Nestor Basterretxea, eskultorea: "Euskal artea 60. hamarkadan landu zen, ez lehenago"

2000-04-28

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Nestor Basterretxea Nestor Basterretxea, eskultorea "Euskal artea 60. hamarkadan landu zen, ez lehenago" * Traducción al espanol del original en euskera Maria Agirre Arteari dagokionez, emankorra izan zen oso 60. hamarkada. Urte haietan, euskal abangoardia taldeek Euskal Eskola izeneko mugimendua eratu zuten hiriburuetan, horien artean nagusia GAUR gipuzkoarra izanik. Bertako kidea zen Nestor Basterretxea. Pintorea, eskultorea, zine zuzendaria, diseinatzailea... Artearen alderdi desberdin ugari jorratzen ditu Basterretxeak, eta oraingoz behintzat ez dauka erretiratzeko asmorik, gauza asko baitira adierazteke dauzkanak. Frantzian 5 urte eta Argentinan 11 eman ostean, Euskal Herrian dugu Nestor Basterretxea 60. hamarkadan. 1951. urtean itzuli nintzen erbestetik. Irriki bizia neukan hemen egoteko, nahiz eta, armadako iheslari bat izanagatik, egun batzuk besterik ezin nituen igaro espainiar lurraldean, 30 egun gehienez. Buenos Airesko Espainiako Kontsulatuan ohartarazi zidaten: "Egun bakar bat gehiago emanez gero, kutxan sartuko zaituzte". Artean 22 urte neuzkan eta nire ezkon bidaia zen. Lehenik eta behin Oriora joan nintzen, Jorge Oteizarengana. Argentinan ezagutu genuen elkar, eta lagun onak ginen. Han estutasun ekonomiko asko jasan zituen behin eta berriro, eta azkenean itzultzeko erabakia hartu zuen. Madrilen bizi ziren bere guraso eta anai arrebak. Jorgek, bere betiko suhartasunarekin, Arantzazuko Basilika berriko absidean mural handi bat egiteko lehiaketara aurkeztera animatu ninduen. Gehieneko 30 egunetako epemuga famatu hori baino denbora gehiagoan egoteko arriskua neukan arren, aurkeztu egin nintzen, eta , ex aequo irabazi nuen, Carlos Pascual de Lara margolari madrildarrarekin batera, arkitektoen lankide zena. Egoera konpontzeko, Larari absidea enkargatu zitzaion, eta niri kriptako muralak. Oteizaren itzulera iraultzailea izan omen zen. Egia esateko, Jorgek hunkitu egin gintuen arte berria hurbiletik ezagutzen genuenok. Bera izan zen azkeneansorkuntza artistikoaren egitekoarekin zerikusia zeukaten gaiei hitz egiten hasi zena, arrazonamenduek ez baitzuten Espainiako gerra osteko itxikeria eta anekdotario faszista onartzen. Oteizak babes handia ematen zigun lehentasunen artean modernitatea eta etorkizuna ipintzeko egonezina geneukanoi. Euskal artearen berriztapenaren garaia izan al zen hura? Ezin da esan berrikuntzak data zehatz bat daukanik, baina bai esan daitekeela arte modernoa belaunaldi bakoitzarekin berritzen dela. Lehen aldaketek askoz ere denbora gehiago behar zuten. Eta euskal eremuan jazotakoa oso esanguratsua izan zen, oso garrantzitsua. Huts hutsean kanpoko errealitateen lekuko ziren lanak atzean utzi (figura eta paisaiak), eta eskultoreok pintoreak baino gehiago galde erantzunez betetako barne kontzientziatik hasi ginen garatzen, gure bulkada handienaren inguruan, eta betiko urrundu ginen kanpoko bizitzaren ikuskizunarekin lotuta zeuden gauzetatik, itxura artifizialetatik. Barrutik kanpora zihoan estetika zen, lekukotza egiteko modu desberdin bat. Eskultore batzuk elkarbanatu egin zituzten bolumen