Pedro Usabiaga. Argazkilaria: Nire lana ez da argazkiak ateratzea, aurrea hartu eta besteek gero digerituko dutena aurkeztea baizik

2007-07-20

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Larunbat goiza da. Donostiako zinemazaleen txoko batean dugu hitzordua: Oquendo kafetegian. Pedro ez dator bakarrik. Berekin datorren pertsona aurkeztu digu: Gala Álvarez da, bere lagun handia eta Miguel Ángel Álvarez Donostiako margolari ospetsuaren alaba. Eguzkiak jotzen du eta Boulevardeko terraza batean egin dugu elkarrizketa. Belvedereko lorategietan eginiko bilera balitz moduan, “izarren” unibertsoko argazkilari onenetariko baten alderdi pertsonala eta artistikoa arakatu dugu. Azken aldian futbolariei ateratako erretratuengatik albiste izan da bera. Ordubete baino gehiagoko elkarrizketak (eta “soto voce-n” eginiko azalpenak) gozarazi egingo die gure irakurleei.

Ez bazaizu axola, hitz egin dezagun zure haurtzaroari buruz. Donostian igaro zenuen?

Bai. Frantses Lizeoan ikasi nuen, eta ondoren Sagrado Corazón eta La Sallen. Sagrado Corazónen ikasi nueneko oroitzapenak ez dira batere onak. Izan ere, 60ko hamarkada zen eta garai hartan ongi “astintzen” gintuzten neska-mutilok. Gaur egun hori pentsaezina da. Bitxia da, garai hartako nire lagunekin elkartzen naizenean gauza beraren inguruan hitz egiten dugu, “gogoratzen dituzu ematen zizkiguten jipoiak?”. Ez dugu “futbolean zein ondo egiten genuen” edo “eskoletatik nola ihes egiten genuen” ekartzen gogora.

Kristina-Enea parkea ere gogoratzen dut, berriztatu aurretik. Oso polita zen lehen zegoen moduan, eta bertatik igarotzen ginen Sagrado Corazónera joateko. Bi aurpegidun oroitzapena da: askatasun eta ongizate sentipena parkean, eta ikasgela izugarri horietan giltzaperatuta egotearena. Apaizek ez zuten pasio handiegirik irakaskuntzagatik, eta neska-mutikoren bat arauetatik irteten zenean jarrera oso zikiratzailea hartzen zuten.

Mutikotatik duzu zure argazkien ezaugarri den sentsibilitate artistiko hori?

Baietz esango nuke. Izan ere, zazpi edo zortzi urterekin, nire kideek arreta pelikularen argumentuan edo istorioan jartzen zuten bitartean, nik nola zegoen eginda begiratzen nuen, nola argiztatzen zituzten aktoreak, gaua izanik gela nola zegoen hain argi, istorioa gaztelu edo baserri batean egin eta nola egon zitekeen hainbeste argi... Berehala hasi nintzen jakin-min artistikoa izaten.

Aurrekaririk baduzu familian?

Nire familiako batzuek Montes Iturrioz dute ahaide, eta nire izeba-osabek, nire aitaren aldekoek, oso ondo margotzen dute. Munoarekin, bitxigilearekin, lan egin zuen osaba bat dut, diseinatzaile grafikoa. Beraz, sentsibilitate hori nuela eta futbola, kirolak orokorrean (barrezka), gorrotatzen nuela ikusi zutenean, laguntza izan nuen familian. Bitxia da, bai, izan ere, bizitza honetan dena bukle bat da!

Zure lehen kamera?

Nikon bat. Nire aitak oparitu zidan 12 urte nituela. Lehenik nire lagunei, arrebari, lehengusu-lehengusinei eta inguruko jendeari argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta orduan erabaki nuen irudiarekin eta argazkiarekin loturiko zerbaitetan aritu nahi nuela. Argazki ugari egin nituen, guztiak txarrak, eta inguruko guztiak zoratzear nituen, zeren beti eskatzen bainien “esaiozu horri, bigarrenekoaren lehengusua naizela eta ezagutzen zaituela beste atariko izebak..., eta argazkiak atera nahi dizkiodala”. Beti oso selektiboa izan naiz eta ez dit balio izan edozein gauzak, ez dit balio izan edonork.

