Jesús Tellería Armendáriz. Arte erromanikoan aditua: Gaur egun neronek ateratako 50.000 diapositiba baino gehiago ditut, guztiak arte erromanikoari buruzkoak

2007-09-28

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Jesús Tellería bide ingeniaria da. Erretiroa hartua du dagoeneko eta arte erromanikoaren zale amorratua da. Duela 40 urte baino gehiago aipatutako estilo arkitektonikoaren amuari kosk egin zion. Orduz geroztik, argazkitan bildu ditu mugaz barreneko eta mugaz haraindiko monumentuetako asko. 50.000 diapositibatik gora ditu; gaur egun pertsona batek bakarrik jasotako arte erromaniko bildumarik handiena edo handienetakoa da. Material hori guztia bere etxeko lau pareten artean galdu ez dadin, Jesús Telleríak eta Eusko Ikaskuntzako Euskomedia Fundazioak akordio bat sinatu dute. Dagoeneko hasi dira historia zatitxo horiek guztiak digitalizatzen, katalogatzen eta sarean jartzen. Guk bildumaren egilearekin solasalditxoa izan dugu.

Noiz piztu zen arte erromanikoarekiko zaletasun hori zure baitan?

1962. urtean, Aguilar de Campoóko urtegia eraikitzen ari nintzela. Eskualde hori aberatsa da arte erromanikoan eta hantxe hasi nintzen hari begiratzen, argazkiak ateratzen eta gogoko izaten.

Pertsona bakar batek jasotako arte erromanikoaren bildumarik handienetakoa duzu, 50.000 diapositiba baino gehiago. Zerk piztu zuen zure gogoa?

Erromanikoa da Erdi Aroko gizonaren nahiak, kezkak, irakaskuntzak eta kritikak islatzen dituen euskarririk bizi eta errealistena.

Eta hortik aurrera...

Hortik aurrera argazkiak ateratzen hasi nintzen, baina ez arte erromanikoari bakarrik, beste gauza batzuei ere bai. Mexikoko arte kolonialaren 5.000 diapositiba inguru ditut, adibidez. Beti gustatu izan zait artea eta, are gehiago, arteari argazkiak ateratzea.

Donejakue Bidea oinarrizkoa da arte erromanikoan. Zergatik garrantzi hori?

Oso garrantzitsua da. Arte erromanikoa Donejakue Bidearen oinarria da. Bada arte gotikoa, platereskoa..., baina erromanikoa oinarria da. Nik den-dena argazkietan bildu dut; Donibane-Garazitik Donejakuera arte, monumentuz monumentu. Hainbat bidaiatan egin dut eta noizbait bide osoa aldi batean ibiltzeko asmoa dut.

Fededunentzako eraiki al ziren bidean topa ditzakegun monumentu guztiak?

Bai, baina ez Donejakue Bideko fededunentzako soilik. Donejakue Biderako ospitaleak eta zenbait tenplu eraiki ziren. Baina, oro har, Bideak zeharkatzen dituen udalerrietako monumentu erromanikoak dira.

Zein dira eliza erromaniko baten ezaugarriak.

Erromatik ekarritako puntu erdiko arkua da arte erromanikoaren ezaugarri nagusia; gotikoarena, aldiz, arku zorrotza. Eliza erromanikoak gotikoak baino atzeratuagoak dira teknikoki, eta horma astunak behar dira gangei eusteko. Gotikoan, haatik, hormak askoz arinagoak eta dotoreagoak dira. Ondorioz, ingeniaritzari eta arkitekturari dagokionean, erromanikoa ez da hain aurreratua. Nolanahi ere, arkitekturaren auzia alde batera utzita, erromanikoak eskultura zoragarriak ekarri zituen: hainbat arkibolta dituzten ateak, hainbat kapitel...

Erromanikoari buruzko zure argazki bilduman arkitektura besterik ez da ageri ala beste alor batzuk ere bai?

Nire argazki bilduman arkitektura jaso dut, baita arkitektura horrek gordetzen dituen eskultura eta elizen barruan dauden elementuak ere, bataiarriak edo hilobi erromanikoak kasu. Multzo bereko osagarriak direla esan genezake.

Hitz egin dezagun historia ondareaz. Zuk, hainbeste eliza ikusi dituzunez, esan diezagukezu nola mantendu diren?

Bada, denetarik dago. Oro har aurrera pausuak eman dira, bai, nik nolabaiteko aldea igartzen dut. 60-70ko hamarkadetan abandonatuagoak zeuden, baina horrek benetakoagoak egiten zituen, eta askoz errazagoa zen elizei argazkiak ateratzea. Askoz kontrolatuagoa dago dena orain. Baina bai, oro har, hobetu egin da. Dena den, gehiago aurreratu daitekeela uste dut, batez ere bigarren edo hirugarren mailako zenbait landa monumentutan. Uste dut baten bat kenduta, bat ere ez litzatekeela eroriko...

