Francisco Castilla Urbano. Ideien historialaria: Julio Caro Baroja jakinduria trinkoko gizona izan zen, hori bere ikuspegi pertsonalarekin uztartuz

2015-03-04

AGUIRRE SORONDO, Juan

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari

Gure artean Julio Caro Barojaren lanak ez du parekorik, eta ez bakarrik horren tamainagatik (ia 700 idazlan burutu zituen, ikerlanak, artikuluak eta liburuak aintzat hartuz alegia, denak ere hirurogeita hamar urteren buruan). Deigarriak dira bere zehaztasuna eta argitasuna, kultura ekimenak lantzeko bide berriak ireki zituelarik. Horregatik, bere jaiotzatik ehun urte igaro ostean, On Julio funtsezko erreferentzia bilakatu da gizakion izaera eta pentsamoldeak ulertu nahi duenarentzat, munduaren erronkak bizi eta horiei aurre egiterakoan alegia. Bereziki ezinbestekoa gertatzen da euskal gizartearen konplexutasuna ulertu nahi dugunean. Julio Caro Barojaren urte-hurrenean, Euskonews-ek “Itzea-ko jakintsuaren” pentsamoldea eta metodologiaren gaineko aditu nagusienetako bati elkarrizketa egin dio: Francisco Castilla Urbano irakaslea.

Julio Caro Barojaren inguruko elkarrizketa hasteko, beharrezkoa gertatzen da bere familiak izandako eragina aipatzea.

Bai, zalantzarik gabe. On Julioren lanak berak oso lotura estua dauka bere osaba Pioren lanarekin, baita Rikardo osabarenarekin ere, eta bizitzari dagokionez, amarekin hertsiki lotuta zegoen. Berez, bere ibilbidean zehar hainbat irudi nagusi izan zituen, baina inolako zalantzarik gabe, eragin handiena izan zuen pertsona, izaera eta munduaren ikuspegiari dagokionez behintzat, Pio Baroja nobelagile handia izan zen. Honek euskaltasunaren inguruan eta gizartearen gainean idatzi zuen, baina aldi berean liburu biltzailea ere bazen, Itzeako liburutegi oparoa osatuz, berau funtsezkoa izan baitzen On Julioren heziketan.

El análisis social de Julio Caro Baroja: empirismo y subjetividad, Julio Caro Barojaren ibilbidea, metodoa eta ekoizpenaren gaineko lehendabiziko ikerketa orokorra.

Historialaria, antropologoa, folklorezalea, etnografoa, hizkuntzalaria, literatura ikerlaria, hainbat kasutan soziologoa eta gaurkotasunaren analista, ... Baina benetan deigarria dena zera da, hori guztia ikuspegi pertsonal adikorrez jantzi zuela, zatiei zein osotasunari zentzua eskainiz.

Berez, bere bizitzan zehar hainbat unetan bere burua era desberdinetan deskribatzen du. Zenbait kasutan historialaritzat jotzen zuen bere burua, bestetan antropologotzat, beste kasutan Antzinatasunaren ikerlaritzat, ... Bere lana jakinduriaren hainbat alor landu zituen gizon baten lana da, eta batez ere, esparru guztiei bere ukitu propioa eman zien, egiten zuen guztiari bere azterketa pertsonala gehitzen baitzion. Bai, On Julioren lana Menendez Pelayo edota Menendez Pidal bezalako poligrafo handien lanarekin parekatu daiteke bakarrik, gure kulturan oso eragin handia izan duten gizasemeak alegia.

Caro Barojaren metodologia zehatz-mehatz aztertu duzu eta gai honen inguruan sakon hitz egin genezake, baina laburbilduz: metodoari dagokionez heterodoxoa izan al zen?

Berez, bere garaian horixe izan zen erakarri ninduena eta berau aztertzera jo nuen: metodoaren kontua alegia. Zenbait pertsonen arabera, ez zuen metodorik, ez baitzegoen halako eredu esanguratsurik, ezta antropologo bezala aritzen zenean, batez ere esparru horretan oinarrizkotzat hartzen ziren arauak betetzen ez zituelako.

