Irakurri dudanez, hamalau urterekin maitemindu omen zinen.
(Irribarre egiten du) Ez zait inoiz ahaztuko. Batxilergoko bosgarren mailan nengoela, han zegoen kimikako azken ikasgaia, 25.a: Plastikoen Mundua. Hasieran, Plastikoen Aroa aipatzen zen eta gogoan dut liluragarria iruditu zitzaidala; ikasgai hura, ordea, ez genuen inoiz eman baina niri ez zitzaidan ahaztu.
Hortaz,...
Zorionez, Leioako lehenbiziko kimikarietakoa naiz, eta, garai hartan, polimeroen Nobel Saridun batekin ikasitako irakasle bat etorri zitzaigun. Horrela, bada, mundu hori bertatik bertara ezagutu eta nik nahi nuen mundua zela jakin nuen.
Beharbada zientzietara bultzatuko zizun aurrekariren bat izango zenuen etxean?
(Barre egiten du) Bai zera! Etxean lau mutil eta hiru neska gara. Ni bigarrena naiz, nesketan zaharrena. Aita enpresaria zen eta gertuago ditudan nire anai-arrebek ekonomia ikasten zuten denek Deustuan; beraz, ezin nuen inorekin hitz egin nik ikasten nuen gaiaz. Aita nire doktore-tesiaren aurkezpenera etorri zenean (barre egiten du), segur aski zera pentsatu zuen: “oso alaba azkarra dut eta!” Jakina, egiten nuena etxean aipatu ere egiten ez nuenez...!
Baina familiak lagundu zizun ikasketak aukeratzerakoan?
Nire aita-amek argi izan zuten beti gure ondarea heziketa izango zela. Beraz, geure ikasketak egin genituen guztiok eta, udan, Frantziara eta Ingalaterrara joaten ginen hizkuntzak ikastera. Hori aski aitzindari izatea zen urte haietan. Zerbait nahi genuenean, berriz, oso sistema interesgarria genuen nahi hura —liburuak, bidaiak...— elkarrekin finantzatzeko. Gure ekarpentxoa egin behar izaten genuen. Bitxia da gero, baina gaur egun sistema berbera erabiltzen dugu (beste ingurune batean, noski) ikerketaren munduan.
Zure jatorriko familiaz hitz egin dugu, baina zuk sortu al duzu zeure familia?
Ez. Ez dut astirik izan denetarako. Kontuan izan karrera zientifikoa egin duen lehen emakumea naizela nire institutuan. Garai hartan, atzerrira joan eta lan asko egin behar izaten zen; ez zen batere erraza; bateraezina zela esango nuke. Eta segur aski ez nuen pertsona egokia aurkitu unerik egokienean. Nolanahi ere, anai-arrebez eta ilobez inguraturik nago, eta familiaren deiturak ez daude arriskuan.
Beraz, zuzen-zuzenean bizi izan dituzu lanbidea eta familia bateragarriak egiteko zailtasunak.
Bai. Lankide emakumeak izan ditut, duela 30-35 urte, ezkontzerakoan karrera profesionala baztertu behar izan zutela. Ez zegoen erraztasunik edo aukerarik familia bat osatzen zuten emakumeentzat.
“Aukera berdintasuna” bezalako gaietan, berriz, geure etxean bertan arauak jarriz hasi beharko genukeela uste dut. Nire garaian ez zegoen inolako erraztasunik; nire ustez, “berdintasunaren” gaia ez zen aipatu ere egiten. Aitortu beharrean nago, nire kemenaren bitartez lortu nuela ikaskideen artean neure lekua egitea.
Eta gaur egun?
