Mari Jose Olaziregi: "Ez ditzagun zirkuitu bereziak egin emakumezkoek idatzitako literaturarekin"

2000-03-17

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Mari Jose Olaziregi Mari Jose Olaziregi, EHUko irakaslea eta ikerlea "Ez ditzagun zirkuitu bereziak egin emakumezkoek idatzitako literaturarekin" * Traducción al espanol del original en euskera Maria Agirre "Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura" izenburua du Mari Jose Olaziregik egindako azken ikerlanak. Bertan, emakumezkoek idatzitako euskal literatura guztia inondik inora intimista ez dela dio irakasleak. Era berean, emakumezkoek idatzitako nobela eta poema liburu asko aztertu gabe daudela salatzen du. Horregatik, testu horiei kritika egiten hasi eta baliagarriak direnak irakurtzen hasteko garaia dela aldarrikatzen du. Zure azken liburuak emakumezkoek idatzitako euskal literatura aztertzen du eta nahiko panorama kaxkarra erakusten du, emakumea euskal literaturan gutxiestua balego bezala. Kontua da, sistema literario guztietan, idazle eta literatura mota batzuk kanonizatuak izaten direla, eta gero beste batzuk, periferikoak, bigarren mailakoak. Periferia horretan egoten dira emakumezkoek idatzitako testuak, haur eta gazteei zuzendutakoak eta itzulitakoak. Nire azken liburuan hori salatu nahi izan dut, esanez, emakumezkoek idatzitako literatura badela, baina literatura hori ez dela aztertua izan. Hala, aipatzen eta promozionatzen ez den literatura ez da irakurtzen, eta ez da existitzen. Nire ustez, emakumeek euskaraz idatzitako testuei buruzko azterketa luze, sakon, historiko, soziologiko eta kritikoak falta dira. Horrelako oso gutxi dago, apenas ezer. Ohituta geunden emakumeak hainbat arlotan gutxiespena jasotzen duela entzutera, baina literaturari dagokionez ez da hainbestetan halakorik entzuten. Gaur egun emakume batek ez du arazorik testu bat argitaratzeko. A priori hemen inor ez da zokoratzen, baina, zergatik daude hain gutxi aztertuak emakumeek idatzitako testuak? Zergatik ez dira inoiz literaturaren historian aipatzen? Txarrak direlako? Guztiak? Literaturaren kalitatearen irizpidea da darabilguna testu horiek baztertzeko?Nik uste dut gehienetan ez direla ezagutzen, eta hori salatu nahi izan dut. Hau da, inondik ere ez dut defenditzen emakumeek idatzitako literatura, soilik emakumezkoek idatzi dutelako. Nik ez dut eleberri bat aukeratzen emakume batek idatzi duelako, saiatzen naiz kalitatezko testu bat hautatzen. Litekeena da, emakume batek idatzia egonagatik nire bizi esperientziatik gertuago egotea, baina agian ez. Artea kontsumitzen dugunean, irizpidea beti da kalitatearena. Gakoa, kontsumitzera joan baino lehenagoko une horretan dago. Ez badugu testu baten berri entzun, eta idazle baten berri ez badugu jaso komunikabideetan, historia liburuetan, aldizkarietan... ez dugu inoiz irakurriko. Hor dago gutxiespena eta bazterketa. A priori, inork ez du onartzen euskal literaturan emakumea zokoratzen denik, eta noski, biktimismoan ere ez dugu erori behar. Biktimarik ez dago. Kontua da, garaia dela testu horiei kritika egiten hasteko, eta baliagarriak direnak irakurtzen hasteko. Ez ditzagun baztertu egilearen sexuagatik. Beraz, promozio bideek eta egiten dute porrot. Gaur egun literatura ere espektakulu gizartearen zati bat da, eta izugarrizko indarra daukate komunikabideek eta promozio bideek. Frogatuta dago: ez da beti kalitatearen irizpidea testu bat ospetsu egiten duena. Komunitate kritikoak kanonizatutako idazle batzuk daude, edo komunikabideetan gehiago azaltzen direnak. Emakumezko idazleak gutxiago ezagutzen omen dira, baina hala ere, euskal idazleetatik %10,8 baino ez da emakumezkoa. Datu horri begiratuz