Ignacio Murgia Mañas. Osalan-eko zuzendari nagusia: Enpresaren errealitatea izugarri ari da aldatzen, langilea babesteko baliabideek, aldiz, oso mantso egiten dute aurrera

2006-12-08

AGIRREZABAL, Lore

AGIRREZABAL, Lore

Langileen segurtasunaren eta osasunaren zaintza betetzen du Osalanek, bere eskumeneko diren baliabideen bitartez. Gaur egun, gainera, esparru horretan gehien entzuten den gaia prebentzioarena da, eta Osalan ere lanean buru-belarri dabil ezbeharrak gutxitzen lagunduko duen sendagaia lan munduan behar bezala txertatzeko. Ignacio Murgia da horren guztiaren zuzendari, eta berak azaldu digu zein diren zehazki Osalanen egitekoa eta erronka berriak.

Segurtasunaren, higienearen eta lan osasunaren esparruan jarduten du Osalanek. Zein beharri erantzuteko sortu zen?

Lanerako Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea 1993an sortu zen. Sorreratik, batez ere, prestazio zerbitzua eskaintzeko egituratu zen; enplegatzaileen eta enplegatuen elkarlana bilatzen zuen, eta bilatzen du, helburu argi batekin: Euskadiko langileen segurtasun eta osasun maila hobetzea eta indartzea.

Zein dira Osalanen eskumeneko esparruak?

Osalanen funtzioak bost multzo edo jarduera-eremu handitan bana daitezke:

Lehenik eta behin, ezbehar kopuruen ikerketa (zergatiak eta arrisku faktoreak aztertuz) egiten du, gero horiek saihestu ahal izateko neurri egokienak identifikatu eta diseinatzeko. Era berean, arrisku berrien prospektiba eta zaintza lana ere egiten dugu, baita zaintza epidemologikoa ere.

Bigarren multzoa prebentzioaren promozioa egitera bideratuta dago. Bai maila orokorrean, prebentzioaren kultura hedatuz eta hezkuntza sisteman prebentzioaren esanahia eta balioa txertatuz; baita lan munduan ere, gizarte eragileen ekimenak sustatuz eta koordinatuz, edota zuzendaritza ohartaraziz bere kudeaketa lanean prebentzioa txertatzearen beharraz eta garrantziaz.

Hirugarren lan esparrua, arreta berezia eskaintzen dioguna, plangintzen eta formazio ikastaroen diseinuari, programazioari, antolaketari eta garapenari dagokiona da.

Laugarren multzoa aholkularitza teknikoek osatzen dute: gida eta eskuliburuen elaborazioa eta banaketa; osasun zaintzako protokoloak eta prebentzioa kudeatzeko tresnak; jardunaldi teknikoak antolatzea; enpresei, langileei edo administrazioei zuzendutako aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea, “eragite plangintzak edo ezbeharren kontrako txoke-plangintzak” deitzen ditugunak. Plangintza horiek kontrol izaera bat duten arren, aholkularitza dute helburu nagusi, eta, enpresa txiki eta ertainei, nahiz ezbehar arrisku berezia (bai istripuetan, bai profesionalen gaixotasunetan) duten enpresei edo sektoreei, edota, azpikontrataziora jotzen duten lekuetan bezala zenbait ezaugarrik bat egiten duten lan eremuei zuzenduta daude.

Azkenik, bosgarren multzoa langileen osasunaren zaintza-esparruari dagozkion osasun aginpidearen baitako funtzioek osatzen dutena da.

Laster, araudi berriarekin, lan prebentzioari dagokion legedia betearazteko kontrola areagotuko duzue, eta horretarako 21 teknikari ari zarete prestatzen. Aldaketa horrekin zertarako eskumena izango du Osalanek?

Lan Ikuskaritzarekin elkarlanean, ikuskatze eta kontrol lanetan jarduteko teknikariak prestatzeko dekretua tramitazio prozesuan dago. Eta, hasiera batean, hamasei teknikari prestatzea aurreikusi dugu. Beren lan esparrua jarduera guztietara zabalduko da.

Horretarako prestatutako teknikarien txostenek egiazkotasun-presuntzioa izango dute espediente zigortzaile baten aurrean, baina teknikari horiek ezingo dituzte arau-hauste aktak jaso. Eskumen horrek Lan Iksukariena izaten jarraitzen du.

Segurtasunaren eta lan osasunaren Ikuskaritza propioa sortzeari dagokionez, horren ordenazio dekretua ere tramitatzen ari dira. Baita Ikuskaritza honen eskumenekoak izango diren arloetako prozedimentuak erregulatzen dituztenak ere, hau da, administrazio publikoak, kooperatibak, meatze eta harrobiak. Hasieran, Ikuskaritza honek bost ikuskatzaile izango ditu, eta horiek gai izango dira aktak jasotzeko edota errekerimenduak egiteko.

Dekretu berriak Osalani gaitasun handiagoa emango dio enpresariengan gehiago eragiteko?

