Angel Amigo: "Lanbide honetan garrantzi handikoak dira norberaren kreatibitatea, liluratzeko gaitasuna, historia eta egindako lana; zazpigarren dokumentala lehenengoa baino errazagoa izango da beti"

2000-09-22

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Angel Amigo Angel Amigo, zine ekoizlea "Lanbide honetan garrantzi handikoak dira norberaren kreatibitatea, liluratzeko gaitasuna, historia eta egindako lana; zazpigarren dokumentala lehenengoa baino errazagoa izango da beti" * Traducción al espanol del original en euskera Teresa Sala Hogei urte igaro dira Angel Amigok zinema independientearen bide arriskugarritik abiatzea erabaki zuenetik. Imanol Uriberekin batera egindako "Segoviako Ihesa" filmarekin eman zen ezagutzera, bere larruan ezagutu zuen ihes historiko haren bitartez. 1981. urterako, artean 29 urte besterik ez zituela, "Operación Poncho" eta "Pertur" liburuak idatzi zituen, ETAko kide izan zen, Egin egunkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta kazetaritzaren arloan ere ibili zen "Ere", "Zeruko Argia" eta "Punto y Hora" aldizkarietan. Euskal Ekoizleen Elkarte Independienteko lehendakaria izan zen 1982 eta 1983 artean, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Batzorde Nagusiko kide 1983 eta 1984ean. Handik bi urtera, 1986an, Igeldo produkzio etxea sortu zuen, eta 1997an Compañía Vasca de Audiovisuales S.A. Horrela sartu zen "zortea, intuizioa eta arriskua" moduko faktoreak berebizikoak diren lanbide "txundigarri" honetan. Errenterian jaiotako ekoizle honen curriculuma film, dokumental eta telebista saioz josia dago, besteak beste aipatzekoak izanik "Euskadi Hors D'etat", "Ehun metro", "Album de Familia", "Maite", "Bi eta Bat" eta "Jaun eta Jabe". Bere azken lana, Ana Diezek zuzendutako "La Mafia en La Habana" dokumentala, uda honetan bertan estreinatu da. Ez da zuzendari aragoiar honekin lan egiten duen lehen aldia, 1990ean Zuzendari Berri Onenaren Goya saria eskuratu zuen "Ander eta Yul" filman ere elkarrekin aritu baitziren. Ekoizpen lanetan aritzeaz gain, Kubako San Antonio de los Bañoseko Zinema Eskolan irakasle gisa ere badabil Amigo, eta bizitzak eskainitako "une eta aukera guzti guztiak aprobetxatu" dituela aitortzen digu. Denborak nahaspilatuta zebiltzan garaian sartu zinen zinemaren munduan,eta nahiko modu berezian gainera. Nola gogoratzen duzu hasiera hura? Egia da; kasualitate hutsez sartu nintzen zinemaren munduan. Nire bokazioa, hitz honek ezer esan nahi badu behintzat, kazetari izatea zen, baina ez nituen kazetaritzako ikasketak amaitu, ETAn sartu nintzelako. Gero atxilotu egin ninduten, eta Segoviako Ihesean parte hartu nuen. Azkenean amnistiarekin atera nintzen. Ikasketak amaitzear neuzkala, Ere aldizkarian hasi nintzen lanean. Egun batean Imanol Uribe azaldu zen erredakzioan, nire liburua ("Operación Poncho") asko gustatu zitzaiola esanez. Film posible baterako gidoia idazten laguntzeko eskatu zidan, eta gidoi bat idaztearen inguruan ideiarik ez neukan arren, animatu egin nintzen. Baina asmo horrek gauzaezina zirudien, gidoia idatzita geneukanean filma egiteko behar adina baliabiderik ez geneukala konturatu ginen eta. Orduantxe hasi zen Eusko Jaurlaritza Kultura Sailerako lehenengo transferentziak martxan