Koldobika Jauregi: "Kultura gobernuaren menpe egoteak gehiegizko politizazioa suposatzen du"

2000-07-28

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Koldobika Jauregi Koldobika Jauregi, eskultorea "Kultura gobernuaren menpe egoteak gehiegizko politizazioa suposatzen du" * Traducción al espanol del original en euskera Teresa Sala "Obra ez da garrantzikoa. Obra bat ez da gizaki baten izaeraren, sentitzen eta sinesten duenaren adierazpena besterik. Bizirik iraunez aurrera egiten badu, beste hainbat gizakik ere berdin sentitzen eta pentsatzen dutelako da". MORRIS WEST "Deabruaren abokatua" Aho beteka aitortzen du Koldobika Jauregik "oso zaila" dela eskultore izatea, hala ere, hogeita hiru urte eman ditu harri, egur, metal eta paretak zizelatzen, artearen munduan bere tokia finkatzen. Gaur, eta inongo zalantzarik gabe, Euskal Herriak duen eskultore garrantzitsuenetariko bat dugu. Bizkarrean hogeita hamar bat erakusketa eta hamar bat beka eta sari dauzka artista alkizar honek. Besteak beste, Txillidaren Zabalaga beka jaso zuen 1990. urtean, eta Karl Muller mezenas alemaniarrarekin lan egiteko aukera izan du Dusseldorff hirian. Izan ere, orain dela pare bat urte alemaniarrek alkizarra aukeratu zuten Estatu espainiarreko egungo hamar artista garrantzitsuenen artean, Txillida, Tapies edota Saura bezalakoen ondoan. Jauregik mota guztietako materialak, ideiak, teknikak eta formak landu ditu, berak dioenez, "denboraren poderioz eskultorea aldatuz dihoan bezela, eskultura bera ere aldatu egiten delako". Noiz eta nola jarri zinen eskulturarekin harremanetan? Orain dela hogeita bi urte hasi nintzen serio eskulturarekin. Ikasketak bukatu nituen eta gurasoen etxera bueltatu nintzen, Alkizara. Uda zen, eta hasieran Donostiako martxaren mira nuen, denborapasa bezala egur zatiak batzen nituen eta beraiekin jolasean forma ezberdinak ateratzen nituen. Hori gustatu egin zitzaidan, gero Kutxak lehiaketa bat antolatu zuela jakin nuen, aurkeztu eta saritu egin ninduten. Horrek asko animatu ninduen, orduan erabaki nuen eskultore izatea. Koldobika Jauregi eskultore autodidakta bat dela esan daiteke? Arte honen inguruko pertsonaasko ezagutu ditut, eta beraiek egindakoarekin asko ikasi izan dut, baina neurri handi batean autodidakta izan naizela esan daiteke. Gaur egun gaizki ikusita dago artista autodidakta izatea, gizartean burokrazia gehiegi dagoelako, hala ere, nik uste dut artista autodidakta baten lana askoz ere pertsonalagoa dela, kanpoko eraginak eduki arren bere lana barnetik ateratzen delako. Gaur egun, zaila al da eskultore izatea? Bai, oso zaila da. Urte asko pasa behar dituzu lanean zurea den txoko bat aurkitu eta finkatu ahal izateko. Ni orain dela pare bat urte hasi nintzen eskulturarekin adierazi nahi nuena finkatzen. Honetan arazo asko gainditu behar dira, eta ez bakarrik materialarekin zerikusia dutenak, zailtasun teknikoak gainditu dituzula uste duzunean beste arazo batzuk azaltzen zaizkizu: filosofia, erlijioa, pentsatzeko modua... Orduan, eskulturak buruhausteak ere ekartzen dizkio artistari... Bai, eta buruhauste handiak gainera. "Nor naiz ni?, Zer egiten dut hemen eta zergatik?" Horrelako galdera asko etortzen zaizkit burura lan batekin nabilenean, eta galdera hauei erantzuna aurkitzea teknika arazoak gainditzea baino askoz zailagoa da. Non hasten da zure obra baten bizitza? Nolakoa da kreazio prozesua? Lehenengo gaia etortzen zait burura, ideia eskultura izan arte bizpahiru urte pasa behar dira. Gaia formarekin lotzen dut, eta bi elementu hauek dauzkadanean, adierazi nahi dudana adierazten ahalegintzen naiz. Nire ideiak oso zabalak izan dira, eta eskultura berri bat sortzearen prozesu luze horretan, inprobisazioari leku bat egiten diot beti. Zeintzuk dira momentuan interesatzen zaizkizun gaiak? Azkenaldian landu ditudan piezak iluntasunarekin zerikusia daukate, gauarekin. Argia joaten denean formak eta itxurak guztiz aldatzen direla ohartu naiz, eta ideia hori eskulturaren bidez adierazten ahalegindu naiz. Denboraren eragina ere izugarri interesatzen zait: denborarekin, gizonak naturan utzitako arrastoak desagertzen doaz eta horrekin ere lanean aritu naiz. Ez dasentimendu pesimista bat adierazi nahi dudana, nire helburua, denborak gauzak aldatzen dituela eta gizakiok hori ulertzeko gai izan behar garela azaltzea da. Hasieran errealismoa landu zenuen, azken urteotan aldiz abstrakzioa da zure lanen protagonista, zergatik aldaketa hau? Non dago abstrakzioa eta non figurazioa?, betiko galdera dugu hau. Egia esateko, azkenaldian forma arruntak eta sinpleak gehiago