Lan arriskuen prebentzioaren araudia betearazteko kontrolaren eta exijentziaren alorra indartuko dute figura horiek. Beraz, une horretatik aurrera, gure aholkularitza lana eta eskaintzen dugun laguntza teknikoa ikuskaritza zerbitzuarekin osatuko da.

10.000 langileko ikuskari bat lortzea da Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza departamentuaren helburua. Laneko Segurtasun eta Osasuneko 2007-2010 Plan Zuzentzailearen baitan jarri dute helburu hori, baina une honetan plangintza hori gizarte eragileekin eztabaidatzen eta negoziatzen ari den zerbait da.

Aurten, azaroa bitartean, ia ehun hildako (sindikatuen datuen arabera) izan dira lan istripuetan. Kopuruak gora egin al du azken hamar urteetan?

Ez dakit sindikatu batzuk zein iturritara jotzen duten puztutakoak eta nabarmen okerrak diren kopuru horiek emateko. Lan aginpideari emandako lan istripuen parteen arabera -ofizialak diren bakarrak dira horiek-, urria bitartean lanaldian istripuz hildakoak 41 izan dira. Iaz garai berean izan zirenekin alderatuta ia %26ko jaitsiera izan da, eta 10 hildako izan dira in itinere.

Azken urteotan, Euskadin gutxinaka baina etenik gabe ari da jaisten lan ezbeharren kopurua. 2001ean 51.652 istripu izan ziren bajarekin lan orduetan, eta 2005ean 47.882 izan ziren. Halaber, enpleguak gora egin du, eta ondorioz, eragin indizea jaitsi egin da; 2001ean 1.000 langileko 76,3 istripu izan ziren, eta 2005ean 64,6.

Lan Ministerioaren azken datuen arabera, urte honetako urtarrila eta abuztua bitartean, Euskadi izan da, iazko urtearekin alderatuta, istripu kopurua gehien murriztu duena.

Datu pozgarri horiek adierazten dute bide onetik ari garela aurrera egiten. Hala ere, eta nahiz eta arriskuaren aurrean dagoen kontzientzia handiagoa izan, oraindik enpresetako eguneroko kudeaketan prebentzioa txertatzeko lanean sakontzen jarraitu behar dugu.

Enpresariek prebentzio planak modu eraginkorrean baino, modu formalean betetzen dituztela salatu izan duzu; alegia, prebentzio planak ez dituztela behar bezala kudeatzen.

Prebentzio mentalitaterik ez dagoelako da hori. Prebentzioa behar bezala kudeatzean datza kontua, eta horretarako eskari administratibo batzuk betetzearekin ez da nahikoa; prebentzioa lan ohitura bihurtu behar dugu. Beraz, enpresako prebentzioa eskari formal bat bezala betetzea ez da onargarria; prebentzioak enpresako egitekoen parte izan behar du, eta, era berean, maila hierarkiako guztietan egon behar du. Hori da enpresetan oraindik ere gainditzeko duten ikasgai nagusia.

Bestalde, Osalanek jarrera pasiboa duela kritikatu izan dute sindikatuek.

Zigorrak ez ditugula jartzen esan nahi al dute? Ondo dakite Osalanek ez duela zigortzeko eskumenik, ezta arau-hauste aktak jasotzeko ere. Ministerioko Lan Ikuskaritzari dagokio arau-hauste aktak jasotzea.

Laneko Segurtasun eta Osasuneko 2003-2006 Plan Zuzentzailea aurten amaituko da. Zein da plan honi buruz egin duzuen balorazioa? 2007tik aurrera plan berririk jarriko duzue martxan?

Halaxe da, bai. Laneko Segurtasun eta Osasuneko 2003-2006 Plan Zuzentzaileak zuen epea amaituko da aurten eta oso balorazio positiboa egin dugu.

Bere diseinuan eremu estrategiko batzuk aurreikusi ziren, eta, lan segurtasun eta osasunean dauden erronketan eta arazo nagusietan zuzenean eragiteko lineak markatu ziren. Uste dut horretan bete-betean asmatu zela. Gainera, eremu honetan dauden nazioarteko politika aurreratuenekin bat datorren perspektiba batetik egin zuten. Ziur nago, bere iraunaldia amaitzen denean, esan ahal izango dugula, Euskadin lan ezbeharrak murrizteari dagokionez, plangintza honek zeuzkan helburuak bete egin direla.

Etorkizunari begira, lehen esan bezala, Laneko Segurtasun eta Osasuneko 2007-2010 Plan Zuzentzaile berriaren diseinua lantzen zenbait hilabete daramatzagu lanean. Plangintza hau oso aurreratua da eta une honetan Euskal Herriko gizarte eragileekin aztertzen eta eztabaidatzen ari gara.

Nolako harremana duzue enpresari, sindikatu eta langileekin?

