Jesús Zulet Izura. Karikaturista: Bizitzeko mundu fantastikoa zapaldu behar dugu, ametsen eta marrazkien mundua, alegiazkoa

2005-06-24

SALA, Teresa

GARMENDIA IARTZA, Koro

Jesús Zuleten aburuz, komunikazioa gizakion giltzarria da, eta bizitzaz gozatzeko nork bere buruari barre egiten ere ikasi behar duela baieztatzen du. Mundu honetan egotearen plazerra dastatzeko, arauak hautsi eta haratago joan beharra dagoela sinetsita dago. Pasio handiz bizi da. Madrilen bizi den nafar hau, Vocento Taldearen egunkari nagusietako karikaturak egiten aritzen da gaur egun, eta, halaber, arteari buruzko hitzaldiak ematen. Interesgarria, aberasgarria eta, jakina, dibertigarria da berarekin hitz egitea.

Zerk bultzatu zintuen unibertsitate ikasketak alboratu eta mundu artistikoaren bidea hartzera?

Inoiz ez da arrazoi zehatz bat izaten horretarako. Nire gurasoak nekazariak ziren. Amak ikasketak egin behar nituela esaten zuen behin eta berriro, berak bihurtzerik izan ez zuena bihur nendin. Horretarako aukera bakarra, ikastetxe erlijioso batean sartzea zen. Beraz, Iruñara bidali ninduten, hiritarren mundura, 70eko hamarkada aztoratuan. Hezkuntza harrigarria jaso nuen benetan, aurreratua eta aurrerakoia. Beti eskertuko diet hori gurasoei. Trantsizio garaian, aita etxe bateko atezain lanetan hasi zen, eta orduan konturatu nintzen arkitekturak ez zeukala errealitatearekin zerikusirik: igogailuak ez ziren garajeraino jaisten. Eta horrek pikutara bidaltzen zituen Arkitektura Eskolan irakatsi zizkidaten teoriak. Politikari begira, oso urte aktiboak izan ziren, irrika handiz bizitu nituen. Arkitekto izatea, diktadore handi bat izatea bezalakoa zela pentsatzen nuen, jendeari nola bizi agintzen ziotela, baina, Bartzelonara joan nintzenean, konturatu nintzen aparejadore izatea ere ez zela nik bilatzen nuen alternatiba. Neukan aukera bakarra, umorearena zen. Eta, jan beharra neukanez, "El Jueves" aldizkarirako kartak egitea bururatu zitzaidan. Hura bai izan zela ideia ona. Esperientzia horrek ikusarazi zidan dena jolasa dela; demokrazia bera ere, pertsonaia eta protagonista berriak dauzkan jolas bat dela. Umorista, azken batean, eszeptiko sakon bat da.

Hasierako urte haietan, San Ferminetako lagunarteentzako pankartak egin zenituen.

Berrogeita hamar biztanle besterik ez zeuzkan herrixka batean bizi nintzen, eta nerabezaroaren hasieran Iruñara iristean arazo asko izan nituen. Nik ikusle bezala jarraitzen nuen festa hura, txikitandik. Beti gustatu zaizkit San Ferminetako pankartak, bitxien artean bitxienak iruditzen baitzaizkit. Izugarria iruditzen zitzaidan urtean zehar hain triste eta isila zen hiria uda partean horrenbeste eraldatzea. Magikoa iruditzen zitzaidan San Ferminetako pankartak marraztea. Magikoa iruditzen zait zezenaren kontzeptua, inguruan dituen guztien aurka jotzen duen izaki noble eta suhar hori. Oso kontzeptu surrealista iruditzen zait. Eta, gainera, 30eko hamarkadako intelektualenek ere jaso zuten: Picassok, Albertik… Denak mintzo dira zezenaz. Surrealista iruditzen zait, baita, Eliza katolikoak mozkorrei zezenaren aurrean ibiltzea baimentzea, zergatik, eta santuari otoitz egin diotelako. Prostituzioa iruditzen zait. Nire pankartek zezenaren zentzuaren aurka jotzen zuten. Bigarrenari dagokionez, esan behar dut soldaduskan nengoela 23 F Estatu Kolpea gertatu zenean, eta Tejeroren “Denak lurrera!” aginduaren aurrean, “Altza lurretik, iruindar hori!” oihukatu beharra zegoela bururatu zitzaidan. Soldaduskan nengoela egin nuen pankarta hori, San Gregorioko maniobren eremuan zehazki, eta ardoz margotu behar izan nuen. Urez gaizki genbiltzan, baina ardoa hain zen txarra, beti zegoela soberan. Oso dibertigarria izan zen.

Umorea tresna politiko bat da zure ustez?

