Joxe Mari Auzmendi. HIK HASIko koordinatzailea: Ordezkari politikoak, hezkuntzako profesionalak eta komunikabideak bilduko lituzkeen batzorde bat sortzea da gure ametsa

2010-02-05

SALA, Teresa

HIK HASI egoitza txikiko eta asmo handiko egitasmoa da. Bertako koordinatzaile Joxe Mari Auzmendik gogoz hartu gaitu bulegoan. Paretetan azken urteetan egin dituzten ekintza eta proiektu ezberdinetako irudiak eta kartelak, mahaietan ordenadoreak, paperak, koadernoak eta liburuak. Txoko lanpetua dela argi antzematen da. Anfitrioiak badaki solasaldia ildo atsegingarrienetara gidatzen, minutu batzuk besterik ez dira behar bere pasioaz mintzatzen ari dela ohartzeko. Egiten duen horretan sinesten du, eta erronka berriei heltzea du gustuko. Zintzotasunez aitortzen du.

Noiz sortu zen HIK HASI? Nolakoak izan ziren estreinako pausoak?

1993an ikastolei erabaki garrantzitsu bat hartzeko momentua heldu zitzaien: sare publikora pasatu ala ez. Gutxi gora behera erdia publiko bilakatu zen, eta beste erdia ez. Orduan estatu mailako Cuadernos de Pedagogía izeneko argitalpen bat zegoen. Euskaraz ez zegoen ezer, guk Isilik izeneko aldizkari bat ateratzen genuen, baina, egia esatera, ez zegoen batere errotua eta gure buruetan bazebilen bueltaka hilabetekari bat kaleratzearen asmoa. Denbora dezente eman genuen horren inguruan hausnartzen, eta azkenean, ikastolen banaketa gertatu zeneko momentua une egokia iruditu zitzaigun. Argi geneukan argitalpena ez zela soilik ikastolentzat izango, baizik eta euskal hezkuntzan aritzen zen edozeinentzat. Hala, aldizkari ez unibertsitario bezala kokatu genuen, 0 eta 18 urte bitarteko ikasleak zituzten irakasleentzat. Ez zen aldizkari bat bakarrik, aldizkaria egitasmo zabalago baten parte izango zen, hori ere argi geneukan, baina bizkarrezur bat behar genuen eta hori izan zen aldizkaria: HIK HASI hilabetekaria, gure lehenengo urratsa. Aurten 15. ikasturtean gaude. Hasieran pentsatu zen horrelako aldizkari batentzat ez zela tokirik egongo, izan ere ikasle asko ez ziren euskaldunak etab. Baina gu ohartu genuen geroz eta irakasle euskaldun gehiago zeudela eta beharrezkoa zela horrelako aldizkari bat. Alde batetik, Irakasle Elkartea zegoen, non 500 irakasle inguru biltzen ginen. Horretaz gain, Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) sortutako pedagogia talde bat ere bazegoen. Hala, bi taldeetako hainbat partaide bildu ginen, garai hartako 50.000 pezetako 30 parte-hartze sortu genituen eta modu horretan sortu genuen elkarte mugatu bat. Hasieran aldizkaria Lasarten zegoen, Argia dagoen tokian, gero Andoainen gela bat alokatu genuen eta ondoren, hona etorri ginen, Rekaldeko industrialdera. Ni hasi nintzen aldizkariarekin, gero kazetari bat gehitu zitzaigun taldera eta une honetan lau pertsona gaude lantaldean.

Talde txikia osatzen duzue.

Bai, talde txikia gara, gauza dezente eta oso ezberdinak egiten ditugu, baina gero badaukagu ikastola ezberdinetako irakasleekin osatutako 15 laguneko talde bat, eta baita 80 bat aholkulari, pertsona adituak guztiak. Azkenik, eta laugarren maila batean, bazkideak edo harpidedunak aurkitzen dira eta horiei guztiei Interneten bidez zabaltzen dugun barne buletin baten bitartez informatzen zaie.

15 urte igaro dira jada, bide luzea egin duzue. Hasieran imajinatzen zenuten gaur zaudeten tokira heltzeko gai izango zinatela?

