Zergatik txapela museo bat?
Berez ez da txapela museo bat, fabrika da. Eta zergatik, orduan, museoa? Punta-puntako makineria zegoelako bertan, oso interesgarria, bitxia, eta fabrikara behin sartuta, industria-iraultzaren lehenengo garaietara bidaia bat egin ahal dugu, nolabait. Produkzio prozesua, zer energia mota erabili izan den... Hori ere garrantzitsua izan da. Eta dena oso egoera onean kontserbatu denez, pena bat izango zatekeen hau galtzea. Gure ondarea handitu behar da, eta jendeari erakutsi. Bestalde, museo hutsa baino, hau ingurune oso bat da. Ondare historiko izendatuta dago, eta izendapen horren arrazoi bakarra ez da fabrika, baita etxebizitzak, kapera (aste barruan eskola modura erabiltzen zena) eta turbina ere.
Txapela fabrika izatea, orduan, zori hutsa da? Txapela bera ere museo kontua bihurtzen ari omen...
Bai, egia esan, apur bat modaz kanpo gelditu da. Baina gakoa fabrikazioa da. Eta txapela, hemen produktu nagusia zen. Zergatik sortu zen hemen fabrika ez da kasualitatea ere. Bere garaian, balmasedar bat Mexikora joan zen bidaian -han ehungintza oso garrantzitsua zen-, eta bueltan etorri zenean, hau Burgosekiko, Gaztelarekiko, muga izanda, artilea igarotzen zen bertotik. Berak bazekartzan ezaguera batzuk; bazkide batzuk bilatu zituen, eta hemengo ur-jauzia, artilea eta abar aprobetxatuz, fabrika egin zuten.
Eta zergatik txapela? Jakina, garai hartan saldu egiten zen...
Hala da. Modan zegoen.
Hau zen fabrika bakarra?
Inguru honetan bai. Bazegoen, Tolosan, Boinas Elosegui.
Beraz, Bizkaia osoan bakarra...
Bai, bai. Bizkaia osorako egiten zen lan, eta atzerrira ere eroaten zen, eta estatura ere nahiko. Gero, hainbat urtetan ejertzitoetarako egin ziren produktuak. Momenturik onenetan, 60ko hamarkadan, 130 langile egon ziren. Eta etxeetan lan asko egiten zen. Lehen ikusi dugu txapelak jertse itxurako oihal batez egiten direla, eta horko puntuak askatu egiten ziren. Puntu horiek askatuz gero, batanetara sartzean zuloak gelditzen ziren. Orduan, batanetara sartu aurretik jaso egiten ziren puntuok, eta hori etxeetan egiten zen.
Emakumeak ziren langile gehienak...
Bai. Ni abuztuan hasi nintzen lanean, eta egin genuen lehenengo gauzetariko bat bideoa izan zen, urrian. Fabrika 1992ra arte lanean egon denez, hainbat langileri galdetzeko aukera eduki dugu. Bideoan jaso egiten dira langile ohi horien testigantzak, eta gehienak emakumezkoak ziren. Baina nagusiak gizonezkoak ziren, eta bazegoen aldea soldatan. Gizonek gehiago irabazten zuten.
Eta zergatik emakumeak? Garai batean gizonak behar zuen fabrikan, eta emazteak etxean...
Lan motagatik. Emakumeok, berez, badaukagu izaera bat, lan egiteko modu bat, finagoak izan gaitezke, edo irmoagoak edo... Trebetasuna ere behar zen hemengo lanerako. Selfaktina delako makina horrek (ingelesezko self actingetik dator, “norberak egindakoa”), adibidez, 365 hari egiten zituen aldi berean. Horrekin lan egiteko trebezia berezia behar zen, eta emakumeak abilagoak omen gara horretarako.
Alboko etxeetan emakumeak bizi ziren, edo nor?
