Juan Ignacio Vidarte: "Museoak eraldaketa prozesu garrantzitsu batean murgilduta daude"

2000-09-15

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Juan Ignacio Vidarte Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao museoko zuzendaria "Museoak eraldaketa prozesu garrantzitsu batean murgilduta daude" * Traducción al espanol del original en euskera Estibalitz Ezkerra New Yorkeko Guggenheim Fundazioaren laguntzarekin Bilbon museo bat sortzeko negoziaketak hasi zirenetik egon da Juan Ignacio Vidarte proiektu honetan sartuta. Ekonomia ikasketak Deustuko Unibertsitatean egin zituen, eta graduondokoak berriz Massachusetts Institute of Technology n (MIT). Bizkaiko Diputazioko politika fiskal eta finantzieroko zuzendari zela, Guggenheim Bilbao museoaren zuzendari izateko utzi egin zuen kargua. Gogorra al da Guggenheim Bilbao bezalako museo bat zuzentzea? Konplexua da, baina gehienbat dedikazioa eskatzen du. Hala ere, badira lan hau baino askoz ere gogorragoak. Museoa, Bilbo suspertzeko planeko proiektu bat izatetik, hiriraren ezaugarri nagusia izatera igaro da. Zein balorazio egingo zenuke ateak zabaldu zituenetik hiru urte igaro diren honetan? Balorazioa positiboa da. "Guggenheim fenomenoa" delakoa, museoa sortu zenean finkatu genituen helburuetako asko bete izana baino ez da. "Guggenheim efektua" z hitz egiten denean, batik bat ondorio ekonomikoei egiten zaie aipamena. Museoak Euskadi osoko ekonomian eragiten du, hasiera batean aurreikusitakoa baino handiagoa gainera. Pozgarria da hori. Sortu zenean, jendeak ez zeukan oso argi museo batek inolako oihartzun ekonomikorik sor ote zezakeen, baina egunero egunero baietz demostratzen ari gara. Urte bukaerarako, museoak 100.000 milioi pezeta inguruko inpaktu ekonomikoa sortuko du, kostatu zenaren seikoitz edo zazpikoitza. Jarduera ekonomiko horren ondorioz, Foru Ogasunek 15.000 milioi pezeta inguru eskuratuko dituzte, eta ondorioz, proiektu hau finantzatu zuten erakunde publkoek hiru urtetan berreskuratuko dute beren inbertsioa. Hori ez da ia inoiz gertatzen, ez inbertsio publikoetan, ez pribatuetan. Efektu hau, museoak duen eraginaren alderdi bat baino ez da. Garrantzitsuada, noski, baina azkenean alderdi bat baino ez da; izan ere, museoak hasieratik zeukan herriaren irudia kanpoan proiektatzeko asmoa, eta ondo baino hobeto ari da helburu hori betetzen. Eta ez da ahaztu behar museoak Bilbo suspertzeko prozesuan (hiriaren ezkerraldea bereziki) dinamizatzaile gisa daukan papera, eta ezta ere kultur erakundeek dauzkatenak: jende guztiaren eskura ipintzen duen kultur eskaintza handitzea. Zer ikusteko asmoz etortzen da bisitaria Guggenheim Museora? Museoa sortu zenean, urtero milioi erdi bisitari izatea aurreikusi zen, baina hiru urte hauetan milioitik gorakoa izan da urteroko batezbestekoa. Zer ikustera datorren jendea museora? Ba munduko beste edozein museotan bezala, arte plastikoen munduan egiten dena ikusi eta sentitzera. Hain zuzen ere asmo hori dauka museo honek, bai mende honetako arlo garaikideenari dagokionez, bai tradizionalenari ere. Jendea batik bat kultur esperientzia izatera dator. Kulturak gero eta garrantzi handiagoa dauka jendearen aisialdian, eta, horregatik, garrantzitsuak dira museoak. Guggenheimek esperientzia interesgarriak eskaini nahi dizkio jendeari, denboraldi baterako