Aingeru Epaltza Ruiz de Alda. Idazlea: Idazleak bertzeen istorioen banpiroak gara

2010-02-19

ASURMENDI, Mikel

Rock-and-rolla-ren doinuetan kulunkatu zen gazte garaian. Komunikazioaren zurrunbiloan hezi zen geroago. Hezi, baita zaildu ere. Gaztetako errebeldia darama zainetan. Aspaldi erori zitzaion buruko ilajea. Mingainean ale bakar bat ez zaio gelditu horregatik. Historian murgilduta ari da hondar urteotan. Historiak baino istorioek gatibatua bizi da ordea. Berari aditzean —eta irakurtzean—, maitasuna eta gorrotoa istorio bereko aurkia eta ifrentzua dira.

Aingeru Epaltza Ruiz de Alda zara. Aingeru gutxi dabil gurean. Gotzon, Angel edo Anjel gehiago. Bataio izena duzu edo pontekoa? Edota gerora “moldatua?”.

Nire bataio izena Angel Tomás da, aitatxi Angel eta amatxi Tomasaren omenez, haien heriotzaren urteurrenean sortu bainintzen. Amaren aita-amak 10 urte lehenago hil ziren, hegazkin istripu batean, Kopenhagen. Hala ere, etxean beti izan naiz Aingeru. Aitatxi zenari ere hala erraten zioten noski, 1936a baino lehen, bere alderdikideek. Duela 25 bat urte ofizial egin nuen erregistroan. Ez baitzidaten Tomax paratzen utzi, Aingeru Tomas gelditu nintzen, amatxi zenari muzin ez egin nahi-eta.

Epaltza abizena berriz, nondik nora? Eta Ruiz de Alda?

Aitaita Txomin Bilboko Bidebarrieta kalean sortu zen, jatorriz orozkoarra bazen ere. Lizarrako batekin ezkondu zen, Maria Arantzadi, eta orobat Lizarrakoak dituzue ruizdealdatarrak, nahiz eta, belarrira berehala jotzen duenez, etorkia Araban duten, Kanpezu aldean.

Iruindar edo iruinsemea peto-petoa zara nolanahi den ere.

Hiru laurden lizarratar, laurden bat bilbotar, eta hala ere iruinsemetzat jotzen dut, bai, neure burua. Aita zena ere hemen sortu zen, Sarasate pasealekuan. Iruñeko hizkeran, PTV bat naiz, “de Pamplona de Toda la Vida”, gorenean gorena. Gainerako PTV gehienak ez bezala, “ez nago harro” hala ere. Hiri honekin dudan harremana gero eta gutiago da amodiozkoa eta gero eta gehiago gorrotozkoa. Nire amets aitorrezinetan hemendik kanpora joaten naiz bizitzera.

Iruñea eta Iruña. Horra hor kontrobertsia. Zuk Iruña onesten ote duzun nago. Dena den “gureak ez du atarramenturik”. Bat ezean, bi adiera, kasurako.

Erdibidekoa naiz. Txartel batean paratu behar badut, Iruña jarriko dut, Udalak erabaki bezala, baina deklinatzean, Iruñean, Iruñeko, Iruñetik... Euskaltzaindiak erabaki duen gisara. Joera horixe gailenduko da, azkenean. Euskaldunok, nagusiki, Iruñea erabili izan dugu noski, baina bertako erdaldunen memoria historikoan Iruña gelditu bada (“Café Iruña”, “Gráficas Iruña”, “Frenos Iruña”, “Iruña Park”, “Iruña Construcción”...), geure buruari harrika ematearen parekoa iruditzen zait Euskaltzaindia “zuzenketetan” hastea. Gehiengo erdaldunarekin zubi lanak behar ditugu, ez ustezko zuzentasun baten izenean elkarrengandik are gehiago urrunduko gaituzten erabakiak.

Hona zure buruaren definizio bat, nirea bistan da: “Gure mendebaldeari errezeloz so egiten dion nafarra”.

