Aurreko urrian Bioetika elkartearen presidente izendatu zintuzten, ohorezko izendapena da kontuan hartua zu izan zarela estatuan lehenengo masterra lortu duena arlo horretan, nola bizi izan duzu?
Erantzunkizun haundiz hartu dut, elkarte honek badu hamar bat urte eta azken finean, elkarte honetan, batez ere, pentsamolde askotako jendea elkartzen gara, gure elkartea ez da monolitikoa, oso anitza da eta penstamolde eta ikuspuntu askotako jendea dago.
Orokorrean ez dugu txostenik, ez deklarazio publikorik ateratzen. Gure ustez bioetikaren lana batez ere deliberatzea da, jarrera ezberdinak ditugunon artean elkarrizketa sortzea eta ahalik eta akordiorik haundienetara ailegatzea.
Hori dela eta, erantzunkizun haundia. Beste bi presidente edo lehendakari izan dira ni baino lehen, kardiolgo eta neurologo bat, funtsa haundiko pertsonak bioetikan; arduraz hartu dut izendapena.
Argazkia: Javier Bergasa (Grupo Noticias).
Zer nolako eragina izango du horrek zure eguneroko bizitzan?
Nik bioetikari hainbat eta hainbat ordu eskaintzen diot, etika arloan sartu nintzenetik bioetikak erakarri egin nau eta hainbat eta hainbat irakurketa eta ordu asko eskaintzen diot.
Eta ez bakarrik irakurketa eta pentsatzeari eskaitzen diot, baizik eta momentu honetan estatu osoan dagoen jendearekin harremanetan egoten eta deliberazio hori nolabait bideratzen. Beraz, neure lan normaletik kanpo, beste lan hau erantsi dut. Lan gehiago, baina gustora egiten den lana; lana da azken finean, baina gustora egiten da.
Zeintzuk dira bioetikaren ildo nagusiak, hau da, zer da laupabost lerrotan, bioetika? Nola ulertzen duzu?
Bioetika da etika aplikatua, biziaren zientziei aplikatutako etika. Bioetika grekeratik dator bios eta ethos. Bios bizitza da, baina bizitzaz ari garenean, badaude korronte bi; batek bizitzaren sakraltasuna defendatzen du eta besteak bizitzaren kalitatea, eta bien artean badago nolabaiteko gatazka.
Argi ikusten da gaur egun: abortoa dela eta ez dela, enbrioiak zer diren, ingeniaritza genetikoa... hor badago erronka sakon bat geure gizartean, bizitza bi alde horietatik begiratuta.
Bestetik, ethos, etika hitzak badu bere baitan paradoja hori. Alde batetik etika da ohitura, folklorea, tradizioa, gure gizartea elkarrekin mantentzen duen joera hori; baina etika ere bada eszelentziaren bilakaera edo gauzak ez ondo, baizik eta ahalik eta hobekien egiteko deialdia. Eta horrek batzutan ohitura eta tradizioaren kontra jotzera eramaten gaitu.
Beraz, printzipioz hain erraz esaten den hori, bizitza zer den arakatzen hasten zarenean eta etika zer den aztertzen hasten zarenean bide oso zabalak irekitzen zaizkizu.
Zergatik bioetika, zerk bultzatu zintuen bioetikan murgiltzera?
Printzioioz, medikuntzaren baitan bioetika oso beharrezkoa delako, pentsa bioetika biologo batek asmatu zuela 1970 aldera. Biologo honek, Potter (Van Rensselaer Potter), esaten zuen munduak bioetikaren beharra zeukala, planetan mantendu ahal izateko bizi garenok eta bizi ginenok, munduarekiko hausnarketa hori beste modu batean egin behar genuela, eta eraberri hori bioetika zela.
Honek eragin haundia izan du medikuntzan, gaixo eta medikuaren arteko harremanean, ikerketa medikoan, tratamenduak aukeratzeko orduan etab. Pertsona bat gaixotzen denean, mediku batekin topo egiten duenean, arazo pilo bat sortzen da, eta askotan ez baduzu harreman hori lasai aztertzen, seguraski ez zara konturatuko zenbat gauza, balore... dagoen mahaigainean.