Familia osoak. Egia esan, hori oso bitxia zen. La Encartadako ezaugarri bat da langile kolonia dela. Auzategia oso garrantzitsua zen, hemen zeukatelako euren bizitza osoa: bizi egiten ziren, lan egiten zuten, elizara joaten ziren, umeak eskolara joaten ziren... Euren artean oso harreman estua zegoen; antzinako jabeak ere, Bilbon bizi arren, udan hona etortzen ziren, eta ez zegoen desberdintasunik jabeen eta langileen seme-alaben artean. Bestalde, hemen bizi eta lan egiten zuen jendea pribilegiatua zen.
Zergatik?
Energia zeukatelako. Hemen energia ekoizten zen, eta fabrikaren ordutegia luzatzeko erabiltzen zen, gauetan edo, batez ere, neguan. Baina soberakina etxeetan erabiltzen zen. Eta gainera, ura zeukaten.
Langile guztiak hemen bizi ziren?
Ez. Batzuk balmasedarrak ziren, eta bazeuden Jijanokoak, eta Burgoseko beste hainbat herritakoak. Baina gehienak balmasedarrak.
Zelan etortzen ziren? Hau ez dago herritik lar urrun, baina garai bateko garraiobideetan...
Bizikletaz eta...
Hemengo etxeetan familia osoak bizi baziren, gizonak ere biziko ziren. Zer lan egiten zuten haiek?
Nagusiak izaten ziren, baina horiek ez ziren hainbeste, jakina. Besteak makina konponketetan eta zikinagoak ziren lanetan ziharduten. Hemen, prozesua osorik burutzen zen, artilea jasotzetik. Eta artilea mugitzeko indarra behar da. Artile hura oso zikina zen, gainera, eta garbitu egin behar zen. Gizonek egiten zuten hori. Eta lan mekanikoak ere eurek. Fabrikan bertan, beheko aldean, badaude hiru lantegi: aroztegia, mekanika-lantegia eta kartoi-lantegia. Aroztegia eta mekanika-lantegia makinak konpontzeko eta ordezko piezak egiteko erabiltzen ziren, eta hor gizonak zebiltzan. Egia esan, oso bitxia da dena. Azken batean, hemen bizi ziren, eta hemen egiten zen dena.
Autarkikoa, ezta?
Bai, guztiz.
Eta familia osoa horretan...
Bai noski, hainbat belaunaldi izan dira hemen lanean. Txikitatik ezagutu izan dute eta...
Bestela, hemen bizi zen jendea beste lanen batean ibiltzen zen?
Ez.
Baratzean edo...
Bazeukaten baratze zati bat, euren produkziorako. Lur nahikoa dago hemen eta... Gaur egun oso polita dago dena, gozatzeko atondua. Baina bere garaian ez zen horrela. Euren produkziorako soloak zeuden, eta bestalde, lehen fabrikak beste ikuspegi bat zeukan. Langileek lan egin ahal zuten hemen txapelak egiten, baina aldi berean, jabeak bazuen txakolina produkzioa. Badago anekdota bat: fabrika itxi zenetik museo bihurtzerainoko prozesua eroan duen pertsona bat dago, nire aurretik hemen egondakoa. Horri gertatu zitzaion hasieran, fabrikara sartu zenean, dolare bat ikusi zuela, eta berak bazekin hori txakolina egiteko erabiltzen zela, baina ikusten zuen eta ezin zuen asmatu zertarako erabil zitekeen dolare bat hemen. Pentsatzen hasi zen artilea tratatzeko edo antzeko zerbaitetarako izan ote zitekeen. Berbetan hasi zen jendearekin eta galdetu zuen: “Txakolin-dolarea zertarako erabiltzen zen ba?”, “Txakolina egiteko noski!, erantzun zioten.
1992an itxi zen fabrika. Bizimodu horrek ez zuen ordura arte hala iraungo...
Ez. Azken garaian, askoz ere jende gutxiago zebilen, eta bideoko testigantzetan ere antzeman daiteke lehenagoko giro on hori apurka-apurka motelduz joan zela. Azken urteetan, 30en bat gelditzen ziren.
Eta noiz arte bizi izan da jendea etxeetan?
Orain dela oso gutxi arte. 92an itxi zen fabrika eta beharbada 95 edo 96ra arte erabiliko ziren etxeak.