Nik zientziaren munduaz hitz egin dezaket, mundu horretan erritmoa aski bizia baita. Gu, normalean, azken bost urteetako ekoizpenaren arabera neurtzen gaituzte; eta emakumea ama izaten denean, erritmo profesional hori apaldu egiten da, urte batzuetan behinik behin. Ezinezkoa da aurreko erritmoari eustea; horregatik, aztergai dago urte horiek beste era batera baloratzea. Izan ere, orain arte emakumeek bakarrik izaten baitituzte haurrak, eta gizarteak haurrak behar baditu, neurriren bat hartu beharko da. (Ahapeka) Oraindik ez dugu haurrik egiten laborategietan (barre egiten dugu biok).
Ongi. Eta zertarako balio dute plastikoek?
Ia edozertarako balio dute. Teknologia berri orok propietate oso espezifikodun materialen garapena behar du: dela hegazkin supersonikoak, dela abiadura handiko trenak, dela telefono mugikorretarako bateria txikiek, dela optoelektronikak, dela inplante kirurgiko berriek, dela ehun sintetiko berriek... Ikerketarik eta polimero (edo plastiko) berrien ezagutzarik gabe, teknologia horiek ezin izango lirateke garatu etorkizunean, ezta imajinatu ere (Euskonews 500. zbk-rako polimeroen etorkizunaren inguruko laburpen bat idatzi nuen).
Oraingoz, ordea, ez dute balio izaki bizidunak sortzeko; baina kontuan hartzen badugu, batetik, organismoak zelulez osaturik, eta zelulak makromolekulez osaturik daudela; eta, bestetik, diziplinen ikertzeko erak geroz eta antzekoagoak direla —batzuen eta besteen jatorria desberdina izan arren—; segur aski egunen batean bat egingo dugu denok metodologia eta fenomenologiari dagokionez.
Egia al da ADNa polimeroa dela?
(Erantzuna irmoa da) Bai, bai. Gure definizioaren arabera, polimeroa “mero asko” dira; hots, unitate ugari. ADNa jatorri biologikoa duen polimeroa da.
Eta zuek egin al ditzakezue ADN molekulak laborategietan?
Ez, guk lagunartean plastikoak omen direnak egiten ditugu. Gure laborategietan, monomeroak eta jatorria petrolioan duten beste unitate txiki batzuk lantzen ditugu. Polimerizazio izeneko metodoaren bidez, molekula horiek handitu egiten ditugu, eta, horrela, molekula handiagoak edo polimeroak lortzen ditugu.
Baina supermerkatura joatea aski da plastiko mota ugari dagoela ikusteko.
Hori da petrolioak eskaintzen digun alde ona. Plastiko-sintesiari dagokionez, mugak badaude, batez ere tenperatura handiak jasan ditzaketen materialak egiterako orduan; baina eskaintzen dituen aldaerei esker, materialak ia nahi erara egin ahal izaten dira.
Karbonoaren kimikaz ari gara, baina badaude bestelako elementuak ere; Silizioa, esaterako.
Halaxe da. Silizioarena txipen, plaka fotovoltaikoen eta abarren kimika da, baina ez dago hain hedatua eta garestiago da. Hala ere, lanean ari dira halako batean polimeroak ere arlo horietan erabili ahal izateko.
Petrolioaz gain, monomeroak emango dituen beste iturririk ikertzen ari al dira plastikoak sortzeko?
Bai. Eta gaur egun lan asko egiten da gizartearekin eta gobernuekin ditugun konpromisoengatik: erabili ditugun gaiak izadiari itzuli behar dizkiogu, aurkitutako egoera berean edo antzekoan. Polimeroak, esaterako, erabat birziklatu beharko genituzke izadira itzuli aurretik, eta hori, zenbait kasutan, nahiko korapilatsua da. Hori dela-eta, iturri berriztagarriak bilatzen dira: landare eta animalietatik sortutako zuntzak, adibidez. Landareetatik sortutako zuntzek, zehazki, garapen handia izango dute etorkizunean. Gaur egun, ordea, prozesatzen zailak dira, baina hori ikertu beharreko gaia da.
Ez al da “moralaren aurkakoa” patatez poltsak egitea zer janik ez duen jende asko dagoenean?
