Eider Rodríguez. Idazlea: Jatorrizkoan ezin denean, munduko literatura euskaraz irakurri nahi dut

2008-05-16

SALABERRIA, Urkiri

Euria mara-mara ari duHendaiako tren geltokian. Trenak joan-etorrian,pertsonen soslaiak hurbiltzen eta desagertzen... eta bat batean,zeruko argia aldatzen zaigu, dena iluntzen da eta argindarrak irudikatzen gaitu: Beste dimentsioan sartuak gara, ipuin birtual batean murgiltzen gara. Gure aste honetako elkarrizketatua ipuin idazlea dugu. Eider, gaztea baina eskarmentu handikoa da eta gaur egun nahiz eta “langabezian” dagoela esan, bizitzaren lanik handienetako bat buru-belarri ikusten dugu, bizkien ama baita.

Norbaiti azaldu beharko bagenio zein den Eider Rodriguez, nola hasi?

Hau hasiera! (irribarrez). Agian nire buruaren irudi distortsionatua daukat, agian nahi gabe, seguraski hala izango da, baina pertsona normal xamarra naizela esango nuke, batez ere, kezka, beldur, ilusio, anbizioei... dagokienean. Orain langabezian nago, eta egia esanda, inoiz baino normalagoa sentitzen naiz. Inoiz baino lurtarragoa, errealagoa, sentitzen naiz, ez dakit nola azaldu. Gero, bestalde, baditut xelebrekeriak, noski!, baina tamainan, nire ustez. Idaztea da xelebrekeria horietako bat, eta irakurtzea, beste bat.

Ama izan zara duela gutxi, nola sentitu zara zure bizitzaren paper berri honetan?

Nire amatasunak nire alabatasunari on egin diola uste dut. Demagun alabok, gurasoei, edo amei lotzen gaituen soka bat daramagula bizitza osoan (ama edo aita hil arte, behinik behin), oso soka ezerosoa da. Batzuetan oso soka tente dugu, eta beste batzuetan, laxo dagoela dirudi, eta gutxien espero duzunean, korrika hasten zara eta kristoren bedeinkatua hartzen duzu, bat-batean soka tenkatu egin delako.

Ba, amatasunak beste soka bat ekarri duela esango nuke, nire seme-alaba gajoei loturiko soka, eta horrek, nolabait, orekatu egiten du guztia, supermerkatutik atera eta poltsa bat bakarrik eraman ordez, esku bakoitzean bana daramazunean bezala.

Zure txikitako familiaren oroimenak?

Zaharrena naiz, ni baino zazpi urte gazteagoa den ahizpa bat daukat. Aitona hil arte, nire familian ez zen inor hil, ez nik gertutik ezagutzen nuen inor behintzat.

Zer gertatu zen orduan?

Aitona hil zenean ulertu nuen familia hitzaren esanahia eta garrantzia, nolabait ere. Ordura arte, emozionalki behintzat, beti hor egongo zen “erakunde” erdi madarikatutzat nuen, bariaziorik txikiena ere izango ez zuen instituzio zurrun bat. Aitonaren heriotzarekin hasi nintzen berriro ere pixka bat hurbiltzen, baina distantziak mantenduz, kontuz! (eskuarekin keinu bat eginez).

Nondik datorkizu idazlea izatearena?

Irakurle izatetik, segur aski. Irakurle porrokatua izan naiz beti, hizlari traketsa eta pentsatzen ere baldar xamarra. Niretzako, idaztea izan da hitz egiteko eta pentsatzeko modu bat, eta oraindik ere, hala da.

Zer ikasi zenuen?

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen. Ez galdetu zergatik, zeuden karrera guztietan, xarma minimo bat zuen bakarrenetakoa zela iruditu zitzaidan. Oker nengoen. Sistema akademikoa ustelduta dago.

Baina zure ikasketak burutuak jarraitu zenuen ikasten, ezta?

Bai, gero, Parisen eman nuen beste urtebete bat, eta hor bai, ongi. Ez nuen irakasle bakar bat ere ikusi apunteak eskuan, bakar bat ere ez! Zer edo zer ikasi nuen urte bakarra izan zen. Ondoren, Madrilen beste bi urte eman nituen, desastre hutsa, baita ere. Egia esan, oso erreta bukatu nuen unibertsitatearekin eta irakasleekin eta ikasgaiekin eta ikasleekin eta, uf!... Ez dut ezer jakin nahi mundu horretaz.