Urte batzuk gehiago zenituenean Madrilera joan zinen, zergatik?

Batez ere Donostiatik irteteko gogoa nuen eta ideia horrekin joan nintzen Madrilera Informazio Zientziak ikastera. Gainera, heldu nintzenean “Madrilgo mugida” puri-purian zegoen, irakiten, hainbeste talde, gaua. Horretaz gain, laurogeigarren hamarkadan Donostiak ilunpeko paisaia baten antza zuen. Bi hirien arteko aldeak nire arreta erakarri zuen. Argi nuen hura bizi nahi nuela, eta ez nuela zine-ikasketak egiteko gogorik. Hortaz, Irudia eta Soinua hiru urtez ikasi nuen eta ondoren serioski argazkilaritza ikasten hasi nintzen.

Arakis (Mugidako artista eta Vitoria-Gasteizeko Montehermoso Kultura Etxeko egungo zuzendaria) ezagutu zenuen?

Garai hartan ez, geroago ezagutu nuen Bilbon. Madrilen gutxitan egin nuen topo harekin, izan ere, egiaz ni “ikusle” izan bainintzen batez ere. Beti izan nahiz albo batean kokatu edo jarri eta bere inguruan gertatzen dena begiratzen dutenetarikoa. Egia jakin nahi baduzu, ordu gehiago igaro nituen Pradon diskoteketan baino. Pinturaren zale handia naiz eta Barrokoko margolariak ikertzen eta Velázquezen obraren argia aztertzen “denbora galtzeko” aukera izan nuen. Velázquezek Rembrand, Vermeer, Caravaggio... ezagutzera eraman ninduen. Hori dela eta, Europatik bira bat egin nuen egile guzti horien lanak ezagutzeko.

Zein generorekin hasi zenuen zure ibilbide profesionala?

Erretratuarekin. Garai hartan, La Luna aldizkarian erretratu batzuk argitaratu zizkidaten, batez ere azkeneko bi etapetan. Horren ostean hasi nintzen beste aldizkari batzuetan lan egiten. Orduan Parisera joan nintzen, beste argazkilari batzuen karrerarekin batera nirea ere eraman nahi zuen lagun bat bainuen. Oso gogorra zen, eta izerdi ugari bota nuen, baina azkenean Gaultier, Montana, Christian Dior... gisako diseinatzaile handien desfileetara joan ahal izan nintzen -moda-diseinuaren garai onenetarikoa, 80. hamarkada!-, eta argazki solteak hartzen zizkidaten beraien dossierretarako. Horrela hasi nintzen “curriculuma” egiten, eta, Frantses Lizeoan ikasi nuenez, ez nuen inolako arazorik izan hizkuntzarekin, eta guztiak modu naturalean egin zuen aurrera.

Behin “zirkuituan” sartu ostean, nola jarraitu zenuen zeure bidea?

Parisen hasi izanak Madrilen lan egiteko aukera eman zidan. Ongi gogoratzen dut La Unión taldearen diskoaren portada nola egin nuen. Hombre Lobo en París diskoaren hurrengoa zen, eta Mario, Luis eta Rafak gauza etereo bat egin nahi zuten. Portada oso posatua zen arren, kontraportadarako argazkia legar-hobi batean egin zen, Toledotik gertu. Beren kasa utzi nituen han -hiru beroki beltz zeramatzaten-, eta legarrean hondoratzen ziren. Nik kamerarekin jarraitzen nien eta, haiek bezala, legarretan sartu nintzen. Horrela kolore zuri, beltz eta griseko argazki bat ateratzea lortu nuen. Argazki horretan haiek hiru orban ziren, eta argazki hori munduko moda-argazki lehiaketa batean aurkeztu nuen. Argazkia: Pedro Usabiaga.