Jakina. Landare-zuntzak erabiltzeagatik norbait janik gabe gelditzea ulertezina izango litzateke, bai niretzat, bai edonorentzat ere. Nik dakidala, ez da halakorik gertatu. Jakin dut, ordea, nekazariren batek nahiago izan duela bere sailak multinazionalei saltzea, giza kontsumorako erabiltzea baino. Baina zientzia modura, horrek ez du zerikusirik nire ustez.
Argi dago zientzia alorreko ikerketa, berez, ez dela ez ona, ez txarra; ez du konnotazio etikorik. Baina zientziaren aurrerapenez egiten den erabilerari buruz zer esana izango duzue agian.
Pozten nau gai hori aipatu izanak, Kontseiluan (Consejo Superior de Investigaciones Científicas —CSIC— erakundean) lehen etika-batzordea eratu berria da eta batzordeko kide izatera gonbidatu naute. Batzorde horretan ohitura onen protokolo edo kode bat idatzi dugu ikerlariarentzat; oraindik zirriborroa besterik ez da, baina laster argitaratuko da, eta konpromiso handiagoetara garatu ahal izango dela uste dut. Argi dago zientzia ez dela ez ona, ez txarra; objektiboa izan behar du. Baina guk, ikerlari eta kontseilu modura, ez genuke sartu behar gizartearen aurkako ikerketa-proiektuetan.
Adibidez...
Bonba atomikoak, sarraskiak eragin ditzaketen tresnak, arma kimikoak...
Zer gertatzen da beste muturrekoarekin, gizarte-hobekuntzak eragiten dituzten zientziaren aurrerapenekin? Patenteen munduaz ari naiz.
Patenteen mundua korapilatsua da, baina saia gaitezen ulertzen. Ikerkuntza arloan, enpresa pribatuetatik etorritako baliabideekin lan egiten da askotan, eta guk garatutako aplikazioak errentagarri izatea eskatzen zaigu. Hala ere, gizartearentzat onuragarri den aurkikuntzaren bat egin eta onura hori gizartera ez hedatzea, oso tristea izango litzateke. Horrelakoetan, medikuntzaren mundua etortzen zaigu beti burura, baina informatika bezalako gaiak ere izan daitezke. Ez dakit zehatz-mehatz zein baldintzetan, baina guztiok bat gatoz zenbait gaietan ez dagoela patenteak garatzerik.
Hel diezaiogun berriro elkarrizketaren hasierako gaiari. Kimika alorreko lehen promozioko emakumeetako bat izan zinen EHUn. Nola bizi izan zen garai hartan Unibertsitate Publikoaren lehen promozioetakoa izate hori?
Egia esan, ni ikasle nintzenean, EHUn ez zegoen kimikarik; kimika Deustuan ikasten zen “libreki” eta bertan heldu nion nik karrerari. Azterketak egitera, ordea, Zaragozara joan behar izaten genuen, eta, garai hartako komunikabideak gaur egungoak bezalakoak ez zirenez, nahaste-borraste handia izaten zen. Azterketara joateko, adibidez, zortzi ordu inguru egin behar izaten zen trenean sartuta; gogoan dut, gainera, behin geologia-azterketa egitera joan eta matematika-azterketa ipini zigutela. Beraz, EHUn kimika irakatsiko zela erabaki zenean, nire aitak aholkatu zidan —oso ondo aholkatu ere— unibertsitate publikora aldatzeko. Horrela egokitu zitzaidan lehen promoziokoa izatea.
Nola bizi izan zenuen aldaketa hura?