Hala ibilia naiz, “gipuzkozentrismoaren” zehatzaile. Kritika funtsatua ez ezik, duela 25 bat urte agertzen ari ginen sortzaile nafarrek geure burua nabarmentzeko bidea ere bazen. Egun, gauzak puska aldatu dira euskararen munduan, eta bertze gauza batzuk aldatu ez badira, ez da Donostian edo Bilbon gutaz “ahanzten” direlako, euskaldun nafarrek soziologia eta politika kontra ditugulako baizik. Nik gure mendebaldeari aspaldi ez diot errezeloz begiratzen. Ez dakizu nola tiratzen nauen batzuetan nire laurden bizkaitarrak!

Argazkia: Javier Bergasa.

Euskaldun batzuentzat, areago abertzale batzuentzat, Aingeru baino Deabrua ote zaren nago. Deabrua, erran nahi baita: zirikatzailea!

Euskaldun batzuk arrunt endogamikoak dira. Iduri du beren kidekoekin dutela harreman bakarra, beti soinu bera entzuten. Aho zabalik gelditzen dira bat-batean euskaldun batengandik normalean entzuten ez dituztenak entzun dituztenean.

Nolakoa zen zure nerabezaroko Iruñea?

Kanbiatzen ari zen. Hiriaren atal bat integrismo katolikoaz eta frankismoaz arindu eta haize berrizaleak arnasten hasia zen. Eta gu hartan. Mendia, lagunak, rock’n’rolla, mozkorrak, porroak, intentsitate baxuko engaiamendu politikoa, ametsak... Oroitzapen politak ditut garai hartakoak, neskekin ezdeusak baginen ere. Ideializatuegia genuen koadrila; horrek maingu bilakatzen gintuen bertzelako harremanetan hasteko tenorean.

Nolakoa da gaur egungo Iruñea? Kontrastean edo?

Serioagoa, ordenatuagoa, kontrolatuagoa, grisagoa, aspergarriagoa. Bartzinopolis, finean. Nahiz eta batzuetan pentsatzen dudan ez ote garen gu ere serioago, ordenatuago, kontrolatuago, grisago eta aspergarriago bilakatu. Edo ez ote garen gehiegi edertzen ari gazte gineneko garai errepika ezin hori, bertzerik gabe, gazte ginelako.

Gaur egungoa ez den bestelako Iruñea imajinatu duzu/zenuen iraganean?

Garai hartan lilura bat bizi izan genuen. Uste genuen gizarte osoa gure martxa berean zebilela, bazterreko gutxiengo bat kenduta. Nekez jabetu ginen, zinez, bazterreko gutxiengoa geu ginela. Orain nonahi sumatzen den gogo falta oharpen horren ondorioa da, hein batean.

Gaztaroan rock-and-rollak gatibatu bide zintuen. Zer geratzen da Lou Reed “gurtzen” zuen gazte txima luze hartatik?

Gauza handirik ez. Gazta ederra dut kaskoan, eta idazteko traba egiten dit musikak. Kontzertuetara joateak gero eta alferkeria handiagoa ematen dit. Tabakoa utzi dudanetik, bertzalde, gero eta gutiago ateratzen naiz gauaz. Dena dela, musika entzuten dudanean, rocka entzuten dut. Segitzen dut talde eta kantari berriak deskubritzen.

Otsailaren 8an, 50 urte beteak. Nostalgiarik bai?

Ez sobera. Aita zenarekiko solasaldi bat, maitemindu berriko zirrara edo seme-alabak tikiak zireneko une ikaragarri bizi horien mina izan dezaket. Gainerakoan, orokorrean, egin gabe dudanak ematen dit bihotz min handiagoa, bizi izan dudanak baino. Alde anitzetatik begiratuta, orain ari naiz nire garairik hoberena bizitzen. Kazetaria

Kazetari bezala eremu askotan egin zenuen/duzu lan. Gaztetan kazetari izan nahi zuen Aingeruk desio zuen kazetaritza egin al zuen gero?

Ikasketak burutu gabe nituela lanean nintzen jadanik. Beraz, berehala ohartu nintzen ofizioa egiazki nolakoa zen. Ni Berriozarko eta Kasedako osoko bilkura gatazkatsuetan laztu nintzen lanbidean, ez Kongon gerra-korrespontsal.

Zer oroitzapen geratu zaizu zure kazetaritza ibilbideaz?