Baina geroago, lasaituta, ikertzen baduzu kontu hori ikusten da oso gai problematikoa dela gaixo eta osasun profesionalen arteko harremana, eta hor badira arazo bioetiko pila bat. Eta ez bakarrik klinika normalean, hau da, estula daukazunean eta mediku normal batengana zoazenean, baizik eta medikuntzak gaur egun ikutzen dituen arlo guztietan: tratamenduak, pronostikoak... lehen ingenieritza aipatu dut baina hain urrutira joan gabe ere, bizitza eta heriotzaren arteko definizioa, trasplanteak etab. Gauza guzti horiek problema bioetikoez beteta daude.
Medikuntza ikasterakoan bioetika ikasgaietako bat da?
Zoritxarrez ez, eta izan beharko luke, azken finean arazo bioetikoak hor daudelako eta gertatzen dena da askotan medikuok zer egin jakin gabe geratzen garela, nola erabaki, zer erabaki eta zer gauza edo zein balore hartu behar dugun kontuan, erabaki terapeutiko bat hartzerakoan.
Hori, zoritxarrez, unibertsitate gehienetan ez da erakusten eta horregatik dira hain garrantzitsuak gurea bezalako erakundeak: arazo hauek hor daudela adierazten dutenak eta bioetika lantzen dutenak, pubikoari irekitzen diotenak.
Baina ez duzu bakarrik hori egiten, horrez gain, politikan sartuta zaude, Nafarroako ospitalean lanean, Euskal Kulturaren Elkargoaren (EKE) presidentea eta hedabideetan agertzen ohi zara ere bai... zuk bilatu duzun bizitza da, ala espero gabe etorri zaizkizun ardurak dira?
Bizitza norberak egiten du gehienetan eta egiten duzun guztia nolabait zeuk bilatu izandakoa da. Medikuntza, momentu batean erabaki nuen egitea eta medikuntzak hona ekarri nau.
Politikaren asuntoa, nik berrogeitamapiku urte dauzkat, nire belaunaldiko hainbat eta hainbat jende nahita eta nahigabe sartu ginen politikan. Gauzak asko aldatu dira, noski, politikan sartu nintzenetik hona. Ni politikan 18 urterekin sartu nintzen legez kanpoko alderdi batean, momentu hartan, eta berez etorri zaidan gauza bat da. Noski, nik landu egin dut eta ordu asko eskaintzen diot.
Aristotelesek esaten zuen gizona animalia politiko bat dela eta ni guztiz bat nator berarekin. Politikak dena ikutzen du, ni ez ninteke bizi ahal izango politikatik at, edo mundu apolitiko batetan. Azken finean pertsonen arteko harremana da politka. Ez nago inolako alderditan, pertsona independientea naiz eta neure iritziak dauzkat, batzutan batzurekin nator bat eta bestetan beste batzurekin... hor nago.
Hedabideena, badakizu hainbat urte daukazunean eta holako gauzetaz mintzo zarenean telebistetatik edo kazetetatik deitu egiten zaituzte eta normala da batzutan baietz esatea eta agertzea zure iritziak ematen.
EKEri dagokionez, euskararen egoera ikusita Nafarroan, Gobernuak euskarari ematen dion egurra ikusita, obligazio bat bezala hartzen dut nik. Euskara gure hizkuntzetako bat da eta defendatu beharra dago, Gobernuak behar duen bezala eta behar duen neurrian defendatzen ez duelako... horrelakoa da nire bizitza.
Argazkia: Iban Aguinaga (Grupo Noticias).
Nola antolatzen duzu zeure denbora dena egin ahal izateko?
Nik ez daukat seme-alabarik eta inguruko jendeak euren seme-alabei eskaintzen dieten denbora nik gauza hauei dedikatzen diet. Egia da gauza hauek kanpotik ikusten dituzunean badirudi ikaragarrizko denbora hartzen dutela, baina beste gauza askotan bezala, hasiera batetan bai denbora asko dedikatu behar diozula, baina hainbat idazleri denbora eskaini diozunean errazagoa da.
Nik hauetako gauzaren bati ezetz esango banio beste zerbait bilatu beharko nuke neure bizitza bete ahal izateko.
