Anjeles Iztueta Azkue. Matematikaria: Matematika batez ere lengoaia da, Zientzien lengoaia

2010-01-29

ASURMENDI, Mikel

Menditar kutsua nabari zaio. Izan ere, ez alferrik, haur eta nerabe garaiak naturan eman zituen. Gaztea zela, berriz, Penintsulan barrena atera zen ikastera, eta geroago, munduan zehar bidaiatu izan da sarri. Bien bitartean, irakaskuntzan, estatistikan nahiz politikan aritzeak berezko nortasuna eman dio. Polita da gero, gazte-gaztetan menditik mundura jalgi zen emakume hari “matematika kontzeptuak sinbolo bihurtu eta horiekin ondorioak ateratzen dituen diziplina dela” entzutea.

Anjela izena zuen Joxe Mari Iparragirreren emazteak. Alegia herrikoa zen bera, zure eskualdekoa. Zu berriz, Anjeles zara. Gogoetatu al duzu inoiz zure izenaz?

Bai noski. Nire izena Maria Angeles bezala inskribatu zuten erregistroan. Txikitan, eskola paperetan, Mª Angeles sinatzen nuen, honela deitzen zidaten etxetik kanpora. Etxean berriz, Anjeles deitzen zidaten.

Gaztetan, nire izena euskaratzera jo nuenean bi aukera nituen: Gotzone edo Aingeru. Ez batarekin ez bestearekin ez nintzen identifikatzen eta hogei urte nituenetik hona Anjeles izan da nire izena, bai etxean bai etxetik kanpora.

Iztueta eta Azkue. Iraganeko gure kulturaren izenak: (Juan Inazio Iztueta eta Resurrección Maria de Azkue gogoan). Nongoak zenituen edo dituzu aita eta ama?

Ditut... ditut, biak ala biak bizi dira-eta. Nire aita Josemari Iztueta Armendariz da, Berastegin jaioa eta gaztetan artzain izandakoa dugu. Aurreko gure arbasoak Lazkaotarrak ziren. Juan Inazio Iztuetarekin lotura zuzena dugu, Juan Inazioren aita, gure aitonaren Lazkao baserri-dorre etxetik joan zen Zaldibiara. Fisikoki ere nire aitarekin antza nabarmena du.

Nire ama Katalina Azkue Gaztañaga da. Larraulen jaioa eta aurreko arbasoak Aia eta Gipuzkoako kosta ingurukoak zituen. Nik dakidala ez dugu lotura zuzenik Resurreccion Maria de Azkuerekin.

Zer balore jaso zenituen edo dituzu eurengandik?

Aitak, euskara beti ardatz izan du, azkarra da, pakeosoa, eta eskuartean duenarekin disfrutatzen dakiena. Esker oneko pertsona da. Ama, batez ere guregan konfiantza osoa izan duen ama ona da, eta horixe transmititu digu: konfiantza. Oso pertsona bizia da, eta indar handikoa, harremanetarako abilitate berezia duena.

Sortez, lau aitona-amonak gertutik ezagutu nituen eta aita-ama, esan bezala, bizi dira oraindik. Oraindik badaukat beraiekin mila gauza konpartitzeko aukera.

Anjeles Iztueta ikastolan. 1958 urtea.

Iragan mendeko erdialdean jaioa zara, Tolosan. Nola gogoratzen duzu haurtzaro garaia. 1960ko hamarkadako urteak...

Tolosaldekoa sentitzen naiz gehienbat. Tolosan jaioa izanik ere, eskola egunetan izan ezik, Berastegin pasatzen genituen egun asko eta asko, eta noski opor guztiak. Baserri giroan haziak gara gu hiru anai-arrebok, Arantza, Josu eta ni neu. Gure aita-amak Berastegiko baserrietan ezkonduta zituzten anai-arrebak eta lehengusuarte zabalean heziak gara.