Eta?

Lehenik, 500 onenen artean aukeratu zuten nire argazkia. Niretzat hura opari bat izan zen eta esan nion neure buruari, “Dagoeneko mozkortu zaitezke, Usabiaga, honaino heltzea ia ezinezkoa baita hain berde dagoen argazkilari batentzat”. Ondoren epaimahaiak -besteak beste, Montanak, Frederic Mitterand-ek, Europako “Elle-ko” zuzendariak eta abarrek osatuak- saria, modako argazkien “Oscarra” izango litzatekeena, niri ematea erabaki zuen.

Noiz izan zen?

(Zalantzarik gabe) 1989ko irailean. Momentu hartan oso gauza bitxia gertatu zitzaidan, geroago bizitzan asko balio izan didana: arrakasta itzela izan nuen, horretarako prestaturik egon gabe. Hau da, oso lehiaketa garrantzitsua irabazi nuen, baina ez nuen azpiegiturarik horrelako garrantzidun sari batek berarekin dakartzan betekizunei aurre egiteko.

Esaterako?

Calvin Klein-en kanpaina bat egiteko. Hala ere, lan asko egin nuen eta nire karreran finkatzen lagundu zidan. Beraz, hilabete batzuk Frantzian eta beste batzuk Madrilen hasi nintzen lanean, Mecano, Massiel, Manolo Tena eta beste artista askoren diskoen portadak egiten, eta Man, Cosmopolitan, Vogue, Marie Claire... gisako aldizkariekin kolaborazioak egiten.

Horren ostean beste proiektu batzuk izan zenituen, hala nola, liburuak, erakusketak...

Oso bitxia izan zen. Laurogeita hamargarren hamarkadan argitaratzaile alemaniar batek deitu zidan, eta esan zidan Madrilera etorri nahi zuela nire argazkiak ikusteko eta gizonezkoen biluziari buruzko liburu bat argitaratu nahi zuela. Bésame mucho izenburua jarri nion, bolero izena delako eta mundu latinoarekin lotura duelako. Madrilen, Parisen, Miamin, Donostian... erretrataturiko mutilen argazkiak aukeratu nituen. Guztiek “xarma latinoa” zuten. Oso argazki artistikoak eta sexiak ziren, eta ez zegoen biluzi nabarmenik, ez aurrealdeko biluzirik.

Argazki-liburua zen soilik?

Batez ere. Idazle madrildar baten testu laburrak eta argazkiek niri iradokitako aipuak ere bazituen. Liburua 1991n irten zen merkatura, ondoren Europarako argitaratu zuten eta geroago mundu osorako. Japonieraz ere argitaratu zen. Hiru urtean 17 argitalpen egin ziren. Liburua oinarritzat hartuta, egutegiak, erakusketak... eta gizonezkoen biluziari buruzko liburu eskerga egin ziren. Mundu guztiak kopiatzen ninduela ikusi nuenean -eta Sigüenzako suhiltzaileek, Móstoleseko dibortziatuek eta abarrek egutegietarako biluzik posatzen zutela ikusita-, aldatzeko unea heldu zela esan nion neure buruari. 1997 aldera generoz aldatu nuen eta aktoreei buruzko liburu bat atera nuen, eta ondoren beste bat. Horren ostean bururatu zitzaidan futbolariena. Datorren denboraldirako prestatzen hasteko esaten dit lagun batek, iseka eginez, kopiatu eta merkatua futbolarien argazkien egutegiz, liburuz eta erakusketaz beteko delako.

Orduan, argazkilaria izateaz gain, aitzindaria ere bazara...

Esango nuke nire lana ez dela argazkiak egitea, baizik eta aurrea hartu eta, ondoren, gainerakoek hausnartuko dutena aurkeztea.