jartzen, eta zinemara bideratutako partidei esker "Segoviako Ihesa" egiteko dirua eskuratu genuen. Lanbide ugaritan jardun duzu, kazetari, autore, ekoizle, idazle gisa, eta abar. Zeinetan aritu zara erosoen? Orain bertan ekoizlearen lanbidea iruditzen zait erosoena, baina gauza berria da. Ekoizpenaren mundua oso konplexua da. Hainbeste filmetan aritu ondoren, oso ezagupen baliotsuak lortu ditut, baliotsuegiak albo batera uzteko. Gainera, ez zait ekoizpena alboratzeko moduko bestelako aukerarik aurkeztu. Poztasun asko izan ditut zinemaren munduari esker, baina ez derrigorrean zinematografikoak. Alegia, lanbide honi esker ia mundu erdia ezagutzeko aukera izan dut: Portugalen, Frantzian, Txinan, Kuban, Mexikon, Argentinan eta abar izan nahiz filmatzen. Zinemaldi asko eta askotan hartu dut parte, eta egin ditudan bidaiei esker jende eta leku zoragarriak ezagutu ahal izan ditut. Nire kuriositatea asetzeko aukera izan dut, eta horrek asko lagundu dit filmak egiteko orduan. ETBrako egin ditudan lanek ere on handia egin didate. Ekoizle autodidaktatzatdaukazu beraz zure burua... Bai. Ez naiz inolako eskolara joan, eta, egia esan, ez dut uste honetarako eskolarik badagoenik ere. Askotan kazetaritzarekin konparatzen dut lan hau: eskola eta unibertsitateak egon badaude, bai, baina lanean aritzean ikasten duzu noiz eta nola egin behar diren gauzak. Nolanahi ere, zinema eskola bateko irakaslea zara... Bai, bi urte daramatzat Kubako San Antonio de los Bañoseko Zinema Eskolan, dokumentalak ekoizteari buruzko klaseak ematen, eta ikasleak ez dira ezertaz enteratzen. Oso zaila da lanbide honen barruak ezagutaraztea: proiektu bat montatzea, musikari egokia aurkitzea, aktore perfektua, egundoko gidoilaria... Espekulazio hutsa da. Lanbide honetan garrantzi handikoak dira norberaren kreatibitatea, liluratzeko gaitasuna, historia eta egindako lana; zazpigarren dokumentala lehenengoa baino errazagoa izango da beti. Aro desberdin batzuk igaro beharra dago; ez da hori kenduko dizun Jainkorik. Mundu honetan daramatzadan hogei urteotan aldaketa asko ezagutu ditut: Gobernuarenak, legegintzaldikoak, gizartearenak... eta bizirik atera naiz; ez dakit oso ondo zergatik, baina hala da. Agian hasieratik oso garbi neukalako zein zen nire bokazioa. Gobernuan UCD zegoela sartu nintzen zinemaren munduan; pentsa zenbat gauza aldatu diren ordutik. Inongo eskolak ez dizu etorkizunean zer gertatuko den eta horrek nola eragingo dizun esplikatzen. Eta horrek guztiak zuzenean eragiten du norberaren lanean. Zenbaterainoko aldea dago gaur egungo eta duela hogei urteko zinematografiaren artean? Esango nuke trantsizio garaian zineman edozer egiteko prest zegoenaren alde egiten zela; gaur egun ez da hain erraza ekoizle independientea izatea; hastea agian bai, baina jarraitzea ez, inola ere ez. Diru partidak esleitzeko orduan irizpide kulturalei jarraitzen zitzaien batik bat, ez hainbeste industrialei. Edonork zeukan zerbait egiteko gaitasuna, ez zen beharrezkoa produkzio konpainia bat edukitzea edo ekoizle profesionala izatea. Azken urteotan, ordea, industriarekinlotura handiagoa daukaten alderdiei begiratzen zaie. Zer nolako baldintzak bete behar izaten dira? Adibidez, Televisión Española film baterako diru laguntza emateko