Gabriel Imbuluzqueta: "Artisauak enpresari batek bezala pentsatu behar du. Merkataritzako planteamenduak ez du inolaz ere artisautzaren karisma biziatzen, salgai jartzen dena lanaren emaitza da-eta"

2000-12-22

MARCELLAN, Idoia

Elkarrizketa: Gabriel Imbuluzqueta Gabriel Imbuluzqueta Alcasena, Diario de Navarra ko kazetaria eta Etniker eko idazkari probintziala "Artisauak enpresari batek bezala pentsatu behar du. Merkataritzako planteamenduak ez du inolaz ere artisautzaren karisma biziatzen, salgai jartzen dena lanaren emaitza da eta" * Idoia Marcellán 60ko hamarkadan, Baztango kazetari bat autoestop eginez heldu zen Donostiara. Artisautzako azoka batera zihoan, hain gertukoa eta era berean hain urruna egiten zitzaion mundu hura ikusi eta ezagutzera. Txundituta gelditu zen. Eta, horrela, artisauen lantegietan, harginen hautsetan eta tailuen txirbilen artean murgiltzen hasi zen, desagertzear daudela diruditen lanbide horien erraietara sartzeko asmoarekin. Gabriel Imbuluzquetak, hain ongi ezagutzen duen artisautzaren munduari buruz Nafarroakoa bereziki argitaratu dituen ikerlanei esker, ilunpetatik atera ditu lantegiak, eta etorkizuna konplexua izango dela dioen arren, artisautzak aurrera egingo duelakoan dago. Nolakoa da gaur egungo artisaua? Artisaua, duela 50 urte arte, XIX. mendean kateatuta zegoen, baina urte gutxi batzuetan garatu egin da. Lehen lantegiko ilunean zokoratuta egoten ziren eta gizarteak ez zien inolako baliorik ematen, baina 80ko hamarkadan antolatzen hasitako azokei esker, Nafarroak orain mirestu egiten ditu, eta erakundeek beren babesa ematen diete. Hala ere, gizartearen sostengua falta zaie. Zorionak ematea ez da nahikoa; erosi ere egin behar zaie. Oraindik asko dira lo dauden artisauak: azoketara joatera mugatzen dira, beren burua promozionatzeaz edo trebatzen jarraitzeaz arduratu gabe. Baina, tira, denetarik dago. Azkenaldian gazte asko sartu dira artisautzaren munduan, baina gehienek eskulanak egiten dituzte, saltokietan ikusten den artisautza "hippia". Zergatik egin du behera artisautzak? Artisautzako lanbide asko, bi arrazoi nagusigatik desagertu dira: batetik, industrializazioagatik, produktuak seriatuak merkeagoak direlako, eta bestetik, mekanizazioagatik.Horren ondorioz, artisauak itzalean gelditu dira, gizarteak mesprezatu egin ditu, edo behintzat beren lana gutxietsi. Baina, zulo beltzean zeudela, interes kultural eta etnografikoari esker, artisautza berpiztu egin da. 1980an Eusko Ikaskuntzak Artisautza Biziaren I. Erakusketa antolatu zuen Iruñan, eta, arrakasta ikusita, hurrengo urtean bigarren bat antolatu zuen. 1982an Nafarroako Gobernuak esku hartu zuen, eta Nafarroako I. Artisautza Azoka antolatu zuen Iruñako Gotorlekuan. Halako jendetza hurbildu zen (50.000 pertsona inguru), artisatuza berreskuratzen saiatu beharra zegoela erabaki zuela. Ordudanik, urteoro ospatzen da. Bultzada ona eman zioten beraz azoka horiek... Bai. Aldi baterako behintzat salbu gelditu zen artisautza. Gainera, jaiak, azokak, bailaren egunak eta antzekoak Nafarroako beste herri askotara zabaldu ziren. Baina berehala ikusi zen hori ez zela nahikoa, artisautzak ezin zuela ikuskizun bat izatera mugatu. Orduan otu zitzaizuen Kooperatiba eratzea... Eusko Ikaskuntzak antolatutako bi erakusketetan eta Artisautzako I. Azoka Nafarran artisautzak jende asko erakartzen zuela ikusi genuen, eta orduan profesional batzuek Eskuz Sozietate Kooperatiboa sortzea erabaki zuten 1983an. Bere helburua, artisautzaren sektorea modernizatzea zen, eta artisau nafarrak bitarteko berriak erabiltzen hastea. Horrela, artisauak enpresa munduan trebatzen hasi