gero, pentsa daiteke normala ere badela emakumezko idazle gutxiago ezagutzea. Poesia gutxiago idazten eta saltzen da, baina gurean poesia oso aztertua dago, prosa baino gehiago. Euskal literaturan zirkuitu normalizatu bat antolatu behar dela uste dut. Ez ditzagun zirkuitu bereziak egin emakumezkoek idatzitako literaturarekin, edo haur eta gazteentzat egindako literaturarekin. Noski, gutxiago badira, gutxiago produzitzen dute, eta gutxiago aipatzen dira, baina kontua da ez direlaaipatzen eta aztertzen. Euskal sistema literarioaren normalizazioa lortu behar dugu. Bestetik, injustizia puntu bat antzematen dut, emakumezkoek idatzitako literatura guztia intimista dela esaten denean. Ezagutzen ez denez, intimismoa aipatzen da, eta zaku berean sartzen dira estetika eta poetika oso desberdinak. Zakutan sartzen ditugunean, klasifikazioak egiten ditugunean, beti dago injustu izateko arriskua. Hala ere, emakume idazleengan ez al duzu gehiegizko apaltasunik somatzen. Gehienek diote literaturan amateurak direla, eta ez profesionalak. Virginia Woolf ek esaten zuenez, seguruen, emakumeok, jende aurrean hitz egiteko beldur handiagoa dugu, normalean, exijenteagoak baikara gure buruarekin. Idazleen kasuan, emakume bati gizon bati baino gehiago kostatzen zaio idazlea dela onartzea. Plaza, komunikabideak, ez dira emakumezkoenak, ez dute protagonismorik eta horrek ziurtasun falta eragiten du. Askok diotenez, gainera, argitaletxe batetara zoazenean, emakume izanagatik gehiago exijitzen zaizu. Hau da, eleberri txar bat, gizonezko egile ezagun batek idatzia, plazara daiteke. Zailagoa da, berriz, nobela txar bat emakume baten kasuan argitaratzea. Euskal kulturan, botere kotak ez dira emakumeenak. Onartu zaigu andereñoak izatea, batzueri kazetari izatea, edo kritiko, baina zenbat emakume da editore? Zenbat idazle? Hor badaude zenbait rol hain erraz onartu ez direnak. Emakume idazle gazteei buruzko ikerketarik ere egin duzu. Optimistagoak izateko balio dute? Urruzuno literatur lehiaketako epaimahaian izaten naiz, eta egia esan oso testu onak aurkezten dituzte. Normaltasunaren bidea bilatu behar dugu, jende guztiak eduki dezala aukera berdina. Hori da sinpleki nik planteatzen dudana, baina inongo biktimismorik gabe. Azken urteetan ari dira emakumezko idazle gazte asko lanak aurkezten, eta bai, baikorrak izan gaitezke, zergatik ez. Kritikagintzaz ere mintzo zara azken liburuan, eta kritika feminista eskasa dela diozu. Kasu gutxi egiten zaie emakumezkoek idatzitakoliburuei? Asko eta asko aztertu eta komentatu gabe pasatzen dira. Euskal literaturaren historia garaikidea hartu, eta ikusi zenbat autore dauden aztertuta. Askotan, gainera, kantitate kontua harrigarria izaten da. Badaude egile batzuk, nobela pare bat dutenak eta etengabe aipatzen direnak, eta berriz, emakumezko idazle batzuk, agian lau edo bost eleberri idatzi, eta gutxiago aipatzen direnak. Gakoa ez dago kantitatean. Gutxiago aipatzen dira, eta asko ahaztuta daude. Gazteengan irakurzaletasuna bultzatzerik ba ote dagoen ikertzen aritu izan zara. Zaila dirudi gaur egungo gizartean irakurzaletasuna bultzatzea. Zaila da. Zaletasun bati buruz ari gara, eta oso zaila da pertsona bati norberak pasioz bizi duen hori agian gustatuko zaiola sinistaraztea. Gainera, irakurketarena oso iharduera diskriminatzailea da: behar duzu irakurtzen ikasi, pixka bat aldendu... Ni saiatzen naiz ikasleei ez saltzen. Esaten diet, beharbada, irakurriz ondo pasatuko dutela, bere barne bizitza aberastuko dutela, mundu berriak ezagutu.... Hori guztia agian, baina agian ez. Proba egiteko aholkatzen diet, eta kontuan izateko zein eskubide dauzkaten: liburu bat hasi eta ez bukatzekoa, orriak pasatzekoa... eskubide