prest dagoenean, kontu handiagoz ibiltzen da, eta beste hainbat alderdi ere hartzen ditu kontuan: profesionalen esperientzia, aurrez egin duten lana, zein aukera eskaintzen dituzten, eskaintza horren kalitatea... Ekoizpenak, diruari eta publikoari begira lantzen dira. Lehen, gutxi izan arren, aseguratuta zeuden ikusleak, baina gaur egun, ikuslerik gabe, dirurik ere ez da egongo, eta horregatik kontu gehiagoz jokatzen da. Orduan, gero eta zailagoa iruditzen zaizu industria zinematografikoan aurrera egitea? Zaila da oso. Eta esango nuke Estatu espainiar osoan ez dagoela ekoizpen indpendientean hogei urte daramatzan besterik. Jendea aldi baterako bakarrik sartu da mundu honetan, gauzak maila komertzialago batean planteatzen. Batzuek ekoizpen zinematografikoak partitzen amaitu dute. Ez dut uste esklusiboki ekoizpen independientetik bizi den besterik dagoenik. Ezagutu ditudan ekoizle gehienak bidean gelditu dira, eta beste ogibide batean hasi dira, edota, lanbide honekin jarraitzekotan, beste batekin tartekatzen dute. Lanbidez aldatzea ez zait hain zaila iruditzen; izan ere, arlo hau oso txundigarria da. Banku bateko arriskuen arduradun izanik, igoera beti mailakatua, txikia eta mugatua izango da, baina esparru honetan edozer gerta liteke: aberastu egin zaitezke, edota miseria gorrian gelditu. Mundu zabal honetan ametsak egia bihur daitezke, ez baitu mugarik ezagutzen. Guztia ustekabekoa, zirraragarria eta aurreikustezina da. Zein izan da egin dituzun bidaia guztien artean gehien txunditu zaituena, edo lan egiteko iturbururik onena? Gehien txunditu nauen lurraldea Latinoamerika izan da, zalantzarik gabe, aldiberean oso hurbila eta oso urruna delako. Hizkuntzak engainatu egiten du: ezagutzen duzunez, nolabait herrialdera hurbiltzen zaitu, gertukoa egiten zaizu, baina engainu bat da; etxean zaudela pentsatzenduzu, baina gero ohartzen zara horrek ez daukala ezagutzen duzunarekin zerikusirik. Lacandonen etnia mexikarra ezagutu nuen, eta espainiarrez hitz egiteak indigenen laguna egiteko aukera eman zidan. Beti gustatu izan zait bidaien inguruko literatura, amets modukoa zen niretzat, eta azkenean egia bihurtzea lortu dut. Kubarekin harreman handia daukat, lan kontuak direla eta askotan joaten naizelako hara, eta horrek bestela ezagutuko ez nituzkeen jendea eta bizimoduak sakonean ezagutzeko aukera eman dit. Hainbeste leku ezagututa, zein da Euskal Herriko gaur egungo ekoizpenari buruz daukazun iritzia? Gaur egungo ikusleek gustu unibertsalizatuak dituztela onartu behar da; hori ukatzea gezurretan ibiltzea litzateke. Amerikarrek entretenimenduaren aldeko apustua egin dute, eta emaitza onak lortzen ari dira. Hemen kulturaren aldera jo da beharbada, baina denetarik dago. Hala ere, Euskal Herrian Estatuko hiriburuan baino askoz errazagoa da zinema eta telebistan sartzea; Madrilgo edozein telebistan, ETBk eskatzen duen kalitate maila baino askoz ere handiagoa eskatzen dute. Baina tira, Eusko Jaurlaritzak sektore hau bultzatu nahi izan du, jendeari aukerak eman. Orain ekoizpena industrializatzen hasi dira, eta gauzek hobera egingo dutela uste dut. Niri zoragarria iruditzen zait mundu hau, nahiz eta hasi berria den gazte batek alderantzizkoa esango lizukeen. Hogei urte daramatzat