ziren, eta, aldi berean, beren lana garatzen. Diseinatzen ikasteko ikastaro batzuk egiteko asmoa zegoen, baina azkenean bertan behera gelditu ziren. Zerk eragotzi zion kooperatibari aurrera egiten jarraitzea? Artisau gehienek atzera egin zuten, artisauak ez ziren irakasleek ez zietela gauza berririk erakutsiko pentsatuz. Nire ustez kalkuluetan egin zen huts, zeren eta mundu honetan lehiakortasunak agintzen du, eta lanbidean aurrera egin ahal izateko trebakuntza oso beharrezkoa da, derrigorrezkoa. Ez dut esan nahi berziklapen ikastaroetara joan beharra dagoenik, baina profesional guzti guztiek ikuspegi zabal bateduki beharko lukete besteek egiten dituzten lanak ikusi eta aztertzeko, teknikak ikertzeko, lehenagoko edo oraingo artisauen lanak aztertzeko, eta gaurko gizartearen gustu eta eskariekin hobeto ezkonduko den planteamendu berriekin ausartzeko. Artisau batzuek hausnartu egin beharko lukete, aurrera egin ezean eta produktuei funtzionalitaterik eman ezean.artisautza azoketan lortutako arrakasta laster batean itzaliko dela konturatzeko. Artisauek berdiseina al ditzakete beren produktuak, erabilera berriren bat emateko? Bai horixe. Eta horrek ahalegin handiak eskatzen ditu. Argi dago artisautzako produktu batzuk "ezinhobeak" direla diseinuaren aldetik; hala nola kaikua, zatoa edota ferreta. Baina, disenatzaile italiar batek, adibidez, ferreta nafarra oinarritzat hartu, eta produktu desberdin bat merkaturatu du, oso erakargarria: kafetera bat. Hala ere, funtzionalitatea ezin da beti aldatu, eta gauza batzuk garatzea zentzugabea da. Baina egia da artisau batzuek asko aurreratu dutela eta nazioarteko ospea lortu dutela etorkizunari begira lan eginez asmatu dituzten diseinu berriei esker. Nolanahi ere, produktu batzuek dauzkaten prezioak ikusita (dekoratiboek adibidez), jende gehienak produktu industrialetara joko du... Artisautza azoketara joaten den jendeak, produktu horiek erosten dituen jendeak, ondo baino hobeto daki zer den benetan artisaua eta zer ez. Badaki kalitatea eta prezioa apreziatzen, eta badaki artisautzako pieza hori bakarra dela. Izan ere, esan beharra dago Nafarroako artisautza kalitatezkoa dela, eta askotan merkea, nahiz eta industriakoekin konparatuta garestiagoa izan, baina hori gertatzen da oso artisau gutxi ausartzen direlako obraren ezaugarriak, materiala eta lanean pasatako orduak kontuan hartuta benetan balio dutena kobratzen. Lehiaketa diseinuan, kalitatean nahiz prezioan egoten da, baina prezioaren aldetik lehiatzerik ez dagoenez, diseinuan eta kalitatean hartu behar da aurrea. Produkzio industriala ere kalitatezkoa izan daiteke, baina ez daukapieza bakarra izatearen xarma. Nola bizirauten dute lanbide hauek teknologien garaiean? Tira, gaur egun Internet bidez egiten dira salerosketak. Nafarroako Gobernuak web orri bat prestatu du artisauentzat, eta batzuk dagoeneko hasi dira modu berri horretan saltzen eta promozionatzen. Zein laguntza ematen dituzte erakunde publikoek? Nafarroako Gobernuak gauza asko egiten ditu: Internet bidezko merkatua zabaldu du, urtero antolatzen ditu azokak, nazioarteko azoketara joan ahal izateko diru laguntzak ematen ditu, eta Artisautzako Diseinuko Lehiaketa Nafarra antolatzen du. Lehiaketa hau 1984an egin zen lehenbizikoz, Foru Gobernuaren eta orduko Eskuz Kooperatibaren ekimenez, artisautzako teknikak erabiliz gaur egungo gustu eta estetikari erantzuten dioten produktuak bultzatzeko asmoarekin. Teknika industrialak ere erabil daitezke, lehiakorragoak izateko. Baina artisautzak ez du behar ez paternalismorik, ez protekzionismorik; behar duena errealismoa da. Gobernuaren jarduerak bakarrik