikoa. Poemak itzultzea oso zaila da. Hitz jokoak eta metaforak behar bezala ezin dira itzuli. Espriuri dagokionez, berarekin harreman estua izan nuen. Sinbolismoa asko erabiltzen zuen eta itzulpenak egiterako orduan gutunez egiten nizkion kontsultak. Berak ematen zizkidan azalpenak eta pozik zegoen euskaraz bere lanak ikustean. Espriuren bi liburu eta beste poema sorta batzuk atera nituen. Espriu frankismoaren garaian oso garrantzitsua izan zen, bere sinbolismoarekin. Esango nuke ordutik ez dela Espriu bezalako poetarik hemen egon. Itzulpenak egitea euskara hobeto ezagutzeko balio dizu. Euskal Telebistan literatur saio bat hasi dira emititzen. Ikusi al duzu? Bai. Hasier Etxeberria da aurkezlea ezta? Bere aita laguna dut. Bere aita eta beste batzuk izan ziren ikastolak sortzen ibili zirenak Eibarren, gure laguntzarekin. Baina telebistan gauza asko dago egiteko eta horretan motelak dira. Penagarriak dira ETBn azaltzen diren batzuk, euskararik jakin gabe, gazteleraz gaizki egiten duten euskaldunak imitatzen. Hori frankismo garaian egiten zuten eta guri min ematen zigun. Nik ez ditut ondo ikusten. Telebistan kultura gutxi izaten da. Artea ere gustukoa al duzu? Bai. Nik kreatibitatea asko baliatzen dut, eta dezente idatzi dut arteari buruz. Lehendabizi ofizioa jakin behar da eta gero burua jarri behar da gauza berriak sortzen. Arteak azken batean sormenaren garrantzia du eta kezka sortzen du ikerketetarako, garrantzitsua da. Oso interesgarria da artea niretzat. Zeintzuk dira egin dituzun azken lanak? Hizkuntza eta Giza Eskubideen inguruan egin dut liburu bat. Ez dakit nork argitaratuko didan, baina interesatzen zait. Datorren urtea Europako legebiltzarrak hizkuntzen urtea izendatuko du. Hori ere aprobetxatu nahiko nuke. Pentsa Nazio Batuen Giza Eskubideen aldarrikapena Baionakobatek egin zuen, Rene Casinek. Euskarak giza eskubideen gaian eman duena azaltzen dut liburuan. Euskaltzaindiak ere ‘Hizkuntza, hiztunen giza eskubideen arabera’ informea argitaratu dit Euskera aldizkarian. Bertan azaldu nuen Nazio Batuek eta UNESCOk zer dioten hizkuntzen eskubideei buruz. UNESCOk dio gurasoek dutela hitza hizkuntza erakusterako orduan. Adierazpen horiek ez ziren argitaratu gaztelaniaz eta frantsesetik itzuli nituen. Bitxikeri bat aipa dezaket Espainiako erregearen diskurtso baten inguruan; Barne Ministeriotik eskatu ziguten borradore bat prestatzeko erregeak hizkuntzei buruz hitz egiteko. Orduan gogoratu nintzen 1918an Juan Carlosen aitonak Oñatin esan zuena: "Euskara espainiar askoren hizkuntza da, defendatu, errespetatu eta indartu egin behar da". Eta erregeak diskurtsoan aipatu zuen, "nire aitonak esan zuen bezala...". Nik uste dut hor egin behar dugula indarra eta Miguel Sanzengana adibidez horrekin joan behar gara. Nire azken liburuan, era berean, bada atal bat ‘lingua navarrorumaren zoritxarra’ deitutakoa. Nafarroan nahastu egiten dute jendea eta euskarak izan dituen eragozpenak azaltzen ditut. Araban ere XVIII. mendean izugarrizko zigorrak jartzen zizkieten euskaldunei. Eta Iparraldean euskarak bizi duen egoera ez da bateragarria Nazio Batuek dioenarekin. Bestetik, laster irtengo da kalera ‘Toponomastika Eibar eta Elgeta, historian zehar’. Liburu horretan Erdi Aroko etxeen izenak ematen ditut; botanika izenak asko daude etxeetan. Baserritarrak harrituta gelditzen dira hitz batzuk nondik datozen esaten diedanean. Liburuan izena euskaraz, gaztelaniaz eta izen zientifikoa ematen dut. Iturrinimia ere egin dut, Eibarko errekei buruz. Eliza eta ermiten inguruko lan bat egin dut, dokumentu zaharren bitartez. Lan asko dago egiteko maila horretan. Behin baino gehiagotan esan duzu hizkuntza bat baino gehiago jakitea oso garrantzitsua dela eta bi hizkuntza jakinda hirugarren bat errazago ikasten dela Bai, zalantzarik gabe. Batez ere bi hizkuntza oso ezberdinakdirenean, euskara eta frantsesa edo euskara eta gaztelania jakinda, hirugarren hizkuntza errazago ikasten da. Kontrasteak diferenteak dira eta oso interesgarria da edonorentzat. Suitzako hizkuntzalari batek demostratu zigun hori, beraien herrialdeetako hizkuntzen adibidearekin. Europako Erdialdean kontzeptu hori errotuta dago. Behin gonbidatu nuen Suitzako hizkuntzalari bat Gasteizera gai horri buruz hitzaldi bat ematera. Legebiltzarreko politikariei gutun bana bidali nien hitzaldira joateko, baina ez zen bakar bat ere agertu. Jende ugari izan zen solasaldian eta oso interesatuak, baina politikaririk ez. Hondarribian bizi arren Eibarrekin harreman estuarekin jarraitzen duzu. Eibar Gipuzkoan egon arren Bizkaitik oso gertu dago. Nolakoa da Eibarko euskara? Euskalkietan Mitxelenak esaten zuen bizkaiera Mendebaldeko hizkera zela. Baina Eibarren gauzak ez dira hain sinpleak. Izan ere, Itziartik Durangora bitarteko lurraldea denbora luzean ‘Inoren Lurra’ edo izan zen. Gipuzkoa zen Itziar arte eta Bizkaia Durango arte. Bakeak egiteko soluzio hori hartu zuten lurralde horrekin. Gero gauzak aldatu ziren. Baina Eibarren bertan Bizkaiko formak egiten dira, baina auzoaren arabera euskara aldatu egiten da. Eibarko hegoaldean Elgeta eta Bergarako hizkeraren eragina argi ikusten da eta iparraldean Markinakoa. Sailkapenak egiterakoan beharrezkoa da jakitea zein auzori buruz hitz egiten ari garen. Argazkiak: Urtzi Urkizu Euskonews & Media 78.zbk (2000 / 5 / 12 19) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Ramon Barea: "Antzerkia naturalki eratzen ari da barruan gaudenok munduratu nahi izan dugulako"

 

Irakurri

Nestor Basterretxea, eskultorea: "Euskal artea 60. hamarkadan landu zen, ez lehenago"

 

Irakurri

Florence Delay: "Irakurketak eta idazketak emaiten duen askatasuna ez dugu neurtzen; denbora eta espazioa ezaba daitezke"

 

Irakurri

Gurutzi Arregi: "Galtzen ari zaigun kultura erregistratu nahi dugu"

 

Irakurri

Luis Peña Gantxegi: "Komunikabideek lehen baino askoz ere arreta gehiago eskaintzen diote arkitekturari"

 

Irakurri