Eugenio Ibarzabal: "Kalitatea modan zegoen zerbait izatetik funtsezko tresna izatera igaro da"

2000-07-21

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Eugenio Ibarzabal Eugenio Ibarzabal, ekonomilaria "Kalitatea modan zegoen zerbait izatetik funtsezko tresna izatera igaro da" * Traducción al espanol del original en euskera Estibalitz Ezkerra Eugenio Ibarzabalek Ekonomia Zientzia ikasketak burutu zituen Bilbon eta handik gutxira irratian eta prentsan lan egiten hasi zen. Geroago politikan murgildu zen, lehenik Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Aholkulari Tekniko bezala (1983) eta ondoren Lehendakaritzako Idazkari Nagusia eta Eusko Jaurlaritzako izendatu zuten (1985). 1987an politika utzi eta telebistara igaro zen. "El otro punto de Vista" zuzendu zuen ETB 2n eta "Punto y Aparte" saioko editore izan zen TVE 1en. Azken honek Ondas saria jaso zuen 1989an. Urte berean Iceberg Prospectiva elkartea sortu zuen, iritzi publikoaren eta merkatuaren azterketara zuzendutako gabinetea. Franklin Schargellekin Kalitate Osoa ikasi zuen New Yorken eta Kalitatearen Amererikar Elkarteko kide da. ISO kalitate kontrolaren ziurtagiria jaso du, lehen aldiz pertsona bati eman zaiona. Bi liburu idatzi ditu ("La pasión de mejorar" eta "Piensa bien y acertarás") eta 1994tik Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen Udako Ikastaroen barruan kalitateari buruzko mintegia zuzentzen du. Zer esan nahi du kalitatearen hobekuntzak bai enpresa mailan bai hezkuntza mailan? Gai honen inguruan badago oso gustoko dudan esaera bat eta horren arabera egin beharrekoa hobeto egin behar dugu. Horretarako zer egin behar dugun jakin behar dugu eta aldi berean, hobetu. Bi gomendio hauek enpresa mailan, hezkuntza mailan nahiz beste edozein arlotarako balio dute. Arazoa da ez dakigula zer egin behar dugun. Batzuetan benetako arazoa zer egin nahi ez dugun esatean datza, eta esperientziak erakutsi digu askoz errazagoa dela gauzak bertan behera uztea probetan barneratzea baino. Hobetzeari dagokionez, hobera egitea dela esango nuke. Askotan aldatu baino ez dugu egiten baina horrekin ez da nahikoa. Nekatuta gaude inora ez daramaten aldaketez Zertandatza Iceberg Prospectivaren lana? Beren lana hobetu nahi dietenei laguntza ematen diegu. Horretarako beharrezko formazioa eskaintzen diegu, ekipoak erraztu eta ebaluaketak egin. Ahal dugun neurrian geure helburua lana garapen pertsonalaren, elkarlanaren eta gozamenaren sorburu bihurtzea da. Gehienbat bi kontzeptu irakatsi nahi diegu. Lehenik, norberaren aldaketa. Gure ingurukoak aldatzera ohituta gaude baina oinarrizko aldaketa gugan eman behar da. Horregatik besteek zelan egin behar duten erabaki baino lehen, norberak zelan hobetu behar duen erakusten diegu. Besteei arreta gehiago eskaini behar diegula diogu maiz, hobetu antolatu behar garela, elkarlanean aritu, baina beti ingurukoengan pentsatuz diogu. Hala ere, norbera adibide izanda hobeto ikasiko dute besteek. Taldeei dagokienez, beren lana hobetzeko beharrezko tresnak errazten dizkiegu. Beraiek dira profesionalak eta badakite zer egin behar duten. Horregatik guk soilik laguntza eskaintzen diegu hasieratik izan dituzten ideiak aurrera eraman ditzaten. Ildo horretan, enpresen lana