Cristina Garmendia. Biologoa. Genetrix taldeko presidentea eta 2008ko Urrezko Danborra: Aitak egin zidan oparirik handiena esfortzuaren kultura izan zen

2008-01-18

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Urtarrilaren 20an Donostiako egungo alkate Odón Elorzak “Urrezko danborra” emango dio itzal handiko donostiar honi. Gailur profesionalera iristeko ezinbestekoak dira ahalegina, lana, borondate ona, gogoa eta lankidetza (eta “donostiar-kemena”), igoera gogorrean gorantz bultzatzen baitute. Cristina Garmendia horren jakitun den pertsonaren paradigma dela iruditu zait berarekin hitz egin ondoren. Iristea ez dela nahikoa eta eutsi beharra dagoela badakien profesionala da; emakume izatearen aldeak uztartzen daki: pertsona, laguna eta ama (eta beti irribarrea ahoan duela). Cristina irribarretsu agertu zaigu, elkarrizketa atsegin eta apalaren dohaina du. Bere hitz guztiak atseginak dira entzuteko, eta gainera testuak argitzeko gaitasuna duten esaldiak osatzen dituzte, pentsamendu harmonikoak sortu eta intuizioak zirriborratzen dituzte, eta horietan “ikerkuntza” grinaz betetako mundua dela antzematen da. Pozarren jasoko du bere jaioterriko sari nagusia, “zalantzarik gabe sari hori bizitza osoko pozgarriena da niretzat”. Donostian bizi izan zeneko garaia ekarriko dugu gogora... Argazkia: Juan Mari Zurutuza

Nolakoak dira zure haurtzaroko oroitzapenak?

(Irribarre egiten du). Ba kontatuko dizut. 18 urtera arte bizi izan nintzen Donostian eta ikastetxe-garaian oso ondo pasatzen nuela gogoratzen dut, bai lagunekin eta baita irakasleekin ere. Ikastetxe frantsesera joan nintzen, eta asko pozten naiz horregatik. Izan ere, gaur egun ingelesa derrigorrezkoa da (nahi eta nahi ez ikasi beharra duzu). Han frantsesez hitz egiten ikasi nuen eta primeran etorri zait hori. Nire haurtzaroa gogora ekartzen dudanean maitasun handiko sentsazioak datozkit, oso garai zoriontsua izan zela sentitzen dut. Agian gauzak idealizatzeko joera izango dut...

Ikastetxeko lagunekin oroitzen zarela esan duzu. Eta etxean, anai-arreba asko al zineten?

Ez. Ahizpa bat dut, ni baino askoz zaharragoa dena, nik 6 urte nituela ezkondu zen, eta beraz, ez ginen luzaroan elkarrekin bizi izan. María eta Elías ilobekin bai bizi izan naiz, adin berdintsuagoa dugulako.

Zein alde ikusten dituzu iraganeko Donostiaren eta gaur egungoaren artean?

Donostia gaur egun den hiriaren gisara gogoratzen dudala esango nizuke. Hiri txikia izan arren erraztasunez eta erosotasunez beteta dago eta oso-oso erraza da bertan bizitzea. Txikitan independentzia handia nuela gogoratzen dut, guztia antolatuta zegoen moduari esker bakarrik joan ahal izaten nintzen toki guztietara eta garaiz ibiltzen nintzen batera eta bestera iristeko. Izan ere, eskolaz kanpoko jarduera guztietara apuntatzen zen horietakoa nintzen, gimnasia, igeriketa, zaldiz ibiltzen nintzen, eskiatzera joateko izena ematen nuen... oso kirolzalea nintzen.

Nola ikusten zuten etxean horrenbesteko aktibitatea?

Gurasoak jarraitzaile leialak ziren eta beti gauza guztietan aldeko nituen. Baina batez ere autonomoa eta independentea izatera animatzen ninduten... eta nik gauza bera egiten dut nire seme-alabekin.

Seme-alabak aipatu dituzunez, zenbat dituzu?

Semea eta alaba ditut, Anderrek 12 urte ditu eta Teresak 11.

Eta nola eraman duzu familia eta lana bateratzearena?