Argazkien magia: objektiboaren aurrean edo atzean?

Denean. Lehenik eta behin magia ideian dago, egin eta kontatu nahi den ideian. Gorputz berak, argiztatzeko eta argazkia ateratzeko eraren arabera, emaitza desberdina ematen du batzuek edo besteek aterata. Aurrean duzun pertsona konbentzitu behar duzu eta hark zugan konfiantza izan behar du, bere burua zure esku utzi dezan. Ondoren, kimika eta magia hori egon behar da hiru elementuen artean: argazkilariaren, modeloaren eta kameraren objektiboaren artean. Denak orkestra baten moduan funtzionatzea lortu behar duzu. Hori guztia harmonian dagoenean irteten da argazkia.

Argazkilaritza da margolaritzaren XIX. mende amaierako oinordekoa?

Bai. Izan ere, XVIII. mendean jaio izan banintz, ez nintzatekeen argazkilaria izango, margolaria izango nintzatekeen. Esan dizudan moduan, Velázquez da nire margolari gogokoena. Liluratu egiten nau, ikusi egin behar da nola argiztatzen dituen aurpegiak erretratu batzuetan. Vermeer-en “La vista de Delft” apoteosikoa da, nire bizitzako koadroetariko bat. Caravaggio haren biluzi haragikoiekin... Horrekin guztiarekin, argazkiak ateratzeko estilo piktoriko bat landu nuen.

Esan genezake kamerarekin margotzen duzula?

Arte desberdina da, margolaritzaren antzeko “erritua” duen arren: estudioa, sosegua, modeloa, girotzeko musika... Baina, hasiera batean, margolaritzan eman ohi diren ukituak ezinezkoak ziren. Ez da gauza bera, eta ni, pertsonalki, gehiago hunkitzen nau koadrorik onenak, esaterako Vermeer-en erretratu batek, argazkirik onenak baino.

Txikitan futbola atsegin ez zenuenez (barreak), hitz egin iezaguzu Hollywoodeko izarrekin eginiko lanei buruz.

Antonio Banderas: Oso zorte handia izan nuen, Antonio Banderas Los Reyes del Mambo filmatzen ari baitzen. Aldizkari amerikarrek interes handia erakutsi zuten nik hari ateratako argazki batzuengatik. Hau da, haren argazkiak Espainiako Voguen atera zituzten, eta ondoren Brasileko Voguetik deitu zidaten, eta gero Argentinako Voguetik... Horrela, nire lanak hedapen handia izan zuen. Argazkia: Pedro Usabiaga.

Besteren bat?

Oso ezaguna den beste bat: Valladolideko zine jaialdian geunden eta Hoteleko Hallean -Lido antzekoa, Muerte en Venecia-ren estiloko hotel dekadente batean- mutil gazte bat zegoen, ilehori nahiko ederrekoa. Aktore sekundario gisa parte hartzen zuen pelikula bat defendatzeko agindu zioten eta inork ez zion kasurik egiten. Mutil hura (garrantzirik eman gabe) Brad Pitt zen. Inork ez zuen elkarrizketatzen, tokiko egunkarikoak soilik, eta “behartuta” zegoelako. Ordurako nik Jonhy Sweet, Cannes-en, eta Telma eta Louise pelikulak ikusita nituen eta nire baitan pentsatu nuen: mutil hori famatu bihurtuko da.