Nire ustez, gizakiaren giltzarria komunikazioa da. Baina ez komunikazio idatzia, ikusmenaren edo keinuen hizkuntza baizik. Gure frustrazio politiko edo sozialen aurrean, marrazkiaren alternatiba daukagu. Politikaren esentzia, gizarte bizitza da. Gizakiak ezin du negarra beretzat egin. Oso dibertigarria iruditzen zait haur txikiek, mina hartzen dutenean bakarrik egonez gero, atearen atzean gorde eta gurasoak noiz etorriko zain nola gelditzen diren, negarrez hasteko. Orain, Kixoteren karikatura batzuk egiteko eskatu digute. Bada, nire ustez, Kixoteren karikaturarik onena bere zaldia da. Eta Santxo Panzaren karikaturarik onena, bere astoa. Honek adierazten du inkontzienteak jokaldi makurra egin ziola Cervantesi, zaldiak oso izen arranditsua daukalako, eta astoak, berriz, izenik ere ez duelako. Hortik ondorio bat atera dezakegu: utopia ez dagoela gure eguneroko bizitzan. Bizitzeko, mundu fantastikoa zapaldu behar dugu, ametsen eta marrazkien mundua, alegiazkoa. Haurren egunerokoak ez dira idazten, marraztu baizik. Eta marrazki hori da ikusmen komunikazioa, biziraupenaren gakoa.

Izaera bereziren bat izan behar al da mundu fantastikoa zapaltzeko?

Hain zuzen ere hori bera da Celedonio Otañok, nire ustez, bota zuen esaldirik garrantzitsuena. Picassok mende bat zeraman hori bera esaten: haurrek, begiratzen dakitelako dakite marrazten. Helduok, ordea, elbarritu egin dugu ahalmen hori. Zibilizazioen arteko elkarrizketa bideratzeko proposamenik onena, Picassok egin zigun, Arte Modernoaren historian giltzarri den Avignongo emakumeak koadroan: bost kontinenteen amak azaltzen zaizkigu bertan. Badirudi ez dugula onartu nahi, baina XX. mendean hutsaren inguruan egin diren azterketa eta hausnarketa guztien eragileak Oteiza, Chillida eta Dalí izan ziren. Aurten, Europan sartu izana ospatzen ari gara, baina Dalíren mendeurrena ere bada. Eta zer oparitu die espainiar Estatuak gainerako herrialdeei? Bada Dalík Europaren bahiketaren inguruan egindako grabatu bat, Unamunok aldarrikatzen zuenaren irudikapena hain zuzen ere; Europa espainiartu behar zela alegia. Politikariek ahaztuta daukate hori.

Gure buruaz barre egiten erakutsi nahi al digute karikaturek? Ala pentsatzen akaso?

Galdera faltsua da hori. Izan ere, non dago muga? Guk zeharkatu egiten ditugu logikaren, arrazoiaren edo moralaren mugak, edo, politikariek esaten duten bezala, errealak diruditen proposamenetik haratago joaten gara, hain zuzen ere orduan sentitzen delako plazerra, haustura hori sekulakoa denean. Dena den, batzuetan hobe izaten da gehiegi ez pentsatzea, haustura hori erradikalegia ez izatea, eta jendearen babesa jasotzea. Baina hori ez dago sortzailearen esku, jendearen esku baizik. Ezin digute hori kontrolatzeko eskatu. Ni beti saiatzen naiz arauak puskatzen edo haratago joaten, hori delako benetan asebetetzen nauena. Asebetetze hori oso handia bada, algaraka hasiko naiz; bestela, irribarre egingo dut, edo plazer intelektuala sentituko dut -zeina ez baiten zehatz-mehatz intelektual-. Liburu zoragarri batean esaten da burmuinaren eskuinaldea erabiliz marraztu behar dugula; hau da, alderdirik femenino eta sortzaileenarekin.

Alderdi femeninoa al da, beraz, gizakiak dituen alderdi guztien artean sortzaileena?

Duela gutxi irakurri ditudan liburu paregabe batzuetan esaten da gaur egun ez dela komeni emakumeak begirada edo sormen ezberdina duela esaterik. Ez dakit hau egia ote den, baina kontrakoa behintzat bai: Historian zehar, eta orain arte, biztanleriaren erdia zokoratuta egon da; emakumea artetzat jotzen dugun sortze prozesutik kanporatuta egon da. Beraz, orain prozesu horretan emakumea sartuko baldin bada, gauzak beste modu batera ikusten hasi beharko dugu. Baina hori guztia existitzen zen mundu primitiboan. Horixe bera planteatzen ziguten Picassok eta arte modernoaren iraultzak: begirada primitiboa; amen, sormenaren, inspirazioaren, intuizioaren begirada. Platonen garaiaz geroztik, mundua haitzulo batean, lur azpian sartuta gelditu zen. Gauza bera gertatzen da Goyarekin: marrazkia margolariaren intimitatea denez, ezin da erakutsi. Moralaren aurka doa, ez dago erakusterik. Prestakuntza prozesuaren baitan dago, baina ez da erakusten. Hori funtsezkoa da. Denok gara artista.