Ba oso ondo. Egia esan, ez dut inoiz arazorik izan. Seme-alabak ondo ikusten ditut (agian beraiei galdetu beharko genieke), zoriontsu dira, eskolan ondo dabiltza... nola bateratzen ditudan bi arloak? Ba emakume guztien eta espero dut gizon guztien moduan: Planifikazioa eta antolaketa. Izan ere, urte osoan neure buruari luxu bakarra eskaintzen diot, uztaila aldera, haurrak udalekuetan direnean, hiruzpalau egun bakar-bakarrik ematen ditut. Pirinioetara joaten naiz, aske izateko, eta planifikatu gabe eta aurrez ezer pentsatu gabe bizitzeko. Unean sortzen dena sortzen dela, nahi dudana egiten dut. Urteko terapiarik onena da.

Biografia-ildora itzuliz, Biologiako ikasketak aukeratu zenituenean zergatik joan zinen Sevillara?

(Barrezka) Hori bera galdetzen zidan amak! Hasieran zalantza izan nuen Biologiaren eta Fisikaren artean. Baina batez ere bi faktorek eraman ninduten Sevillara Biologia ikastera. Batetik argi neukan ikerketa zela niri gustatzen zitzaidana, alde batean zein bestean (fisikan edota biologian), eta bestetik, 18 urterekin beste gauza batzuk ezagutu nahi nituen, Donostiatik atera. Orduan, Sevillan Genetikako espezialitatea den Biologia molekularra irakasten zutela ikusi nuen, eta bertan espedienteagatik aukeratutako hamabi ikasle bakarrik sartu zitezkeela. Ikasle-talde berezi horretako partaide izateko helburua jarri nion neure buruari. Eta hara joan nintzen.

Norbere buruarengan konfiantza handia izan behar da horretarako...

Noski, eta lan eta ikasi egin behar da. Aitak egindako oparirik handiena ahaleginaren kultura izan zen, eta neure seme-alabekin horixe bera lantzen dut: ikastea, ikastea eta ikastea, hori da aukeratu ahal izateko eta aske izateko bidea. Hori da premisa, ez da ikasten nota ona ateratzeko, norberarentzat baizik. Aukeratu ahal izateak emango dizu gogobetetze eta zoriontasun handiena. Gainera, gurasoak ez ziren hori erakutsi zidaten bakarrak; izeba, orain 90 urte inguru dituenak, emakume enpresaria izan zen bere garaian. Zorionez, ahaleginaren kulturaz gain arrakasta profesionalak eta pertsonalak bizi izan ditut. Ahalegin handia egiten dut, baina horri esker jarraitu nahi dudan bidea aukeratu dezaket. Aukeratu ahal izatea luxua da.

Aitak loturaren bat al zuen ikerkuntzarekin?

Ez. Arrantza-munduarekin lotuta zegoen, armadorea baitzen. Baina ezkondu zenean, hogeita bost bat urterekin, izan zitekeen guztia zen, bi enpresetako kontabilitateaz arduratzen zen eta edozer egiten zuen bere bidea jorratu ahal izateko. Jatorri apalekoa zen eta ahalegin handiarekin aurrera ateratzea lortu zuten (eta oso ongi gainera).

Ni oso bestelako egoeran jaio nintzen, klase ertain-altuan. Halere, berak oso argi transmititu zidan, “gertatu dakizukeen onena aukeratu ahal izatea da, baina gainera, erabat independentea izan behar duzu, ezin duzu mendekotasunik izan, ez gurasoenganako, ez senarrarenganako, ez ezerekiko”.

Isilik gelditu naiz. Esandakoaren ondoren, ez dut uste aurrez prestatutako galderaren batek halako erantzun sentitua, benetakoa eta interesgarria lortu dezakeenik. Horregatik elkarrizketa honetan falta ezin zen galdera bakarrik erantsiko dut.

Donostiako alkatearen eskutik “Urrezko danborra” jasotzean zer edo zein izango duzu gogoan?

Aita, noski. Duela hiru urte hil zen. Argazkia: Juan Mari Zurutuza

Baina elkarrizketak aurrera egin zuen eta Cristina Garmendiarekin hizketan jarraitu genuen. Jarraian, kontatu zizkigun bestelako gauzen artean aipagarrienak.

INDEPENDENTZIA: Bikote-harremanean, senarrarekin 10 edo 15 urte daramatzazunean eta seme-alabak dituzunean, maite duzulako berarekin zaudela eta ez “egon behar” zarelako begietara begira esan ahal izatea zoragarria da. Horregatik da hain garrantzitsua erabat independente izatea, independentzia horren alde borrokatzea zoriontsu izatearen arrazoietariko bat baita, zalantzarik gabe.