interesatzen zaizkit, energiaz beteriko formak direlako, eta izugarrizko indarra izkutatzen dutelako. Arrazoi asko daude nire lanak zergatik sinplifikatu diren azaltzeko. Prozedurak oso luzeak dira artearen munduan, konplexuegiak, pertsonalki jasan ditudan aldaketak zerikusi handia izan dute nire artelanekin. Mota guztietako materialak landu dituzu: metala, poliesterra, egurra... Zein irizpide jarraitzen duzu bata ala bestea aukeratzeko orduan? Gehien gustatzen zaizkidan materialak egurra eta harria dira. Metalak ere gustatzen zaizkit, baina azken urteotan harria eta egurra aukeratu ditut, nire lana naturarekin oso lotuta dagoela ikusten dudalako. Orain arte, eta milaka urteetan zehar egurra eta harria nahikoa izan badira, zergatik ez hemendik aurrera?, hori da nire galdera. Zein egoeratan aurkitzen da, zure ustez, euskal artea? Arteari dagokionez Euskal Herriko maila oso eskasa dela uste dut. Ekonomia aldetik oso ondo gaude, baina era berean kultura eta arteari buruz hitzegiten hasten bagara hutsune pila bat daudelakoan nago. Alemanian bost urte eman nituen, eta orduan konturatu nintzen, nahiz eta gure herriak antzerako aukera ekonomikoak eduki, arte mailan Europatik oso urruti gaudela. Gure maila kulturala askoz ere baxuagoa da, eta kultura falta horrek astazakil batzuk bihurtu gaitu. Diru asko daukagu, gauza asko egiteko gaitasuna, baina ez daukagu ez burururik, eta ezta sentsibilitaterik ere. Hau erakusten diguten adibide pila bat daude, ikusi egin behar dira nolakoak diren gure inguruetan eraikitzen dituzten industrialdeak... Orduan, hemengo erakunde publikoakeskeintzen dituzten dirulaguntzak eskasak direla esan dezakegu... Alde batetik, ematen dituzten dirulaguntzak eskasak dira, eta, bestetik, kultura gobernuaren menpe dago, eta ni ez nago inolaz ere horren alde, gehiegizko politizazioa suposatzen duelako. Alemanian erakunde pribatuak dira kultura bultzatzen dutenak, eta artistei ondo ordaintzen zaie. Hemen oso arraroa da erakunde pribatu batentzat lan egiteko aukera izatea. Dena den, zuk zorte ona izan duzu: Txillidaren beka, Karl Muller mezenas alemaniarraren hainbat proiektutan lan egiteko aukera... Egia esateko, ezin naiz kexatu. Lana dut eta azken hogeita hiru urteotan eskulturatik bizi naiz, batzuetan ondo eta besteetan gaizki, baina bizi. Nik uste dut honetan oso argi eduki behar duzula zure etorkizunean izan nahi duzuna eta borrokatu, zure buruak eta zure bihotzak esaten dizutena sinetsi eta aurrera, amore eman gabe. Zein da eskulturaren helburua? Zer da zure lanekin munduari adierazi nahi diozuna? Denboraren poderioz nire helburuak aldatu egin dira. Hasiera batean eskultura, eskulturagatik interesatzen zitzaidan. Beranduago ohartu nintzen arte honek gauza geihago hartzen dituela: eguneroko bizipenak, sentimenduak, irakurtzen dituzun liburuak, ezagutzen dituzun pertsonak... Guzti hori bideratzeko modua asmatzea izan da azken urteotan egin dudana. Egun, eskultura barnean dauzkadan gauzak adierazteko erabiltzen dut, hori egiteko gai ez den eguna heltzen baldin bada, ziur nago utzi egingo dudala. Eskultura ni zer naizen adierazteko bidea da niretzat, denborak ni aldatzen nauen bezala, nire eskulturak ere aldatzen ditu. Eskultorea, eskultore jaiotzen da, ala denborarekin bihurtzen da artista? Bietatik. Artean ez dago sistemarik, gauza asko irakatsi daitezke, baina gero artista bakoitza bakarrik finkatu behar da, eta hori lortzea oso zaila da. Ba al daukazu proiektu berririk esku artean? Bai. Alde batetik Barakaldoko "Harrizko Basoa" egiten hasi behar naiz, hau izugarrizko lana da eta laguntzaileak beharko ditutamaitzeko, eta, bestetik, uda honetan, Aralarren egonaldi batzuk antolatzen ari naiz lankide batzuekin. Natura eta estetika batuko dituzten jardunaldi ezberdinak antolatu nahi ditugu, momentuz proiektu bat besterik ez da, baina aterako delakoan nago. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 89.zbk (2000 / 7 28 / 9 8) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=araba&link=www.alava.net http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Eugenio Ibarzabal: "Kalitatea modan zegoen zerbait izatetik funtsezko tresna izatera igaro da"

 

Irakurri

Mario Salegi: "Hezkuntza eta kultura, Euskal Herria berreraikitzeko oinarri"

 

Irakurri

Luis Olarra: "Beti izan naiz lagunez inguratuta, sekula ez baitiot inori kalterik egin"

 

Irakurri

Marisol Esteban: "Udalerri batzuek pairatzen duten dentsifikazio arazoekin bizi beharra daukagu"

 

Irakurri

Itxaro Borda: "Poesia bizitzeko gogo bat eta Mundua sentitzeko modu bat da"

 

Irakurri