Marisol Esteban: "Udalerri batzuek pairatzen duten dentsifikazio arazoekin bizi beharra daukagu"

2000-06-30

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Marisol Esteban Marisol Esteban, Ekonomia Aplikatuan katedraduna "Udalerri batzuek pairatzen duten dentsifikazio arazoekin bizi beharra daukagu" * Traducción al espanol del original en euskera Estibalitz Ezkerra Lurraldearen antolaketa, gizarte osoari eragiten dion gaia izanik, erabat ezezaguna da oraindik. Azken urteetan hobera egin den arren, Marisol Estebanen iritziz plan horiek betetzea da benetako erronka. Arduratzen al da gizarte zibila lurraldearen antolaketaz? Lurraldearen antolaketak lantzen dituen gaiek asko kezkatzen dute jendea: gure inguruaren bizi kalitatea hobetzea, jolasparkeak sortzea, behar adina etxebizitza eraikitzea, ingurugiroa zaintzea, hobekuntza ekonomikoa sustatzeko komunikazioko azpiegiturak edo teknologikoak sortzea, eta abar. Hiritar guztien eguneroko bizitzari eragiten dioten gaiak dira, nahiz eta lurraldearen antolaketa beharbada ezezagun samarra egiten den. Egokia al da Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean arlo honetan gauzatzen den politika? Zeintzuk dira arazo nagusiak? Desberdinak dira Iparraldeko tradizioa eta Euskal Autonomia Erkidegokoa nahiz Nafarroakoa. Frantziar Estatuan beti izan da lurralde politika gauzatzeko tradizioa, baina Espainiaren kasuan ez. Hala ere, azken 15 urteetan politika eta estrategiak lantzen hasi dira. Hegoaldean, Iparraldean baino tradizio eta esperientzia gutxiago dauzkagu. Baina, nire ustez, egin beharrekoa egiten ari gara. Estatu espainiarrean, lurraldearen antolaketaren inguruko politika eta estrategiak gauzatzeko aukera ematen zuen legedia onartu zuten lehenengo erkidegoak Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa izan ziren. Hasiak dira planak planteatzen (hortxe daude lurraldearen direktrizak, adibidez), eta Autonomia Erkidego osorako planak garatzeko estrategia bat ere badago; gainera, egiten dira lurralde zehatzagoetarako, eskualdeetarako eta arazo sektorialetarako planak ere. Horri dagokionez, beraz, Estatu europarren estrategiekin bat datoz gauzatzen diren politikak.Politika berri hauek daukaten arriskua da plan horiek ez exekutatzea, edo lurraldean eraikuntza ez baldintzatzea. Lurraldea antolatzeko planen helburua, beste politika sektorialei jarduteko eremu bat finkatzea da, hala nola Eusko Jaurlaritzako administrazioari edo udalei adibidez, azken hauen politikak lurraldetarragoak izanik. Ikusteke dago ea lurraldea antolatzeko plan hauek politika sektorial horiek edo beheragoko beste administrazio batzuren politikak baldintzatzeko gai izango ote diren. Orain arte ez dute eragin handiegirik izan. Politika sektorialek, lurraldea balioesteko politikek baino askoz ere zama handiagoa daukate lurraldearen eraikuntzan. Gure kasuan, alderantzizko prozesua ematen ari da. Lurraldea antolatzeko plana zer den definituz hasi behar da, eta ondoren, plan horien eraginkortasuna nola berme daitekeen ikusi. Lurraldeak hain desberdinak izanik, udalerri batzuetan gehiegizko okupazioa somatzen da. Zein neurri hartzen dira, edo hartu beharko lirateke, arazo hori konpontzeko? Iraganak utzi digun jaraunspena da hori, 60 eta 70eko hamarkadek bereziki. Oso konponbide zaila dauka. Bilbo eta Gipuzkoa inguruko hiriak, Iruña, Gasteiz edo Iparraldea baino askoz ere jendeztatuagoak daude. Dentsifikazio arazoak Bilbo eta Donostia inguruan daude batik bat, eta oso zaila da hori konpontzea. Jada eraikita dagoena eraikita dago, eta horrekin aritu beharko da lanean, ahal dela konponbidea bilatuz. Gakoa da ea zein den inguru horietako bizi baldintzak hobetzeko erabili beharreko estrategia mota. Agian orain bertan egiten ari garena da aukeren artean onena: libre dauden orubeak bilatzen ahalegindu, eta aldameneko espazioek falta dituzten