Mario Salegi: "Hezkuntza eta kultura, Euskal Herria berreraikitzeko oinarri"

2000-07-14

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Mario Salegi Mario Salegi, kazetaria eta idazlea "Hezkuntza eta kultura, Euskal Herria berreraikitzeko oinarri" * Traducción al espanol del original en euskera Teresa Sala Mario Salegirena ez da historia arrunta. Mario Salegi Ostolaza Donostian munduratu zen 1918ko apirilaren 17an, gaztaroan Gazteria Komunistak taldekoa izan zen, eta gero Jagi Jagikoa. Gerra Zibilean ANVko boluntario gisa esku hartu zuen (geroago Euzko Indarra batailoia), eta konspiratzailea izan zen Britainia Handiarekin Francoren aurka. Orobat, Bigarren Mundu Gerran nazien barneko liskarretan parte hartuz hasi zen, eta EEBBetako Itsas Armadan amaitu. Atzerriratu politikoa Londres, Paris, Mexiko eta EEBBetan, Salegi amerikar hiritarra da 1946tik. Donostiar honek mota guztietako lanbideak izan baditu ere, nabarmentzekoa da kazetari eta idazle gisa burutu duen jarduera. Kolaboratzailea izan zen Novedades eta Daily News en, eta Mexikoko Patria eta Cesarman argitaletxeetan, bai eta La Opinión eko korrespontsala Brasil, Guatemala, Costa Rica eta Panaman. 1959 urteko amaieran New Yorkeko Library Journal en lan egin zuen eta zenbait hilabete geroago bere argitaletxea sortu zuen. Bi liburu argitaratu ditu: "Operación Carlomagno" (Libertarias, 1988) eta "Morir en Irún" (Elkar, 1980), 1977ko Planeta Sariko finalista. Bere Manhattango etxebizitzatik, Salegik esaten digu Donostiara itzuli ohi dela "urtean behin gutxienez; gustatuko litzaidake, bai, behin betiko Euskal Herrira joatea". Zer oroitzapenak dituzu Donostiako haurtzaroaz? Nire bizitzaren lehen urteak aldi berean atseginak eta ezatseginak izan ziren; zergatik ez nekiela, konturatzen nintzen zerbait bitxi gertatzen zitzaidala. Nire ama hemeretzi urteko gazte ezkongabea zen munduratu ninduenean. Haren anaiak esan zion egoera hartan haur bat etxean izatea ezinezkoa zela eta inklusan sartzeko. Amak ni ez galtzeko nire izebaren etxera eraman ninduen, eta hori azkenean benetako sorgin bat izan zen niretzat. Portuan bizi ginen eta han, nik izanezik, mundu guztiak ezagutzen zuen nire aita. Bazen gizon bat, ikusten ninduen bakoitzean ogerleko bat ematen zidana, dirutza bat garai haietan. Diru horrekin liburuak erosten nituen beti, eta eguna irakurtzen pasatzen nuen. Aitak eskolak ordaintzen zizkidan hiriko eskola pribatu onentsuenetan, ni bankari izatea nahi zuen, bera bezala, eta kontabilitate eta delineazio eskoletara joan nintzen. Ikasle libre gisa ikasi nuen batxilergoa, barru barruan nik filosofia eta letrak ikasi nahi nuen eta. Nolakoa izan zen "Euskadiko Gazteria Komunistak"en egin zenuen egonaldia? Oso gaztea nintzen, hamalau edo hamabost urte izango nituen, eta militante gisa alderdiaren kazeta saltzen nuen, "Euzkadi Roja", aita gogaitzeko, EAJkoa baitzen hura. Txoko tabernan hartu ohi zuen kafea eta ni atean jartzen nintzen oihuka eginez: "Euzkadi Roja, Órgano del Partido Comunista de Euzkadi". Aitaren lagunek, ezagutzen baininduten, kazeta guztiak erosi eta zakarrontzira botatzen zituzten. Ni alderdiko lokalera itzuli, ale gehiago hartu eta berriro ere lan berari ekiten nion. Zergatik utzi zenuen Alderdi Komunista? 1935eko udan Parisen batzar antifaszista handia egin zen, frantses intelektualek Mutualité n antolatua. Ni Gerra eta Faszismoaren aurkako Gazterietako idazkari gisa joan nintzen hartara. Bi lagunekin joan nintzen, oinez Donostiatik, 30 edo 40 kilometro egiten genuen egunean, lo izarpean eta jan edozein lekutan egiten genuen. Hogeita bost egun behar izan genuen iristeko. Kongresuan literatura munduko jende ospetsua ezagutu nuen, hala nola Louis Aragon, André Malraux edo André Gide. Liberalak ziren bertara bilduriko gehienak, nahiz eta Europa guztiko jendea eta emigrazio alemana ere han egon. Gustav Regler, Moskun erbesteraturiko komunista alemanarekin izan