Nola sartu zinen idazleen munduan?

Editore lanetan jardun nintzen lau urtez, eta hor, liburugintza sistema ezagutzeko parada izan nuen, baita ere idazleekin bertatik bertara egoteko aukera, originalak irakurtzekoa, itzulpenak proposatzekoa... Egia esanda ofizio bat ikasi nuen, edo behintzat ofizio baten (editore izatearen) nondik norakoak.

Nolakoa zen zure lana?

Oso aberasgarria eta era berean oso gogorra izan zen. Pentsa, 23-24 bat urterekin hasi nintzen ediziogintzan, eta hartu beharreko erabaki guztiak ikaragarriak ziren niretzat, oso gaizki pasa nuen horrekin, baina uste dut, zaildu ere egin ninduela lanak. Birjintasuna galdu nuen, nolabait esateko.

Literatura itzultzeak zentzurik al du?

Dudarik gabe. Duela gutxi Céline-ren “Gauaren muturrerainoko bidaia” irakurri dut, izugarria! Uste dut, euskaraz irakurri dudan itzulpenik luzeena dela. Jatorrizkoan ezin denean, munduko literatura euskaraz irakurri nahi dut nik.

Zer pentsatzen duzu Xabier Olarraren «Estilo ariketak», Euskadiko itzulpen sariari buruz...

Esaten dute “Estilo ariketak” itzulezin horietako bat dela, nik ez dut osotik irakurri, baina irakurri dudanagatik, esango nuke, bikain dagoela euskaratua. Azkenaldian, munduko nobedade batzuk, euskaraz argitaratu dira beste erdarekin batera, ez hamabi urte geroago, jende guztiak irakurri dituenean. Uste dut lehen aldia dela, gure artean horrelako zerbait gertatzen dela, eta esango nuke, ez dela gaizki joan (baina hori editoreei galdetu beharko litzaieke).

“Berdintasuna” ala“aukera-berdintasuna”. Zein hitz ikusten duzu zehatzagoa?

Ni ez naiz inoren berdina, eta gutxiago gizon batena! Ez, berdintasuna ez da terminorik egokiena, ezta? Arazoa da terminoetan galtzen garela, askotan, gure egia intimoek erabiltzen ditugun termino ridikulu horiekin egiten dutela talka... eta garrantzia, egia intimo horietan dago, etxeko bakardadean, lehendabizi, eta ondoren, jendaurreko elekerian, ez dakit argi azaltzen naizen...

Oporraldietan, Hotel askotan “nintendo” eskeintzen dute umeen “aisialdi”-rako amua bezala, baina inon ez duzu “haur-liburutegia” ikusten aukeren artean. Irakurtzea “demodé” dago?

Ez dakit inoiz modan egon ote den, ez dut uste... Orain, ni ere ez naiz kontsolen etsai amorratua, ni, makina horiekin asko jolastutakoa naiz, ez dut kaltea hain modu nabarmenean ikusten... Lehen uztaiak zeuden bezala, orain kontsolak daude, eta gure garaian panpin titi-handiak... Beti egon dira ergelak, kriminalak, jakintsuak eta jende normalak, jostailuak gorabehera, garai guztietan. Irakurzaletasunaren inguruan, gauza asko esaten dira, itsusia da irakasleek ikasleei esatea “irakurri egin behar duzue” edo gurasoek haurrei, hori baino boikot kanpaina eraginkorragorik ezin da irudikatu! Nork nahi du irakasleek edo gurasoek esaten dutena egin? Ume sanoek ez behintzat! Emakume eta gizonen arteko parekotasun asunto horrekin bezala, hemen ere faltsukeria galanta dago, guraso eta irakasleek ere telebista ikusten dute!

Zeinentzat idazten duzu? Zergatik?

Ez dut inorentzat idazten, idazten dut idazten dudalako, zergatik bai, orain arte ez dut asmatu galdera honi zentzuzko erantzun bat ematen...