Arrunt une libertigarriak bizi izan nituen, arrunt momentu intentsoak. Hala ere, kazetaritzaren alderdi kutrea bizitzea ere egokitu zitzaidan: ordu parrasta, asteburuetako eta destenoreetako lana, eta enpresaren egonkortasun eza. Ihes egin ahal izan nuenean, 30 urte bete berritan, karga bat bizkarretik kentzen nuela sentitu nuen. Kazetaritza ongi dago gazte eta aske zabiltzanean. Adin batetik aitzina, hobe lanbidez aldatzea.

Argazkia: Patxi Cascante.

ETBn ere lan egin zenuen. Zer diozu EITBren bilakaeraz?

Euskararen ikuspegitik aztertuta, ETB lehenbizikoetarik da noski gure porroten zerrendan. Haurren eta jubilatuen telebista bilakatu dugu denen artean, eta hori Jaurlaritzan egon den alderdiaren errua da oroz gainetik, baina baita ETBri bertzelako exijentzia maila transmititzeko gai izan ez garen ikusle posibleena ere. Euskaldunok, euskaltzaleok, axolagabe jokatu dugu Euskal Telebistarekin. Orain, ETB3-ren sorrerarekin-eta, egoera horri buelta emateko lehen ahalegina sumatzen hasiak ginelarik, PSE-EE dago agintean Gasteizen. Euskarazko telebistari duintasuna itzultzeko gai baldin bada, gaitz erdi.

Zer dira —Iruñetik begiratuta— mendebaldeko hedabideak zuretzat?

Euskarazkoez ari bagara, nire hedabideak dira. Baina nire begirada ez da Iruñeko ohiko biztanle batena.

Nafarrek oro har nola behatzen dituzte euskal munduko hedabideak?

Batzuek —nik nahi baino gutiagok— etxeko dituzte, bertzeek —nik nahi baino gehiagok— arrotz. Tartean, mailaketa mota guztiak, ez beti kolore politikoaren araberakoak.

Egungo kazetaritzaz zer iritzi duzu?

Kazetarien jardunari bagagozkio, profesional ustezkoen moteltasunak harritzen nau. Ez dute galderarik egiten. Prentsa-oharraren kazetaritza nagusitu da. Inoren bozgorailu bilakatu dira. Egunkarien edukia prentsa-bulegoetan erabakitzen da.

Internet, berriz, zer da zuretzat?

Sekulako asmakizuna eta sekulako informazio-iturria. Jakintzaren aldetik, beharbada gizartea gehien aldatuko duen fenomenoa da. Nik jada ez dakit Internet gabe lan egiten. Eta gure seme-alabek ez dute jakinen Internet gabe libertitzen.

Diario de noticias-en zutabea bat idazten duzu astero. Argian ere idazten duzu aldian-aldian. Zer dira zeregin horiek zuretzat?

Batzuetan esklabotza da, eta denbora galarazlea ere bai, egunkariak leitzen edo sarean edizio digitalak behatzen erretzen dudan denbora ez baitut erabiltzen liburuak irakurtzen edo idazten. Soinketa ariketa baten parekoa ere bada, nolanahi den; luma zorrotz eta burua erne izatera behartzen zaitu. Bertzalde, nire libururik inoiz irakurriko ez duten jendeengana ailegatzen naiz artikuluen bidez.

Argian idatzitako azken artikuluak “Galtzeko denborarik ez” lerroburua zeraman. Zer bilakatu zaizu denbora?

Ondasun preziatua eta, nire kasuan, gero eta urriagoa. Ez nago denbora alferrik galtzeko plantan. Idazlea

Idazle oparo zara. Denboraren antolaketa idazlearen emaitza oparoaren gakoa ote?

Diziplinatua naiz, eta egunari ordu batzuk ebastera saiatzen naiz egunero, badakidalako emaitza lanaren oparia dela beti. Musek ordenagailuaren aitzinean harrapatu behar zaituzte, etorria ez da bertzela etortzen. Astiki idazten dut, eta gauzak mila aldiz zuzentzen. Folio bakoitzarekin, orduak egiten ditut.