Existitzen al da dohain artistikoa?

Denok daukagu dohain hori, sukaldaritzan aritzeko dohaina bezala. Baina landu egin behar da. Dohain hori ez daukate odol edo sekta berezi batekoek bakarrik, denok baizik. Esan ohi da gaur egungo gizartea dibertsio eta komunikazioarena dela, publizitatearena, baina ikusmenaren analfabeto ugari dago. Irakaskuntza prozesu arrazionalean dago oinarrituta. Dibertigarria iruditzen zait norbaitek bi auto marken artean aukera egin behar duenean zeinen pozik sentitzen den ikustea. Alternatiba gehiago izanez gero, ordea, agobiatu egiten da. Ezin dugu aniztasuna onartu. Arazo bakoitzak erantzun bat izan behar du. Denak lineala izan behar du, aniztasunik gabea. Behin, izugarri dibertitu nintzen Iruñan, arte topaketa batzuetan arropa kilometro pila bat zabaldu genuenean. Zoragarria iruditu zitzaidan. Berrogei interpretazio ezberdin zeuden intimitatearen banderaren esanahiaren inguruan: ekologismoa, naturari ateak zabaltzea, trapu zikinak garbitzea, batuketaren esanahia... Hori guztia zegoen ikusgai. Obra horrek interpretazio ugari zeuzkan. Baina jendea saminduta zegoen, ez zegoelako gauzek irakurketa anitz zeuzkatela ulertzeko hezita. Erantzun zuzena, baliozkoa, ez da bat bakarra izaten. Agian une jakin batean bai, bakarra izango da baliozko, baina, inguruabarrak aldatzean, beste ikuspuntu bat izan daiteke baliozko.

Zorionekoa zarela iruditzen al zaizu?

Bai, jakina. Gustatzen zaidana eginez bizi ahal izatea plazer bat da mundu honetan.

Gero eta aukera gehiago dago, gero eta ate gehiago zabaltzen dira...

Asko gustatzen zait Arte Ederren Fakultateetan hitzaldiak ematea, tailerretara joatea, edo kartzeletara marrazkiak egiten aritzera. Nik Arte Ederretako ikasleei zera esaten diet: badagoela lanbide honetaz bizitzerik. Baina ez didate sinesten. Kartzeletan gauza bera gertatzen da: preso daudenei esaten diet haiek direla irudimenean sinesten duten bakarrak.

Edonola ere, sortze prozesuko esfortzua eskandalura jotzeko tentazioarekin nahasteko arriskua dago.

Bai, egia da, baina kasu harrigarriak gertatzen dira gaur egun ere. Nik besoetan izan dut Mikel Urmeneta. Aparta iruditzen zait lortu duen guztia. Iruñako festek, atzerrira begira, oso diseinu kutrea zeukatela iruditzen zitzaion, eta gaur egun Europa mailan gehien fakturatzen duten artisten artean dago. Ikasgai magistrala eman digula iruditzen zait.

Nola definituko luke Jesús Zuletek bere burua?

Karikaturagile bezala. Nola demontre lortzen dugu deformazio batek zerbaiten antza izatea? Guk ez dugu gure burua irudi batekin berdin-berdina izateagatik identifikatzen, gainerakoengandik ezberdina izateagatik baizik. Magia pixka bat sartzen da ezagutu edo identifikatzearen jolas horretan. Hitzen kasuan ere, kontzeptuen multzoan, zoragarria izaten da hori. Bitxia da gero: hogei egile ezberdinek pertsonaia berari buruzko karikatura bat egiten badute, denek pertsona berbera islatu duten arren, karikaturek ez dute elkarren artean zerikusirik izango. Hori zoragarria da, txundigarria. Ordenagailuek ezin dute oraingoz horrelakorik egin. Hori gizakiaren kualitate bat da. Eta ez du logikarekin zerikusirik; beste gauza bat da.

Zer-nolako erabilgarritasuna du karikatura batek?

Karikaturak kontzeptu objektiboekin, egiarekin eta identifikazioarekin lotuta daude; kanpo itxuratik haratago doaz beti. Izan ere, beti dago haratago joaterik, gehiago deformatzerik, luzatzerik, exageratzerik. Aurpegia berbera izanda ere, karikaturak inoiz ez dira berdinak izango. Oroitzapenekin lotuta dago hori. Ama hil egin zitzaidan, baina bere traza batzuk gogoratzen ditut, bere itxura, ibiltzeko modua... Nire ustez, ez dugu jendearen erretratua gogoratzen, pertsonaren karikatura baizik.