Lehen urtea, ia gehiena gainditua nuenez, agian aspergarri samarra egin zitzaidan. Gainera, “botika zaharrean” geunden eta eraikitzen ari ziren instalazio berrietan pentsatzen genuen denok. Lehen urteak, bada, ikastetxe txiki modura gogoratzen ditut, elkarrekintzarako lekurik ere ez zegoelako; kafetegirik ere ez zegoen. Leioara joan ginenean, ordea, hainbeste lekurekin galdu ere egiten ginen (barre egiten du). Egia esan, garai zoragarria izan zen, edozer gauzarengatik greba egiten genuelako: Vietnamengatik, autobusik ez genuelako, jantokirik ez zegoelako... Erabakiak hartzeko ikasle-batzarrak egiten ziren, eta batzar haietan, lehen mailatik hasi eta bosgarrenera arte, ikasle guztiek bozkatzen zuten. Nik karrera amaitzeko irrikan nengoen, noski, eta ikusirik munduan zenbat arazo zeuden konpondu gabe, iruditzen zitzaidan ez nuela inoiz amaituko.
Garai hartan agian ez nuen ulertzen, baina gaur egun konturatzen naiz zein garrantzi handia izan zuen mugimendu hark guztiak; batetik, urte batzuk geroago gizartean errepikatu zenaren aitzindari izan zelako, eta, bestetik, gizarteko iraulketa-une haietan ikasleek zer esan handia izan zutelako.
Zer gertatzen da egungo ikasleekin? Lo al daude?
(Keinuarekin baietz dio) Nik ez dut seme-alabarik izan, baina gaur egungo gurasoek (nire belaunaldikoek) seme-alabak gehiegi babesten dituztela iruditzen zait. Argi dago orduko gizartea ez zela egungoa bezain arriskutsua, baina garai hartan, beharbada, askeago uzten gintuzten. Gure belaunaldia eskubide eta askatasun guztien alde borrokatu behar izan zuen belaunaldia dela esan daiteke. Hala ere, egungo belaunaldiak eskubide guzti-guztiak ditu demokrazian jaio delako, eta baliabide guztiak dituela uste dut edozertarako. Beharbada gurasoek gertu eduki nahi dituzte seme-alabak, hortik zehar joan ez daitezen. Baina badaude ere bai oso ondo prestatuta dauden gazteak eta oso solidarioak.
Beharbada ahaleginaren kultura galtzen arituko da?
Atzo bertan, gai horri buruz hitz egiten aritu ginen. Badirudi ahaleginaren kultura gutxietsi egiten dela; eta, nire iritziz, balio modura irakatsi beharko litzateke berriro. Hots, hemen ahaleginik gabe ez da ezer lortzen. Unibertsitateko gaiei buruz hizketan ari ginela, zera pentsatu genuen; kirolarien munduan —txirrindularitzan, atletismoan, igeriketan, etab.— helmugara heltzeko ahalegin izugarria egin behar dela onartzen badugu, zer dela eta ez diogu eskatu behar ikasleari karrera amaitzeko ahaleginak egitea? Kontuan izan behar dugu gaur egun gauza guztiek ahalegina eskatzen dutela; eta ez da gutxietsi behar; aitzitik, norberaren ahaleginari esker, nahi dena lor daiteke, ondokoa azpiratu gabe. Ikerketaren mundua
“Oparoaldi ekonomikoetan bekadun gutxi izaten dugu, unibertsitateko ikasle asko karrera amaitu orduko lanean hasten delako. Krisialdietan, berriz, ikasleek ikerketarako interes gehiago izaten dute, lan-aukerak ere urriagoak direlako”.
“Tesia ikasleak izan dezakeen erronka handiena izan daiteke”.
“Gaur egun funtsezkoa da gure ikerketa-jardueraren inguruan sortutako proiektuen kudeaketa-, koordinazio- eta zuzendaritza-lan guztia nahiz eta batzuetan gehiegi ez den baloratzen”.
“Ikaragarri ikasten dut gazteengandik. Atsegin dut gazteek arazoak eta erronkak mahaigaineratu eta eskaerak egitea: zergatik ez dugu egiten? Zergatik ez dugu lortzen?...”.