horiek kontuan hartuz irakurketa ez dramatizatzea da kontua. Plazerrezko zerbait izan beharko lukeen horren bila joan beharko genuke, eta ez inor traumatizatu ez dakit zein testu irakurri ez duelako, ez baitago funtsezko testurik. Irakurketak, agian, bizitza apur bat atseginago egin dakiguke, baina irakurtzea ez da derrigorrezkoa, irakurri gabe ere bizi gaitezke eta zoriontsuak izan. Plus bat besterik ez da. Hau entzuterakoan ikasleak harrituta geratzen zaizkit, irakurketaren apologia entzutea espero baitute. Nire ustez, hipokresia izugarria dago irakurketaren inguruan. Hor ditugu guraso eta irakasleak irakurri behar dela esanez, hau da, norberak egiten ez duena besteei eskatzen, edo norberak pasiorik gabe bizi duen zaletasuna aholkatzen. Gainera, irakurleak oso gogaikarriak gara. Batimendia gusta dakioke, baina ez da etengabe mendira joan behar duela ondokoari esaten arituko. Irakurlea, berriz, bai. Oso tipologia berezia da irakurlearena. Badago 15etik 20ra urte bitarteko gazteendako euskal literaturarik? Bai, jakina. Itzulitako literatura asko dago, eta nire iritziz, behingoz, itzulpenei kasu handiagoa egin beharko genieke. Gazteentzako eleberriak badaude, ez beharbada beste merkatuetan dagoen aukera zabala, baina horrek ere bere abantailak ditu, zeren inguruko merkatuetan azken urteetan modan jarri diren bilduma horiek gehiago dira eskaintza komertzialak kalitatezko literatura baino. Euskal Herrian, zorionez, marketin eta merkatu kontuetan hain zuzenak ez garenez, harribitxiak topa ditzakegu. Aste honetan, adibidez, Juan Cruz Igerabideren Hamabi galdera pianoari irakurri dut, gazte batek irakurtzeko oso testu ona. Itzulpenetan hor ditugu Stevensonen testuak modu zoragarrian itzulita, eta beste hainbat. Orain dela gutxi, euskal literaturan kritikagintza ba ote dagoen aztertzeko ihardunaldiak egin zenituzten. Zein ondoriotara iritsi zineten, bada kritikarik? Jardunaldiok oso ondo joan ziren, espero baino jende gehiago hurbildu baitzen. Gure helburua, kritikagintzarik ez dagoela dioen topikoa bertan behera uztea izan zen. Euskal literaturan kritikagintza badago, eta azken hamarkadetan kritika oso onak egin dira. Bestalde, diagnostiko bat egin genuen: zertan diren ikerketak, non dauden hutsuneak, nondik jo beharko genukeen literaturaren kasuan... Saiatu ginen, gainera, kritikagintza hitzaren oinarrian zer ulertzen den zehazten. Batetik kritika publikoa dago, komunikabideetan agertzen dena, eta bestetik, kritika akademiko edo zientifikoa. Nik uste dut, ezbairik gabe, gurean ahulena kritika publikoa dela, kritika akademikoan azken urteetan aurrerapausoak eman baitira. Oraindik aztertzeke dauzkagu gauza asko, adibidez, alderdi historiografikoa ahulena da, narratiba oraindik ez da luze aztertu, ezta emakumezkoek idatzitako literatura eta haur eta gazteeizuzendutakoa, literatura itzulia.... hutsuneak badira, baina hutsune handiagoa dago kritika publikoan. Argitaratzen direnak aipamen laburtxoak dira, baina kritika oso gutxi. Nik gainera, izugarri botatzen dut faltan hurbilpen bat, hau da, kritika akademiko eta publikoaren arteko hurbilpena. Alegia, egunkarietan atera daitezela ez zirkuitu unibertsitarioko kritikak, baizik eta kritikatzen duten testuak baina arrazoituak. Gaur egun etena handiegia da. Pasatzen gara gehienetan aipamen labur batetik, ez dakit zein metodologia kritiko erabili duen azterketa batetara, eta behar dugu erdibide bat. Horrek zer esan nahi du, adibidez, unibertsitateetako irakasleek komunikabideetan parte hartu beharko luketela? Frantses edo gaztelaniazko zirkuituan, unibertsitateko irakasle batzuk idazten dute egunkarietan eta gehigarri literarioetan. Baina, jakina, horrek