Hori dela eta, Valladolideko plazara eraman nuen, kopak hartzera, Madrilera Prado ikustera -hor duzu titular bat (barrezka): Brad Pitt Pradon izan zen lehen aldian Pedro Usabiagaren eskutik joan zen-, kanpoan jatera eta gauza guzti horiek. Horren inguruan oso anekdota bitxi bat dut, kontatzea oso atsegin dudana. Ni irteteaz nekatuta nengoen eta etxean geratzeko gogoa nuen. Lagunak nituen bi neska ederri deitu nien. Biak modeloak ziren -horiei gizonezko modelo eder eta atzerritarrak aurkeztu ohi nizkien gauetan haiekin irten zitezen- eta zera esan zidaten, “baina, nola nahi duzu amerikar horrekin irtetea? Aprobetxategi bat izango da ziurrenik eta Taxia ordaintzeko dirurik ere ez du izango, ezta beste ezertarako ere” eta ez ziren harekin irten. Gerora, Leyendas de Pasión estreinatu zenean eta izar bihurtu zenean (barre artean), akabatu nahi izan ninduten!

Brad Pitti egin nizkion argazki haiek ate guztiak ireki zizkidaten. James Dean-enaren antzeko erretratua egin nion, 60. hamarkadako estiloari jarraiki, eta argazki hark munduari bira eman zion.

Zein da zure arrakastaren sekretua?

Hitzaldiak emateko eskatu didate, baita Informazio Zientzien Fakultatean ere, eta karrera amaitu ez nuenez, unibertsitateak ez duela ezertarako balio ez esateko esaten didate. Baina gogoeta egiten dudanean, nire karrera oso irregularra izan dela ikusten dut. Zortea izan dut eta uste dut nire kasua ustekabe-mukurua izan dela, une egokian behar zen lekuan egon naizela.

Baina zortea baino zerbait gehiago izan duzu. Beste batzuek ikusten ez zutena ikusten jakin duzu.

Ongi, Brad Pitten kasuan, beti atsegin izan ditut galtzaileak! eta ikusi nuenean galtzaileen pelikula batean hartzen zuen parte, ez Amerikako Estatu Batuetako Lehendakari gisa amaitzen duen pelikula batean. Zine-egunak

Zinearen eta jaialdien mundua ezagutzen duen donostiar gisa, galdetu gabe utzi ezin dudan gai bat dago: Donostiako Zinemaldia.

A kategoriako Jaialdiak kontuan hartuta, nire ustez Donostiakoa nahiko eskas dago “glamourrez”: zeluloideko superizarrak, moda desfileak alfonbra gorrian... Zer deritzozu zuk? -Ez dakit abokatua aurrean izan gabe hitz egin dezakedan-. Ni Donostiako Zinemaldiarekin batera hazi nintzen, eta horregatik, oso balio pertsonal garrantzitsua du niretzat.

Argazkia: Pedro Usabiaga. Zinean ikusi nuen lehen pelikula 1973ko Zinemaldian izan zen, zuri-beltzean, Peter Boldanovich-en Luna de Papel. Pelikula liluragarria, zuri-beltz ezin hobean. Urte horretan, Víctor Erice-k irabazi zuen Urrezko Maskorra El espíritu de la Colmena-rekin. Victoria Eugenian, arratsaldeko emanaldian, jende guztia dotore jantzita, Luna de Papel ikusten. Hori da Zinemaldiaren nire lehen oroitzapena. Hain garrantzi handia du niretzat horrek, 2003an Zinemaldirako kartela egin nuenean 30 urte atzera egin eta Ana Torrent trenbidean birsortu nuela.

Uste dut Donostiako Zinemaldiak nortasuna galdu duela, bere-berea zuena. Batzuek esango dute ez zuela inoiz izan. Nik izan zuela uste dut. Lau Jaialdi handi daude munduan: Cannes, Venezia, Berlin eta, lehen, Donostia -orain ez-.

Ez da “glamourra” bai ala ez soilik, baizik eta ilusioa sortzea, hiritarrek Zinemaldiarekin bat egitea, eta hiria alde batera ez uztea. Hau da, Antiguako edo Amarako auzoan bazaude, ez zara Zinemaldiaz jabetzen. Hiritarrek interesa galdu dute. Ez dut uste kontua glamourra eta izarrak direnik, baizik eta horrelako kultura-adierazpen batek hirian sortu beharko lukeen ilusioa. Badugu alfonbra gorria, aurten Victoria Eugenia liluragarri dago, Maria Cristina Hotel ederra dugu, Kursaal... baina jendeak desberdin bihurtzea falta da, magia egotea, bestela zertan desberdintzen da zinera edozein astearte gauetan joatea edo Zinemaldian zehar joatea?