sendoak, modu koherentean, dinamismoa kontrolatuz, poliki, hieratikoki, oroitzapenen aldia iraunaraziz, lekukotzaren dentsitatea... Bira berritzailearen banda izan zen. Jakina, munduko artea eboluzionatu egin zen, eta guk eredu gisa begiratzen genion. Oteiza Malevich errusiarrari buruz hitz egiten aritzen zen, ni txundituta nengoen Mortensen daniarraren egituren gozotasunekin, Mendiburu Brancusi ren forma gogorrekin justifikatzen zen... baina sorkuntza haiek ez ziguten burua galarazten, alderantziz, haiengandik ikasten, indartu egiten genuen gerorren izaera. Gure estimu eta mirespen osoa zeuzkaten, baina guk gure bideak geneuzkan. Gure herrikideei dagokienez, asko miresten ditut bai Zubiaurre anaiak eta bai José María Ucelay. Mundu pertsonalak ondoen islatzen dituztenak dira. Eta baita ere Nikolas Lekuonak, goi berrikuntza poetiko hegodunekoa. Zeintzuk ziren 1966an sortutako Gaur taldearen helburuak?Gipuzkoako Gaur taldea Oteizaren ekimenez sortu zen, eta berdin Bizkaiko Emen, Arabako Orain eta Nafarroako Denok ere. Kontzeptuak aldatu nahiean eta berrikuntzan murgilduta genbiltzan artistak elkar ezagutzea zen kontua. Horrelako zerbait egin nuen neronek ere gure herrialdeko eskultoreak Hondarribian bildu nituenean, ez baikenuen elkar ezagutzen. Zoritxarrez, behar baino lehenago zapuztu zen bilera positibo horrek eman izan zezakeen guztia, Oteiza eta Txillidaren arteko haserreagatik, eta baita ere bata edo bestearen alde geundenongatik, gatazka hori bien artean konpontzen utzi beharrean. Oraindik ere pairatzen ditugu pekatu horren ondorioak, elkarri eman zioten besarkada hura antzerki hutsa izan baitzen... Goazen une batez Arantzazura. Nola dakusazu bertan duela 50 urte gertatutakoa? Ez dut Arantzazun egin zidaten bidegabekerian gehiago sakondu nahi. Gauza bat besterik ez dut esango: urteak igaro ahala, gero eta garbiago neukan ezin nuela kriptako muralak margotu gabe hil. Gehiegi sufritu nuen Arantzazugatik gero egoera horretan, ahaztuta, uzteko. 27 urteren buruan itzuli ahal izan nuen kriptara, bere 18 hormak, 500 metro karratuak margotzera. Jakina, ez nituen borratutako muralak margotu, asko baitira bizitzako 27 urte; nire buruak agindutakoa margotu nuen. Hortxe dago soinu eta kolorez betetako sinfonia hori, naturaz gaindikoaren funtsa eta zailtasunen berri ematen, ulerkaitzak zaizkigun misterioen gehiegikeriak. Bai Elizak, bai orden erlijiosoek, bai zeruak, misterioa margotzeko agintzen digute. Ezinezkoa arrazionalki. Fedeak bakarrik eta asko kostata suma dezakeena irudikatzea agintzen digute. Zeintzuk dira mirariaren koloreak? Nolako forma dauka? Utz dezagun Arantzazu eta goazen zine zuzendari gisa izan duzun esperientziara. Euskal Herriko zinematrografia modernoari ateak zabalduko zizkion Amalur (1968) luzemetraiaren zuzendaritzan hartu zenuen parte. Euskal zine modernoaren aitzindari gisa har al dezakegu? Lehenik eta behin esan ni ez naizela zine munduarenbaitakoa, nire jarduera ez baita zinematografiara bideratzen. Luzemetraia hura eta hamaika dokumental horiek, niretzat, zinea, adierazteko tresna eder hori, dastatzeko eta zeregin artistikoko tresnak ezagutzeko modu bat izan dira. Nire kezka nagusia, ideia zehatz bat adierazteko modurik onenaz baliatzea izan da, konbentzitzeko