LUXUA: Seme-alabak oso txikiak zirela abiarazi gabe zegoen Genetrix proiektua. Ume txikien zaintza intentsiboarekin bateragarriagoa zen lana nuen. Gainera, zorionez etxean laguntza izan dut, bai lehen eta baita orain ere, eta bestalde amari deitzen badiot esanaz bidaian noala (eta senarra ere kanpoan bada), ia 86 urte baditu ere, beti prest dago txartel elektronikoa atera eta Donostiatik hona haurrak zaintzera etortzeko. Hori luxua da!

ERREFERENTZIAZKO EREDUA: Saiatzen naiz laneko bidaia batzuetara seme-alabak eramaten, bidaiatu eta toki diferenteak ezagutzeko aukera izan dezaten. Haurrei gurasoen bizitza profesionala erakutsi egin behar zaie, eurek ulertu dezaketen neurrian. Seme-alabek gurasoen alde profesionala ezagutu eta ulertu behar dute, eurentzako erreferentziazko eredua izango delako eta gauza bakoitza zer den jakinaz aukeratu ahal izango dutelako.

NOTA ONAK ETA ZERBAIT GEHIAGO: Gurekin lan egin nahi duten pertsonen curriculumak hartzen ditudanean gehien begiratzen dudan gauzetako bat da aisialdian zer egiten duten. Hau da, karrera ikasi duzu bost urtetan, sekulako notak atera dituzu, baina zer egin duzu udaran? Zein da zure bizi-planteamendua? Elkarrizketa pertsonala funtsezkoa da erakundean gerora arrakastaz integratuko den norbait aukeratu ahal izateko.

PROIEKTUAK: Berrikuntza-aukera argia egon behar da proiektu bat abian jartzeko. Proiektuaren atzean nortzuk dauden oso garrantzitsua da egitasmoa aurrera ateratzeko, funtsezkoa. Sarritan ideia oso on baten atzean pertsona arazotsu bat dago, eta ikerkuntza, berrikuntza eta garapena bultzatzea horren zaila izanik ezin diogu pertsonen konplexutasuna gehitu. Ez dago aukera bakarra, beti dago aukera bat baino gehiago.

ARRAKASTA: Ideia baten arrakastaren oinarrian parametro-multzoa dago, ez bakarrik asmatzea. Taldea, motibazioa edota pertsonen jarrera ideia bera bezain garrantzitsuak dira.

GENETRIX: Bazkaloste batean sortu zen, Carlos Martínez Alonso (CSICko lehendakaria gaur egun), Antonio Bernat (Zelula Amen Irakasle Ikertzailea) eta ni elkartu ginen batean. Egia esan adiskidetasun-harreman oso sendoa dugu doktoretzako garaietatik. 98-99 urteak ziren, eta Carlosen Ikertzaile-taldeak eta industria farmazeutikoak sinatutako akordioaren inguruan hizketan ari ginen. Ikerkuntzaren eta industriaren artean oso tarte zabala dagoela konturatu ginen. Hitz gutxitan esanda, ikertzaileen asmakuntzak industria farmazeutikora eramateaz arduratzen da Genetrix. Baina... (irribarre egin du) ideia erromantikoaren atzean oztopo-lasterketa zegoen, baina oso talde “grinatsua” ginenez, trabak traba, aurrera egin genuen.

EMAKUME PROFESIONALA: Gizartean dagoen aurreiritziaren ondorioz, askok haurdun dagoen emakumea ez du profesional on gisa ikusten. Baina aurreiritzi hori esperientziarekin gainditu egiten da. Genetrixen haurdunaldi asko izan ditugu eta primeran kudeatu ditugu, ez da “konplikazio” bat, errealitate bat baizik. Genetrixen gehienak emakumeak gara, profesionalen hautaketan horrela suertatu delako.

BERDINTASUNAREN LEGEA: Bat nator sustagarri diren ekimen guztiekin, baina ez derrigortzen dutenekin. Erabat ados nago emakumea esparru guztietan eta goitik beherako lanpostuetan izatea errazten duten politika guztiekin, baina betiere ildo hori derrigortu gabe sustatzen bada. Adibidez, administrazio-kontseiluetako kideak konpainiaren kapitalaren ordezkariak dira, kapitalak ez du sexurik, kapitala bere jabearena da, gizona edo emakumea, eta horregatik iruditzen zait ez litzatekeela “berdintasun-kuotarik” egon behar. Emakume asko ezagutzen ditut zuzendaritzako goi-karguetan daudenak, eta ziur diotsut ez direla inolako kuotarengatik iritsi horra.