errazten duten bitartekariak gara. Zein izaten da enpresek orokorrean izaten dituzten arazoen muina? Sarritan komunikazioan eta talde lanean dago. Batzuetan ez dakigu gauzak behar bezala azaltzen edo ez dakigu besteek esandakoa entzuten. Horren arrazoiak askotan ez du zerikusirik ea gauzak borondate onarekin edo txarrarekin egiten ditugun. Arazoa da maiz uste dugula besteek badakitela zertaz ari garen. Taldeei dagokienez, irtenbideak bilatzeak ez du esan nahi arazoa konponduko dugunik. Egiten duguna zelan egiten dugun pentsatu behar dugu nahiz eta askotan berau kritikatzat hartu. Zuen bezeroen artean udaletxeak nahiz enpresa elkarteak, gobernuak, komunikabideak, unibertsitateak eta zientzi eta kultur erakundeak daude. Loturarik al dago bakoitzak duen arazoen artean? Bai. Hartzaile anitzekin lan egiten duten erakundeak diren heinean eta zeregin hori identifikatu, garatu eta hobetu beharreko lan prozesua den neurrian, bakoitzaren arazoekelkarren arteko lotura handia dute. Gu prozesu hori fokalizatzen saiatzen gara. New Yorken Franklin Schragellekin Calidad Total ikasi zenuen eta Kalitatearen Amerikar Elkarteko kide zara. Zein da ikasketa hauen egoera hemen? Zer nolako ezberdintasun dago hemen eta EEBBetan egiten denaren artean? 1995 urtean Franklin Schragell eta Amerikako Elkartearekin lanean nengoela, kalitatearen inguruan lan egiten zuten enpresen artean % 5 edo 6a amerikar erakundeak ziren. Une honetan kopururik ematera ez naiz ausartzen baina ordutik hona garapen azkarra ezagutu du, nahiz eta arlo batzuetan besteetan baino gehiago aurreratu den. Hezkuntza mailan oso astiro doaz eta industrian, berriz, asko aurreratu dute. Bizitza komunitarioaren kalitatea deritzon arloan ere lan egiten hasi dira. Hemen bide beretik goaz nahiz eta osagaiak xumeagoak diren. Hala ere, bidezidorra irekita dago. EEBBetan bide ugari ireki dituzte eta oraingo helburua norabide berean lan egitea da. Hainbeste bide ezberdin egonda, eztabaidak piztu dira eta hemen horrelakorik eman ez den arren, gutxi barru gure artean izango ditugu. Eztabaida horiek ziurtagirien ingurukoak dira, kalitate kontrola, etab... "Piensa bien y acertarás" liburuan arazoak konpontzeko beraiek analisatzearekin nahiko ez dela diozu. Zeintzuk dira konponbidera heltzeko jarraitu beharreko urratsak? Lehenik eta behin nora heldu nahi dugun jakin behar dugu. Joku arauak egon behar dira, oinarrizko printzipio batzuk eduki, eta hortik azken emaitza lortu arte imajinazioa landu behar dugu edo beste modu batera esanda intuizioa, azken finean hori baita praktikan gertatzen dena. Zer eta zergatik gertatzen den jakitearekin bakarrik ez da nahikoa; gehienetan beste era batera zelan egiten zitekeen asmatzea izaten da garrantzitsuena. Beti ahazten dugu hori. Intuizioaz hitz egiten duzu baina ez al da arriskutsua horretan sinistea, are gehiago gauza guztiei frogatzeko modukoa den azalpena bilatzen zaienean? Ezagutzari buruz hitz egiten dugunean bi kontzeptu nagusiditugu. Bata logika da eta bestea intuizioa. Nik esan nahi dudana da logikan hain modu itsuan sinisten eta bultzatzen dugun moduan, intuizioa ere landu behar dugula. Intuizioa bide zoragarria da, barnekoa, eta ezinhobeto funtzionatzen du. Askotan alde batera utzi dugu