erakusketen bidez nahiz behin betiko bildumetako aurkezpenen bidez. Museoen lanik nekezenetarikoa bisitariak lortzea da. Zein irtenbide izaten dira horrelakoetan? Azken urte hauetan museoak, oro har, eraldaketa prozesu garrantzitsu batean daude murgilduta, eta batzuetan euren nortasuna zein den galdetzera iristen dira. Une jakin batean, jendea erakartzeko gaitasuna falta zaiela ikusten dute museoek, batez ere Europan, eta horrek gauzak behar bezala egiten ari ote diren galdetzera eraman ditu hainbat museo. Jendea, gauza erakargarriak eskaintzen dizkioten lekura joaten da; horregatik, museoek aisialdirako beste erakunde eta jarduerekin "lehiatu" behar dute: zinemarekin, ikuskizunekin, kirolarekin... Ezinezkoa da museoak, gauzak duela ehun urte bezala egiten jarraituz, bisitari berriak erakartzeko gai izatea. Egoera berrira egokitu behar dute; kulturinteresa lehen baino handiagoa izango da ziur aski, baina bisitariak ere exijenteagoak dira, estimulu asko dauzkate eta: telebista, zinema, ikus entzunezkoak eta abar. Jendea sofistikatu eta sentikorragoa da ona eta txarra bereizteko. Nire ustez museoak birrorientazio prozesu batean sartu dira, gero eta handiagoa den eskariari erantzuteko. Eskari hori erakartzeko egokitzea lortzen duten museoek bisitari asko izango dituzte. Artista batzuen ustez, ikusleentzat erakargarri izan daitezkeen hainbat bilduma artistikoki ez dira hain erakargarriak. Artea aisialdiarekin uztartzeak artearen kontzepzioa uki al dezake? Hori eztabaidagarria da. Normalean jendeak artistek baino hobeto daki zer den garrantzitsua eta zer ez. Azkenean jendea da gauzek eta arteak zein garrantzi daukaten erabakitzen duena, ez artistak; horregatik, oso lotura handia dauka museoen munduarekin. Bilduma handi eta onenak dauzkaten museoez ari naiz, erakusketarik onenak eta audientziarik handienak dituztenez, nahiko logikoa bestetik. Ez dut inolako kontraesanik ikusten. Besterik da museoaren helburu bakarra bisitariak bereganatzea izatea, baina argi dago ez dela kasua. Bisitariak erreferente bat dira, baina museo baten helburu eta lehentasun nagusia, jendea hezitzeko eta kulturara hurbiltzeko bitartekoa izatea da, eta hori ahazten duen museoak bide okerra hartuko du. Beste alde batetik, kontuan izan behar du bisitariak garrantzitsuak direla; inori ez dio onik egingo oso eskaintza interesgarria izatea baina inor ez joatea hori ikustera. Orekatu egin behar dira bi faktoreak, baina ahaztu gabe museoaren lehentasun nagusia gizartea hezitzeko eta kulturara hurbiltzeko bitartekoa izatea dela. Gasteiz, Tenerife eta Huescari, Guggenheim Bilbaoren ereduari jarraitu eta beren museo garaikidea eraikitzeko interesa piztu zaie. Artea gero eta jende gehiagori interesatzen zaionaren seinale, ala moda baino ez? Proiektu bakoitzak historia desberdina izango du atzean, eta beraz ez nuke ezer orokortu nahi, okerren bat egingonuke eta. Baina badira alderdi orokor batzuk. Kulturak oro har eta museoek bereziki gero eta garrantzi handiagoa daukate hiriek garatzeko inbertsioak aztertzeko unean. Kultura aldagarria da, eta bere birtualtasunaz gain, zama ekonomiko handia dauka; horregatik, gero eta kultur proiektu gehiago daude garapen ekonomikoko estrategietan. Baina batzuetan hanka sartzen da: proiektuak oso mimetizagarriak direla pentsatzen da, eta "Guggenheim