Elkarrizketa: Iñigo Agirre Iñigo Agirre, Deustuko Unibertsitateko Geografia Katedraduna "Hemen gure posibilitateak baino hobeto bizi gara" * Traducción al espanol del original en euskera Estibalitz Ezkerra Garraio aukera anitz dago baina oraindik kotxeak nagusi izaten jarraitzen du. Azpiegituren aldetik hoberantz egin dugun arren, etorkizunean errepide istripuek gora egingo dutela uste du Iñigo Agirrek. Deustuko Unibertsitatean Geografia Katedraduna da Iñigo Agirre eta bere hitzetan, herrialdeen azpiegiturek bat egin beharko lukete beren ezaugarri fisikoekin. Zeintzuk izan dira garraiobideen inguruan azken hogei urteotako aldaketarik azpimagarrienak? Lehenik eta behin autobide eta autopisten zabaltzea, eta bigarrenik hiri nagusietako zirkunbalazio eta sarrera berrien irekiera. Hortik aparte oraindik Maltzagatik Gasteiza doan autobidearen proiektua bete gabe gelditzen da. Erabat bukatuta egon behar zuen, bariante batzuk eginda daude baina oraindik gauza asko gelditzen dira egiteko eta oso premiazkoak gainera. Zenbateko garrantzia izan dute aldaketa horiek? Handia, oso atzeratuta geundelako horretan. Azken hogei urteotan egin denarekin berritu gara hirugarren mailako egoera batean geundelako. Bilbotik Donostiara doan trena hartuta 100 km egiteko hiru ordu eta erdi behar al dira? Estrategia aldetik, politikoki, hori mantentzea egokia al da? Agian ekonomikoki bai. Trenbide sare berria sortzea baino, ez ote da egokiagoa gaurko trenbideaz baliaturik, Donostiarekin eta Europako sarearekin lotzea? Bizkaian bakarrik une honetan oztopo galantak dauzkagu trenbidea, errepide arrunta eta autobidearekin. Askotan klasean esaten dut, Leizarango gora behera astuna eta beldurgarria izan zela baina Abiadura Handiko Trenarekin etorriko den eztabaida askoz handiagoa izango da. Inpaktu bisualak eta patrimonioa alde batera utzita, beldur naiz zer pasako ote den hor. Azken urteotan errepideetako istripuek gora egin dute. Garraio publikoa bultzatzea irtenbidea izan al daiteke? Soziologiakoikasleen artean inkesta bat egin nuen eta ia gehienak garraio publikoaren alde zeuden. Diru sari bat irabaziz gero zer egingo luketen galdetu nien: etxea erosi, alde batetik bestera bidaiatu ala berebila erosi. Erdiak baino gehiagok, garraio publikoarekin ados zeudenek autoa erosiko lukete. Teoria alde batetik doa baina gero inor ez dago konforme autorik gabe ibiltzearekin. Frantzian familia bakoitzak kotxe eta erdi dauka bataz beste. Gu oraindik ez gara horretara heldu baina %40 25 bat falta zaigu maila horretara heltzeko. Nire ustez neurri batzuk hartu beharko dira; Europan eta hiri barruan zirkulatzeko zer egiten den ikusi, gero hemen aplikatzeko. Ezin pentsa daiteke, hemen automobilaren moda galdu eta garraio publikoaren erabilera haziko denik. Hori ez da posible eta beharbada, ezta egokiena ere ez, atzetik datozen lanpostuak ez baitira beteko. Horregatik etorkizunean gaur egun baino istripu gehiago egongo direla uste dut, baina zirkulazioa handiagoa izango delako eta errepide sarea kentzea erraza ez delako. 1996an Europar Batzordeak hartutako erabakiaren arabera, 2010 urterako bidegorrien sarea zabaltzea espero dute. Guretzat oraindik automobila prestigio arlokoa da eta hori ez bada burutik kentzen ez dugu zereginik. Bizikletak eta ondo datoz Danimarka edo Holandarentzat han dena lautada delako. Hemen ere ibil daiteke baina erliebea eragozpen handia da. Herrialde bakoitzak bere azpiegiturak, bere egitura fisikoarekin ados joan daitezela behar du. Orain dela hogei urte bidegorria zabaltzen hasi zirenean jendeak uste zuen bizikletaz alde batetik bestera ibiliko zela, eta denborak erakutsi du horrek zer erabilera dakarren. Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan herrialdetik herrialdera ezberdintasun handiak daude garraiobideen azpieguturei dagokienez. Zer dela eta hori? Jakina. Baina ezberdintasun horiek herrialde bakoitzak dituen biztanleekin lotuta daude. Ez dauzkate premia berdinak Arabako 250.000 biztanleek eta Bizkaian bizi diren milioiak. Nire ustez premienarabera eskabideak konpontzen joatea egokia da. Baina proportzioa gorde behar da beti. Ezin zaio herrialde bakoitzari banaketa berdina eman bestelako kriteriorik gabe. Bizkaiak lehentasuna eman dio trenbide sareari. Normala da. Komunitate Autonomoan bi milioi biztanle inguru badauzkagu, Bizkaian 1.300.000 bizi gara. Beraz, eskabide gehiago daude hor. Bilboko portua ere kontuan hartu behar da. Espainia mailan bigarren portua da, eta urteko 25.000 tona merkantzia garraiatzen dira. Horrek sarrera eta irteera batzuk dakartza. Sarrera eta irteera horien konexioa bermatzeko, hau da, portuak bere influentziako lurraldearekin lotzeko nortasuna eduki behar du. Horregatik normala da une honetan garraioari dagokionez inbertsio gehienak bertan erabiltzea. Kontuan eduki behar da demokrazia baino lehen Arabak zelan zeukan antolatuta autonomia