Familia, Eusko Ikaskuntza eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zure hiru kuttunak direla esan izan da. Egia al da hori?
Bai, nire bizitzako hiru erreferentziak dira.
Zer da Eusko Ikaskuntza (EI)?
Sentipen desberdinen topaleku, bizikidetza-eskola eta helburu komunak bilatzeko gune izatea nahi nuke. Eta gizarte-ekaitzetarako babesleku ere bai. Horretan ahalegindu naiz Eusko Ikaskuntzaren barruan egin ditudan 35 urteotan.
Hainbat kargutatik igaroz.
Horrela da; elkartearen iragana ordezkatzen zuten Aingeru Irigarayrekin eta Agustin Zumalaberekin lan egin nuen, eta (Jose Migel Barandiaranek esan ohi zuen bezala) biziberritze-aldi batean sartu ginen. Gerra aurretik Eusko Ikaskuntzaren alde tinko lan egin zuten Batzorde Iraunkorreko kideak berriro elkartuz hasi zen, hain zuzen, biziberritze-aldi hura. Euskal kulturako intelektual ospetsuen talde bat —Chillida, Mitxelena, etab.—, Gipuzkoako Aldundiaren jauregian elkartzen ginen batzordekide haiekin.
Zuk barrutik ondo ezagutzen duzu EI. Kanpotik ondo ulertzen dutela uste al duzu?
Nire iritziz zenbait ingurunetan ez dute Eusko Ikaskuntza nabaritzen. Euskal gizarte zibila oso konplexua da, eta konplexutasun horrek berekin dakar nolabaiteko interesa zenbait esparrutan, eta ia-ia axolagabetasuna beste batzuetan.
Zenbait arlotan erakunde aitzindaria izanik ere, nire irudipena da ez dela gizarte-sarean hedatzen.
Beharbada, egiazkotasun-irizpideekin egindako gure idiosinkrasia bereziaren azterketa sakona falta zaigu. Zenbait tabu gainditu eta azterketa hori egiteko gai izango bagina, gizartean barneratu ezaren arazo hori konpontzen hasteko moduan izango ginateke. Azterketara jo behar da, familiako deabruen beldurrik izan gabe.
Hor zehar esaten den bezala, EI pikorta modukoa ote da botere publikoentzat?
Ni ez naiz horren gogorra. Kimikaria naizenez, nahiago dut lehenbizi azterketa esku artean izatea eta gero interpretaziora jotzea. Alderantziz egiteak, huts egitea ekar lezake.
Ikerlari, pentsalari eta Eusko Ikaskuntzako gizona izatearen esperientzia hori oinarri hartuta, zer mezu eman diezaioke Eusko Ikaskuntzak gizarte zibilari 2010. urtean?
Esan dudan bezala, azterketa-lanetan sakontzeko gai bagara, apalki bada ere, gure laguntza emateko moduan izango gara. Ez dugu pentsatu behar Eusko Ikaskuntzak filosofoen harria duenik; aitzitik, erakundearen ahalmen eta energia guztiak, oraindik indarrean dagoen eginkizun horretan erabili behar dira. Eredu magistralak baino gehiago, Euskal Herriaren izaerari buruzko azterketa eskaini lezake Eusko Ikaskuntzak. Gogoan dut zer aitortu zidan behin Julio Caro Barojak: “Gustatuko litzaidake jakitea zer-nolako madarikazioaren azpian bizi den gure herria beti zatituta egoteko”. Galdera horrek buru-hauste handiak eragin dizkit, eta gaur egun ere indarrean dago inolako zalantzarik gabe. Nire iritziz, galdera horri erantzuten lan egin beharko genuke, sakon lan egin ere.
Utz dezagun Eusko Ikaskuntza. Zu ekimen bikainen bultzatzaile izan zara; hala nola, Ertibil, Antzerti, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa... Txalapartaren berpizkundean ere parte hartu zenuen. Gelditzen al da euskaldunok ezagutzen ez dugun gauzarik?
Betiko leloa izango da, baina... entzuteko ahalmenik ba ote dugun jakin behar dugu. Dogmatismo antzuetatik eta egia absolutuen gaineko jabetza-patenteen irriketatik urrundurik entzutea. Sailkapenak alde batera utzi behar dira. Garen bezalakoak izan behar dugu, geure dohain eta akatsekin. Ezagutuz gero, akatsak ere inspirazio-iturri izan daitezke, apaltasunetik ezaguerara heldu ahal izateko.