Beno, ametsetan bai, baina errealista izanez gero argi eta garbi ikusten genuen ezinezkoa zela. Aldizkarirako ere toki garbirik ikusten ez zenez, beste egitasmo batzuk egiten hasi ginen: jolasen inguruko bildumak, udako ikastaroak, bideoak eta DVDak... Bagenekien aldizkariak bakarrik nekez aurkituko zuela bere bidea, baina beste material batzuekin aurrera ateratzeko gai izan ginen. Modu honetan, gorpuztu egin zen.

Ez dirudi bidaia erraza izan denik, lan handia egin duzuela garbi antzematen da.

Bai. Lehenengo hiru urteetan ez genuen dirulaguntzarik jaso. Gero dirulaguntzak izaten hasi ginen eta egoera normaldu egin zen. Orain, beste fase batean gaude eta dirulaguntzak jaisten ari dira. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, %40a kendu digu. Baina, tira, guretzat diru sarrera handienak harpidedunek eta Udako Topaketek ematen dizkigute. Haurrentzat ere bideoak eta DVDak argitaratzen ditugu eta lagungarriak dira.

Zenbat harpidedun dituzue gaur egun?

Guztira, 2.500 ditugu, baina tartean badaude zentzu hertsian esanda harpidedunak ez direnak. Gure aldizkariak 3.500 aleko tirada dauka eta honekin bakarrik, argi eta garbi, oso zaila da aurrera egitea.

Dena den, beti defendatu duzue gaur eguneko euskal hezkuntzak zuen lana behar duela.

Bai, hala da. Eta esango nuke sinesmen hori indartu egin dela. Hasieran irakasle asko zeuden euskalduntzen, baina geroz eta irakasle euskaldun gehiago sartu dira. Azken 15 urteetan sartu diren gehienak euskaldunak dira. Lehen 10.000 irakasle euskaldun inguru bazeuden, gaur egun 20.000 baino gehiago daude. Esparrua ere zabaltzen ari da. Momentu honetan ez du inork zalantzan jartzen HIK HASI existitu behar den edo ez. Hezkuntzan oso pertsona gutxik jarriko du zalantzan gure lana. Iragan Udako Topaketetan esan genuenean dirulaguntzetan murrizketa izango genuela jendeak ez zuen sinesten. Gu oso irekiak izan gara eta esparru guztietan egiten dugu lan.

Krisiak zerikusirik duela esango zenuke?

Hori aitzakia bat besterik ez da. Badakigu Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuk murrizketak izan dituztela, baina Hezkuntza Sailak ez du inongo murrizketarik izan. Lehentasun kontuez ari gara, argi eta garbi esan dute hori. Euskararen ildoa ez dago beren lehentasunen artean.

Bidaia honetan zehar bizitutako gauza gogor eta pozgarrienak aipatu beharko bazenitu, zeintzuk aukeratuko zenituzke?

