Borja Cobeaga. Zinema-zuzendaria: Bi euskal film labur Oscarretarako hautagai izateak eragin handia izan du; jendea ohartu da hau serioa dela

2008-05-23

SALA, Teresa

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Madril inguruko txokoren batean telefonoa hartu du. Borja Cobeaga bere opera primarako kokalekuak bilatzen ari da. Iraupen luzeko filma egiten ari da, Pagafantas izenekoa, maite duen emakumeak maitatzen ez duen mutil bati buruzkoa. Oraingoan ere, komedia bat egingo du. Egilearen ustez, generorik arriskutsuena da, haren hitzetan huraxe baita arrakastaren “froga fisikoa” ematen duen bakarra. Cobeagak bere lanean sinesten du, eta arriskuak hartzen dituela onartzen du. Bestela, haren ustez, proiektuek ez lukete zentzurik. Zinemagintzatik bizitzea da bere nahirik handiena: “nahi dudan aldioro afaltzera irten ahal izateko adina film egin nahiko nituzke”, esan du.

Zer konta dezakezu Pagafantas filmari buruz?

Nire lehen film luzea da. Vaya Semanita saioan lankide izan dudan Diego San Josérekin batera idatzi dut gidoia. Gizonen umilazioari buruzko komedia da. Neska batekin txora-txora dagoen mutil baten istorioa da; neskak laguntzat dauka, baina mutilak maitasun-istorio bat dagoela uste du. Horregatik du filmak Pagafantas izena, izen hori nahiko entzuna baita azkenaldian. Filmean jazarpenak, itsas zabaleko eszenak eta abar daude. Ez dakit, film ero samarra da, baina aldi berean, nahiko tristea, denek barre egiten dioten mutil baten drama kontatzen duelako. Ilusio handia dut proiektuarekin, filma egiteko gogo itzela, eta uste dut, batez ere, oso film dibertigarria izango dela.

Zure lehen film luzea da. Film luze horretara iristea helmuga batera iristea bezala izan al da? Film luzera eramaten duen bidea al dira film laburrak?

Helburua ez da film luzea, zinemagintzatik bizitzea baizik. Egia esan, denbora honetan guztian, ezin izan diot nire buruari esan, ozenki, zinema-zuzendaria naizela; telebistan lan egiten duen eta noizean behin film laburrak egiten dituen norbait izan naiz. Errealizadore eta zuzendari moduan lan egin dut, hori izan da nire lanbidea, baina zinemagintzatik bizitzearekin amets egiten nuen. Film luzea egitea baino, nik nahi nuena zinemagintzan buru-belarri aritzea zen, eta hori zaila da film laburrak eginda. Beraz, film luzeak egitea da bide naturala. Horrek ez du esan nahi film laburrak egiteari uko egingo diodanik; iruditzen zait film luze batetik bestera beti izango direla bost edo hamar minututan kontatzeko istorioak ere. Ez dut bi formatuetako bat ere uzteko asmorik.

Filmeko errealizazio-prozesua luzeagoa eta garestiagoa izango zen ordea.

Bai, noski. Batez ere, film luze baterako gidoia idaztea; Everest igotzen ari nintzela iruditu zitzaidan. Sarritan, film laburretako zuzendariak txalotzen dituzte, istorioa hamar minututan laburtzeko gai direlako. Baina niretzat, ordu eta erdian ikuslearen arretari eustea da benetan zaila dena. Jauzi kualitatibo handiena, niretzat, gidoi luzea idaztea izan da, eta, horregatik, idazketa-lanaren antolamenduan igarri dut aldaketa azpimarragarriena.

Komedian aterpe hartu duzu berriro; lanean hasi zinenetik atsegin izan duzun generoa izan da.