Zergatik gertatu zen gainbehera? Fabrika bera geratu zelako zaharkituta, txapelarik saltzen ez zelako...?
Arrazoia ez da bakarra. Alde batetik, makineria oso zaharkituta gelditu zen, ez ziren garai berrietara egokitu, eta horrek lehian atzean gelditzea eragin zien. Gainera, hemen prozesu osoa egiten jarraitzen zen, eta horrek ere produktua garestitzen du. Eta gero, moda kontuak. Modaz kanpo geratu zen txapela.
Txapelak oraindik egiten dira ordea, gutxi bada ere... Non?
Guk Tolosan erosten ditugu, Eloseguin. Gaur egun fabrika modernoa da. Prozesuko hasierako faseak kendu zituzten, eta hariak zuzenean erosi. Horrek produktua merkatzen du, eta fabrikan bertan leku gehiago eman.
Eta zertarako erosten dituzue zuek?
Saltzeko.
Bitxia gero, Tolosan erosi beharra...
Bai, hala da, kar, kar... Tira, bietatik dauzkagu. Batzuk, onak, eta hemen egiten zirenak, oraindik ere han egiten dira, Tolosan, eta horietan berreskuratu dugu La Encartadako txapela. Fabrika gelditu zenean hemen, egun batetik bestera gelditu zen. Egun horretan egon zen moduan gelditu zen, izan ere. Orduan, hainbat material dago oraindik, besteak beste etiketa asko. Txapel berri horietan, eta Eloseguik horretarako baimena ematen duenez, nork bere etiketa jar dezake. Guk La Encartadakoa ipintzen dugu, baina ez diogu inori iruzur egiten, adierazita dagoelako txapelak Eloseguik egiten dituela. Bestetik, oinarrizko kalitatea dutenak -oinarrizko txapela esaten duguna- saltzen ditugu, baina Eloseguik egindakoak dira horiek ere.
Zer edo zer berezi zeukan hemengo txapelak, besteekin konparatuta?
Eloseguikoekin konparatuta, ez. Hemen ondo egiten ziren, baina haiek ere ondo egiten zituzten, eta gaur egun ere bai.
Nork erosten du? Atzerriko jendeak, bertokoak...?
Bertoko askok. Eta emakume askok. Gazte jende askok ere erosten du, gero ez dakit erabiliko dituzten, baina... Ematen du orain badagoela gazte jende bat, txapelaren erabilpena aldarrikatzen dabilena.
Museoa bera, bestela, arrakastatsu dabil?
Bai. Urtarrilaren 10ean zabaldu genuenetik gaur arte, 7.800en bat lagun etorri dira. Hasieran nahikotxo etorri ziren, gero beherakada egon zen, negua zela eta ez zela, baina maiatza eta ekaina oso onak izan dira. Jende asko etortzen da, batez ere ikasleak -eskola garaian-, jende nagusia, eta emakumeak, emakume elkarteak.
Ez dakit kokapena ona ala txarra den... Balmaseda, berez bisita merezi duen herri ederra, hemendik bertara dago, baina Balmaseda bera edonondik urrun samar dago beharbada...
Hala da. Kontua da museoa derrigorrez hemen egon behar dela, hemendik kanpo ez luke esangurarik. Oso inguru polita da hau, baina kokapena oztopoa da. Balmasedara, orain, oso arin iristen da errepide berriekin, baina garraio publikoz museoraino etortzea, adibidez, ezinezkoa da momentu honetan. Balmasedara etor zaitezke, baina herritik hona oinez etorri behar da eta eragozpena da hori. Badakit Aldundiak oinezkoentzako bidetxo bat egingo duela hemendik hurbil dagoen futbol zelaira joateko herritik, eta oraingo nire borroka bat da ea bide hori apur bat luzatzen duten, honaino.
Balmasedarrak etorri egiten dira museora?
Horrek harritu egiten nau. Inaugurazio asteburuan -eguenetik domekara egin genuen-, 1.704 lagun zenbatu genituen, baina askoz ere jende gehiago egon zen. Zoramena izan zen. Bisita-taldeak 70, 80, 90ekoak ziren, egokiena 20 izanik. Eta gehienak balmasedarrak ziren. Ordutik hona etorri direnetatik, oso gutxi izan dira bertakoak.