Ikasi Goraipamenak, adibidez, oso pozgarriak direla esango nuke. Iragan irailean antolatu genituen, Udako Topaketen hamargarren urteurrena eta gure hamabosgarren ikasturtea hartu genituen aitzakia gisa. Ez dira sariak zehazki, hezkuntzan eredu onak jarraitzen dituztenak goraipatzen ditugu. Azken ediziora lau administrazioak gonbidatu genituen: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua eta Frantziako Hezkuntza Ordezkaritza eta lauen ordezkariak agertu ziren. Guztiok elkarrekin bazkaldu genuen eta hori oso hunkigarria izan zen, irakasleak ez ezik, hezkuntza eragileak ere agertu zirelako. Alde horretatik, nik uste dut lortu dugula jendeak pentsatzea HIK HASI zerbait dela eta zerbait egiten dugula. Hori behintzat lortu dugu eta oso pozgarria izan da. Beste gauza bat ere lortu dugu: hasieratik, sortu ginenetik, argi eta garbi izan dugu beste norbaitek guk aurrera atera nahi genuen egitasmo batekin aurrera egin nahi badu guk ez dugula jarraituko. Adibidez, jolasen bilduma egiten hasi ginen, baina ohartu ginenean Urtxintxa ere antzeko zerbait egiten ari zela utzi egin genuen. Udako Topaketak direla eta, Adarra izeneko pedagogia talde batek antzeko ekimen bat antolatzen zuen, UEUk (Udako Euskal Unibertsitatea) ere. Urte batzuk eman zituzten ezer antolatu gabe eta orduan eman genien guk hasiera gure Udako Topaketei. Guk beti egingo dugu zerbait berezia baldin bada eta ekarpen berri bat suposatzen baldin badu. Hori ere oso positiboa izan da. Unibertsitatetik, adibidez, euskaraz aritzeko materiala behar zutela esan ziguten, eta argi ikusi genuen hori ez zela gure lana. Baina, adibidez, guk antolatutako jardunaldi batzuen kariaz material ezberdinak egiteko beharra sortzen bada orduan, bai, atera egingo ditugu. Orotara 24 monografiko atera ditugu jada. Beste edozein elkarte edo erakundek bidaia pedagogikoak antolatuko balitu, guk ez genituzke egingo, baina inork antolatzen ez dituenez guk antolatzen ditugu: besteak beste, Finlandiako hezkuntza sistema ezagutzera edo Kuban egiten den hezkuntza kongresu erraldoi batera joan gara... Inork beteko ez duen hutsune bat dagoela ikusten badugu, orduan gu betetzen saiatuko gara. Ekarpen bat suposatu behar duela argi ikusten dugunean lanean hasten gara, baina hori ez dugu lau lagunek erabakitzen, badago hilabetean behin elkartzen garen 15 kideko talde bat, eta bertan erabakitzen dugu zein egitasmo aterako dugun eta zein ez.

Euskal Kurrikulumaren inguruan ekarpenik izan duzue?

Ados gaude horrekin baina antzeman genuen bazegoela hutsune bat, uste baitugu herrietan ez dela bertako ondare kulturala etab. transmititzen. Hala, hainbat proposamen bidali zizkiguten, Errenteriatik, adibidez, toponimia lantzea gustatuko litzaiekeela esan ziguten, baina guk toponimia beharrean, ikuspegi integral batetik herriko ondare kulturala aztertuko genuela adierazi genien. Eta hori izan zen egin genuena, diagnosi bat eta proposamen landu bat bidali genizkien. Horretan ari gara: ondare kulturala transmititzeko, modu erraz eta sinplean bitartekariak sortzen. Orain arte, adibidez, herriko pertsonaia ezagunak edo eraikuntza historikoak lantzen dituzten bitartekariak izan badira, guk unitate didaktiko ezberdinak planteatu ditugu. Jakin dutenean, beste herri batzuetatik hurbildu zaizkigu, baina ezin izango dugu egin. Errenteriakoa egiten ari gara guk eta gure lana besteentzat eredu izango da, baina bakoitzak berea egin beharko du. Gu ez gara sartuko ezagutzen ez dugun toki batean.

Badirudi lana ez zaizuela falta...

Ez, egia esan, ez. Hori da gure arazoa. Besteak beste, gure web gunea elikatu behar dugu, eta ez dugu egin beharko genukeen guztia egiten. Adierazi dudan bezala, hiru irakasle (batek administrazio kontuak eramaten ditu) eta kazetari bat gaude bulegoan.

Zu ere irakaslea izan zinen.

Bai, baina irakaskuntza utzi egin nuen. Urte batzuk hemen eman ondoren Legazpiko ikastolatik behin betiko erabaki bat hartu behar nuela esan zidaten. Nik proiektu honekin jarraitzea erabaki nuen.

Poztasuna eman dizuten gauza asko aipatu dituzu, baina egongo da desengainuren bat.