Halaxe da, eta uste dut modu erabat naturalean sortzen zaidala joera. Ez naiz komedia bat idazteko asmoarekin idazmahaian esertzen. Istorio jakin bat kontatzea izaten dut helburu; baina, pertsonaia patetikoenak gustuko samar ditudanez, komedia modu naturalean sortzen zait. Komedia horretan, pertsonaiek ez dute modu komikoan jokatzen, baizik eta berez diren bezalakoak dira, besterik ez. Ezin dut ekidin. Gainera, komedian bada zerbait zoragarria, hau da, funtzionatzen duen ala ez fisikoki froga daitekeela. Aretoa jendez gainezka egon arren, dramekin edo bestelako generoekin ezin duzu ziur jakin filma gustukoa duten ala ez. Baina komediarekin bai: gustuko badu, jendeak barre egingo du. Komedia bat proiektatzean gerta daitekeen gauzarik txarrena ikusleek barrerik egin ez eta irteeran filma izugarri gustatu zaiela esatea da. Hori ezinezkoa da, ez baitute barrerik egin, ez baita adierazpen fisikorik egon. Komediaren generoak oso ongi lotzen zaitu ikuslegoarekin, berehala ohartzen baitzara funtzionatzen duen ala ez, eta hori oso erakargarria da.

Baina porrota ere nabarmenagoa da.

Jakina, hortxe dago arriskua. Arriskurik hartzen ez bada, ez du zentzurik.

Ikusle zarenean ere nahiago al dituzu film komikoak?

Ez, egia esan era guztietako filmak ikusten ditut. Ikusle moduan, ez dut genero baterako zaletasun berezirik. Nire film kutunen artean komediak, dramak edo suspensezkoak daude. Baina egia esan, mirespen handiena sentiarazten didaten istorioak barrea eragiten didatenak dira.

Éramos pocos film laburra Oscarrerako hautagai izendatu zutenetik aldatu egin al da Borja Cobeagaren ibilbidea?

Izendapenaren aurretik Pagafantas proiektua nahiko aurreratua nuen. Egia da Oscarra jasotzeko hautagai izateak proiektua sendotu eta taxutu duela, baina ez zait iruditzen markatu egin nauenik. Nire eguneroko bizitzan, behintzat, ez da inolako aldaketarik egon. Plater zikinak harraskan pilatzen dira, eta arropak magia hutsez lisatu gabe jarraitzen du. Ez dut aldaketa nabarmenik igartzen. Gero, noski, nire proiektu berriak sor dezakeen ikusmina dago, baina ez dut halako presiorik ere sentitzen. Izan ere, egin nezakeen gauzarik txarrenetakoa izendapenaren eraginez erabakia aldatu eta XVIII. mendeko humanista bati buruzko film serioa egitea litzateke, egin nahi nuen komedia zoroa egin beharrean. Nire burua seriotzat hartzea hutsegite galanta izango litzateke. Nik aurrerantz jarraitzen dut, betiko inozotasun eta ilusio berberarekin.

Nola jakin zenuen zure opera prima gizonen umilazioari buruzko komedia izango zela?

Beti atsegin izan dut gai hori, baina modu konplikatu samarrean iritsi naiz ideia horretara. Hasieran, eleberri baten egokitzapena egiteko enkargua egin zidaten, hutsetik hasteko aukerarekin. Erronka onartu nuen, baina hain hasi nintzen hutsetik, non egin nuen lanak ez baitzuen inolako zerikusirik liburuarekin. Diego San José gidoilari lagunarekin izan nituen ideien pilaketatik sortu zen orain dugun gidoia. Lanaren beraren fruitua izan zen; bat ez da mahaian esertzen “Pagafantasen istorioa idaztera noa” pentsatuz. Beste gauza batzuetan pentsatzean sortu zen.

Zein da egokitzeko proposatu zizuten eleberria?

Massimo Bruni-ren Flash lana egokitzeko eskatu zidaten. Gorrotatu egingo nau, ziur asko.

Istorioak intuizio hutsez sortzen al dituzu?