Berastegin baserri giroan kale-kumeak ginen, baserritar kutsukoak berriz Tolosako eskola giroan. Normalki Berastegin egoten baginen ere, Larraulen amaren jaiotetxean ere egiten genituen egonalditxoak. Baserri giroa eta bizitza barrutik ezagutzeko aukera izan dugu eta oso aberatsa izan da niretzat hori. Sutondoan egoten ginen ipuinak, sorgin istorio eta kontu zaharrak entzuten, arrosarioa errezatzen, artoa aletzen, baita gordeketan ere... Lehengusu taldea baserriko mila toki ezkutuetan ibiltzen ginela gogoratzen dut oraindik ere.

Eta Tolosa herria?

Tolosa eskolarekin lotzen dut. 1957-1960 arte ikastolan ibili ginen, ezkutuko eta haserako ikastola haietako batetan, argazkia ere badugu garai horretakoa eta oso gogorapen onak ditut. Euskaraz ikasi nuen irakurtzen eta baita ere zenbatzen, biderkatzen eta zatiketak egiten.

Gero, 1960an, erdarazko moja eskoletara joan nintzen. Guk izeba misiolaria genuen eta haren kongregazioak sortu berri zuen eskolara hasi ginen. Guztia gaztelaniaz zen eta eskola unitarioa zen, hau da, gela berdinean adin desberdinetako umeak batera ginen. Moja eskola horretan egin nuen batxilerra eta, urtez urte, libre erara egiten genituen azterketak Donostiako Peñaflorida Institutoan.

Argazkia: Usue Garate.

Ordurako neska koskorra zinen...

Hamalau urterekin goi mailako batxilerra egitera joan nintzen, ikasketa ofizialak zituen beste moja eskola batera. Han errazagoa zen guztia eta han bukatu nuen Bigarren Batxilergoa, hamasei urterekin eta zientziaren bidetik.

Eskola urte hauetan gure hizkuntza gaztelania zen kalean, erabat gaztelania. Lagun askok bazekiten euskara eta etxean egiten zuten, baina kalean eta taldean beti gaztelaniaz. Etxean inoiz ez genuen hitz bat bera ere gaztelaniaz egiten. Gure etxean euskara sakratua zen!

Garai honetatik oso oso gogoan ditut ere : Burgoseko juizioa, Radio Paris irrati saioak, lehen ikurriñak eliza kanpandorreetan...

Hamasei urterekin beka bat eman zidaten Unibertsitate Laboraletarako eta Zaragozan egin nuen, orduan COU deitzen zen Unibertsitate aurreko urtea. Ikasketak, lanbidea, emakumea eta ama

Zure Curriculum Vitae ikusita, hona zure ezaugarri zenbait: matematikaria, estatistikan ikasia, metodologian trebatua...

Matematika ikasketak egin nituen, eta berriro ere gauza berbera egingo nuke. Askok somatzen dutenaren kontra, matematika ez da kalkulua, matematika batez ere lengoaia da, zientziaren lengoaia, kontzeptuak sinbolo bihurtu eta horiekin ondorioak ateratzen dituen diziplina.

Matematika diziplina zabala izanik matematika aplikatuaren zati batean zentratu izan naiz: estatistika matematikoan hain zuzen ere. Matematika “zientzia exakta” kontsideratua izan ohi da, estatistika-matematikoak aldiz zoria du ezaugarri, eta horrek benetan interesgarri egiten du jakintza arlo hau.

Argazkia: Usue Garate.

Lanbidean erabili duzuna aplikatu ahal izan duzu egunerokoan? Aplikatu edo baliagarria izan al zaizu?

Benetan disfrutatzen dut estatistika-matematiko arloko artikulu, liburu edo lan batekin. Oso erraz kontzentratzen naiz gai hauetan, asko erlaxatzen naute gai hauek, asko, benetan.

Bestetik, ere nahiko pertsona bisuala naiz, hau da, irudiz hornitzen ditut nire pentsamendua, errealitatea eta ametsak, eta matematikak aukera asko eskaintzen du irudimenaren ikuspuntutik. Matematika irudiz, sinboloz eta kontzeptu askez osatutako zientziaren oinarria da.