Zu kinka larrian ipintzeko asmorik gabe, zein duzu maiteago: Eusko Ikaskuntza ala Euskadiko Orkestra Sinfonikoa?
Bakoitzak bere erara, biek espirituen lasaitasuna lortzen ahalegindu behar dute. Hori dela eta, biek bat egiten dutela uste dut, helburu berdinak dituztelako. Beraz, bidelagunak izan behar dute.
Orkestraren hastapenera heldu aurretik, zuk zeure hasiera musikala izan zenuen.
Gaur egun, jaio nintzen etxean bizi naiz, eta hemen hasi nintzen musikan trebatzen. Biolontxeloa jotzen ikasi nahi izan zuen, baina aitak burutik kendu zidan asmo hori. Nolanahi ere, nire musika-zaletasuna areagotuz joan zen. Arlo horretan geroago egindako zenbait ikerketek eta, batez ere, Parisa (zenbait arrazoi tarteko, niretzat benetako eskola den hirira) maiz egindako bidaiek, aukera eman zidaten hemen zenbait musika-jaialdiren antolaketaz pentsatu eta pentsatutakoa gauzatzeko. Lan horri esker, gure herrialdean mundu hori zein egoera ezegonkorrean zegoen konturatu nintzen. Franco hil ondorengo aldaketa politikoak, berriz, nik amestutako zenbait proiektu aurrera eramateko aukera eman zidan. Hori izan zen Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoa proiektuaren hasiera.
Hor harrapatu egin nauzu! Euskadiko Orkestra Sinfonikoari zergatik ez zaion Nazionala esaten galdetu nahi nizun.
Proiektuaren hasieran, Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoa zen, baina une hartan Euskadi izena aldarrikatu behar omen zen. Atzerrian Basque National Orchestra izena erabiltzen dugu.
Hitz egin dezagun zertxobait zuretzat hain garrantzitsua izan zen zure aitaz: Jose Olaizola Gabarain.
Bai, egia da; oso garrantzitsua izan zen niretzat. Mutikoa nintzela ama hil zitzaidanean, aita arduratu zen nire heziketaz. Musikari bokazioz, nire etorkizunaren ardura berari zegokiola uste izan zuen. Eta haren eskutik, hain erosoa zitzaion kultura-mundu hura ezagutu nuen. Geroago, ordurako neure kabuz baliatzen nintzela, oso une gozoak bizi izan genituen elkarrekin. Gogoan dut, behin, Jesus Guridik bere Mirentxu operaren partitura eskaini zidala; 1949an izan zen, Guridiri Musikaren Sari Nazionala eman ziotela-eta, Madril antzokian eszena-zuzendari izan nintzenean. Horrela zioen eskaintzak: “A un artista más, en una familia de artistas” (Artista-familiako artista berri bati). Ni kate-maila bat besterik ez naiz. Eta nire osaba Gabriel Olaizola ere aipatu beharrean nago; opera-kantari ospetsua izan zen, eta, Arturo Toscanini berbera zuzendari zuela, arrakasta itzela erdietsi zuen Milango Scalan. Gero, Eresoinka moduko abesbatzak sortu eta zuzendu zituen. Horrek guztiak markatu egin nau.
Zure lana dela eta, pertsona ospetsu ugari ezagutu duzu herrialde honetan. Zurekin harremanak izan dituztenen artean, zein nabarmenduko zenuke?
Guztien artean bi nabarmenduko nituzke: Manuel Irujo eta Juan Ajuriaguerra. Biak guztiz ezberdinak ziren arren, bazituzten antzekoak egiten zituzten ezaugarriak ere: eskuzabaltasuna eta sakrifizio-espiritu handi eta eredugarria, adibidez. Esaten dudana egia dela aitortzeko adina ezagutu nituen.
Atentzioa eman dit bi politikari aukeratu izanak.
Nire bizitza luze honetan, badira hunkitu nauten gauzak. Horietako bat pertsonen eskuzabaltasuna da. Horregatik ausartu naiz bi pertsona horiek nabarmentzera. Bi bizitza eredugarri izan ziren; imitatzaile ugari izango ahal dituzte.