nuen elkarrizketa labur batek aldarazi zidan alderdiaz nuen iritzia. Batere gustatu ez zitzaidan zerbait kontatu zuen, ez naiz ongi oroitzen zer, baina bai Moskuko "sorgin ehizarekin" zerikusia zuela. Donostiara itzulirik, GazteriaKomunistak utzi eta Jagi Jagira hurbiltzen hasi nintzen. Zer deritzazu gaurko Euskadiko egoera politikoari? Gaur egungo euskal arazoa nahiko korapilatsua da . Mundu guztiak badaki ezker abertzalearen joerakoa naizela, ezker abertzalean den dena gustukoa ez badut ere. Azkeneko urteei begiratu bat emanez, Lizarra Garazi aurkeztu zaigun apusturik onena da nire ustetan. Aldioro ETAri egotzi diote hitzarmenaren porrotaren errua, baina Lizarra izan da ezertxo ere egin ez duena. "Euskal Herria eraikitzeaz" hitz egiten dute baina nire ustez "Euskal Herria berreraikitzeaz" hitz egin beharko litzateke. Zertan oinarrituko litzateke berreraikuntza hori? Euskal Herritarrokek zazpi herrialdeen subironatasunaz hitz egiten du… Nik ez dut hau oso garbi ikusten, Nafarroako hegoaldea oso espainoldua dagoelako. Nire ustez Nafarroa erakartzeko modua bilatu beharko genuke ekonomia, kultura eta hezkuntza alorreko politika adimentsu baten bidez. Gaur egun denok hitz egiten dute indarkeriaz eta indarkeriaren aurka, baina, eta ni horretaz guztiz seguru nago, Euskal Herria berreraikitzeari ekin eta lanean hasteko urrats sendoak emango bagenitu, indarkeria desagertuko litzateke zentzurik ez lukeelako. Nondik jo beharko genuke? Zoritxarrez euskaldunak ez gara oso irekiak… Ez litzateke batere gaizki Euskadiko jendeak hamar edo hogei urte kanpoan ematea. Nire iritziz oso garrantzitsua da ikuspegi orokorra izatea gai zehatz batean lan egin ahal izateko. Nire ustetan, lehen, bigarren eta unibertsitate mailako hezkuntza sistema ona antolatzea litzateke lanik garrantzitsuena, euskaraz hitz egitea eta euskarazko hezkuntza hartzeko bidea emango lukeen denbora bitartea barne. Hezkuntza eta kulturak Euskal Herria berreraikitzeko oinarri izan behar dute. Nire ustez, Unibertsitateak jendea kanpora bidali beharko luke munduan den hezkuntza biderik onena aurki dezan. Zerbait egitekotan, hori ahalik eta hobekien egin beharra dagoela pentsatzen dutenetarikoa naiz ni. Zure iritziz, Euskal Herriaren batasunaegin daitekeen gauza da? Une honetan Euskal Herriaren batasunean pentsatzea utopia dela iruditzen zait. Nire iritziz, Europaren eraberritze osoa gertatuko denean izango da Euskal Herria estatua. Batasuna planteatzea oso garrantzitsua da, baina ezinbestekoa da, halaber, kontraproposamen bat aurkeztea. Horrenbestez, ni prest nago autodeterminazio eskubidean oinarrituriko Espainiako Federazio baten alde lan egiteko. Aldi berean, Europako gutxiengo batuen mugimendu bat sortzearen alde nago, globalizazioari aurre egiteko ahalmena izan dezaten. Zure ustetan, zein da euskal gazteriaren eginkizuna gatazka honetan? Euskadiko gazteriaren indarra eta kemena ez dira beste inongo gazteen artean aurkitzen; arazoa, ordea, indar hori ibilbide konstruktiboetara bideratzea da. Gazteei askoz irtenbide zabalagoa eta garrantzitsuagoa eman behar zaie, maila kultural eta intelektualekoa. Gazte euskaldunak, komentziturik nago, espainarrak eta are iparramerikarrak baino indartsuagoak dira. Diasporako euskaldunak noraino ohartzen dira Euskadiren arazoaz? Kanpoan Euskal Herria oso gutxi ezaguna da; nire ustez Euskal Herria zer den garatzea da Ameriketako euskal kolektiboen eginkizuna, gero beren kokalekuetan ezagutarazteko. Horrek euskal gatazka nazioartekotzea ekarriko luke. Duela bi urte, egin zidaten elkarrizketa batean Nazioarteko Euskal Kongresu bat sortzearen alde azaltzen nintzen, horretan euskaldunek eta amerikarrek izango lukete sarbidea, eta haren eginkizuna elkarrekin lan egitea izango litzateke euskal arazoaren errealitatea ezagutaraztearren. Estatu Batuetan ia 50.000 euskaldun dira, baina Uruguai, Argentina eta Txileren artean milio erdi baino gehiago