Jatorrizko familia aipatu dugu lehenago. Hiru seme-alaben ama zara eta “lan munduan” aitzindaria izan zinen zure belaunaldikoen artean.

Gaztetatik ere argi nuen ama izan nahi nuela. Hartu izan ditudan erabaki guztietan eta bidegurutze orotan, alde hori oso argi izan dut beti. Lau urteko tartean jaio ziren gure hiru seme-alabak eta gure lehentasunen gainean izan dira beti-beti. Gure bizitzaren ardatza horren inguruan antolatu izan dugu.

Zein da zure esperientzia ama eta langile bezala? Nola moldatu zara?

Gauzak argi badituzu, moldatzen zara! Ezkondua eta ama naiz, hiru gazte unibertsitarioen ama. Naturak eman dezakeen opari handienetakoa izan daiteke ama izatea, nik horrela sentitzen dut.

Familiak toki asko –izan– du nire bizitzan. Bizitza kate gisa irudikatzen dut, eta gu erdian gaude. Gure arbasoen indarra, gure aitona-amonen babesa beti sentitu izan dut oso gertu. Bestetik, seme-alabak, ilobak, hauen lagunartea... Gure gazteak dira gure iparra. Lehenak eta geroak lotzen naute, eta era berezian Euskal Herriari. Mundu profesionala: Unibertsitatea

Argazkia: Usue Garate.

1977an, duela 30 urte luze, hasi zinen Unibertsitatean irakasle. EHUko bilakabidea ere ezagutu zenuen...

Kontuan izan behar duzu nire gazte denboran euskaldun askok eta askok gure unibertsitate ikasketak Euskal Herritik kanpoko unibertsitate publikoetan egiten genituela: Zaragoza, Valladolid, Salamanca, Madril edota Bartzelonan... Nik Valladoliden ikasi nuen.

Ikasle bezala lehenik –eta gero irakasle ginela– Euskal Herriko Unibertsitatearen alde lan egiten genuen. Euskal Herriaren zerbitzura eta euskalduna ere izango zen unibertsitatearekin egiten genuen amets. Urte haietan ere Udako Euskal Unibertsitatearen (UEUren) hastapenetan geunden, Udako eta euskarazko unibertsitate paraleloa izan zen benetan. Gaiak berritzaileak eta herrigintzari lotutakoak ziren eta guztiak euskaraz lantzen genituen. Bestetik, Iruñako Larraona Ikastetxean gazte eta ez hain gazteen arteko Topaguneak izaten genituen urtero, apartekoak eta zoragarriak ziren. Egun haiek sakonetik bizitzen genituen. Bizikidetza noski, urte guztira luzatzen genuen.

Non hasi zinen irakasle?

1977an Sarrikon hasi nintzen matematika eta estatistika irakasle, oso gazte nintzen oraindik, hogeitabi urte besterik ez nuen. Valladolidetik itzuli berritan hemen murgildu nintzen buru-belarri, batez ere unibertsitatea euskalduntze ahalegin horretan.

Irakasleak nahiz ikasleak gogoratzen dituzu?

Bai. Carlos Santamaria buru genuela landu genuen lehen matematika hiztegia. Joxerramon Etxeberria, Luis Mari Bandres, eta beste lagun batzuk zientzia fakultatean hasiak ziren fisika eta kimika euskaraz ematen eta haiek eredu harturik, nik eman nituen garai hartan lehen matematika klaseak euskaraz Sarrikon.

Ausartak izan ziren nire ikasleak eta, egia esan, oso ondo portatu ziren lankide nituen irakasleak, (Trokoniz katedratikoaren sailekoa nintzen). Euskarazko matematika klase haiek ofizialak ziren eta ezinbestekoa izan zen guztien lankidetza eta borondate ona. Euskarazko klaseak ere antolatzen genituen saileko irakasleentzat. Hasiera zailak bezain interesgarriak izan ziren.