Ez, lehen aldia da horrelako zerbait gertatu zaidana. Oro har, nire filmak niri gertatutako istorioetatik jaiotzen dira, edo familiakoei edo lagunei gertatutako istorioetatik. Izan ere, Pagafantas filmak nire bizipenetatik eta besteenetatik edaten du.

Noizbait aipatu izan duzu euskal politikak bizi duen egoerari buruzko parodia zuzendu nahi zenukeela. Ez al da korapilatsuegia?

Egia da garai nahiko nahasiak bizitzen ari garela. Une batez, badirudi optimismoa bizitu dela berriro, baina gero beheraldi izugarria iristen da berriz. Egoera oso aldakorra da, eta ez dakizu zeri eutsi. Baina nire proiektuaren helburua ez da sentipen politikoari buruz hitz egitea, giro politikoak sortzen duen egoera sozialaz aritzea baizik. Alde batetik politikariak daude, etengabe hitz egiten ari dira, muturka, batak besteak esandakoa gezurtatzen, eta, bestetik, egunero kalean gertatzen dena dago. Niri askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait azken hori. Euskadin den-dena oso politizatua dago; horixe izango litzateke filmaren gaia. Egunkari jakin bat irakurtzeak, modu jakin batean agurtzeak edo aitari ‘aita’ edo ‘papá’ deitzeak zeresan handia du. Mundu horixe da nik pantaila handira eraman nahi dudana. Filmean ez da izango etakiderik, zinegotzirik edo atentaturik. Nire asmoa horren guztiaren azpian dagoen gizartea erakustea da, eta, gainera, iruditzen zait niri interesatu zaidan hori bera dela jendeari benetan interesatzen zaiona.

Gainera, komedia gisa landuko duzu gaia. Euskaldunok ez al dakigu gure buruaz barre egiten?

Kontua ez da hori. Euskadi politizatua egotearen gaiari buruzko istorioa idaztera esertzen naizenean ez naiz komedia idazteko asmoz esertzen, baina berez, gauzak diren moduan, komikoak suertatzen dira kanpotik ikusita. Demagun egunkaria irakurtzen ari den norbaitek egunkariaren goiburua ezkutatzen duela pertsona jakin batekin gurutzatzean: egoera hori, bada, komikoa izan daiteke eszena kanpotik ikusten duenarentzat. Ikuspuntua zabalduta, eta protagonistari berari batere komikoa iruditu ez arren, barregarrikeria gisa aurkez daiteke. Gustatzen zaidan komedia halakoa da; bizi duenarentzat inolako graziarik ez duena, baina kanpotik ikusita lehertzeko modukoa izan daitekeena. Ez naiz geratzen gertaera jakin batzuetatik zer kontu atera dezakedan pentsatzen. Egoera errealak azaltzen saiatuko naiz, barregarriak izateagatik alde komikoa duten egoerak. Baina oraingoz Pagafantas filmean ari naiz lanean buru-belarri, eta ez dakit noiz egin ahal izango dudan film hori.

Zinemagintzatik bizitzearekin amets egiten duzula esan duzu. Noraino iristeko asmoa duzu?

Bai, hala da. Noizean behin film bat egin nahi nuke, eta horrekin afaltzera maiz irteteko adina diru irabaztea, horixe baita gehien gustatzen zaidana. Ez zait axola etxean kartoizko altzariak izatea, nire zaletasun handia afaltzera irtetea da. Eta galdetzen badidate zer nahiago dudan, zinemara joan edo afaltzera joan, zalantza handiak ditut erantzuna emateko orduan.

Egunero irteten al zara afaltzera?

Egunero ez, baina sarritan bai.

Madrilen lan egitea erabaki duzu. Horren zaila al da Euskadin zinemagintzan aritzea?