finantzieroa. Une hartan geu baino askoz hobeto zeuden, bazeukaten beren hazienda nortasuna eta Bizkaiak eta Gipuzkoak ez. Eusko Jaurlaritzarekin hasi ziren horiek Arabako maila hartzen eta hortik aurrera atzetik zetozen premiak asetzen. Abiadura Handiko Trenaren inguruan ezadostasuna da nagusi. Onuragarria izango al da berau sortzea? Ez dakit hemen Abiadura Handiko Trenbidea behar den edo ez benetan aztertu den. Ez nago hain ziur ez baitago hainbeste distantzia. Abiadura Handiko Trena 400 km ko distantzia egon ezkero egokia da. Baina 400 km horiek hasieratik bukaera arte, eta gainera sarritan desplazamendu horiek egiten dituen biztanle masa kritiko bat beharrezkoa da. Hemen ez daukagu ez distantziarik ezta masa kritikorik ere. Egunero Bilbotik Donostiara, Donostiatik Gasteiza edo Gasteiztik Bilbora zenbat pertsona doazen aztertu beharko litzateke. Ez bakarrik eskola sasoian, urte guztian baizik. Horiek guztiak gai al dira beraiek bakarrik Abiadura Handiko Trena mantentzeko eta justifikatzeko? Beste gauza bat izango litzateke Frantziarekin eta Europako trenbide sarearekin konexioa egitea eta beharbada Bilboko portua Frantziarekin. Hori baipremiazkoa dela. Atlantiko osoko porturik garrantzitsuena une honetan Bilbo da, potentzial gehiago dakarrena bere kalatuagatik. Portuan bertan, milioi erdi tona garraiatu ditzaketen itsasontziak atrakatu dezakete. Noski, merkantziaren garraioa samurra eta arina izan dadin, trenbidez joan behar da. Lotura hori Abiadura Handiko Trenarekin egin daiteke baina nire ustez interesgarriagoa litzateke merkantzietarako erabiltzea alde batetik bestera pertsonak eramateko baino. Beste aukera bat Madrilekin konexioa bilatzea litzateke. Horrek beste justifikazio bat dakar. Hortik abiatuta egokia izango litzateke Europako zabaltasuneko trenbide bat egitea nahiz eta abiadura handikoa ez izan. Aireportuei buruz zer iritzi duzu? Aireportuei dagokienez hemen gertatzen dena Europa osoan ez da ematen. 200 km distantzian, Santanderren hasi eta Baionara arte, eta itsasotik 80 km barru goazela bost aireportu dauzkagu. Bost aireportu hiru milioi biztanleentzat. Hori larregi da. Horrek dakar aireportu asko infrautilizauta egotea, linea gutxi edukitzea. Gasteizkoa espezializatzen ari da baina gainontzekoek zer lotura dute egunero Bartzelona eta Madrilekin? Seguru Bilbon egun bakar bateko zerbitzuak baino askoz gutxiago. Nire ustez hemengo elkar norberakeriarengatik, hiri inportante bat izateko zazpi bat gauza behar ditugu: gobernadore zibila, gotzaina, katedrala, lehenengo mailako futbol zelaia, erakustazoka, kongresuetarako jauregia eta aireportua. Biztanleei dagokienez Madrilgo erdia izanda, dena daukagu hirukoiztuta, nahiz eta gero mantendu ezinik ibili. Pentsa zer gertatu zen Gasteizko aireportuarekin. Ez zeukaten biztanle kritikorik loturak mantentzeko eta horregatik espezializatuz joan da. Nik uste dut bi aireporturekin nahikoa izango litzatekeela, bata Miarritzen, Donostiatik hara joan daitezen, eta bestea Bilbon. Eta hori da biztanle kopuruak ematen duena. Orokorrean hoberantz al goaz? Nik baietz uste dut. Honek gauzak zuzen ditzake. Hemen gure posibilitateak baino hobeto bizi garaeta horrek eragozpen bat dakar: oso garestia da berau mantentzea, eta beste gauza batzuetara aplika zitezkeen denbora eta errekurtso asko galtzen dira. Ona da? Eskasa? Ez dakit, baina horren arabera erabaki politikoak hartzen dira, eta kasu honetan ez dira arrazoidunak, arrazoi politikodunak baizik. Europarekin konparatuta, zer gelditzen zaigu hobetzeko? Ez dut uste ezberdintasun handirik dagoenik. Gu txikiak gara. Europan herrialde handiak daude eta autobide asko debaldekoak dituzte. Baina hori hemen egitea ez da hain samurra. Horregatik azpiegitura fisikoek dituzten ezaugarriak ezin dira aldatu, zaila da hori egitea. Bertoko arazoak konpontzeko irtenbide berezi batzuk aplikatu beharko lirateke. Hemen Erdi Europako edo Frantziako konponbideek ez dute balio ezberdinak garelako. Ez pertsona moduan, egitura fisikoagatik baizik. Hemen dena da harana eta mendia. Errepideak hortik eraman behar dira. Mendi aldapatik egin zitekeen baina horrek gastu ikaragarria dakar eta gainera, ekologistak inpaktu bisuala dela eta ez dela esanez etorriko lirateke. Baina nahiz eta beraien kontrako iritziak izan, erabaki bat hartu beharko dute. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 80.zbk (2000 / 5 26 / 6 2) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=garraio&link=www.euskadi.net http://ikaskuntza.org/
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak.
Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere
hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik
"konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz
gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula
adierazten ari zara. Sakatu
Irakurri gehiago
lotura informazio gehiago lortzeko.