Egia esan, metodologia aldetik On Julio heterodoxo bilakatu zen denboraren poderioz. Hau da, Barandiaranekin harremanetan hasten den heinean, Aranzadi eta beste lagunekin batera, metodo antropologiko desberdinak bereganatzen hasten da, gero ere kutsu historikoko metodoak uztartuz. Pixkanaka ez du eredu finko eta zehatz baten alde egiten, hainbat bitarteko jorratu ostean alegia; handik eta hemendik gauzak hartzen ditu eta bere metodo propioa eratzen du. Esan daiteke heterodoxoa izan zela, edota beste ikuspuntutik abiatuta, hainbat gauza aurreikusi zituela, gerora bestelako joeratan uztartu zirenak alegia. Baina ez metodoak aintzat hartu ez zituelako, aitzitik pixkanaka denak bereganatu zituelako, eta denboraren poderioz argi eta garbi ikusi zuen bere burua aberatsagoa eta askeagoa zela bere arau propioak betetzen bazituen.

Norbaitek bere lan historiografikoa “historia txikia” omen zela esan zuen: hau da, ez da errege, jeneral edo buruzagien gaineko historia, aitzitik lagun arrunten historia da, horien bilakaeren historia. Horrek ere eragin zuzena dauka “historia handian”.

Bere garaian On Juliok “historia txikia” egiten zuela esan zuena Davydd Greenwood izan zen eta nire ustez zuzen zebilen. On Juliok interes berezia agertu zuen aparteko zer edo zer egin zuten pertsonak zirela eta, historiako pertsonai ospetsuak ez baziren ere, Lope Agirre bezala erokeriaren bat egin bazuten ere. Zentzu horretan, anonimatutik ateratzen ditu eta beraien nortasuna azpimarratzen du, nolabait beraiek ere ospetsu bilakatuz. Bere osaba Pioren herentzia gisa, pertsonai horiek tratatzerakoan halako samurtasuna agertzen du, horien gaineko deskribapena burutzean argi erakusten digu begiko dituela.

Zure liburuan zera esaten duzu: “Pertsona arrunten adimena ulertzea askotan pentsalari handiena ulertzea baino askoz neketsuagoa gertatzen da”. Horrek “pentsamoldeen historia” ekartzen digu burura, On Julio aitzindari izan baitzen diziplina horretan. Nola definitu daiteke?

Nire ustez, oso ekarpen handia izan zen batez ere hirurogeita hamarreko urtetatik aurrera, liburu zaharragoetan aurrekariak ageri badira ere. Adibidez, El señor inquisidor y otras vidas por oficio liburuan oso ondo islatzen ditu pentsamolde horiek, batzuetan sinpleak eta beste batzuetan korapilatsuak, eta askotan lekuz kanpokoak, batez ere garai horretan indarrean zeuden joerekin alderatuz gero; edota berezkoa duten lanbide, errealitate edo eginbehar zehatz bati heldu nahi dioten lagunak deskribatzen ditu. Erotzat ere jotzen dituzte, garaiz kanpo geratu diren baloreak aintzat hartzen dituztelako, amaitu den aroari baitagozkio. Zentzu horretan, guztiz interesgarria da pentsamoldeen arteko talka ikustea, horrek ere gatazka baitakar, batez ere horren eraginpean bizi diren pertsonengan, garaiz kanpo geratzen ari direla ikusten baitute. Eta ziragarria gertatzen da On Juliok hori guztia nola aurkezten duen ikustea. Julio Caro Baroja, Ander Manterola eta Jose Migel de Barandiaran (ezkerretik eskubira).

Noski, hortik dator bere jarrera pertsonai baten inguruan zera esaten duenean: “jar gaitzen bere munduan bere burua ulertzeko”. Gero, hori ia printzipioen deklarazioa bilakatu zen Las brujas y su mundo liburuan, gure arteko pentsamoldeen historiaren gaineko lan aitzindaria.

Bai, arazoen aurrean norbanakoaren pentsamolde propioan sartzeko esfortzu hori, ikerlanak berak adiera dezakeen subjektibotasuna alde batera utzirik, gizakiak zer sentitzen duen bildu nahian, eta zergatik jokatzen duen jokatzen duen moduan, dena ere bere testuinguruan kokatuz ... Agian bestelako baldintzetan “erotzat” hartuko genukeen gizasemea dela badirudi ere, eta giltzaperatu egin beharko genuke. Hala ere, nire ustez horixe da On Julioren meriturik handiena, behin eta berriro errepikatu egin zuen jokamolde berbera eta horregatik dira bere lanak hain erakargarriak eta halako merezimendua daukate.