Harremana iraunkorra da; ezin zitekeen beste modu batekoa izan. Osalanen organo nagusia bere Kontseilu Orokorra da. Hau, hiru alderdiko organoa da eta bertan euskal Administrazioak ez ezik, ordezkari gehien dituzten Euskadiko sindikatu eta enpresa erakundeek dute ordezkaritza. Hori, noski, ez da gai konkretuetan irizpide desberdinak sortzeko traba.

Prekaritatea eta azpikontratazioa areagotzen ari diren lan munduan, nola egin aurrera prebentzio lanean?

Fenomeno hori behin baino gehiagotan aztertu du Europako Batasunak. Merkatua globalizatzen ari da, enpresa eredu tradizionala aldatu egin da... eta horrek guztiak, kontraesan handi batera garamatza: Enpresaren errealitatea izugarri ari da aldatzen, langilea babesteko baliabideek, aldiz, oso mantso egiten dute aurrera.

Hori dela eta, lan segurtasunaren eta lan osasunaren inguruko estrategiek errealitate berri horietatik abiatu eta horietara egokitu behar dute. 2007-2010 Plangintzarako oso kontuan hartzen ari garen planteamendua da.

Enpresek behar beste inbertitzen al dute prebentzioan?

Horretan ere aurrera egiten ari diren arren, begi-bistakoa da oraindik prebentzioan inbertitzea sustatu beharra dagoela. Horretarako garrantzitsua da zenbaitetan prebentzioak gastua esan nahi duenaren ustea burutik kentzea, eta baliozkoa den zerbaitekin lotzea.

Horren harira, 2004ean Osalanek Euskadin gertatu ziren istripu larri eta hilgarriek dituzten gastuei buruzko ikerketa bat argitaratu zuen, eta, gaur egun, era guztietako istripuek (txikiek, larriek, hilgarriek) eragiten duten gastuei buruzko beste ikerketa berri bat ari gara burutzen.

2004an egindako ikerketan, garbi geratu zen lan istripuek enpresei eragin zieten gastua horiek saihesteko hartu beharreko prebentzio neurriena baino askoz ere handiagoa zela. Baina, lan gaixotasunen eta lan istripuen kostu ekonomikoa handia bada, horrek duen kostu humanoa eta soziala kalkula ezina da.

Etorkizunean gauzak aldatuko direla uste duzu?

Bai, erabat ziur nago horretaz. Eta, gainera, espero dut etorkizun hori egunetik egunera gero eta gertuago egotea, izan ere, epe luzerako konponbideek lortu ezinezkoak direnaren itxura hartzen baitute, eta are gehiago pertsonen biziak jokoan daudenean.

Zalantza izpirik gabe, hori da gure erakundearen erronka nagusia eta gure izateko arrazoia. Ignacio Murgia Mañas (Bilbo 1961) Hiru urte eta erdi daramatza Ignacio Murgiak Osalanen zuzendaritzan. Bilbotarra (1961) da bera. Zuzenbidean lizentziatu zen eta abokatu gisa jardun du lanean hainbat urtez. ELAko zerbitzu juridikoetan abokatu gisa egin zuen lan hiru urtez. Ondoren, bederatzi urtez, Giza Baliabidetako eta Aholkulari Juridikoko zuzendari izan zen sektore pribatuan. Handik, Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko Departamentura pasatu zen; hari atxikitako Sozietate Publiko baten kudeaketa hartuz bere gain. Han jardun zuen 2003ko martxoan Osalaneko zuzendari izendatu zuten arte. Prebentzioa, laneko segurtasuna, laneko osasuna, istripuak... hiru urte eta erdi daramatza Murgia termino horien inguruan hausnartzen eta horien atzean dagoen errealitateari irtenbiderik onenak bilatzen. Jaso duen leziorik garrantzitsuena: “laneko istripu eta gaixotasunak murrizteko bide bakarra, alde guztiek prebentzio neurriak barneratzeko konpromisoa hartzean datza”. Lanez leporaino ibili ohi da, baina aisiarako geratzen zaion tarterik txikiena ere aprobetxatzea gustatzen zaiola dio; etxekoekin egonez, semearekin jolastuz eta irakurriz.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Benito Lertxundi. Musikaria: Euskarari eraso egiten zaionean, minduta sentitzen naiz, ni ere euskara banaizelako

 

Irakurri

Nuria López de Guereñu Ansola. Garraio eta Herri Lan Saileko Sailburua: Gure etorkizuna bermatu nahi badugu trenera jo beharra daukagu, garraiobide eraginkorra eta iraunkorra baita

 

Irakurri

Joaquín Gálvez. Idazlea eta gerrako umea: Etxebizitzak, zenbait oroitzapen, bizipenak... ahazten joan zaizkit baina zorionez, memoria gelditzen zait oraindik

 

Irakurri

Iñigo Lamarca. Arartekoa: Herritarrak ez dira inoiz erabat gustura egongo administrazio plublikoak egiten duenarekin, eta ez da iritsiko kexarik aurkezten ez duten momentu bat

 

Irakurri

José Ramón Anda. Eskultorea: Unamunok Espainiaz esan zuen bezala, Nafarroak min ematen dit

 

Irakurri