Pertsonalki, prentsan irteten diren Zinemaldiko argazkiak ikusten ditudanean, edo “Así fue” liburuxka, eta, esate baterako, Angelica Houston argazki horietan ikusten dudanean, iruditzen zait (penaz) Laponiako mediku-biltzar bateko argazkiak ikusten ari naizela. Ez du zinearen fantasiarekin eta magiarekin zerikusia duen ezer, ezer ez. Jaialdi hotza da gaur egun. Gauza asko kendu dizkiote, baita herritar gehienen ilusioa zapuztu ere. Cannesera bazoaz, hiri osoak Jaialdirako egiten du lan, diru-sarrera bat delako lehenik, hiriaren urteko guztizko sarreren % 20; baina horrez gain, magia dago, zinearen industria. Industria horren barruan aurkituko dituzu Sharon Stone bere Prada soinekoarekin jai miragarri batean eta pelikula errumaniarra. Eta zera esan nahi dut, Sharon Stone gabe pelikula errumaniarrak ez duela zentzurik, eta hemen pelikula errumaniar asko daudela baina Sharon Stone gabe.

Edertasuna: “Gizon eta emakume ederren mundu bat sortu dugu -horren errudun sentitzen naiz-. Denak perfektua, harmoniatsua eta ederra izan behar du. Lehenik, hori ez da erreala. Parisen behin afaltzen ari nintzela Gisele Bündchen-en alboko mahai batean jarrita egoteko zortea izan nuen, eta esan diezazuket ez dudala horrelako emakumerik ikusi munduan zehar: edertasun hori, azal hori, aurpegi angelutsu hori... dohaina da. Edertasuna dohain bat da, musikarako, zinerako edo literaturarako gaitasuna dohaina den moduan. Jendeak den bezala onartu beharko luke bere burua. Nahi beste kirurgia, fotoshop edo lifting eginagatik ez dugu inoiz “harmonia” hori lortuko”.

Errealitatea: “Errealitatea ahalik eta gutxien desitxuratzen saiatzen naiz. Ez dut gogoko argazki-ukituak egitea. Exijituz gero, gehienez granotxoren bat edo orbain txikiren bat kentzen diet”.

Ez naiz fotogenikoa: “Utz iezadazu niri zure aurpegia argitzen (barre artean). Jainkoa kreazioaren lehen egunean naizela pentsatuko dute”.

Zure kamera: “35 mm-ko analogiko batekin lan egiten dut, ez dudalako digitalik erabiltzerik nahi. Nire ustez, digitalak oso interesgarriak eta azkarrak dira argazkilari jakin batzuentzat, esate baterako, egunkarietako argazkilarientzat. Baina, nire lanak beste erritmo bat du, eta beste erritu bat. Kontaktuekin lan egiteko nire denbora behar izaten dut, hari-kontagailutik begiratu, ukitu, usaindu, nire errotuladoreak hartu eta mugatu... lan desberdina da”.

Gizonen hazpegi gogokoena: “Sudur handiak. Pedro, sudur handia duen mutil-lagun bat daukat, zuri izugarri gustatuko zaizuna, esaten dit lagun batek. Oso gustuko ditut sudur handiak, aurpegia deseraiki egiten dutelako, apurtu egiten dutelako, baina pertsonalitate handia ematen diotelako”.

Emakumeetatik erakartzen zaituena: “Xumetasunaren eta freskotasunaren edertasun barea, begi handi eta biziak”.

Funtsezkoena artean: “Argia funtsezkoa da artean”.