Ez da desengainua zehazki, baina bai esango nuke gure gizartea pila aldatzen ari dela. Harpidedunak lortzea zaila da, gu ezagutu ondoren jendea bai, ohartzen da pena merezi duela harpidedun izatea. Baina gaur egun zailagoa da, lehen askoz errazagoa zen. Lehen elkartasun handiagoa zegoen, orain trukeko gizarte bat gara eta nik zuri zerbait emango dizut dakidanean zuk trukean beste zerbait emango didazula. Lehen altruistagoak ginen. Hor aldaketa garrantzitsu bat sumatu dut. Jendeak errentagarritasun bat ikusi behar du, bestela ez du ezer emango. Niretzat aldaketa txarrerako da, baina beno. Ez nuke esango desengainu gehiagorik bizitu ditugunik, izan ere egin ditugun gauza asko uste baino hobeago atera dira. Euskal Herrian erreferente gara esparru askotan eta hori pribilegio handia da. Gu hezkuntzaz, kulturaz eta Euskal Herriaz hitz egiten dugu baina zentzu berezi batean. Euskal Herria herri bat da eta herri izaten jarraitu nahi badu bere oinarriak eta bere hezkuntza sistema behar dituela uste dugu. Desengainua da ikustea administrazioan jokabide politikoak nagusitzen direla, eta hezkuntzak ez du politikarik egiten. Gu herri bat bagara gure herriak munduan bere isla izan dezan oinarri sendo bat izan behar du eta hor premiazkoa da hezkuntza sistema propio bat, bestela hil egingo da.

Zuen ideiak indarrez adierazten dituzuela esango zenuke?

Bai, baina oso txikiak gara eta ez daukagu indar handirik. Badaude egiten dugun lana ezagutzen ez duten irakasle asko. Gaur egun informazio gehiegi dago, alde guztietatik heltzen da... Ikastetxeak geroz eta handiagoak dira... Korrika bizi gara, bakoitza bere gauzetan murgilduta bizi da, geroz eta gutxiago hitz egiten da...

Dibulgazio lana egingo duzue.

Bai, barne buletin bat daukagu eta laster 3.500 alera iritsiko da. Bertan, hilero, azken nobedadeen berri ematen dugu. Baina agian 125.000 irakasle daude, beraz, gure eragina oso mugatua da.

Udako Topaketek hamar urte bete dituzte jada.

Hamar edo hamaika ikastaro antolatzen hasi ginen eta aurten, esaterako, 31 ikastaro antolatu ditugu. Esparru ezberdinetako ikastaroak antolatzen saiatzen gara. Hemen ere garapen bat ikusi dugu, orain eskaintza zabala eta talde txikiak antolatzen ditugu eta oso emankorrak dira. Parte hartu duten irakasleen iritzia oso positiboa da. Topaketetara egarriz etortzen da jendea eta hori izugarri emankorra da. Oporrak utzi behar dituzte eta bakoitzak bere poltsikotik ordaintzen ditu eta horrek zerbait esan nahi du. Hiru goiz irauten dute, 15 ordu guztira, baina etekin handia ateratzen zaio.

Zeintzuk dira etorkizunari begira dituzuen erronka nagusiak?

Batzuk erronkak dira eta beste batzuk aukerak. 10. urteurrena zela eta aholkulari guztiak bildu ginen eta jorratzeke bi ildo nagusi daudela ondorioztatu genuen: web gune indartsu bat izatea eta komunikabideetan hezkuntzak presentzia handiagoa izatea lortzea. Orain hezkuntzak oso presentzia txikia dauka eta gehienetan alderdikeriak ateratzen dira: erasoak, arazoak... Hezteko balio duten gaiak ez dira azaltzen, eta horretan ahalegina egin behar dugu. Gure artean telebista saio baten inguruan lan egiten hasi ginen baina ezinezkoa egin zitzaigun aurrera egitea. Hezkuntzak komunikabideetan presentzia handiagoa izan beharko lukeela uste dugu. Gure ametsa batzorde berezi bat sortzea litzateke. Bertan, ordezkari politikoak, hezkuntzako profesionalak eta komunikabideak egon beharko lirateke. Europako herrialde ezberdinetan badago jada, eta baita Katalunian ere. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Gauza batzuk adostu behar ditugula uste dugu, ezin gara bakoitza bere kabuz ibili, honek desorientazio handia dakar, etorkizuna diren ikasleei bereziki. Eskolan elkarbizitza edo kooperazioa bezalako baloreak erakusten dira baina, gero, kalera ateratzen direnean, haurrek beste mota bateko gizarte batekin egiten dute topo, eta horrek frustrazio handia sortzen du. Etorkizuneko herrialde batean aipatu batzordea posible izan beharko litzateke, guztiok horren beharra izango dugu.