eskatuko luke benetako gehigarri literarioak edukitzea gurean. Zein gehigarri literario ditugu euskaraz? Gutxi. Zabalagoak beharko genituzke, iritzi eta artikulu gehiago jasoko lituzketenak. Benetako gehigarri literarioak, euskaraz, euskal testuak komentatzeaz gain, edozein hausnarketa literario bideratuko luketenak. Nik faltan botatzen ditut horrelako argitalpen luze eta sakonak. Gaur egun baditugu atalak egunkarietan, baina ahulak eta eskasak dira, gutxi da. Euskal literaturak ematen du horrelako aldizkari bat kaleratzeko adina? Ezbairik gabe, bai. Kontua da lantalde bat sortzea, aurrekontu bat zehaztea eta abian jartzea. Egunkarietan orriak oso garesti dira, kosta egiten da hainbat gairi orri asko eskaintzea. Euskal literaturaren kasuan, gutxitan irakurtzen omen dira liburu bat txarra dela dioten kritikak. Oso gutxi, hemen kritika gehienek ondo hitz egiten dute. Liburu bat ona dela esaten dutenak gainera, gehienetan ondo argumentatu gabeak daude. Era berean, izan dira liburua txarra dela dioten kritika gehiegi arrazoitu gabeak. Gustatu zait edo ez zait gustatu, baina, zergatik? Bestalde, hau herri txikia da eta beharbadaidazlea bihar ikusiko duzu paseatzen edo zure laguna da. Denok ezagutzen dugu elkar eta zaila da. Gainera, batzuek oso gaizki hartzen dituzte kritikak. Bestetik, kritikariaren rola azken urteetan aldatu egin da. Lehen sententziatu egiten zuen, hau ona eta hura txarra zela esanez. Azken hamarkadetan, berriz, krikariak iritzia ematen du, baina batez ere irakurketa azaltzen du. Literaturaren inguruan hainbat ikerketa egin duzu. Zu zeu ez al zera eleberri bat idaztera animatzen? Ez, ez. Gezurra da kritikari baten oinarrian idazle frustatu bat dagoela dioen topikoa. Onartzen dut nerabe garaian poemak idatzi nituela, eta sariketetara aurkeztu eta bat baino gehiago irabazi nuela.... baina ez. Poemak edo nobelak idazten dituen batek ez du ulertzen zein plazer senti dezakeen irakurle batek edo kritikari batek testu baten zirrikitutan barneratu eta komentarioak egiterakoan. Plazer estetiko izugarria da. Gainera, zenbat eta gehiago ezagutu gauza bat, orduan eta gehiago maite duzu. Eta beste ikerketarik egiteko asmorik? Bai. Une honetan, EIZIE rentzat, literatura unibertsalari buruzko testu liburu bat egiten ari naiz, euskaraz. Batxilergorako izango da, eta helburua, euskarara itzulita dagoen ondare unibertsalaz baliatzea da. Horretaz gain, Un siglo de novela en euskera UNED erako idatzi nuena ere oraintxe aterako da, baina orain osatu egin behar dut. Artikulu bat egin nuen 100 orri baino gehiagokoa euskal nobelaren bilakaeraz, eta nahiko nuke osatu azken urteetako nobelen azterketez. Lanik ez zait falta. Ikerketa gustatzen zait, baina irakaskuntza ere bai, biak behar ditut. Bukatzeko, gomendatu eizaizkiguzu emakumezkoek euskaraz azkenaldian idatzitako hiru liburu. Dudarik gabe, Lurdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion, oso nobela ona da. Oso gomendagarria da ere Mariasun Landaren Amona zure Iholdi ipuin laburtxoa. Miren Agur Meaberen poema liburua.... badago non aukeratu. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 71.zbk (2000 / 3 / 17 24) gratuita | Abonnement gratuit| Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jean Echenoz: "Goncourt saria jaso arren, nire bizitza ez da aldatu"

 

Irakurri

Aitor Lopez de Aberasturi: "Interneten filosofiari ez diot erabat jarraitzen"

 

Irakurri

Francisco Mangado: "Erantzunik ematen ez duen hirigintza burokratikoa egiten ari gara"

 

Irakurri

Francisco Javier Zubiaur: "Nafarroako Museoa izebergaren muturra da"

 

Irakurri

Pello Zabala: "Arantzazu ezagutzera emateko hasi nintzen iragarpena egiten"

 

Irakurri