Egia esan oin bat kanpoan eta bestea barruan dut. Oro har, Madrilen bizi naiz, baina Donostiara edo Bilbora aldatzeko gai naiz, eta horietako edozeinetan urte osoan gelditzeko. Madrilgo produkzio-etxe batetik heldu zitzaidan film luzea egiteko eskaintza, eta hori da orain Madrilen lanean aritzeko arrazoi nagusia. Nolanahi ere, euskal produkzio-etxe bat ere badut. Eta, ni neu bezala, nire filmek ere oin bat kanpoan eta bestea barruan izan dezaten nahi dut. Apartekoa iruditzen zait.

Euskal zinemagileen harrobia oso emankorra eta produktiboa da. Besteak baino hobeak al dira?

Ez dakit. Harrobia sekulakoa da. Aurreko belaunaldietako harrobia ere itzela zen, besteak beste, Julio Médem, Bajo Ulloa eta Alex de la Iglesia zuzendariena. Ez dakit zerikusirik duen baldintza atmosferikoekin; arretaz begiratzen baduzu, euskal zuzendariek egiten duten zinemagintza era guztietakoa dela ohartzen zara. Médemen film batek ez du zerikusirik Enrique Urbizuk egiten duenarekin... Ezin da esan helburu berberak eta ikuspuntu bateratua duten euskal zuzendari asko daudenik. Nire iritziz, aurretik zinema-egileen belaunaldiak egon izanak harrobi berriak sortzen ditu. Berrelikatu egiten den gertaera da. Litekeena da, nirea bezalako nerabezaroa izanda, Acción Mutante edo La madre muerta filmeen eraginpean hazita, zinema gehiago egin nahi izatea.

Aurreko elkarrizketa batean adierazi zenuen amak etengabe jartzen zizun Bienvenido Mr. Marshall-en kaseta batek sortu zizula zinemarako zaletasuna.

Neurri batean bai, esango nuke hura izan zela erruduna. Zinemarako neurriz kanpoko zaletasuna zegoen giro batean hazi nintzen; zaletasun hori hain zen handia, non amak Bienvenido Mr. Marshall kasetean grabatu eta jarri egiten baitzidan, Pavlov-en txakur bat edo antzeko zerbait banintz bezala. Zentzua dudanetik, zinema-zuzendari izan nahi izan dut, ez dut beste ezertan lan egiterik nahi izan. Nire inguruak eragin nabarmena izan du, bai eta zinema gehiago egitera bultzatu nauten pertsonekin topo egin izanak ere, esate baterako, Nacho Vigalondorekin edo Koldo Serrarekin.

Egia al da bederatzi urte zenituela etxeko lorategian filmak eginez hasi zinela?

Bai, hamar urterekin hasi nintzen.

Eta zer nolako filmak errodatzen dira adin horretan?

Bada, ezinezko izenburudun filmarik, Alto voltaje, Comando Águilas Rojas edo Sin escapatoria bezalakoak. Vietnameko gerrari buruzko filmak ziren, eta plastikozko pistoladun haurrak irteten ziren. Gidoirik gabe grabatzen genituen, larunbat arratsaldetan, bolatokira joan edo telebistaren aurrean egon beharrean. Oso barregarria zen, erokeria hutsa. Ez genituen muntatu ere egiten; grabatu egiten genituen, eta kito. Gero, gauza haiek guztiek seriotasuna hartu zuten pixkanaka. Urte batzuk beranduago, istorioak paperean idaztea hobe litzatekeela bururatu zitzaigun, eta halaxe jaio zen nire bizitzako gidoia.

Baina zinemagintza ikastera iritsi zinen.

Beno, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen, baina ikasketa haietako lehen promozioan izan nintzenez, ez dakit zinemagintza ikasi nuen edo guztiaren nahaste-borrastea izan zen. Onena izan zen gerora nire lagun bihurtuko ziren eta motibatuko ninduten pertsona asko eta askorekin topo egiteko aukera eman zidala.