Garrantzizkoa da materiazko kulturari eskaini zion arreta berezia, herri zein pertsonen bizitza espirituala ulertzeko berau oinarrizkotzat jotzen baitzuen. Adibidez, euskal etxea; edota Sahara ingurua ikertu zuenean. Eguneroko materiaren bidez hurbiltzeak jokabide etnografiko zehatza agerian uzten du.

Bai, hasiera batean izan zuen heziketagatik Barandiaran, Aranzadi, Trimborn, eta abarrekin, eta antzinako historiaren gaineko lanen eraginez, beti arreta berezia eskaini zion materiari, eguneroko gauza txikitatik hasita etxe osoraino. Hortik sortu ziren, besteak beste, honelako lanak: Los pueblos del Norte, Los pueblos de España, Estudios vascos edota La casa navarra. Gainera, Espainiako Herriaren Museoko zuzendari gisa hamar urtez burutu zuen lana zela eta, betiko etxeko tresna eta lanabesak biltzeari ekin zion, ziztu bizian desagertzen ari zirela ikusten baitzuen.

Dena den, hasiera batean materiaren inguruko kultura hori gizartearen gaineko ikerlanen osagarria besterik ez zen, baina pixkanaka bere arretak beste arlo batzuk lantzen hasi zen, esaterako, pentsamoldeak, nortasuna, biografia eta abar; eta azkenean horiexek egiturazko osagai funtsezkoak bilakatu ziren honako gai hauek jorratzean: artxibategiak, kordelezko literatura, literatura-testuak. Materiaren aldeko joera hori gero eta isla handiagoa dauka ideologian. Estudios saharianos ikerlanean, prozesu horren hasieran dagoen heinean, Saharako biztanleen abereak, karpak eta kanpamenduak lantzen baditu ere, arreta berezia eskaintzen die beraien biografia, kantu, kontaketa, eta abarri.

Lan gehienetan bere xede nagusia herrien inguruko topikoak agerian uztea dela esan genezake, beti ere ezagutza enpirikoaren argitan. Nondik dator topiko eta leku arrunten aurkako kezka hori?

Ezin izango nuke zehatz-mehatz esan horren jatorria zein den, baina egia da bere ezaugarri nagusia dela. Ez dagokie bakarrik Espainiako zein Euskal Herriko mito politiko edo etnikoei, aitzitik buruan eta hizkeran nonahi topatzen ditugun mitoak hartzen ditu: baserritarra, itsasoaren arriskuak, ... Berak balizko oinarririk ez dutela ikusi gabe behin eta berriro inozoak bezala errepikatzen ditugun topiko guzti horiek aztertzen ditu, eta agerian uzten du halako egoeren konplexutasuna. Hori guztia dela eta, gutxienez, halako oinarrizko uste eta sinesteak zalantzan jarri beharko genituzke, askotan behin eta berriro errepikatzen baditugu ere, ez baitatoz bat errealitatearekin.

Julio Caro Baroja.

Julio Caro Baroja antropologia lantzen hasi zen Jose Migel Barandiaranen eskutik, eta bizitza osoan lagunak izan ziren. Dena den, bien arteko ezberdintasun intelektualak nabariak izan ziren. Horrela, bakoitzak duen euskal nortasuna eta kulturaren gaineko ikuspegia ia kontrajarriak dira. Beraz, zein ziren “euskal gizartearen inguruko desadostasun horiek”?

Funtsezko ezberdintasuna zera litzateke, Barandiaranek ia XIX. mendekoa —edota aurrekoa— zen euskal gizartean oinarritzen dela. Nekazaritza giroko gizartea da, baserriaren inguruan eratua, berez Errepublika garaian jada desagertu egin zen gizartea alegia, eta Gerra Zibilaren ostean abiada bizian eraldatuko zen gizartea.