AURRERAPEN PROFESIONALA: Lanpostuz igotzea eskaintzen dudan bakoitzean kontuan hartzen dut pertsona horrek familia eta lana egoki bateratzen ote dituen, eta ez gizonezkoa edo emakumezkoa den. Bateratze hori egokia ez denean pertsona horrek arazo larria du, ez emakumea edo gizona izateagatik, baizik eta desorekazko arazo familiarra duelako. Pertsona hori ez da gai ardura gehiago bereganatzeko. Duela hamabost urte sozialki arraroa zen bikote-orekari esker aurrera egiten zuten emakumeak ikustea. Hori aldatu egin da eta bikotekideek normaltasun gehiagoz ikusten dute emakumeek euren ibilbide profesionalean aurrera egitea.

I+G+B: Oso inportantea da herri batek ikerkuntzaren, garapenaren eta berrikuntzaren aldeko apustua argi eta garbi izatea, hiru gauza sekuentzial eta oso garrantzitsu baitira.

EUSKARA: Gorde beharreko altxorra, gure esentziaren, gure kulturaren, gure jatorriaren osagaia da, dena da. Era berean mundu guztiarentzat erakargarri izan dadila lortu behar dugu, baina ezin dugu gure hizkuntza harresi bilakatu. Talentuak, dagoen tokian dagoela, Euskadira etortzeko aukera izan behar du. Zoragarria da haur guztiek euskaraz hitz egitea, baina ezinbestekoa da ingelesez mintzatzea. Suitzan haurrek bost hizkuntzatan hitz egiten dute!

SINISTEN DUT: Eguneroko errealitatean eta pertsona gisa hazteko etengabeko ahaleginean.

SEME ALABENTZAKO DESIO BAT: Askeak izan daitezela eta euren bizitza-aukera hautatzeko pribilegioa izan dezatela. XXI. MENDEKO GIZARTEA: Anitza eta askea, inongo inposaketarik gabe ikuspegi diferenteak defenditu ahal izateko, eta gure egiak zalantzan jarri (ez dago egia absoluturik): ez daukat argi, ez dakit horrela ote den, esan dudana zalantzan jartzen dut. Badira zalantzarik onartzen ez duten politikak eta erlijioak, eta zalantza da aurrerapenaren funtsa. Cristina Garmendia (Donostia, 1962) Biologian lizentziatua (Sevillako Unibertsitatean) eta Biologia Molekularrean doktorea (Madrilgo Unibertsitate Autonomoan) izateaz gain, enpresa-zuzendaritzako masterra ere bada (IESEn; Bartzelonan). Genetrixeko lehendakaria eta sortzaileetakoa, 10 urtetik gorako eskarmentua du goi-mailako zuzendaritzan. Asebio-ko (Bioenpresen Espainiako Elkarteko) lehendakaria da eta CEOEko (Espainiako enpresari-erakundeen konfederazioko) Zuzendaritzako batzordekide.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jose Mari Ormaetxea. Mondragon Kooperatiba taldearen sortzaileetarikoa: Enpresetan zuzentasunak izan behar du nagusi, hau da, nori berea eman behar zaio, eta halaber, bidezko gizartea sustatu behar dute, herriko eragile dinamizatzaile bihurtuz

 

Irakurri

Eva Aguilera. Amnistia Internazionala: Pobreziaren kartzeletan preso dauden pertsonen askatasuna aldarrikatzen dugu

 

Irakurri

Felix Mugurutza. Etnografoa eta Aunia Kultur Elkarteko kidea: Gabonetako ohiturak Elizak eraldatu nahi izan dituen erritu paganoak izan dira

 

Irakurri

Itziar Plazaola Giger. Filosofian lizentziatua eta Hezkuntza zientzietan doktoratua: Hizkuntza, batez ere, gertaera sozial bat da

 

Irakurri

Ana Fernández Sáinz. UNIQUALeko zuzendaria: Funtsezkoa zen Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea kanpotik ebaluatzeko erakundea sortzea

 

Irakurri