Euskal Herriko Unibertsitateen bilakabidea ezagutu duzu irakasle gisa eta gero Eusko Jaurlaritzako sailburu bezala ere bai.

Bai haseran irakasle gisa eta oso gerora Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu gisa. Sailburu izan nintzen garaian gure Euskal Unibertsitate Sistema Legea izan genuen betebehar nagusitzat. Gure herrigintzaren zerbitzura egongo zen Unibertsitate Sistema bat eraikitzeari babesa emango zion legea izan genuen helburu. 2004an onartu zen Lege horretan euskarri eman diogu euskarari, irakasle propioari, gure Euskal Unibertsitate Sistema era propioan Europan txertatzeari...

Askoren arteko talde lana izan zen eta, gure ustez, herrigintzaren ikuspuntutik ere aukerak zabaltzen dituen legea da. Nekeak neke, egun benetan pozgarria izan zen lege hori onartu zen eguna.

Euskal Unibertsitatea Sistema ireki gisa ulertzen dugu guk, non publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza ezinbestekoa ikusten dugun. Sistemaren grabitate zentroa Euskal Herrian duena, kalitatezkoa, euskara hizkuntza propio gisa garatzeko ardura duena... eta herria eta herrikideen oraina eta etorkizunaren zerbitzura kalitatez jarduten duena. Mundu profesionala: Eustat

Argazkia: Usue Garate.

Azaldu iezaiozu irakurleari zer den Eustat?

Eustat Eusko Jaurlaritzako erakunde autonomo bat da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako populazio eta sektore ekonomiko guztietako informazio estatistikoa bildu, aztertu eta zabaltzen duena.

Atzera begiratzean, gogoan dut 1979ko inguru hartan ez genekiela gure herri honetan ez zenbat ez nolako eskola zeuden, ezta zenbat komertzio ere. Oso informazio gutxi geneukan gure herrialderi buruz. Informazioa beharrezkoa zaigu edozein planifikazioetan, eta era honetako erakundeetan lurralde batekiko informazio bildu eta aztertzen dugu. Zenbaki bidezko “herri argazki numerikoak” lantzen ditugu.

Zein da zure zeregina bertan? Zer gogoratzen duzu zure hastapeneko zure ibilbideaz?

Eustat-en Ikerketa eta Metodologia Estatistiko-Matematikoaren arloaren ardura izan dut urte askotan. Gure talde honetan metodologiak, prestakuntza, bekak eta ikerketak kokatzen dira, baita unibertsitateekiko lankidetzak ere. Kreatibitatezko talde lana da, lau hitzetan esanda.

Zer ekarpena egin du Eustatek?

Eustat-ek informazio asko bildu du urte guzti hauetan. Era berean ere hor daude Nafarroako zein Iparraldeko informazio estatistiko guneak. Aipamen berezia egin nahi dut ere Gaindegia datuen laburbiltze eta integrazioari buruz egiten ari den lanaren alde. Gaindegia-n biltzen baita Euskal Herriko informazio estatistikoa, non iturri diren Eustat nahiz Nafarroako Estatistika Bulegoa zein Insee Iparraldeko datu basea.

Ikasketetan sakontzeko edo arduradun politiko bezala atera zara Europara edota Hego Amerikara?Zein dira handik ekarri zenituen esperientziak?

Beti izan dut gustuko bidaiatzea eta aukera izan dudan guztietan kanpora atera izan naiz. Europatik, herrialde nordikoak aipatu nahi nituzke. Proportzioan herri txikiak dira, demokratikoak, indartsuak, beraien arteko lankidetza lantzen dute eta horretarako antolakuntza berezia daukate. Finlandiak, adibidez, bere hizkuntza propioa, Suomiera, azken mende honetan berreskuratu du. Munduko hezkuntza sistema hoberena duela aitortzen zaio, gizon-emakumeen parekotasuna ondo lantzen dute, behetik gora antolatutako herrialdeak dira. Asko dugu ikasteko beraietaz eta bestetik aliatu ere badira herrigintzan.