ez, baizik eta artisauek ere ahaleginak egin behar dituzte, elkarlanean arituz merkataritzarako bideak irekitzeko. Artisauak enpresari batek bezala pentsatu behar du; izan ere, planteamendu komertzialak ez du inolaz ere artisautzaren karisma biziatzen, salgai jartzen dena lanaren emaitza da eta. Onena, merkataritzako egitura bat sortzea litzateke, baina oso zaila da. Egin zen saio bat, eta huts egin zuen. Alde horretatik, oso garrantzitsua da Nafarroako Gobernuko Merkataritza Ganbera prestatzen ari den katalogo bateratua. Produktu batzuk desagertu egin dira, baina daudenei irteera berriak bilatu behar zaizkie. Horra hor almadien kasua. Mundu mailako erakusketak eta guzti egin dira beren inguruan. Sektore zaila izanik, zerk bultzatzen du pertsona bat bizibide gisa artisautza hartzera? Nolabait bizi beharrak. Beste edozein lanbide bezain baliozkoa da. Ospe pixka bat lortutakoan erakundeek nazioarteko azoketara joateko deitzen dizute, lanak enkargatzen dizkizute, eta horrela bizi zaitezke. Bainahori ez zaie guztiei gertatzen. Lanbide batzuek mendeetan zehar zer nolako garrantzia izan duten jakiteko, Iruñako kaleen izenak ikusi besterik ez dago: Calderería, Pellejería, Tejería, Errotazar... Baina izan gaitezen errealistak: industrializazioarekin, bizimodu berriarekin eta gizarteak azaldu duen estimu eskasarekin, mende honetan zehar artisautzako lanbide asko pikutara joan dira: sokagintza, gurdigintza, eltzegintza, errotaritza, zurragintza, alpargataritza, ikazgintza, saskigintza, nekazaritzako lanabesen ogibidea, aizkorena, txilarrezko erratzena, etab. Baina nik uste dut elkarteen bidez, eta birdiseinuak eginez, oraindik ere iraun dezaketela "iragan oparoa izan zuten, orain bertan hilzorian dauden eta etorkizun lainotsua" daukaten ogibideek. Zer diote artisauek teknika eta erreminta berrien aurrean? Sektore batzuek makineria sartu dute. Argi dago makinaren bat lagungarri izango baldin bazaizu, erosi egingo duzula, baina horrek ez du esan nahi zure lana moldeekin seriean egingo duzunik. Zerk bultzatu zintuen artisauen lantegietan sartzera? Baztango bailaran sortua naiz ni, Elizondon, eta nire kultura eta lurra maite ditut. Horrelako zerbait ikusten duzun lehen aldian zirrara bat sentitzen duzu, eta erakarri egiten zaitu, engantxatu. Donostian ikusi nuen lehenbiziko aldiz, autoestop eginez joanda: inguruko kaikugile bat ikustera joan nintzen, Domingo Etxandi, eta asko gustatu zitzaidan. Gero, ikusten nuen guztia idazten eta argitaratzen hasi nintzen, eta horretan jarraitzen dut. Gabriel Imbuluzqueta Alcasenak argitalpen ugaritan hartu du parte: Artesanías de España Gran Enciclopedia Navarra Caja de Ahorros de Navarrako liburuetan Nafarroako Gobernuaren Panorama Bildumako aleetan Diario de Navarra ko bildumako aleetan Era berean: Artisautzako Kontseilu Nafarreko kidea da 1998 Etniker eko idazkari probintziala da Informazio Zientzietan doktorea da Argazkiak: Idoia Marcellán Euskonews & Media 104.zbk (2000 12 22 / 2001 1 5) Eusko IkaskuntzarenWeb Orria t
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Luis Ansorena: "Nahiago nuke hezkuntza musikal hobea jaso izan banu"

 

Irakurri

Antton Mari Aldekoa-Otalora: "Durangoko azoka Euskal Herriko azoka bihurtzea lortu dugu"

 

Irakurri

Jose Joakin Gallastegi: "Udal bateko hizkuntza politika goragotik datorren hizkuntza politikaren osagarri izan behar da"

 

Irakurri

German Muruamendiaraz: "Euskal etiketarekin etekin handiena atera duena kontsumitzailea izan da"

 

Irakurri

Juan Luis Mendizabal 'Mendi': "Berdeak beti ditu ongi islatzeko zailtasunak; orixka baino zailagoa da"

 

Irakurri