efektua" delakoa beste lekuetara eraman daitekeela, garrantzia daukana izena edo eraikina delakoan. Proiektu horiek arrakasta izan eta beren helburua betetzeko, alde batetik izan nahi duten hori izatera iritsi behar dute, helburuen eta baliabideen artean oreka gordez, eta beste alde batetik, museoaren hiru alderdi nagusien artean oreka mantendu: edukia, bere bildumekin eta erakusketak antolatzeko aukerarekin; kontinentea, erakusketa horiek ipintzeko espazioekin, eta erakunde bakoitzari ematen zaion kudeaketa museistikoaren eredua. Hiru elementu hauek orekatuta daudenean, eta baliabide eta helburuen artean proportzioa dagoenean izango dute proiektuek arrakasta lortzeko aukera. Hala ere, ez da beti lortzen. Museoen artean nolabaiteko norgehiagoka dagoela dirudien arren, lankidetza hitzarmena sinatu duzue San Petersburgoko Hermitage museoarekin. Museo txikiek kaltetuta ikusten dute euren burua, ezin dutelako Guggenheimen moduko erraldoiekin lehiatu. Ez nago horrekin inolaz ere ados. Museoen artean ez dago supermerkatuen artean bezalako lehiarik. Egotekotan, beste mota batekoa izango da lehia, baina bisitarien ingurukoa behintzat ez. Museoek normalean elkarri laguntzen diote, batez ere bisitarien kopuru handi bat kanpokoa denean. Euskadira Guggenheim museoa ikustera datorren jendea audientzia potentziala da inguruko beste erakundeentzat; gertu dauden museoek gauza erakargarriak eskainiz gero, beren onerako izango da museoak sortzen duen audientzia potentzial hori. Museo bakoitzak, gainera, bere zabalkunde eta eremu propioak dauzka; museotxikiari ez zaio milioi erdi bisitari izatea eskatzen, dagokion kopurua baizik. Guztiok daukagu egiten duguna eta jendeari eskaintzen dioguna egokitzeko erantzukizuna, ez bakarrik museo handiek; txikiek ere badute. Nire ustez museo guztiek daukate bisitari potentzialei eskaintza erakargarria egiteko erantzukizuna, jendeak beste gauzak utzi eta museo horretara joan dadin. Kasu puntualak al dira lankidetza akordioak? Hermitage museoarekin daukagun harremana estrategikoa da, Bilbo eta New Yorkeko Guggenheim museoekin osatzen delako: batek ez daukana besteak dauka, eta alderantziz. Beste museoekin lankidetza mota desberdinak ditugu. Museo askorekin lankidetza puntual edo egonkorrak izaten ditugu, batez ere erakusketak elkarrekin egiteari begira. Beste maila batean, museo europarren ARNE sareko idazkaritza dagokigu uneotan. Sare hau Guggenheim Bilbao museoaren ekimenez sortu da, eta Europar Batasunaren laguntza jaso du. Orain bertan 40 museo europar daude sare horretan, eta programa bateratuak gauzatzeko elkarte bat dauka, batez ere lagundi eta profesionalei zuzenduta. Museoak elkartu edo harremanetan jartzeko mailak desberdinak daude, segun eta helburua zein den. Nik uste dut orokorrean nahiko harreman ona dagoela museoen artean. Euskal Herrian, Arte Ederren museoarekin akordio bat daukagu, bi museoetara merkeago sartzeko txartela eskuratzeko. Etorkizunean ziur aski horrelako gauza gehiago egingo ditugu, guztiok alor berdinean gabiltzanez logikoa delako akordio egonkorrak sinatzea. Artistak kezkati daude kultur munduari hainbeste eragiten dion globalizazioaren aurrean. Guggenheim Bilbaori euskal autoreei leku gutxi egitea leporatu zitzaion bere egunean. Guggenheim Bilbao museoak hasieratik esan zuen geografiak baino