Hego Ameriketan, Argentina aipatu nahi nuke. Natura aberatsak eta jatorri desberdineko pertsonek osatutako herria da. Beti harritu izan nau zein euskaldun eta aldi berean zein argentinar sentitzen diren hango euskaldunak. Asko ikasi dut beraiekiko harremanetan. Milaka euskaldunek utzi zuten Euskal Herria Ameriketara joateko, baina erroak ez dituzte inoiz ahaztu, eta esplika ezina da euskaldun batek Argentinan sentitzen duena.

Zein izan da kanpotik ekarri dituzun ikaspenak?

Euskaldunak mundu guztian zabaldurik gauden nortasun handiko herria garela. Gaur euskal jatorrikoak gehiago dira munduan barreiatutakoak hemen, Pirinioetako ertz honetan, bizi garenok baino. Gaurko teknologiak aukera ematen digu gure diaspora zabala antolatzeko eta aukera hori aprobetxatu behar dugu.

Azkenik eta bukatzeko. Euskaldunok euskaraz bizi ahal izango dugu mundu modernoan?

Gauza bat dut argi, euskarak egiten gaituela euskaldun eta egingo duela Euskal Herria.

“Matematika ‘zientzia exakta’ kontsideratua izan ohi da, estatistika-matematikoak aldiz zoria du ezaugarri, eta horrek benetan interesgarri egiten du jakintza arlo hau”.

1. a. “Matematika irudiz, sinboloz eta kontzeptu askez osatutako zientziaren oinarria da”.

“Aipamen berezia egin nahi dut ere Gaindegia datuen laburbiltze eta integrazioari buruz egiten ari den lanaren alde. Gaindegia-n biltzen eta aztertzen baita Euskal Herriko informazio estatistikoa, non iturri diren Eustat nahiz Nafarroako Estatistika Bulegoa zein Insee Iparraldeko datu basea”.

“Finlandiak bere hizkuntza propioa, Suomiera, azken mende honetan berreskuratu du. Munduko hezkuntza sistema hoberena duela aitortzen zaio, gizon-emakumeen parekotasuna ondo lantzen dute, behetik gora antolatutako herrialdeak dira. Asko dugu ikasteko beraietaz eta bestetik aliatu ere badira herrigintzan”.

“Euskaldunak mundu guztian zabaldurik gauden nortasun handiko herria gara”.

“Berastegin baserri giroan kale-kumeak ginen, baserritar kutsukoak berriz Tolosako eskola giroan”. Anjeles Iztueta Azkue (Tolosa, 1954) Anjeles Iztueta Azkue 1954ko urriaren 16an jaio zen, Tolosan (Gipuzkoa). Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu: Jon, Ixiar eta Mikel. 1977an Matematika Zientzien ikasketak amaitu zituen Valladolideko Unibertsitatean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua ohia. Euskararen, Unibertsitatearen eta Matematikaren munduan murgilduta dabil, baina ez lanbidea hori duelako bakarrik, baizik eta baita gai hauekiko benetako grina sentitzen duelako ere. Asmoz Fundazioaren Patronatoko kidea eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea ere bada.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Marian Martínez de Pancorbo. UPV-EHUko DNA Bankuaren zuzendaria: Ziur aski, hemendik denbora batera, denok izango dugu gure genomaren fitxa

 

Irakurri

Luisa Etxenike. Idazlea: Berdintasuna ez da desberdintasuna ukatzea, bereizketa ukatzea baizik

 

Irakurri

Eduardo Anitua. Medikuntza-doktorea: Zentro aitzindaria gara Europan, ahoko kirurgiaren eta inplantologiaren alorrean

 

Irakurri

Javier Arocena. Margolaria: Kalkulurik eginez gero, bizitza honetan ez dago ezertxo ere merezi duenik; baina une bakoitza gogoraraziz gero, den-dena bizitzeko arrazoi dela konturatuko zara

 

Irakurri

Isabel Celaá. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua: Eskolaren eraldaketa teknologiko sakon-sakon baten oinarriak jartzen ari gara

 

Irakurri