Dena dela niri lasaitasuna asko guztatzen zait, bakarrik egotea, liburu bat irakurtzen egotea, musika entzutea edo ibilaldiak egitea... niretzat hori oso garrantzitsua da, agian beste ihardueren osagarri delako.
Egunak 24 ordu dauzka, nik sei ordu egiten dut lo, ez gehiago, eta astia beti lortzen da. Zure bizitza antolatzen baduzu denbora beti ateratzen da.
Lehen gainetik aipatu duzu, baina zein egoeratan ikusten duzu euskara eta euskal kultura Nafarroan?
Orohar, aurrerapauso handiak eman ditugu euskara eta euskal kuturaren arloan bai letretan, bai musikan, bai arte ederretan, antzerkian... alde horretatik aurrerapauso ikaragarriak egin ditugu azken 25 urte hauetan.
Nafarroako egoera, aldiz, askoz tristeagoa eta kezkagarriagoa da. Euskarak Nafarroan aurrera egin badu gizarte nafarrari esker izan da eta Nafarroako Gobernuaren kontra. Nik uste hori dela azpimarratu beharrekoa. Union del Pueblo Navarrok “gaixo obsesioa” du euskararekiko eta hori nolabait aldatzen lagundu beharko genuke euskaldunok. Nik uste, askotan ez garela hain argiak edo azkarrak izan hori lortzeko.
Zein da EKEn egiten duzuen lana?
EKE orain dela hamar bat urte sortu genuen, eta euskararen alde ederrra erakustea zen asmoa. Beti esan dut euskara Nafarroan bazegoela “feismo” batean sartuta; euskararen aldeko itxura nahiko “feista” zen. Nire asmoa zen, eta nirekin EKE sortu zutenena, euskararen beste alde ederra, polita, baiezkoa, onuragarria... erakustea.
Sortu genuenan, Nafarroako agintariekin, Gobernukoak eta Iruñekoak, egon ginen gure laguntza eskainiz, eta esanez euskadunok ere pertsona oso normalak garela. Zoritxarrez berehala auzietara jo behar izan genuen Nafarroako Gobernutik eta Iruñeko Udaletik euskararen kontrako neurriak hartzen hasi izan zirelako.
Gure lana, alde batetik euskaldunon hitz-eskubideak defendatzea da, eta beste aldea, lehenengoa bezain garrantzitsua, euskara nafar guztion ondarea dela defendatzea. Baita ere euskaraen inguruan ahalik eta akordio haundiena lortzea.
Agian politika alde batera utzita?
Politika txarra bai. Nire ustez euskara Nafarroan politika txarren biktima izan da eta politika gaiztoa denok egin dugu euskararen inguruan, bai navarristak, bai espainolistak, abertzaleak... politika gaizto gehiegi izan da Nafarroan euskararen inguruan.
Euskarak behar duena adostasun politiko sakon eta zabal bat da, eta hori da gure helburuetako bat. Euskarak zerbait behar baldin badu Nafarroan hizkuntz-politika bat da.
Argazkia: Javier Bergasa (Grupo Noticias).
Zein da erakundeen portaera EKErekiko? Laguntza, harreman ona...
Nafarroan ez dugu inolako laguntzarik izan, inondik ere. Gobernuak ez gaitu laguntzen, ezta udalek ere, mantentzen bagara EKEko kideen laguntzari esker da, baita ere beste alde batzuetatik datorkigun diruari esker. Horien artean, Eusko Jaurlaritza aipatu behar da, bai lehengoa eta bai oraingoa. Orain dela gutxi izan ginen Blanca Urgellekin eta nik uste laguntza ailegatuko zaigula, eta beste erakunderen batetik ere. Baina Nafarroako agintariek ez gaituzte laguntzen.
Politikari lotuta zaude, zein esango zenuke dela politika nafarraren berezitasuna?
Kainismoa. UPNkoek pentsatzen dute beste guztiok Kain batzuk garela, PSNk gauza bera beste guztietaz, Nafarroa Baik baita ere beste guztietaz. Kezkatzen nauena da Nafarroa Bairen baitan ere, alderdi batzutakoek beste alderdikoek Kain batzuk bezela portatzen garela pentsatzen dutela.
Politika desesperagarria ala pozgarria da?