dira, horien kopurua Euskadin bizi diren euskaldunena baino handiagoa da. Gustukoa dut Euskal Herritarrok egiten ari dena: sinadurak biltzea nortasun karneta sortzeko. Gustatuko litzaidake diasporako euskaldunei Euskal Herrira itzultzeko bide emango ligukeen karnet bat izatea. Zure irudiko, Ameriketako Euskal Etxeek gehiago eskuhartu beharko lukete? New Yorken euskal ikasgaietarako bulego bat dago, lan batzuk egiten ditu, nahiz eta nire ustez gehiago mugitu beharko lukete. Euskal Etxea mende hasieran sortu zen, honaino itsasontziz etortzen ziren Bizkaiko marinelen ekimenez. Horiek gune bat izatea erabaki zuten bilerak egiteko, joko eta jai areto gisa… Gaur egun oso ondo daudela uste dut baina gehienbat folklorea eta alderdi ludikoak nagusi dira horietan, eta zentzu horretan, bai, gehiago nahasi beharko lukete. Hemen bizi den emakume donostiar batek eta biok New Yorkeko euskal etxe baten proiektuan hasi gara lanean; hona etxe horren ezaugarriak: hotel txiki bat ikasleentzat edo oporretan etorriko litzatekeen jendearentzat, euskal sukaldaritzako klaseak emango lituzkeen euskal jatetxe bat, hitzaldi areto bat, non pertsona ezagunek Euskal Herriarekin zerikusia duten gaiak azalduko lituzketen, bai eta ongi antolaturiko liburutegi bat, Euskal Herriari buruzko tesiak egiteko bidea emango lukeena. Orobat, Nazio Batuei begira, bulego batzuk sortzeko posibilitatea ikusten ari gara, Euskadi nazioarteko mailan bultzatu ahal izateko. Zu amerikar hiritarra zara 1946tik, zuk gomendatuko zenuke Estatu Batuak bizileku gisa? New Yorken bizi naiz 1960tik, nahiz eta Kalifornian eta Wisconsingo herri txiki batean ere bizi izan naizen. Herrialde honetan gauza asko ezagutu ditut eta kazetari, editore, eta baita delineatzaile gisa lan egin dut. Jazarpena jasan nuen macartismoaren garaian, komunistatzat salatua, eta are Kominterneko errusiarren aldeko espioia nintzelakoan. 1975ean onartu zuten lege baten bitartez, nahi zuten amerikar hiritar guztiek beren espedientea kontsultatu ahal zuten. Nirea eskatu eta txunditurik geratu nintzen "secret" ezarri eta ezabaturik zeuden datu, izen eta data kopuru gaitza ikusita. Ez dut gomendatzen Estatu Batuak bizitzeko herrialde gisa, nire ustez aukera anitz eskaintzen dituen lekua da, hori bai, eta gauza asko ikasi daiteke bertan. Hona etortzen den jendeari honako hau esatendiot: "Gelditu zaitez denbora batez, ikasi ahal duzun guztia, eta etxera itzuli". Ahal izanez gero, aldatu egingo zenituzke bizitzan hartu dituzun erabakietariko batzuk? Eusko Jaurlaritzaren gutun bat hartu berria dut, eta hori dela medio pentsioa ukatzen didate. Horrek asko pentsarazi dit gudariei egiten ari zaien bidegabekeriaz. Batzuetan horrela pentsatzen dut. Ez naiz ezertaz damutzen, ezin naiz kexatu, ondo bizi naiz, baina amerikar zerbitzu sekretuen informatzaile izan banintz, askoz hobeto biziko nintzateke, seguru. Wisconsinen elkarrizketa bat izan nuen horiekin, Washingtonen Nazioarteko Brigadaren aurkako testigantza ematea eskatu zidaten. Erantzun nien nitaz nahi zuten guztia kontatuko niela, baina gainerakoez ideiarik ere ez nuela. Hori 1950 inguruan gertatu zen, geroago etorriko ziren zelatak, telefono entzuketak… inoiz ez nien bidea eman ene kontrako salaketarik egin zezaten. Argazkiak: Oihana Pagola Euskonews & Media 87.zbk (2000 / 7 / 14 21) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Luis Olarra: "Beti izan naiz lagunez inguratuta, sekula ez baitiot inori kalterik egin"

 

Irakurri

Marisol Esteban: "Udalerri batzuek pairatzen duten dentsifikazio arazoekin bizi beharra daukagu"

 

Irakurri

Itxaro Borda: "Poesia bizitzeko gogo bat eta Mundua sentitzeko modu bat da"

 

Irakurri

Kontxu Odriozola: "Euskal Herriko emakume askok txalotzen dute Goenkaleko Maria Luisa, lotsarik gabe, pentsatzen dituen gauzak esaten dituelako"

 

Irakurri

José Antonio Garrido: "Bilbo jarraitu beharreko eredu bihurtu da"

 

Irakurri