Idazle baten egunerokoa?

Ez naiz egunero esertzen idaztera, inondik ere, baina egunero irakurtzen edo idazten dut, eta antza handia dute bi ariketek. Idazlan batean buru-belarri sarturik nabilenean, oharrak hartzen ditut, beti koaderno berean, eta lehendabizi, berotzeko edo, koadernoan hasten naiz idazten. Hasi beti egiten dut koadernoan, baina bukatu, ordenagailuan beti, ez dut inoiz ipuinik hasieratik amaierara koaderno batean idatzi. Ez dudanean idazteko gogorik, edo indarrik, eta hala ere idatzi behar badut, pasieran joaten naiz, edo irakurri egiten dut.

Bukatzeko: Zure bizitzaren soinu banda: instrumentu gutxirekin Zaporea: zapore bizikoa, mina Usaia:garbitasun usaina Ehundura: belusezkoa Kolorea: urdina Eider Rodríguez Martín

(Donostia, 1977) Gaur egun Kontakizun klasikoaren haustura zinean eta literaturan izenburua duen tesiaren gainean ari da lanean. 2000 eta 2003 urteetan Madrilgo Unibertsitate Conplutensean Doktoradutza ikastaroak egin zituen Ikusentzunezko Komunikazio sailean. 2000. urtean Valladolideko Unibertsitatean Zinemagintzaren Estetika eta Historia ikasi zituen. Urtebete lehenago Sorbonne Nouvelle, Parisen, ibili zen Zinea eta Komunikazioa ikasten eta aurretik, Euskal Herriko Unibertsitatean Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatu zen. Lan esperientziari dagokionez, 2007. urtean 25 urte Korrika dokumentalaren gidoia eta zuzendaritzan ibili zen Eriz Zapirainekin elkarlanean. 2006-2007 Sautrela telebista saioko gidoilari. Eta 2001 eta 2006 bitartean, Txalaparta argitaletxean editore izan zen, lehendabizi gaztelaniazko bildumen editore eta ekoizpen arduradun moduan eta gero euskarazko bildumen arduradun. Hauek dira bere argitalpenak: Irakurri (“Irakurketaren biografia”), saiakera bilduma, Meettok, 2008. Haragia, narrazio bilduma, Susa, 2007. Y poco después ahora, narrazio bilduma, Ttarttalo, 2007. Cuatro cicatrices, narrazio bilduma, Atenea, 2006. Irene Nemirovsky-ren Dantzaldia nobelaren euskaratzea, Txalaparta, 2006. Ametsen baratza, Elea, 2005, “Arima gazteak” ipuina. Eta handik gutxira gaur, narrazio bilduma, Susa, 2004. Marihuanazko bufandak, Txalaparta, 2002, “Déjà vu” ipuina. Errenteria Hiria ipuin lehiaketa, Ereintza, 2001, “Bellevue” eta “Ilusioaren ilusioaz”. Horrezaz gain, literaturaren inguruko hainbat artikulu eta erreportaje eman ditu argitara Hitzak eta ideiak aldizkarian. Nabarra eta The Balde aldizkarietan idatzi ohi du, eta Berria egunkarian hainbat iritzi-artikulu plazaratu bi urtez.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Benito Lertxundi. Musikaria: Mundu makilatuaren aurrean tinko agertzeagatik bakarrik maita liteke euskara, euskal musika eta euskal... beste gauza asko

 

Irakurri

Javier Viar. Bilboko Arte Eder Museoaren zuzendaria: Arte Ederren Museoa bere historiako garairik gozoena igarotzen ari da

 

Irakurri

Jon Marcaide. Astronomia eta Astrofisikako katedraduna: Ni halabeharrez naiz astronomo, literalki halabeharrez

 

Irakurri

Jon Mirena Landa. Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen aldeko Zuzendaritzako arduraduna: Giza Eskubideenganako minberatasuna igotzen ari den arren urraketa asko daude oraindik gure herrian

 

Irakurri

Javier Elzo. Soziologoa: Gazteek aintzat hartzen dituzte leialtasuna, engainurik eza, gizarte harreman garbiak,... ez diezazula inork ezer eman zure izenagatik bakarrik

 

Irakurri