Hausnarketa falta dela uste duzu?

Bai, hala da. Etorkinen fenomenoa gertatu aurretik, adibidez, guk etorkinekin elkarbizitza lantzen zituzten ikastaroak antolatu genituen, baina bertan behera utzi behar izan genituen jendeak ez zuelako izenik eman. Denborarekin, gero, etorkin pila etorri dira eta horrelako ikastaro pila antolatzen ari dira. Hondarribiako haurrak bere buruaz beste egin zuenean, orduan hasi zen jendea bullying izeneko fenomenoan interesa erakusten. Etorkizunerako ildo batzuk markatu behar dira eta hori ezin du eskolak bakarrik egiten. Adostasun minimo batzuk beharrezkoak dira: hizkuntzan, balioetan... Oteizak esan zuen lehenengo ze herri mota behar dugun erabaki behar genuelaondoren hezten hasteko.

Irakasleen komunitatea horren jakinean dago?

Komunitate osoa ez dakit, baina irakaslea askok bai. Euskalduntzearekin, adibidez, argi eta garbi ikusten da. Ezin du eskolak bakarrik egin. Eskola euskara erakusten da, baina euskalduntzea ez da eskolan bakarrik gertatzen. Etxeak eragin handia dauka. Baina kontzientziazio bat ere behar da. Geletan euskararen ahozkotasuna landu behar dela esaten diegu baina gero kalean helduek gaztelaniaz aritzen dira beraien artean eta hori da haurrek ikusten duten errealitatea. Helduen bezalakoak nahi dute izan eta gutxietsiak sentitzen dira. Eta, lehen esan dugunez, balioekin gauza bera gertatzen da.

Elkarrizketari amaiera emateko, zein esango zenuke izan dela honetan buru belarri sartzera animatu zintuen arrazoi nagusiena?

Egitasmo bat martxan jartzea. Gauza berriei heltzea eta irteera bilatzea, horrek izugarrizko eragina izan du nigan. Zerbait irekia da, erronka berriei aurre egiteko aukera eskaintzen dizu, hori agortezina da eta guzti horrek asko pozten nau. Gauza berriak egin daitezkeela ikustea izugarria da. Joxe Mari Auzmendi (Azkarate, Nafarroa, 1964) Kimika ikasi bazuen ere, urte bakar bat aritu zen laborategian lanean. Haurrak dira bere pasioa. Horregatik, irakasle hasi zen Legazpiko ikastolan, Bergarako UNEDen magisteritza ikasten ari zen bitartean. Ondoren, Irakasleen Elkartean aritu zen. Han, euskal heziketarako aldizkari baten premia sumatu zuten. HIK HASI hilabetekaria da haren fruitua. www.hikhasi.com
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Anjeles Iztueta Azkue. Matematikaria: Matematika batez ere lengoaia da, Zientzien lengoaia

 

Irakurri

Marian Martínez de Pancorbo. UPV-EHUko DNA Bankuaren zuzendaria: Ziur aski, hemendik denbora batera, denok izango dugu gure genomaren fitxa

 

Irakurri

Luisa Etxenike. Idazlea: Berdintasuna ez da desberdintasuna ukatzea, bereizketa ukatzea baizik

 

Irakurri

Eduardo Anitua. Medikuntza-doktorea: Zentro aitzindaria gara Europan, ahoko kirurgiaren eta inplantologiaren alorrean

 

Irakurri

Javier Arocena. Margolaria: Kalkulurik eginez gero, bizitza honetan ez dago ezertxo ere merezi duenik; baina une bakoitza gogoraraziz gero, den-dena bizitzeko arrazoi dela konturatuko zara

 

Irakurri