emakumeen ezaugarritzat jotzen genuelako. Badirudi kontu logiko eta garrantzitsuak gizonen ardura direla eta intuizioa, hau da, huskeriak, emakumeena. Eztabaidaren muina erabat matxista da. Guztiok dugu intuizioa, batzuek besteek baino gehiago, baina intuizioa garatu daiteke eta berau egiteko metodologiak badaude. Liburu horretan bertan hobekuntza geure buruetatik hasita lortu behar dela azaldu duzu. Lehen begirada batean ez dirudi gauza erraza denik. Zeintzuk izaten dira aurre egin behar diegun oztopo nagusiak? Etsairik handiena geure barruan dugu eta nia da. Zerbait aurrera atera nahi dugunean niaren eta proiektuaren artean hautatu behar dugu eta oso gogorra da hori. Goizero harrokeria alde batera uzten ikasi behar dugu. Gomendiorik garrantzitsuena norberaren harrokeria aztertzen ikastea litzateke, horretan askorik pentsatu gabe. Aztertu eta modu errazean esanda, berau askatzen ikasi, berarengandik libratu. Askotan enpresen kalitate kontrola lehiakortasunarekin nahasten da. Zeintzuk dira bata eta bestearen arteko aldeak? Kalitatea den oro hobekuntza esateko beste modu bat da. Etengabeko hobekuntzak elkarlanarekin harreman estua du. Kanpokoekin lehiatu baino lehen etxekoekin kolaboratzea oinarrizko zeregina da. Kolaboratzeari esanahi morala eman ahal diogu, baina edozeren gainetik praktika hutsa da. Bere buruarekin lehiatzen dabilen taldeak ezin du lasterketarik irabazi. Horregatik aspalditik esan digute zatikatu eta garaile irtengo zara esaera. Zu zeu hezkuntza arloan kalitatearen kultura zabaltzen aitzindari izan zara. Zergaitik ez zaio behar besteko garrantzia eman kalitate kontrolari arlo honetan? Kalitate sistemak ezartzen hasi izanak ez du esan nahi orain arte hobekuntzarik egon ez denik. Eskolekasko hobetu dute. Guk hobekuntza modu sistematikoago batean gauzatu zedin beharrezko tresnak eskaini dizkiegu. Kalitateari dagokionez, enpresek hoberantz egin dutela esan daiteke? Zerbait gelditzen al zaie hobetzeko? Kalitatea modan zegoen zerbait izatetik funtsezko tresna izatera igaro da. Baina askotan gertatzen da helburu batzuen bila abiatzen den zuzendaritzari kalitatea deitzen diotela, eta kontzeptu ezberdinak dira. Nik uste dut betetzeko dagoen kontua komunikazio eta lan taldearekin zerikusia duen oro dela. Lan prozesu osoa zelan burutzen den aztertzen badugu, arazoak bukaeran sortzen direla antzeman dezakegu. Baina hobetzeko aukera bakarrak prozesuaren hasieran daude, eta planifikazio eta komunikazio egokiarekin harreman handia dute. Horregatik oso aukera gutxik dute diruarekin zerikusirik. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 88.zbk (2000 / 7 / 21 28) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Mario Salegi: "Hezkuntza eta kultura, Euskal Herria berreraikitzeko oinarri"

 

Irakurri

Luis Olarra: "Beti izan naiz lagunez inguratuta, sekula ez baitiot inori kalterik egin"

 

Irakurri

Marisol Esteban: "Udalerri batzuek pairatzen duten dentsifikazio arazoekin bizi beharra daukagu"

 

Irakurri

Itxaro Borda: "Poesia bizitzeko gogo bat eta Mundua sentitzeko modu bat da"

 

Irakurri

Kontxu Odriozola: "Euskal Herriko emakume askok txalotzen dute Goenkaleko Maria Luisa, lotsarik gabe, pentsatzen dituen gauzak esaten dituelako"

 

Irakurri