Pedro Anitua Aldekoa. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria: Hiri ordenamenduak zerikusi handia dauka kalteen murrizketan

2014-11-05

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Jatorrizko bertsioaren itzulpen laburtua

Suteek egundoko kaltea eragin dute mendetan zehar gure herri eta hirietako ondarean. Hemeroteka eta artxiboek informazio puntuala eskaintzen digute han eta hemen gertatutako hondamendiez.

Pedro Anituak asko daki sutez eta horiei aurre egiteko sistemaz. Administrazioko goi mailako karguetan ibili da, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari izatera heldu arte. Garbi dauka edozein ekimen gutxi direla, balizko ezbeharrei aurre egiteko eta bere sailean teoria praktika bilakatu du eta alderantziz. Izan ere, berak dioenez suteak erabat aurreikus daitezke, kaltearen maila jaitsaraziz.

“Suteak ez dira berez ezer arraroa. Jakin badakigu suteak pairatu behar ditugula, estatistikek horrela markatzen baitigute. Gure kalkuluen arabera Bilboren moduko hiri batean urtean 220 sute eman daitezke. Jakina, ez dakigu non eta noiz sortuko diren, baina emango direnaren gainean ez dago bat ere zalantzarik. Horregatik garrantzitsuena, funtsezko oinarri prebentiboa prestatzea da. Bi aldetatik kontenplatzen da oinarri hori: sutea ekiditen saiatzea eta, izanez gero, kalteak ahalik eta txikienak jasan daitezela. Ekiditea ia-ia ezina denez gero, hiritargoa kontzientziatuz gero portzentaje handi batean kalteak txikitu ahal izango lirateke, modu nabarmenean”.

Pedro Anituaren esanetan, sute hitza galera hitzarekin erlazionatu behar da beti, estu-estu lotuta baitaude. Beroak, keak, gazek eragin negatiboa izango dute pertsonengan eta hildakoak ez izan arren suteak oso galera handiak eragingo ditu. Galera materialak eta immaterialak dira, azken finean, edozein sutatik sortzen direnak, eta lehenak baino larriagoak izaten dira bigarrenak, kasu gehienetan ordezka ezinak baitira galdutakoak. Betiko galtzen dira eta ez dago ordezkatzerik.

“Ezin da dirutan bakarrik neurtu galeraren maila. Ondare historiko artistikoaren galera edozein ekipo edo makinarena baino haratago doa, azkenak ostera jar daitezkeen bitartean margo irudi bat, taila bat edo eliza zahar baten horma irudiak betiko galtzen zaizkigu”.

Euskal Komunitate Autonomoan indarrean dagoen legeria osotzat hartzen du Anituak eta bere iritziz arazoa arautegia betetzean datza. Arauak ez dira atzeraeraginezko izaerakoak eta, beraz, zaharrak diren elizetan ezin dira osotasunean aplikatu; aldiz, eliza zaharretan gordetzen da ondarerik baliotsuena. Arautegitik at, Anituaren ustez beste irtenbide batzuk ahalbidetu beharko lirateke, legeriaren huts horri aurre egin ahal izateko.

“Hiri ordenamendua oso garrantzitsua da sute eta gainerako hondamendien galerak ekiditeko. Elementua —eraikina, kasu— non aurkitzen den, ondoan ur ahoak dituen, dagoen kalean banku edo farolek suhiltzaileen kamioia ibiltzea oztopatzen ote duten eta gainerako kontsiderazioak aldez aurretik planifikatu behar dira, ezbeharra gertatzen denean ahalik eta modurik eraginkorrenean aritu ahal izateko”.

Euskal Erkidegoan ondare material baliotsuenak salbatzeko erakunde planik ote den galdetzen zaionean, helburu horri lehen bai lehen eutsi beharko litzaiokeela dio, izan ere erakunde bakoitzak berezko babesa ematen dio bere altxorrari, baina gertatzen da behin larrialdiko zerbitzuak iristen direnean ez dakitela nondik hasi behar duten, salbatu behar dituzten balioen zerrenda ezagutzen ez dutelako. Europako zenbait tokitan hartu izan diren neurriak gure artean ere inplementatu beharko liratekeelakoan dago Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria.

Anitua jaunak bere biziko garrantzia ematen dio bere sailean kokatua dagoen Meteorologia zuzendaritzari eta horren izen ezagunena den Euskalmet zerbitzuari. Euskalmetek koordinatu egiten du, eguraldiari buruz Erkidegoan ditugun ehun estazioren lana eta hori egundoko informazio iturria da, biztanleria abisatua eta edozein hondamendiren arriskuari aurre egin dakioke garaiz.

“Hogei minutuz behin ezagutzen dugu denbora errealean gure Erkidegoan gertatzen ari dena. Eta aukera ematen digu malgutasunez ibiltzeko. Prebentzioa ez datza balizko fenomenoa ekiditean baizik eta kalteak txikitzean, aldez aurreko babes-neurriekin. Euskalmetek egundoko balioa eman dio babes zibilari, eta zer esanik ez eguraldiari buruzko informazioari, web, sare sozial eta medioen bitartez”.

Azkenik, Pedro Anitua ‘112. SOS Deiak’ zerbitzuaz arduratzen denez gero, telefonoak gure Erkidegoan eskainitako zerbitzu zabalaz mintzatu da. Hiru mila eta bostehun dei jasotzen dira egunean 112 telefonoan eta horietako 450 berezko zerbitzuan bilakatzen dira. Gehienak, deia jaso eta minutua oraindik pasatu ez denean.

“Hiritarrek ‘112 SOS Deiak’ zerbitzuaz daukaten iritzia oso ona da. Lan handia da, eta egunean egon behar dugu gure zerbitzuen zorroztasunarekin. Lana etengabea da, eta daukagun giza taldeak oso lorpen onak erdietsi ditu”.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Agustín Azkarate. Arkeologoa: Aldaietak arabar tipologiako arma industria bat azalarazi du

 

Irakurri

Joseba Achotegui Loizate. Psikiatra eta Psikoterapeuta: Lehen bizio eta bekatu nagusiez hitz egiten genuen, orain buruko nahasteak ahoz aho dabiltza

 

Irakurri

Aritz Aranburu. Surflaria: Surfa bizimodu izatea errealitate bilakatutako ametsa da

 

Irakurri

Mariasun Landa. Idazlea: Utopia historiaren motorra da eta 68ko maiatza hartan ezagutu genuen hori

 

Irakurri

Jesus Zubiaga. Sancho el Sabio Fundazioko zuzendaria: Utz diezaiogun uharte-erakunde izateari eta goazen sare artikulatu batera

 

Irakurri