Zinearen argia: “Niretzat argiztapen onena duen pelikula El Gatopardo da. Gaizki argiztaturiko pelikulak zinta hondatzen dizu. El Capitán Alatriste, esate baterako, oso gaizki argiztaturik dago. Hain erraza izanda Velázquezen koadroetako urdin horiek eta Caravaggioren gorria hartzea, penagarria da nola argiztaturik dagoen! Atzerriko zuzendari artistikoek dotoretasun handiz lantzen dute hori, baina hemen edozein eratan egiten da “-zuzendaritza artistikoaz nire lehengusua arduratu dadila, etxea dekoratzeko oso gustu ona du eta-”. Ezjakintasuna: Egoera perfektua da, izan ere, horrela soilik bizi baitzaitezke ezagutza izan gabe eta gauzak baloratu gabe. Ezjakintasuna egoera perfektua da eta ziur nago gauza gutxiago jakinez gero zoriontsuagoa izango nintzatekeela. Zeure probintzietako istorioen nobelatxoa idatziz eta besterik ezagutu gabe, guztiz zoriontsu biziko zara, baina Flaubert-en Madame Bovary irakurtzea bururatzen bazaizu, miserian hondoratuko zara. Batzuetan konparazio-puntuak, pertsonalitatea, kultura eta gustua izatea oso da gogaikarria. Herria ahalik eta ezjakintasun handienean edukitzea izan da munduko diktadore handi guztien kezka. Umberto Eco-ren El nombre de la rosa nobelaz gogora zaitez. Denak horren inguruan egiten du bira, zeren jakinez gero, irakurriz gero, zalantzak sortu daitezke. Pedro Usabiaga