ekipamendu, zerbitzu eta aisiarako guneak sortzeko erabili. Udalerri batzuek pairatzen duten dentsifikazioaren bizi beharra daukagu. Gauzak dagoeneko eraikita daudela, dentsitatea murrizteko eraitsi egin beharko litzateke, eta inork ez du aukera horretan pentsatu ere egiten, ez delako ez arrazoizkoa, ezta desiragarria ere. Nekazaritzakolurraldeak behar adina al daude babestuta? Gure ingurunean, hiriek eta nekazaritzako guneek multzo bakar bat osatzen dute, nahiz eta bakoitzak bere xehetasunak eduki. Azken batean, logika lurraldetar berdin bati erantzuten diote biek. Orain bertan, ezin da nekazaritzako lurraldeen garapena hiriekin uztartu gabe planteatu, hain zuzen ere nekazaritzako ingurugiroak jasaten dituen mehatxuek alde guztietarantz zabaltzen ari diren hirietan dutelako jatorria. Baina nekazaritzako ingurugiroaren biziraupena, inguru hiritarrarekin daukan loturaren menpe ere badago hein handi batean. Nekazaritzako guneei ekonomikoki garatzen lagunduko dieten eskema berriak aurkitu behar dira, bertan bizi direnentzat jarduera ekonomikoak aurreikusten dituztenak. Jarduera horiek, gainera, hiriei estuki lotuta egongo dira: elikagai autoktonoekin hornituko dituzte, hiria zabaltzeko nahiz aisialdirako guneak izango dira, besteak beste. Hala ere, kontrolatuta egongo dira, nekazalturismoa bezala, nekazaritzako ingurua babesteko neurriak aurreikusten baitira. Bide onetik doa estrategia hau, alegia, nekazaritzako ingurua zaindu bai, baina garatzeko aukera ere emanez, bestelakoan ez aurrera ez atzera geldituko bailitzateke. Nekazaritzaren garapen jasangarriaren estrategiak dira hein batean. Beraz, ingurugiroa mantendu behar da, baina jarduera ekonomiko bat gauzatzeko aukera bermatuz. Gi gauzak batera ematea litzateke erronka. Azken urteotan egindako azpiegiturako planteamendu batzuek talde ekologisten haserrea piztu dute. Behar bezala ulertzen al ditugu administrazioaren eta mugimendu ekologisten arteko harremanak? Administrazioaren eta talde ekologisten arteko harremanak gatazkatsuak izan ohi dira, edo behintzat adostasunik gabekoak; baina ez gure inguruan bakarrik, Estatu guztietan baizik, batzuen eta besteen jardueren helburuak ez direlako beti berdinak izaten. Mugimendu ekologistek ingurugiroari lotutako helburuak ipintzen dituzte lehen mailan, baina administrazioek, orokorrean, beste xede mota batzukere izaten dituzte. Horregatik sortzen da gatazka. Eta helburuak nola edo hala bateratu behar direnean, bakoitzaren lehentasunak ez dira berdinak izaten. Nahiko normala da desadostasunak sortzea, baina hala ere elkar ulertzeko ahaleginak egin beharko dituzte bi aldeek. Mugimendu ekologistek arazoez jabetzen lagundu dute, eta administrazioak beren politika aldatzera bultzatu ditu, bai gure inguruan, eta baita giro garatuagoetan ere. Mugimendu ekologistaren jarrerak hausnarketak egitera behartzen du administrazioa, esate baterako ingurugiroaren gaineko eraginari buruzko ikerketak egitearen beharraz, bestela ez bailuke horrelakorik egingo. Halere, ezin uka mugimendu hauen aldarrikapenak zenbaitetan gehiegizkoak ez direnik. Oinarrizkoa iruditzen zait ingurugiroa zaindu behar izatea, baina argi dago jendeak bizi ere egin behar duela. Nekazaritzaren arloan bezala, bi jarrerak elkarbizi daitezen saiatu behar da. Nolakoa iruditzen zaizu Euskal Herriaren egoera, Europako gainerako Estatuekin alderatuz? Arazo lurraldetarraren kasuistika oso zabal eta anitza da Europan, eta ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko, Europako Estatuetako edo Iparraldeko kasuistikaz hitz egiterik. Gainera, oso desberdinak dira Iparraldeko egoera eta Bilbo metropolitarrekoa, lurraldearen ikuspegitik oso ezaugarri desberdinak dauzkatelako. Europa osoan daukagu honelako kasuistika. Euskal Herriko eremu ugaritan dauzkagun arazo lurraldetarrak Europako gune askok ere badauzkate, eta hemen gauzatu nahi