Zein da gogobeterik izateko giltza?

Nire iritziz, etxean zure bakardadean izandako ideia batekin 50 edo 100 pertsona mugitu ahal izatea da lan honek duen gauzarik harrigarriena eta ederrena. Pertsona talde bat zuk zeuk asmatutako istorio batean sartuta aurkitzea eta istorioa taxutzen hastea da dagoen gauzarik politena.

Zure filmak ikusteko ohiturarik ba al duzu?

Nire film laburrak barra-barra ikusten ditut. Ez dakit zer gertatuko den film luzearekin; ez dakit filma zinema-jaialdiren batean aurkeztu ondoren, berriro sarrera erosiko dudan, jendez betetako areto batera joateko. Imajinatzen dut ziur asko une hori iritsi orduko hurrengo proiektuan murgilduta izango naizela.

Asko hitz egin da film laburren krisiari buruz eta nozitzen duten arreta-faltari buruz. Hala ere, badirudi geroz eta film labur gehiago egiten direla; zer iritzi duzu horri buruz?

Film laburrak ez du krisialdirik izan. Film laburrak erakundeetan duen oihartzunak izan du krisialdia. Alde batetik, mundu osoko jaialdi handietan eragin handia izan dute Espainiako film laburrek, nahiz eta Espainia barruan ez zegoen halako onarpenik. Estatuan genuen egoerarekin zerikusirik ez zuen loraldia bizitzen ari ginen kanpoan. Horrek atentzio handia ematen zuen. Hala ere, nik uste dut Euskadin film laburren gaia oso ondo zainduta eta oso ondo erakutsita dagoela. Konturatzen gara oso film labur onak, mundu osoko pantailetan ikusiak, egiten ditugula. Azken urteotan bi euskal film labur Oscarretarako hautagai izateak eragin handia izan du –7:35 de la mañana (Nacho Vigalondorena, 2003) eta Éramos pocos (Borja Cobeagarena, 2005)–, jendea ohartu da hau serioa dela”.

Bereziki motibatu zaituen zuzendari edo zinemagilerik ba al da?

Familian jaso dudan trebakuntzagatik, eta amaren erruz, beti atsegin izan dut zinema klasikoa. Gehien miretsi izan dudan zuzendaria Howard Hawks da. Haren lana sekulakoa iruditzen zait, dibertigarria eta entretenigarria delako, gauza handiak kontatzen dituelako eta generoa asko aldatzen duelako; miresgarria iruditzen zait hori. Gaur egungoen artean Alexander Paynerekin, Sideways filmaren zuzendariarekin, identifikatzen naiz; oso interesgarri suertatzen zaidan estiloa du, kutsu malenkoniatsudun komedia errealista egiten baitu.

Ba al duzu oso gogoko aktore-multzorik edo filmik? Egunen batean filmatu nahiko zenukeen istoriorik?

Egia esan beti izen dut film-ideia bat, eta bi aktorerekin egitea amestu izan dut, baina ez dakit ongi zergatik. Gene Hackman eta Ricky Gervais aktoreekin egin nahi nukeen filma da. Gervais munduko komedia-aktorerik onena da niretzat. Filmak Cápsula izena izango luke, baina fantasia urruna baino ez da.

Zein izango litzateke argumentua?

Gizon baten istorioa kontatuko nuke, egun batez Ghandi telebistan ikustean bere biografia film batean kontatua izateko gogoa sortzen zaion gizon batena. Gizonaren arazoa da, ordea, munduko bizitzarik aspergarriena duela, ez zaiola inoiz ezer gertatu. Zuzendari bat kontratatzen du bere bizitzari buruzko filma filmatzeko, baina filmak ez du inolako interesik. Cápsula izena jarriko nioke protagonistak bere biografiaren filma denboraren kapsula batean gorde eta lurperatu egin nahi duelako, etorkizunean noizbait aurki dezaten.