Euskal Herria kontzeptua argi duen pertsona zara zu. Iparraldearen defendatzaile sutsua ere bazara. Ala, Ipar Euskal Herria esan behar dugu?
Bat egiteko aukera handirik ez duten bi kontzeptu dira. Iparralde hitz geografikoa da: bi lekuren artean, iparraldeago dagoenari dagokiona. Munduko edozein lekutarako balio duen kontzeptua da. Ipar Euskal Herria, aldiz, kultura arloko adierazpena da, gure ondareari bakarrik dagokiona.
Eta zer diozu Nafarroaz?
Nire sustraien % 80 erresuma zaharrean ditut. Gipuzkoar askok Nafarroan dugu jatorria. Hor erakutsi behar dugu, hain zuzen, gure arteko kidetasuna medio oztopoak gainditu eta elkarrengana hurbiltzeko moduan garela. Eta elkarri errespetatuz, ahal den lekuraino elkarrekin joateko moduan ere bai.
Kultura arloko azpiegiturei dagokienez, aipatu ditugu zure lorpenetako batzuk. Ba al dago azpiegituraren bat, zuk hala nahi arren, gauzatu gabe gelditu denik?
Bai, Dantza Eskola Nazionala, hain zuzen ere. Proiektuan gelditu nintzen. Ni Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari nintzen Flandesko Errege Baletaren zuzendariarekin harremanetan hasi nintzenean. Harreman haietatik sortu zen Euskadin Dantza Eskola Nazionala eratzeko asmoa; baina Eusko Jaurlaritza antolatu ondoren egoera Orkestra sortzearen aldekoa izan bazen ere, ez zen halakorik gertatu Dantza Eskolarekin.
Segur aski egunen batean eratu ahal izango da! Sortu zinen etxera itzuli zarela esan diguzu; eta gaur egun zure lehen amets eta proiektuak lantzen ikusi zintuzten hormen artean lan egiten duzu. Egin al duzu ametsik berriro?
Baietz uste dut. Ez dut garai hartako indarrik, baina amets egiteko nire ahalmenak bere horretan dirau. Imanol Olaizola Etxeberria Kimikari eta musikologo euskalduna. 1939tik 1945era, kimikako ikasketak egin zituen Salamancako Unibertsitatean eta Doktoregoa Madrileko Unibertsitatean. Espektrografian espezializtu zen (1943-44). Abeslari, aktore eta eszenako zuzendari jardun zuen, antzerkian, irratian eta zinean. 1945ean Euskal Musika eta Dantza Jaialdia antolatu zuen. Maitea abesbatzako ohorezko bazkidea. Industria-enpresa bat sortu eta zuzendu zuen 1945etik 1977ra. Gipuzkoako Kimikarien Elkarteko lehendakaria eta Kimika Zientzien Fakultatearen talde eragileko kidea, Petrokimiketako espezialitatean, Donostian (1960-74). CATeko Musika Saileko lehendakaria. 1964an, R.S.B.A.P.ko kidea. Honako hauek abiarazi zituen: “Musika gaiei buruzko Ikastaroak”, “Haurren Musika Pedagogiako Ikastaroak”, “Euskal Dantza Taldeen Eskola arteko Jaialdia”, “Euskal Dantzei buruzko ikastaroak monitoreentzat”, “Haurren Abesbatzen Eskola arteko Jaialdia”, “Organoaren Nazioarteko astea”, “Gipuzkoako organo Jaialdia”, “Gipuzkoako Dantza Jaialdia”, eta “Antzezaro” (1966-78). “Ed. Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones” argitaletxearen bazkide sortzailea eta Euskal Dantzarien Biltzarraren sortzailea eta lehendakaria (1969-75). Junta de Culturaren Musika Saileko lehendakaria (1972-74). 1972an Kordoban egin zen Kultura Erakundeen II. Biltzarreko txostengilea. Maitea Abesbatzako lehendakaria (1974), Gipuzkoako Kultura Batzordeko zuzendaria (1977-79) eta Easo Abesbatzaren lehendakaria (1977-82).“Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos” Elkarteko lehendakariordea Gipuzkoatik (1980-85) eta, denboraldi batean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehendakaria (1982). Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko biziarteko kidea eta Erakunde horretako ohorezko bazkidea.Iturria: Auñamendi