(Donostia-San Sebastián, 1959) Azken hamarkadetako argazkilaririk garrantzitsuenetarikoa da. Parisen eta Erroman ikasi zuen moda-argazkilaritza eta Madrileko La Luna aldizkari famatuan hasi zen kolaboratzen Madrilgo mugida pil-pilean zegoela. Bere argazkiak honako aldizkari hauetan ikus daitezke: Man, Cosmopolitan, Arte Fotográfico, Fotogramas, Foto Profesional, Ragazza, D. T. Magazine, Elle, Cinemanía, Vogue, La Vanguardia, Marie Claire eta beste batzuetan. Gizonezkoen biluziari buruzko argazki-liburuak argitaratu ditu, baita mundu guztiko aktoreenak ere. Bésame Mucho (Bruno Gmunder, 1991); Piel de serpiente (Editusa S. L., 1995); Pedro Usabiaga (Bruno Gmunder, 1997); Bésame Mucho (Sharp Point, 1997); Pedro Usabiaga Postcard (Bruno Gmunder, 1998); Ecce Homo (Udyat, 2001); Nudes (Vértido Pubblishers, 2002); No profanar el sueño de los vivos (Kultura Patronatua, Donostia, 2003); Las joyas de la familia (Kultura Patronatua, Donostia, 2005). Diskoen portadak eta sustapen-kanpainak prentsan egin ditu, besteak beste honako musika-taldeentzat: Luis Miguel; Ricky Martin; Marta Sánchez; Miguel Bosé; horien artean nabarmentzekoa da Vivir al este del edén (La Uniónena), zuri-beltzeko argazkirik onenaren Saria jaso zuen Deauville-n, 1989an, Photo de Mode Nazioarteko Jaialdian; Adalai (Mecanorena); Sangre española (Manolo Tenarena); Deslices (Massielena); Ciudades de paso (Mikel Erentxunena); Erren (Iluanirena)... Mecano (Editorial La Esfera, 2003) edo La Unión (Editorial Espejo de Tinta, 2006)... talde mitikoei eskainitako liburu antologikoetan aurki daitezke gaur egun lan horietariko asko. Azpimarratzekoa da bere karrera luzean zehar honako diseinatzaile entzutetsuentzat egin duela lan: Jean Paul Gaultier, Juanjo Rocafort, Nikos, Joan Estrada, Manuel Fernandez, Nelsy Chelala... Eta hainbat firma komertzialentzat ere bai: El Corte Inglés, Macy’s, Joma, Verri Uomo... Argazki horiek aldizkarietan, katalogoetan eta prentsa-dossierretan ikusi ahal izan dira hogei urtetan baino gehiagotan. Modaren munduko jarduerarekin batera, Pedro Usabiagak zinean ere egin du karrera, argazkilari artistiko gisa: Demasiado corazón (Eduardo Campoy, 1991); Amor de hombre (Yolanda García Serrano eta Juan Luis Iborra, 1997); La Copa dorada (James Ivory, 1998); Lejos (André Téchiné, 2001); Caótica Ana (Julio Medem, 2006); El Camino a los Ingleses (Antonio Banderas, 2006). Ana Torrent protagonista zela, Victor Erice-n El espíritu de la colmena pelikula oinarritzat hartuta Donostiako Nazioarteko Zine Jaialdiaren 51. Edizioko irudia diseinatu zuen 2003. urtean. Bere argazkiak honako hiri hauetako galerietan erakutsi dira: Madril, París, Nantes, Valentzia, Gijon, Malaga, New York, Donostia, Niza, Berlin edo Cannes-en. Azken horretan, Jane Campion-en El Piano pelikulari buruz eginiko lanagatik, Coté D’Azur-eko Prentsa Klubak argazkilari onenaren bereizgarria eman zion 1993an. Irudi guzti horiek bilduma partikularretan, irudi-bankuetan eta museoetan daude. 2002an Arte/ZDF alemaniar produkzio-etxeak autoreari eskainitako dokumental bat egin zuen, Diario intimo, mundu osoko 50 telebista-katetan baino gehiagotan eman dena eta Zinemaldian parte hartu duena. DVDan Sagrera TVk banatu du. Andoni Alemán eta Óscar Oliva infografoekin batera posterrak, diskoen eta liburuen portadak sortu ditu, esate baterako: Michael Winterbottom-en, El Orden del Caos; André Téchiné-n, La Estraegia de la Tensión; Medem-en zinea, Contra la Certeza; Espainiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinea 1984-2004; David Cronnemberg edo Beldurrezko Zine Amerikarra 1968-1978. Gaur egun hiru argazki-liburu prestatzen ari da: Diferente Usabiaga, futbolaren munduari buruzkoa, bertan Lehen eta Bigarren Mailako 70 futbolarik modelo gisa posatu dute artista donostiarraren kamera aurrean; Cruel Summer, gizonezkoen biluziari buruzko zuri-beltzeko 150 irudi; Dulce Pájaro de juventud, gaztetasuna eta arrakastazko karrera duten nazioarteko emakumezko eta gizonezko 60 aktoreri buruzko lana.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Begoña de Ibarra Zuazo. Boinas La Encartada museoko zuzendaria: Boinas La Encartada ez da txapela museo bat, garai bateko industria eta bizimoduaren erakustokia baizik

 

Irakurri

Ainhoa Alberdi. Aktorea eta Zarauzko Kale Antzerki Jaialdiaren antolatzailea: Kaleak beste magia bat du, publikoa antzezlanaren barruan harrapatuta sentitzen da

 

Irakurri

Xabier Caño. Klima Aldaketaren Euskal Bulegoko koordinatzailea: Kyotoko Protokolo barruan dauden herrialdeek ez badituzte egiten epe luzeko planak, ez dugu ezer lortuko

 

Irakurri

César Sarachu. Aktorea: Absurdua da antzerkiko aktorearen lanbidea anonimoa izatea

 

Irakurri

Iosu Zabala. Mondragon Unibertsitateko Errektorea: Mondragon Unibertsitatekojardunarekin etorkizuneko gizarteari nolabaiteko forma ematen ari gara

 

Irakurri