Azkenean film hori egitea lortuko duzula uste duzu?

Egitea gehien gustatuko litzaidakeen proiektuetako bat da, eta Gene Hackmanekin ez bada ere, egin nahi nuke, esate baterako, Luis Tosar-ekin.

Hollywooden izan zara, eta han, besteak beste, Steven Spielberg ezagutu duzu... han lan egin nahi zenuke ala nahiago duzu etxean gelditu?

Oraingoz, nahiago dut hemen gelditu eta karrera hemen egin, baina uste dut Cápsula gisako film bat Estatu Batuetan filmatu beharko litzatekeela. Baina orain, nahiago dut hemen gelditu, eta hizkuntza da horren arrazoietako bat. Asko gustatzen zait elkarrizketa, eta arraro sentituko nintzateke % 100ean menderatzen ez dudan hizkuntza batean lan egin beharko banu. Oraingoz, nahiago dut nire lana hemen egin, eta geroago, ikusiko da.

Filmak egiten diharduenak eguneroko bizitzarako iragazkia berezia izan behar al du?

Bai, erabat. Duela hilabete pare batetik hona Pagafantas filmean dut burua eguneko 24 orduetan. Ezin dut baztertu. Lan honek badu ezaugarri argi bat, hots, igandean arratsaldeko 4etan buruan duzun filmean pentsatzen ari zarela. Lanbide askotan gertatzen da hori, baina zuzendari berriok asko nahasten ditugu zaletasuna, lanbidea eta aisialdia.

Asko kostatzen al da istorioak ahaztea, alboratzea? Kontatzen ditudan istorioak nire bizitzako zati direnez, ez dut alboratzeko ahaleginik egin behar, beti daude hor. Borja Cobeaga, (Donostia, 1977) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHUn), baina askoz ere lehenago hasi zen kamerekin jolasean, hamar urte baino ez zituela etxeko lorategian hasi baitzen zinema egiten. 2001ean Goya sarietarako hautagai izendatu zuten La primera vez izeneko film laburrari esker. 2003an ETBko Vaya Semanita umorezko programako buru egin zuten, eta beste hainbat programatan ere egin du lan, hala nola, Gran Hermanon, Confianza ciegan, El submarinon edo Territorio Champiñónen. Splunge eta En buena compañía saioetako gidoilari izan da, besteak beste, eta 2006an La máquina de bailar filma idatzi zuen. Oscar Áibar-ek zuzendu zuen filma. 2005ean Éramos pocos film laburra egin zuen, Mariví Bilbao, Alejandro Tejería eta Ramón Barea aktoreekin, eta Oscarretarako izendapena lortu zuen horri esker 2007an. Hala eta guztiz ere, ez zuten Goya sarietarako izendatu, baina izendapen hori lehenago lortua zuen, La primera vez filmarekin. 2007an Limoncello errodatu zuen, antzinako westernen ohoretan eginiko film laburra. Zilarrezko Fotogramak sarirako izendatu zuten lan harengatik.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Eider Rodríguez. Idazlea: Jatorrizkoan ezin denean, munduko literatura euskaraz irakurri nahi dut

 

Irakurri

Benito Lertxundi. Musikaria: Mundu makilatuaren aurrean tinko agertzeagatik bakarrik maita liteke euskara, euskal musika eta euskal... beste gauza asko

 

Irakurri

Javier Viar. Bilboko Arte Eder Museoaren zuzendaria: Arte Ederren Museoa bere historiako garairik gozoena igarotzen ari da

 

Irakurri

Jon Marcaide. Astronomia eta Astrofisikako katedraduna: Ni halabeharrez naiz astronomo, literalki halabeharrez

 

Irakurri

Jon Mirena Landa. Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen aldeko Zuzendaritzako arduraduna: Giza Eskubideenganako minberatasuna igotzen ari den arren urraketa asko daude oraindik gure herrian

 

Irakurri