gehiago, kalitateak markatutako museoa izan nahi zuela. Kalitatearen irizpide horri jarraitzen diote gure bilduma eta egitarauek. Guggenheim Bilbaok nazioarteko audientzia eta proiekzioa dauzka, eta horregatik ondo begiratzen ditu bere bilduma eta erakusketak.Nik uste dut bere garaian azaldu genuenari leial gatzaizkiola. Museo hau ez zen euskal museo nazionala izateko asmoarekin sortu, eta ezta ere mende honetako edo beste garairen bateko euskal artea erakusteko. Garbi dago kultur erakunde guztiek daukatela inguruarekin osmosi moduko harremana, eta museoek ere bai, noski. Guggenheim Bilbaoren bilduman eta programazioan bere garrantzia du euskal erakundea izateak, eta bai Guggenheim Bilbaoren bilduma espezifikoan, bai bilduma globalean ere, dezente euskal artista daude, hala nola Txillida, Cristina Iglesias, Txomin Badiola, Juan Luis Moraza... Museoaren bilduman euskal artista asko daude, eta euskal artisten inguruko erakusketak ere izan ditugu, eta geroan ere izango ditugu. Gure jarduera eta edukiak nazioarteko ikuspegi horren arabera antolatzeak ez digu arazorik sortzen. Euskal artistak programazio horretan agertzen baldin badira, obren kalitatearen eta garapenaren ikuspegitik bildumaren filosofiarekin edo museoaren funtzionamenduarekin bat egiten dutelako izango da. Guretzat ez dira ghetto bateko kideak, baizik eta gure programazioaren zati bat, nazioartekoa izan arren euskalduna ere badena. Gu ez gara munduko elementu arrotz bat, munduaren zati bat gara, besteen eragina jasotzen dugu, eta hein batean guk ere eragiten diegu besteei. Beraz, globalizazioari beldurra zaion arren, museoak bere helburuak betetzen darrai, nazioarte mailan jardunez eta egin den eta egiten den euskal arteari bere lekua eginez. Etorkizunari begira, zein helburu dauzka Guggenheim Bilbao museoak? Hiru urte igaro dira zabaldu zenetik, eta kontsolidatzen hasi garela esango nuke. Etorkizunari begira, gure helburu nagusia munduari oso irekita baina herriari oso lotuta egonik, gure egitura eta funtzionamendua kontsolidatzea da. Hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu eraldaketa prozesu honetan. Gure pertsonala oso gaztea da, baina hiru urte hauetan asko heldu da eta esperientzia handia bereganatu du. Orain kontsolidatzen saiatu beharra dago. Kontuan izanbehar da gure egitura museoa bisitari gutxiago jasotzeko prestatu zenekoaren oso antzekoa dela, nahiz eta ukitu gutxi batzuei esker aurreikusitakoa baino erakunde handiagoa izaten jakin duen. Orain, aldiz, kota horiek mantentzen jarraitzeko egokitu behar dugu. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra (Juan Ignacio Vidarte), Guggenheim (Bilbao Metropoli 30ko web orrialdetik) Euskonews & Media 91.zbk (2000 / 9 / 15 22) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Luzien Etxezaharreta: "Maitzekin hasi zen bideak, 20 urteren buruan jarraitzen du, biziak beti aitzina bultzatzen gaituelako"

 

Irakurri

Koldobika Jauregi: "Kultura gobernuaren menpe egoteak gehiegizko politizazioa suposatzen du"

 

Irakurri

Eugenio Ibarzabal: "Kalitatea modan zegoen zerbait izatetik funtsezko tresna izatera igaro da"

 

Irakurri

Mario Salegi: "Hezkuntza eta kultura, Euskal Herria berreraikitzeko oinarri"

 

Irakurri

Luis Olarra: "Beti izan naiz lagunez inguratuta, sekula ez baitiot inori kalterik egin"

 

Irakurri