Politikak beste edozein lan bezela baditu momentu pozgarriak eta baditu momentu negargarriak. Politikan sartzen bazara boterea, aulki bat edo poltrona lorzeko helburuarekin, euskal munduan nahiko desesperagarria izango litzateke.
Baina politikan sartzen bazara, ni neu sartu nintzen eta jarraitzen dudan bezala, helburu kontretu batzuk lortzeko asmoz eta dakizunean, nik neuk dakidan moduan, helburuak ez direla gauetik egunerako gauzak, urteak eta urteak pasa behar direla helburuak gauza daitezen... lan bat da eta ez da hain desesperagarria.
Ni gogoratzen naiz transizioa eman zenean, frankismoaren kontra oso jende gutxi aritu ginela, eta bapatean demokrazia etorri edo heldu zenean hainbat jende desilusionaturik ikusi genuen. Hau zen demokrazia? Honetarako borrokatu izan dugu? Gauza da demokraziaren alde ez zuela hainbeste jende borrokatu.
Gauzak bere neurrian hartzen badituzu, politika arloan ere bai, noski gauza garrantzitsuak poliki-poliki egiten direla, pausoz pauso. Eta hori onartzen baduzu, niretzat behintzat politika ez da gauza negatibo edo desesperagarria.
Nola definituko zenuke zure burua politikoki?
Definitu, oohhh (barreak)... Ez, ez da zaila definitzea, begira, jendearekin mintzo zarenean beti esaten da hau eskuinekoa, hau ezkerrekoa da, hori sozialista, abertzalea... eta nik etiketa horietan ez dut gehiegi sinisten.
Nire ustez badago jarrera bat jendearengan eta, jarrera horietatik hurbilago edo urrutiago egon zaitezke, nik ez diot beldurrik akordioetara iristeko ezker abertzaleko batekin, alderdi sozialistako batekin, EAJko batekin edo ezta UPNko batekin ere.
Nik uste denok gaudela askatasunaren alde, justizia sozialaren alde eta pertsonen ongizatearen alde. Gertatzen dena da ideal orokor horiek erabaki konkretuetan gauzatzen direnean hor sortzen dira eztabaidak eta ezberdintasunak. Nire ustez alde horretatik nahiko irekiak izan behar dugu. Eta akordioen beldur ez izatea, hori baita gizarteak aurrera egiko demokraziaren tresnarik hoberena.
Presidente bazina... kontuz beste presidente bat zu jaio zinen egunean jaio zen (Aznar), zer da egingo zenukeen lehenengo gauza?
Nafarroako presidentea banintz bandera guztiak kenduko nituzke, denak. Dialogoa erabiliko nuke era eta maila guztietan, baina egiazko dialogoa, akordioetara iristeko prest. Dialogo lasaia eta dialogo sakona.
Dialogoaren alde egoteak suposatzen du oker zaudela onartzea batzutan. Dialogoa denok aldarrikatzen dugu askotan, baina ez gaude beti dialogorako prest, besteari arrazoia emateko prest eta hori da dialogoa egiteko behar den lehendabiziko funtsa, oinarria. Koldo Martinez Urionabarrenetxea (Eskoriatza, 1953) Medikuntzan Doktorea (Nafarrako Unibertsitatea). Medikuntza Intentsiboan aditua. Giza-Sexualitatean Masterra (UNED). Bioetikan Magister (Universidad Complutense). Master Europearra Bioetikan (Lovainako Unibertsitatea). Asociacion de Bioetica Fundamental y Clinica-ko presidentea. Nafarroako Ospitaleko Etika Asistentzialeko Batzordearen Presidentea (1998-2009). Euskara Kultur Elkargoaren Presidentea ere da. Etika eta Gibel-emaile bizidunaren Trasplanteri buruzko Kongresuaren antolatzailea (2003). Etika eta Giltzurrun-emaile bizidunaren Trasplanteri buruzko Kongresuaren antolatzailea (2006). Bioetikaren inguruko hainbat Kongresu, Mintegi, Batzar, Ikastaro eta Konferentziatan partehartzailea. Bioetikari buruzko zenbait artikuluren egilea. Euskararen Aholku Batzordeko kidea (Eusko Jaurlaritzak sortutakoa). Etxepare Institutuko Patronatuko kidea (Eusko Jaurlaritzak sortutakoa).