Santa María la Real monasterioa, esaterako, ongi asko ezagutzen duzu.

Bai. Aguilar de Campoóko Santa María La Real monasterioari “eroritako komentua” esaten zioten. Erromanikoaren eta gotikoaren ezaugarriak ditu. Desamortizazioan abandonatu egin zuten. José María Pérez ”Peridis” arkitektoa monasterioaren aurrean bizi zen; betidanik izan zuen hura berritzeko nahia eta, azkenean, berritu egin zuen. Hantxe sortu du Centro de Estudios del Románico zentroa, eta orain gauzatzen ari den lana Espainiako onena da. Kontua da argitaratzen duten liburu bakoitzak 4 liburuki dituela eta oso garestiak direla. Horrek esan nahi du herritarrek ez dutela erraz eskuratuko, eta oso tristea da hori. Hori bai, argazkiak zoragarriak dira, gaur egun ateratakoak. Nire argazkiak, aitzitik, antzinakoak dira. Nolanahi ere, 60. hamarkadan ateratako zenbait argazki erabili izan dira eraikinen lehengo eta egungo irudiak alderatzeko.

Euskomedia Fundazioarekin sinatu duzun akordioaren bidez, zure argazki guztiak digitalizatu, katalogatu eta sarean jarriko dira herritar ororen eskura.

Oso pozik nago proiektuarekin, nik bilatzen nuena baita. Diapositiba-kutxek nire etxeko paretak janzten dituzte gaur egun, eta horrek ez du ezertarako balio. Aitzitik, sarean jartzen baditugu jendeak ikusi ahal izango ditu eta lagungarri gerta dakioke, artearen historiako ikasleei, esaterako. Pozik nago ikusi nahi dituen orok eskura izango dituelako.

Arestian, zenbait lekutan argazkiak ateratzea zaila dela esan duzu.

Bai, batez ere azken aldi honetan.

Zer dela eta?

Fededunen otoitza eragotzi dezakeela esaten dute. Bat nator horrekin, baina uste dut askotan alferkeria hutsagatik ez digutela uzten; meza amaitzean, argazki kamera eskuan doakien zaleari jaramon egin beharrean, atea itxi eta joan egiten dira. Museoetan antzeko zerbait gertatzen da. Askotan jeloskortasun kontua dela uste dut. Apaizen batek elizan dagoen guztia berea dela uste du, eta berak baino ezin dituela argazkiak atera eta artikuluak idatzi... Beste bat etorri eta eurenak baino argazki, artikulu eta liburu hobeak egingo ote dituzten beldur dira.

Hori kulturari oztopoak jartzea da. Artea ez al da denona?

Ui!... baina joan eta esan beraiei. “Artea denona da, baina arte hau nirea da" (dio barrezka).

Bisitatu dituzun monumentu guztietatik zein da gehien hunkitu zaituena?

Hori oso zaila da esaten. Hein handi batean zure gogo-aldartearen araberakoa da: non zauden, lekuak zer esaten dizun... Silosko klaustroa, esaterako, gehien hunkitu nauten gauzetako bat izan da, kalitate handiko egiturak baititu. Bestetik, esteparen erdian baseliza txiki bat aurkitzea, gerturatu eta kapitel zoragarrietan bermatutako arkibolta duela ikustea... zirraragarria da benetan!

Hautatu ezazu Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako eraikin bat.

Gipuzkoan eta Bizkaian ezer gutxi dago, probintzia bakoitzeko 5 diapositiba inguru baino ez dut. Araban gauza oso onak daude, Argandoñan esaterako. 1.000 diapositiba inguru ditut. Baina, Nafarroakoak 3.000tik gora diapositiba ditut.

Eta Iparraldean?

Donibane-Garazin, eta beste eliza bat Oloronen, Sainte Marie. Atari itzel eta zoragarria du, izokin eta guzti (Adur izokin-ibaia igarotzen da bertatik). Bearneko alde horretan hainbat daude. 500 argazki inguru ditut.

Eta non gehiago aurki dezakegu arte erromanikoa?