Argazkia: Elena Ronkal.

Zergatik idazten duzu? Eta norentzat?

“Neure buruarentzat idazten dut” eta halako zozokeriak aditzen dira bazterretan. Gezurra! Idazle gehienak hurkoa xarmatzeko halako premia batek ziztatuta lotzen gatzaizkio idazteari. Bertzeak gureganatu nahi ditugu, maita gaitzaten edo gorrota gaitzaten, eta dakigun modu bakarrean egiten dugu, istorioak kontatuz.

“Sasiak begiak ere baditik ” lehen liburu hartatik, zer ikasi duzu?

Irakurlearen lekuan jartzen, batez ere. Hasiera hartan ez zidan beldurrik ematen jendea piroteknia linguistikoekin lanpetzeak. Gaur zuhurrago ibiltzen naiz. Liburu batek, irakurria izateko, konpromiso bat nahi du idazlearen eta irakurlearen artean, elkargune bat, edukiaz, formaz nahiz hizkeraz den bezainbatean. Kostatu zait, baina ari naiz ezari-ezarian hori barneratzen.

Urratu duzun bestelako bide batekin “amestu” duzu inoiz?

Amets tikiak erlatibizatzen ere ikasi dut. Arrakasta, itzala, kanpo proiekzioa... Lehenago, liburu bat ateratzen nuen aldiro halakoak izaten nituen gogoan. Honezkero badakit nekez geldituko naizela hizkuntza minoritario bateko sortzaile minoritarioa izatetik, eta alferrik dela horregatik lantuan ibiltzea. Nire xokoa egin dut euskal literaturan. Baditut hainbat ehunka irakurle nire lanak preziatzen dituztenak. Haiendako ari naiz, esker ona zor diet. Hortik goiti bertze zerbait etortzen bada, ongi etorri, baina etortzen ez bada ez dut hargatik minik hartuko.

Inoiz ez duzu izan idaztera emana soilik bizitzeko ametsa, sorkuntzara guztiz emana?

Garai batean bai. Alabaina, beka edo sariren bat irabazi eta eszedentzian izan naizelarik, bigarren edo hirugarren asterako latza gertatzen hasi zait gelako bakartasuna. Nafarroako Aldizkari Ofiziala euskaratzea dut bizibidea. Aspergarri mortala, beraz. Alabaina, jendearekin egoten naiz, eta jendearekin egotea, solastatzea, bertze ikuspegi eta iritzi batzuk aditzea... hori guztia, psikologikoki lagungarria izan ezik, ez da hutsa literatur lanerako ere. Istorioak aditzen dituzu, pasadizoak, jendearen kezkak eta alegrantziak... Hori ikaragarri aberatsa da gero, idazteko tenorean. Ez ahantz idazleak bertzeen istorioen banpiroak garela.

Trilogia bat osatzen ari zara, historian oinarrituta. Mailuaren odola eta Izan bainintzen Nafarroako errege dira lehen bi emariak, biak karrikaratuak jada. Hirugarrena bidean. Zergatik murgildu zara nobela genero honetan?

Ni ez naiz inoiz genero bateko idazlea izan, baina Historiak erakarri izan nau beti. Sasiak... nire lehen nobela karlistadan kokaturik dago, eta Tigre ehizan, berriz, gerla zibilean. Mailuaren odola, beraz, ez zen lehenagoko denboretan kokatu dudan nire lehen lana. Desberdintasuna proiektuaren tamainan dago. Handinahi jokatu dut oraingoan, ahalik eta zukurik handiena atera nahian garai bati —gure XVI. eta XVII. mendeak— eta garai horrek nire eskutan jarri duen pertsonaia sortari. Nire idurikoz, fikziorako eszenatoki apartak eta gure oraina ispilaturik ikusteko bideak eskaintzen ditu Historiak.

Iraganaz ari zarenean, beraz, gure orainaz ari zara egiazki.

Nik istorio zirraragarri bat kontatu nahi izan dut, lehen-lehenik. Ezin uka, ordea, gure mito abertzaleetara modu literarioan hurbiltzeko guraria dagoela trilogia honen azpian. Hori, jakina, bigarren milurtekoan, ez daiteke epikatik egin, ez baita sinesgarria, antiepikatik eta ironia mingotsetik baizik.