honetan eta beste ikuspegi bat daukat. Zer adierazi nahi izaten diozu ikusleari film bat ekoizten duzunean? Lehenik eta behin, nire kuriositate pertsonalaren menpe nagoela aitortu behar dut. Nire azken lana, "La mafia en La Habana", telebista saio bat izateko sortu zen, eta metraje luzeko film dokumental bat izaten amaitu du. Pixkanaka sortu zen, istorio eta agiriak uztartzen. Egin ditudan lan guztietan, nire kuriositatea, gauzak ezagutu eta kontatzeko grina, izan da lanean jarri nauen motorea. Interesgarriak iruditzen zaizkidalako kontatu nahi ditut istorio horiek. Gauzak nola dauden ikusita, IgeldoProdukzioak askoz ere pertsonal eta artisauagoa iruditzen zait; alegia, ahal dudan neurrian behintzat, nik nahi dudanarekin egin dezaket lana, eta interesatzen zaidana konta dezaket. "Ander eta Yul" filmaren arrakastaren giltza, bertako jendearekin lan egin behar genuela hasieratik garbi geneukala izan zen. Eta oso ondo atera zitzaigun. Zer kontatu nahiago duzu: fikzioa ala errealitatea? Segun. Batzuetan fikzioak tentatzen nau, eta beste batzuetan errealitateak, baina ez daukat irizpide finkorik. Denboraren joanean egiten dut lana, segun eta gauzak nola doazen. Zerekin egiten du topo Angel Amigok atzera begiratzean? Denbora dezente aprobetxatu dudala iruditzen zait. Egin nahi nituen gauza asko egin ditut, nahiz eta ez guztiak. Esperientzia errepikaezinak bizi izan ditut politikaren arloan, eta esperientzia horiek, edo dagokien unean dastatzen dituzu, edo betiko galtzen dituzu. Garai bakoitzean une guztiak aprobetxatzen saiatu naiz, sekula errepikatuko ez direnak. Zineman bai, modu batera edo bestera erreproduzi ditzakedalako. Frankismoaren erorialdia azpimarratuko nuke, Trantsizio garaia oso gertutik ezagutu nuelako Egin egunkaria sortzen lagundu nuenean. Hori bai izan zela gogoangarria: ezerezetik zerbait sortzea. Eta horixe bera gertatu zen Igeldo Produkzioakekin: lehen ezer ez zegoen lekuan zerbait sortzea. Goya saria jaso nuenekoa... Inoiz itzuliko ez diren denborak dira. Zer ikusten duzu etorkizunari begira jartzean? Asko gustatuko litzaidake enpresa indartzea, gauza gehiago egin ahal izateko. Orain bertan ETB, Televisión Española, Via Digital, Telefónica Media eta abarrekin dauzkat kontratuak. Produkzio etxea asentatzearren ari naiz hori guztia egiten, sinesgarria eta independientea bihurtzeko eta geroan lana izateko. Baina sortuko diren aukeren araberakoa izango da, hau guztia oso erlatiboa da eta. Istorioek ni erakartzea da kontua... Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 92.zbk (2000 / 9 / 22 29) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription EuskoIkaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Juan Ignacio Vidarte: "Museoak eraldaketa prozesu garrantzitsu batean murgilduta daude"

 

Irakurri

Luzien Etxezaharreta: "Maitzekin hasi zen bideak, 20 urteren buruan jarraitzen du, biziak beti aitzina bultzatzen gaituelako"

 

Irakurri

Koldobika Jauregi: "Kultura gobernuaren menpe egoteak gehiegizko politizazioa suposatzen du"

 

Irakurri

Eugenio Ibarzabal: "Kalitatea modan zegoen zerbait izatetik funtsezko tresna izatera igaro da"

 

Irakurri

Mario Salegi: "Hezkuntza eta kultura, Euskal Herria berreraikitzeko oinarri"

 

Irakurri