den estrategia ez da Estatu europar horietan aurki daitekeenarengandik desberdinegia. Batzuetan hobeto jokatuko da eta besteetan okerrago, baina arazo eta estrategiei dagokienez, ez dago hainbesteko aldea Europako antzeko lurraldeekiko. Zer iruditzen zaizu ordenamendu juridikoak lurraldearen antolaketaren esparruan egindako urrapenen aurrean ematen duen babesa? Egokiak al dira hartzen diren neurriak? Lurraldearen antolaketaren arloko urrapenei buruz hitz egitean, ingurugiroaren aurkako urrapenak datozkigu berehalagogora, horiek direlako komunikabideetan gehien entzuten diren hondamendiak. Urrapenei zehapen egokia ezartzen al zaien? Ibai batera egindako isurketa baten ondorioz, bertako fauna eta flora 10 15 urterako hiltzearen moduko hondamendia sortzearen kasuan, inork esan dezake ez dagoela halako egoera zigor dezakeen zehapenik. Egin beharrekoa, nire ustez, prebentziorako araudia bere osotasunean aplikatzea da; halako hondamendirik gerta ez dadin araudia aplikatzeko ahaleginak egin. Izan ere, gehiegitan gertatzen dira. Legeriak berak finkatzen dituen prebentzio neurriak hartu izan balira, ez zatekeela horrelakorik gertatuko pentsatu ohi da kasu horietan. Indarrean dagoen araudia betetzea exigitzean dago koska, eta hor administrazioak asko dauka egiteko. Inoiz arituko al dira Euskal Herriko lurraldeak azpiegiturazko antzeko palenteamenduekin? Behar adina egiten al dute Administrazioek mapa bakar bat osatzeko? Bai lurraldearen antolaketan, bai beste arloetan, politikak koordinatze aldera goaz, eta gero eta gehiago gainera. Eta koordinazio hori, aurrera begira, areagotzen joango delakoan nago. Eta ez Iparraldearekin edo Nafarroarekin bakarrik; Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, mendebaldeko erkidegoren batekin izan liteke; Kantabriarekin adibidez. Zergatik? Lurraldearen antolaketak aztertzen dituen arazoek ez daukatelako mugarik, eta, arazoak, sortzen diren lekuan konpondu behar dira derrigorrean. Horregatik iruditzen zait gero eta handiagoa izango dela koordinazioa, lurralde horietako gobernuek ere gero eta gehiago koordinatuko dituztelako euren politikak. Mapa bakar baterantz ote goazen? Mapa hori itxia izatekotan, eta bere baitan autonomia maila handiko politikak garatzeko aukera ematen baldin badu, orduan muga administratiboak apurtzen arituko ginateke uneotan nire ustez. Europar Batasunean bertan ere indar handiko ekimenak hasi dira sortzen lurraldearen antolaketaren arloan, duela gutxira arte apenas landu duenean arlo hau. Europak izan ditu energiaren edota lanarenpolitikak, baina ez ordea lurraldearen antolaketari dagokionik; orain hasi da politika hori zehazteko pausoak ematen, erabaki asko Europa mailan hartu beharrekoak baitira. Gero, lurralde txikiagoak baldintzatuko dituzte erabakiok, gurea kasu. Hortaz, politikak koordinatze aldera goaz. Baina lurraldea antolatzeko politika autoktonoak izango lituzkeen lurralderen bat finkatuko ote dugunaren inguruan, kasu batzuetan hala izango da, baina, nire ustez, lurraldetasun hori gainditu eta goragoko maila batera jo behar izango dugu gehienetan. Trenbideen azpiegiturak planteatzerakoan, adibidez, jauzi bat ematen ari gara, beste Estatu batzuren gainetik jartzen. Argazkiak (Marisol Esteban): Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 85.zbk (2000 / 6 30 / 7 7) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Itxaro Borda: "Poesia bizitzeko gogo bat eta Mundua sentitzeko modu bat da"

 

Irakurri

Kontxu Odriozola: "Euskal Herriko emakume askok txalotzen dute Goenkaleko Maria Luisa, lotsarik gabe, pentsatzen dituen gauzak esaten dituelako"

 

Irakurri

José Antonio Garrido: "Bilbo jarraitu beharreko eredu bihurtu da"

 

Irakurri

Juan Ignacio Lorente: "Denoi gustatuko zitzaigukeen Martin izatea"

 

Irakurri

Iñigo Agirre: "Hemen gure posibilitateak baino hobeto bizi gara"

 

Irakurri