Rock’n’roll nobelaren maitaleek erraz onetsiko al dute, generoak genero, gaiaren aldaketa?

Baten batek erran dit dagoeneko ea noiz utziko ditudan historia txatxu horiek eta noiz hasiko naizen berriz Rock’n’roll bezalako “fundamentuzko” lanak egiten. Bego lasai. Itzuliko naiz, noizbait, gure egungo karriketara. Nafarroaz, Euskal Herriaz, euskaldunaz

Zein neurrian definitzen du euskalduna gaur egun “Etxean otso karrikan uso” esaera zaharrak?

Esaerak hala dio, baina euskaldunak alderantziz jokatzen du, “etxean uso” izaten da. Gertatzen zaizkion guztien errua bertzeek dute beti. Konparazio baterako, gu arrunt ongi aritzen gara beti.

Argazkia: Elena Ronkal.

«Periferiako idazlea sentitzen naiz, baina ez dut gehiago nire burua zigortzen» esan zenuen behinola. Euskal herritar gisa baztertua ikusten duzu zure burua?

Noizbait idatzi nuen zein izan den luzaz nire eta nire inguruko zenbaiten sentipena: “Nafarren artean euskaldunegia, eta euskaldunen artean nafarregia”. Esaldiaren azken atala apaltzen hasia zen azken urteetan —areagotu, berriz, lehenbizikoa— eta hara non berriz sumatzen hasi naizen lehengo sentipen deseroso bera. “Lopez efektua”, nonbait.

Euskadi al da gure aberria?

Sabinok asmatutako hitzak gure ametsak eta gure errealitatea bereizteko balio zigun, bederen. Euskadi ametsa zen, noizbait lortu beharreko “aberria”. Euskal Herria, berriz, errealitatea, ikuspegi historiko eta kultural batetik begiratuta. Euskadi onartzen ez zuten anitzek ez zuten Euskal Herria begi txarrez ikusten. Horrek nolabaiteko topaleku bat eskaintzen zigun abertzale ez zirenekin. Bi hitz horiekin jeltzaleek, batetik, eta ezker abertzaleak, bertzetik, egin duten erabilera guztiz okerraren ondorioz, Euskadik mendebaldeko hiru herrialdeak izendatzeko baizik ez du balio, eta Euskal Herria, berriz, proskribitzeko bidean dagoen hitza —ideia— da, batez ere Nafarroan. 30 urte hauetako deskalabro erabatekoaren metafora polita.

Zer egin beharko lukete Nafarroa Foru Erkidegoko euskal herritarrek?

Nik dakita! Hemen, desastrearen azken kapitulua, Nafarroa Baik idatzi du. PSNrekin gobernua osatzeko saioa hondoratu ondoan, barne kohesioa lantzen eta koalizioa mugimendu sozial bilakatzen erabili behar zituen lau urte hauek. Horren ordez, elkarren kontra mokoka etengabeanaritzea izan da lau alderdien jardun nagusia. Bitartean, UPN ostikoka dabil gurekin, PSNren benedikazioarekin. Esperpentoa borobiltzen dute ezker abertzalean uste dutenek ez-dakit-zer-prozesu abiatuko dela eta horrek ez-dakit-ze-eszenategi-berritara eramanen gaituela, ahantzi gabe sinetsirik daudenak bizi maila Luxenburgokoen parekoa duten herritarrak noizbait nafar estatu baten alde matxinatuko direla. Luzerako dugu katakunbetan eta jadanik frogatua dago “gureek” ez gaituztela zulotik aterako. Euskaltzaleok Nafarroan egin genezakeen gauzarik inteligenteena UPNn eta PSNn masiboki sartzea litzateke. Ez dugu eginen, bistan dena.

“Izan bainintzen Nafarroako erreg ” idatzi berri duzu. Imajinatzen duzu Nafarroa independentea eta Erregea tronuan?