Iragan-min galanta askok...
Bai, jendeak zeukan sentsazioa kontrajarria zen. Alde batetik, oso pozik zeuden fabrikak iraun zuelako, ateak berriro zabaldu zirelako, eta euren bizimodua izandakoak jarraitzen duela ikusten zutelako, baina behin sartuta, eurek gogoan zeuzkaten irudiak, bizipenak... ez zen momentu hartan ikusitakoa. Jakina, orain museoa da, ez fabrika. Bere garaian, beste usaina zegoen, askoz ere hotzagoa zen, zikinkeria handia zegoen, zarata... Eta hori falta zitzaien hemen lan egindakoei. Denak etorri ziren inauguraziora.
Langile ohi asko gelditzen da?
Momentu honetan, hogeiren bat. Adibidez, badaukagu langile izandako gidari bat museoan, balmasedarra bera.
Zer proiektu daukazue gogoan orain?
Hainbat. Badago asmoa langileen etxebizitza zaharretan nekazal-turismo etxeak egiteko. Arrazoia bikoitza da. Alde batetik, eraikina gorde egin behar dela, babestuta dago eta ezin daiteke bertan behera utzi. Mantendu egin behar da. Eta pentsatzen duzunean mantenu hori zelan finantzatu eta abar, aztertzen den aukera bat nekazal-turismo etxeak egitea da. Gainera, denda bertara eroan nahi da, eta etxebizitza bat egokitu garai hartako langileen bizimodua nolakoa zen erakusteko. Hori egin nahi da, baina arazoa betikoa da: finantzazioa, dirua.
Museo hau zabaldu zenean, askoren gogoan sortu zen ideia: txapelaren museoa; hil dugu txapela behingoz, museoan sartuz...
Halako zer edo zer irakurri izan dut interneten, bai. Ni ez nago ados. Hau txapelaren museoa izango balitz bezala “saldu” da, eta, lehen esan dudanez, ez da txapelaren museoa. Galdera hori hainbat kazetarik egiten dit: “Zenbat txapela dago?”. “Bada, pare bat, hiru, lau... gehienez”. Eta harritu egiten dira: baina zelan pare bat baino ez? “Ez da, bada, txapelaren museoa?” Ez, ez da txapelaren museoa, baten bat badago, baina oso gutxi. Fabrika da erakutsi nahi dena, garai bateko bizimodua, produkzio-erak, industria-iraultza...
Bizimodua falta zaizue erakusteko, hala ere, ezta? Lanetik kanpokoa...
Bai. Hori galduta dago. Baina ideiarik egon badago. Horretaz berba egiten dugu gidariekin, langile ohiekin... Gidari bati bururatu zitzaion hemengo jaiak berreskuratzea.
Jaiak ere bazeuden! Bai. Hau “El Peñueco” auzoa zen , eta jaiak zituen, plazan. Hori aukera bat izan daiteke. Ez jai modura antolatzea, baina bai zer edo zer berezia. Begoña de Ibarra Zuazo
(Bilbo, 1975) Enpresa-zientziak ikasi zituen, EHUn. 1998an eskuratu zuen lizentziatura, eta ondoren hainbat urtez ibili zen enpresa pribatuan lanean, zeregin desberdinetan. Besteak beste, sei urte eman zituen KAP Produkzioetan, Kepa Junkerarekin batera. Iazko abuztutik, Boinas La Encartada Kultur Ingurunea Fundazioko zuzendaria da. Bera da, izan ere, lehenengo zuzendaria, iaz sortu baitzen fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Balmasedako Udalak erdibana sortuta, eta “La Encartada txapel-lantegi zaharraren kokagunea artatzeko, zabaltzeko eta kudeatzeko asmoz”. Ondorioz, Begoña de Ibarra Boinas La Encartada museoko zuzendaria ere bada -“izen komertziala da hori”, argitu du-, urtarrilean haren ateak zabaldu zirenetik.