On Juliok aldiz behin eta berriro esaten digu euskal gizartea askoz konplexuagoa dela. Ez da nekazaritzan oinarritzen, ezin daiteke gizartea baserria edota nekazaritzarekin identifikatu. Aitzitik, industria asko dago, hiriak daude, eta gatazkak sortzen dira landa eta hiriaren artean. Gainera, euskarak berak egoera propioa bizi izan du, une batean ia larrialdizko egoeran murgildu baitzen. Desagertzen ari bazen ere, gerora berriro indarberritu da.

Alde nagusia Barandiaranek aurkezten duen euskal gizartearen sinpletasunean topatzen dugu, On Julioren konplexutasunaren aurrean alegia.

Horrez gain, kontuan izan behar dugu Julio Caro Barojak ez zuela uste arlo etnikoa tresna erabilgarria zenik antropologiarako.

Hala da bai, eta askotan horrela adierazi zuen. Kontua da Barandiaranen kasuan, hori dela eta, kritika handiak jaso dituela. Caro Barojak ez zuen inoiz Barandiaran aipatu halako kritiken helburu bezala, baina argi dago bere lan guztia Barandiaranek jorratu zituen garapen eta printzipioei erabat kontrajarrita dagoela.

Honako gai hau gehiago landu nahi dutenentzat, Francisco Castilla irakaslearen artikulua gomendatzen dugu, hau da, Amistad y discrepancias sobre la sociedad vasca. Las relaciones entre Jose Miguel de Barandiaran y Julio Caro Baroja (Revista de Occidente 295, 2005).

Caro Barojaren lezio nabarmenena hautatzekotan, agian hauxe litzateke: kultura oro etengabe aldatzen dela, gizakia bera dinamikoa, aldakorra, gatazkatsua dela ... Gaur egun hori guztia postmodernotzat hartzen da, baina berak horixe frogatu zuen duela berrogeita hamar urte.

Hala da bai, On Julioren lanaren alderdi interesgarrienetako bat gatazka aztertzeko joera da. Ez da marxisten kutsuko gatazka, gizarte-klaseen artekoa, aberats eta pobreen artean. Aitzitik, landa eta hiria aurka jartzen dituen gatazka litzateke, berritasunak eta tradizioa, ... Hau da, gatazka ezberdina da, aberatsagoa. Gehienetan ez du gatazka gizarte-klaseen gaineko termino marxisten arabera aztertzen. Baina horrek ez du esan nahi bere ikerlanak gatazkatsuak ez direnik. Orain burura etorri zait, adibidez, XV-XVII. mendeetan barrena erlijioa nola aurkezten duen, oso termino eztabaidagarriak erabiliz alegia (Las formas complejas de la vida religiosa liburuan). Nire ustez, hortxe bertan aurki dezakegu bere lana ulertzeko oso gako interesgarria eta aberatsa. Francisco Castilla Urbano Francisco Castilla Urbano irakaslea da Alcala-ko Unibertsitatean. Bertan Historia eta Filosofiako Saileko zuzendaria da eta besteak beste, gai hauek eskaintzen ditu: Pentsamendu Politikoaren Historia, Espainiako Pentsamenduaren Historia eta Filosofia. Julio Caro Barojaren lana, pentsamendua eta harreman intelektualen inguruko idazlanak eta artikuluak lantzeaz gain, egile honek El análisis social de Julio Caro Baroja: empirismo y subjetividad liburua idatzi du. Berez, hauxe dugu Julio Caro Barojaren ibilbidea, metodoa eta ekoizpenaren gaineko lehendabiziko ikerketa orokorra.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Arantxa Urretabizkaia. Idazle eta kazetaria: Euskal literatura bere historia osoan egon den momenturik hoberenean dago

 

Irakurri

Adelaide Daraspe. Euskaldunak Quebeceko lehendakari ohia: Lan handia egiteko gelditzen da munduko eta Euskal Herriko euskaldunak hurbiltzeko

 

Irakurri

Jesus Arzamendi. Euskaltzale, euskaldun berria: Mundu ezezagun bat deskubritu nuen euskararekin

 

Irakurri

Pedro Anitua Aldekoa. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria: Hiri ordenamenduak zerikusi handia dauka kalteen murrizketan

 

Irakurri

Agustín Azkarate. Arkeologoa: Aldaietak arabar tipologiako arma industria bat azalarazi du

 

Irakurri