Errepublikanoa nintzateke, bertzeak bertze, orain bezain azpiraturik egonen nintzatekeelako euskaldun izateagatik. Nafar erresumak inoiz ez zion euskarari lekurik eman, hondar-hondarrean ez bada, eta erlijio mota jakin bat bulkatzeagatik. Nafarroak independentzia atxikitzea lortu balu ere, erdara (gaztelania, okzitaniera edo frantsesa) izanen zuen hizkuntza ofiziala. Orain bezalaxe.

Nola imajinatzen duzu 2020ko Euskal Herria?

Zertaz idatzi ez zaigu faltako, ez baitut miraririk espero gure paisaia mindu eta nekatuan. Zaharragoak izanen gara eta leporainoago egonen gara gure kontu triste guztiez, baina aldatu, ez diot nik deus aldatzeko itxurarik ikusten. Non ez den gazte belaunaldi bat etortzen eta gu guztiak —idazleak, kazetariak, politikoak, musikariak, terroristak, historialariak, euskararen militanteak...— zartako batez erretirarazten, oihuka egiten digutela: “Segi hemendik, kalamidadeak!” Horretan da nire esperantza apurra.

“Gure mendebaldeari aspaldi ez diot errezeloz begiratzen. Ez dakizu nola tiratzen nauen batzuetan nire laurden bizkaitarrak”.

“Euskaldun batzuk arrunt endogamikoak dira. Iduri du beren kidekoekin dutela harreman bakarra, beti soinu bera entzuten. Aho zabalik gelditzen dira bat-batean euskaldun batengandik normalean entzuten ez dituztenak entzun dituztenean”.

“Garai hartan lilura bat bizi izan genuen. Uste genuen gizarte osoa gure martxa berean zebilela, bazterreko gutxiengo bat kenduta. Nekez jabetu ginen, zinez, bazterreko gutxiengoa geu ginela. Orain nonahi sumatzen den gogo falta oharpen horren ondorioa da, hein batean”.

“Gure mito abertzaleetara modu literarioan hurbiltzeko guraria dago trilogia honen azpian”.

“Euskadik mendebaldeko hiru herrialdeak izendatzeko baizik ez du balio, eta Euskal Herria, berriz, proskribitzeko bidean dagoen hitza —ideia— da, batez ere Nafarroan. 30 urte hauetako deskalabro erabatekoaren metafora polita”. Aingeru Epaltza (Iru?a, 1960) Kazetaritzan lizentziatua da. Deia, Euskal Telebista eta Navarra Hoy-en aritu ondoren, Nafarroako Gobernuko itzultzailea da gaur egun. 1990. urtean Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakari bihurtu zen. Honez gainera, Nafarroako Euskararen Kontseiluko ordezkari izan zen; 1999an bere kargua utzi zuen Nafarroako Gobernuaren euskara politikarekin bat ez zetorrelako. Narratiba da bere sormenaren ardatza. Hala ere, antzerkigintza ere jorratu izan du: 1984ean Mugetan Irri lana idatzi zion Ortzadar taldeari, esaterako. 1985ean, Iruñeko Udalaren Egile Berriendako literatur lehiaketa irabazi zuen Sasiak ere begiak baditik karlisten garaian lekututako nobelari esker. Geroago, Xalbador Saria irabazi zuen Ur uherrak nobelarekin, eta 1997an Euskadi Saria Tigre ehizan nobela laburrarekin. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria ere irabazi zuen 1990an.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Carmen Gómez. Sancho el Sabio fundazioaren zuzendaria: Iragana maisu bikaina da etorkizuna ulertzeko

 

Irakurri

Joxe Mari Auzmendi. HIK HASIko koordinatzailea: Ordezkari politikoak, hezkuntzako profesionalak eta komunikabideak bilduko lituzkeen batzorde bat sortzea da gure ametsa

 

Irakurri

Anjeles Iztueta Azkue. Matematikaria: Matematika batez ere lengoaia da, Zientzien lengoaia

 

Irakurri

Marian Martínez de Pancorbo. UPV-EHUko DNA Bankuaren zuzendaria: Ziur aski, hemendik denbora batera, denok izango dugu gure genomaren fitxa

 

Irakurri

Luisa Etxenike. Idazlea: Berdintasuna ez da desberdintasuna ukatzea, bereizketa ukatzea baizik

 

Irakurri