Hego Euskal Herrik gertu gauza oso politak daude: Aragoi aldean, Pirinio aldeko arte erromanikoa, Zaragozako 5 hirietako erromanikoa, eta Errioxan, jakina!! Santanderren ere badago: probintziaren erdiko aldean Bizkaiko mugatik gertu baino gehiago dago. Hori bai, Kataluniako erromanikoa da Espainiako garrantzitsuena eta ondoen antolaturik nahiz aurkezturik dagoena. Nik dakidala, bi bilduma ezberdin dituzte. Bietan, bisita ditzakezun 200 monumentu erromaniko ageri dira, erreferentzia eta guzti. Galizian, aitzitik, artea gutxi prestatuta duten arren, badira bi liburu garrantzitsu. Bertako arte erromaniko landatarrak badu bere xarma: biziki atsegin dut. Gaztelan denetarik duzu; monumentu handiak eta landa elizak. Espainiako probintzietatik Soria da diapositiba gehien ditudan bigarrena. Baina Burgosek ere erromaniko asko du... Galdu egiten naiz hainbeste daturekin! (dio barrez)

Arte erromanikoa eraikin erlijiosoetan dago bakarrik?

Ez, erromaniko zibila ere badago. Lizarran, esaterako, Lizarrako Erregeen Jauregia dago, Ruako San Pedro elizaren ondoan. Kanpoko aldeko kapitelei prismatikoekin edo teleobjektiboaren bidez begiratzen badiezu zaldunen arteko torneo bat ikus daiteke, lantzaz elkar zauritzen. Badira gaztelu erromaniko garrantzitsuak ere, baina % 95 erlijio-eraikinak dira.

Denbora asko eman duzu erromanikoan buru-belarri. Suposatzen dut familiakoen laguntza izan duzula.

Lolita nire emaztearena biziki eskertzen dut. Nirekin etortzen zen leku batetik bestera eta gero, haurrak jaio zirenean, eurak zaintzen geratzen zen. Horregatik esaten dut diapositiba bilduma egitearen lana biona izan dela.

4 seme-alaba dituzue, aitaren zaletasuna hartu al du baten batek? Ez horixe. Ezagutzen dute, baina ez dute gogoko. Hala ere, ez naiz transmititzen saiatu. Nik gustuko izan dudan zerbait da, nire zaletasuna. Jesús Tellería Armendáriz

(Pachuca, México, 1933) Mexikon jaio zen. Aita Gipuzkoarra zuen eta nafarra ama; Mexikar-euskalduntzat du bere burua. 12 urterekin Iruñera joan eta Ximénez de Rada institutuan ikasi zuen. Madrilen egin zuen Bide Ingeniaritza karrera, 50. hamarkadan. Agroman enpresan aritu zen lanean. Bertan urtegiak eraiki zituen. Garrantzi handiko 4 presa eraiki ondoren itsasoko obrekin hasi zen. Zenbait urte igaro ondoren, Eléctra de Viesgo enpresan aritu zen; eraiki ez zen zentral nuklear baten proiektuan aritzeko hartu zuten. Santanderren ezarri eta hainbat obren kargu hartu zuen: eraikuntza zibila, presak, zentralak... Horretan aritu zen 97an erretiroa hartu zuen arte. Ospatzeko, Himalayara joan zen. “400 kilometroko trekkinga egin genuen 8.000ko baten inguruan, eta horrekin nire bizitza profesionala guztiz ahaztu nuen!" dio kontent. Alpinismo-zaletasuna sorterritik datorkio: "gogoan izan Pachucan jaio nintzela, 2.500 metrotara eta 10 urte nituela 4.000 metrotara joan nintzela”. Jesúsek argi eta garbi utzi digu zein diren bere zaletasunik handienak: “alpinismoa, arte erromanikoa eta argazkigintza”. Ondo aski aprobetxatu ditu bizitza pertsonal eta profesional aberats bezain pozgarri horretako une guztiak. Argazki kamera eskuan, txokoz txoko ibili da arte erromanikoaren zantzuen bila. Horrela, bete-beteko arduraldiaz eta “Leica” leiala aldean (oraindik ez du kamera digitalik erabiltzen, baina Lolita bere emazteak urtebetetzean halako bat oparituko dion mehatxua bota dio), Jesúsek arte erromanikoari buruzko 50.000 diapositiba baino gehiago ditu, alajaina!
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Alicia Amatriain. Dantzaria: Dantza munduan perfekzioa da jomuga, lortzea ezinezkoa bada ere

 

Irakurri

Mari Carmen Gallastegui. Ikerbasque Fundazioko Zuzendaria: Euskal ikertzaileak alde egitea ez da txarra, baina bueltatu nahi izanez gero tokia edukitzea lortu behar dugu

 

Irakurri

Imanol Querejeta. Psikiatra: Oporren osteko estres sindromea, lortu dugun bizi kalitatearen ondorio bat besterik ez da

 

Irakurri

Félix López López de Ullibarri. Arabako Foru Aldundiko Museo Zerbitzuko burua: Hemendik aurrera egin beharreko lehen lana Arabako museoak berregituratzea da

 

Irakurri

Pedro Usabiaga. Argazkilaria: Nire lana ez da argazkiak ateratzea, aurrea hartu eta besteek gero digerituko dutena aurkeztea baizik

 

Irakurri