modurik egokienaz, hobeto informatzeko. Pelotari, Ama lur eta Alquezar en, Fernando Larruquert izan nuen laguntzaile, eta Hispaniaurreko arteari buruzko saileko argazkigintzan Vicente Harriak hartu zuen parte. Irungo semeak ziren biak. Madrilen esan zidatenez, Ama Lur garai hartako pelikularik zentsuratuena izan zen. Donostiako alkate bat Madrileraino joaten zen, Fraga Iribarne suminkorraren Informazio eta Turismoaren Ministeriora, erregimen frankistako filosofiarentzat hasiera batean onartezinak ziren gauza guztiak salatzera. Makina bat aldiz joan behar izan nuen hara, guretzat logiko eta egiazkoak ziren esaldien esanahia azaltzera, Ministerio hartako pareten artean biraoak ziruditenak… Plano asko moztu zizkiguten, baina okerrena da haiek aukeratutako plano eta testuak sartzera behartu gintuztela. Nolanahi ere, hunkigarria izan zen Ama Lur. Gogoan dut Larruquert eta ni Donostiako zine areto bateko eszenarioan 5 minutuko txaloak jasotzen ari ginela, "irabazi egin dugu" esan niola. Robles Piquer ek, Fragaren koinatuak, Ama Lur andaluziar bat egitea proposatu zidan, eta nik esan nion Andaluzian egongo zela nik baino askoz hobeto egingo zuenik. Hortaz oroitzean, tuntuna naizela pentsatzen jarraituko du beharbada, dezente ordaintzeko prest zegoela baitzirudien. Nik galtzaileen aldean jartzeko joera bortitza daukat, inola ere ez boterearekin bat egitekoa. Mexikon, Guatemalan eta Perun biziki saiatu nintzen herriko indigenen espirituan sartzen, maien, azteken, zapoteken, olmeken eta inken arte liluragarria ulertu nahiean. Egia esan, artea bera, bere izaera pertsonalagatik, ulergarria da; artea ulertzen baldin bada, herrialde guztien artea ulertzen da.Ikaragarria da baieztapen honen egiazkotasuna. Gizaki guztien anaitasunik egiazkoen eta ikusgarriena, artea da. Aitzinako maiek landutako buztina bizirik dago gure eskuen artean. Beren begiak guri begira ari dira, eta gureak haiei begira. Ez dago gizaki baten aurpegia bezain gauza baliotsurik: artearen beraren funtsa da, bizitzaren zerbitzura. Urte asko daramatzazu lanean. Ez al zaizu bokazioa agortzen? Bokazio artistikoa maitasuna bezalakoa da: edo gehiegizkoa, edo gutxiegikoa. Bokazioa, espirituaren mozkorraldi eder bat da. Artista batek beste gaitasun asko galtzen ditu bokazioa baino lehen. Horretantxe nago ni. Nestor Basterretxea "Gaua", 1960 Burnia. Diametro 105 zm Artistaren bilduma Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 76.zbk (2000 / 4 28 / 5 5) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=bizkaia&link=www.bizkaia.net/bizkaia/Euskara/Foru Aldundia/Kultura/eu cultu.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Florence Delay: "Irakurketak eta idazketak emaiten duen askatasuna ez dugu neurtzen; denbora eta espazioa ezaba daitezke"

 

Irakurri

Gurutzi Arregi: "Galtzen ari zaigun kultura erregistratu nahi dugu"

 

Irakurri

Luis Peña Gantxegi: "Komunikabideek lehen baino askoz ere arreta gehiago eskaintzen diote arkitekturari"

 

Irakurri

Josu Legarreta: "Munduan zehar eta batez ere Ameriketan ezagutzen bagaituzte, euskal etxeen fenomenoagatik da, besteak beste"

 

Irakurri

Mari Jose Olaziregi: "Ez ditzagun zirkuitu bereziak egin emakumezkoek idatzitako literaturarekin"

 

Irakurri