“Etorkizuneko ikerlarien prestakuntzan maila bat falta da: institutuei dagokiena. Gazteak batxilergoan hasten dira etorkizunaz eta biharko egunean izango direnaz pentsatzen. Unibertsitate aurreko irakasleria ezagueraren katean sartu behar da”.
“Ikerlariok ahaleginak egin behar ditugu gure jarduera zabaldu eta gizarteari helarazteko. Hori dela eta, iaz Donostian egindako Atom by Atom batzarra oso egokia izan zen. Gizarteak ordaindu egiten digu eta guk ahalegin hori itzuli egin behar diogu”. Jakiunde
“Niretzat ohore eta aitorpen izugarria da. Proposamena egiteko deitu zidatenean, ezin nuen ulertu zergatik deitu zidaten. Baina nire izenaren inguruan letretako eta zientzietako hainbat pertsona ospetsuren izenak ikusi nituenean eta berriro akademiako kide egin nahi nindutela esan zidatenean, egia esan biziki eskertu nuen.
Akademiak berebiziko maila duenez, oso ohore handia da niretzat. Akademiako kide izatea sekulako aitorpena da.” Carmen Mijangos Ugarte (Bilbao, 1949) Ikerkuntza irakaslea da CSICen (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) Polimeroen Zientzia eta Teknologia Institutuan. NanoFunPoly&Gels Polymer design by Nanostructuration, Gelification and Modification, taldeko sortzaile eta zuzendaria da. Hainbat egonaldi egin ditu Espainiako nahiz nazioarteko zentroetan: 2 urte CNRS zentroan (Lyonen eta Estrasburgon), urte bat Euskal Herriko Unibertsitatean eta urtebete eta hiru hilabete Bartzelonako UPC unibertsitatean. 200 artikulu eta liburuetako kapitulu baino gehiago argitaratu ditu. 26 ikerketa-proiektuen zuzendari da (9 Europa mailakoak), eta konpainia multinazionalekin, berriz, 9 ikerketa-kontratuen buru. 4 patente nazional ditu eta patente europar bat ere bai (lehenbiziko CNRS-CSIC patentea, 1984). Mahaiburu izan da hiru nazioarteko batzarretan. Hizlari modura gonbidatua izateaz gain, Nazioarteko Batzorde Aholku Emaileetako kide izan da 80 aldiz. 100 ahozko adierazpen eta poster ere aurkeztu ditu nazioarteko batzarretan. 11 doktore-tesi zuzendu —horietako bik garrantzi handiko sariak jaso zituzten— eta 12 ikasketa aurreratuetako diplomen edo master europarren zuzendari izan da. Doktoretza ondorengo 9 ikasle eta graduatu ondoko 16 ere ikuskatu ditu. 30 ikastaro baino gehiago eman ditu gonbidatu gisa hainbat unibertsitatetan: Espainia, Italia, Frantzia, Ekuador, Peru, Guatemala, Kuba, Mexiko (Puebla), Costa Rica eta Kolonbia. Polimeroen Zientzia eta Teknologia Institutuko eta Revista de Plásticos Modernos aldizkariko zuzendari izan zen 1996-2001 bitartean. Zientzia eta Ikerkuntza Ministerioaren Materialen Programa Nazionaleko kudeatzaile izan zen 2000-2003 urteetan, eta CSICen Materialen Zientzia eta Teknologia Saileko koordinatzaile ere bai, 2004ko irailetik 2008ko ekaina bitartean. Hainbat batzorde zientifikoetako kide da Espainian eta Europan. Ikerketa eta kudeaketa alorretan egin duen lana dela-eta, aitorpen asko jaso ditu: Jakiunde, Euskal Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide oso, 2009ko apirila; CSICen lehen Etika Batzordeko kide, 2008; Espainiako Zientzialari Elkarteko ohorezko plaka, 2004; eta Ciencia en Acción izeneko lehenengo saria, 2008. urtean, “Nuevos materiales en la sociedad del siglo XXI” lanarengatik, besteak beste.