Zenbateraino mugatu dizute lanean aritu zaren hedabideek zure marrazteko edo adierazteko modua?

Askatasuna inoiz ez da erabatekoa izaten, baina, hala ere, bere alde borrokatu beharra dago. Ni Entzutegi Nazionalean izana naiz, marrazki batzuetan Erregeari irain egiteagatik. Kartzela-urte mordo bat eskatu zituzten niretzat. “El Cocodrilo” aldizkarian argitaratu nuen biñeta, 86. urtean. OTANen inguruko erreferendumaren garaia zen, eta zurrumurru batzuk zebiltzan batetik bestera. Talde politikoek eragiten dizute zurrumurruak, iritzi publikoari eragin nahian. Bada, zabaldu zena izan zen Erregeak barrabiletako minbizia zeukala, eta Felipe González Francoren biloba batekin liatuta zebilela. Lehengai ezin hobea aldizkari satiriko batentzat. Titular hauek aukeratu genituen: “Oiloak baino bilobago” eta “Juan Carlos I.aren barrabilak egoera onean”. Marrazki haiek zirela-eta, niri ezarri zidaten zigorrik handiena. Bi urte eman nituen behin-behineko askatasunean, Espainiatik atera ezinean, fidantza batekin. Orain barregura ematen dit, baina gaizki pasatu nuen. Nire abokatuak, nik egindako karikaturak baino gogorrago batzuk eraman zituen epaiketara; esaterako, hedabide britainiar batean, Thatcher, zakur itxuraz, Reagani ipurdia miazkatzen agertzen zen irudi bat argitaratu zuten. Horrekin frogatu nahi izan genuen nik egindakoa baino askoz ere gauza gogorragoak egiten zirela, eta baimenduta zeudela. Telebista bat eta guzti eraman behar izan nuen, Entzutegi Nazionalean ez zegoelako ikus-entzunezkorik. Lege demokratikoak indarrean zeudela gertatu zen hori guztia.

Zertan zabiltza gaur egun?

Orain bertan, Vocento Taldearentzat marrazkiak egiten. Bestalde, Alcaláko Unibertsitatean umore grafikoa lantzeko fundazio bat eratu zen, eta "Humoraula" izeneko sare bat sortu dugu bertan, unibertsitate ezberdinetako pertsonak eta umorea lantzen duten esparruetako jendea biltzen dituena; hala nola, Payasos sin Fronteras, psikiatrak, erizainak, pedagogoak, Coruñan karikaturaren museo bat zuzentzen duten kide batzuk, Interneteko “Tebeosfera” ataria, etab.

Ba al da profesionalki betetzeke daukazun ametsik?

Panpinen programa bat egin nahi nuen, baina ez zen aurrera atera. Dagoeneko hilda dauden pertsonaia artistiko ospetsuen panpinen bidez, gure irudimeneko kontzientziarekin hitz egitea gustatuko litzaidake. Sexu umorea ere egin nahiko nuke, kalean pasieran dabiltzan zakil handi batzuekin. Telebistan ez dago sexu umorerik. Nik sexu umore serioa egin nahiko nuke. Gaur egun, goma-aparrari eta teknologia berriei esker, gauza zoragarriak egiteko aukera daukagu. Eremua oso aberatsa da. Haurren mundua ere izugarri gustatzen zait. Baina, oraingoz, marrazten jarraitzen dut.

Ogibidea ez ezik, bizitzeko modu bat ere bada zure lanbidea... Bai. Autore ingeles batek esan zuen bezala, “nire lanaren alderdirik zailena da nire emazteari buruan sartzea lanean ari naizela leihotik begira ari naizela ematen duenean”. Gauzarik okerrena, beldurraren beldur izatea da. Jes?s Zulet Izura (Iru?a, 1956) Jesús Zuletek Olkotz herrixkan eman zuen bere haurtzaroa. Iruñan eta Bartzelonan Arkitektura eta Aparejadore ikasketak egin ostean, 1981ean Madrilera joan zen bizitzera. Satira grafikoan hasi zen lanean, San Ferminetako lagunarte batzuentzat pankarta batzuk eginez. Garai hartan, “Zul” ezizenez sinatzen zituen bere lanak. Berehala bihurtu zen mundu grafikoko profesional, eta marrazkilari zein diseinatzaile lanak egin zituen hainbat hedabidetan: El Jueves, Diario 16, Pueblo, Disco Show, Diario de Navarra, El Cocodrilo, Navarra Hoy, La Golondriz, Eguna, Deia… Neurri eta teknika ugaritako panpina, karikatura eta txotxongiloak ere egiten zituen TVErako. Videomedia produkzio etxearen eskutik, panpina ugari prestatu zituen Portugalgo telebistarako eta Asegarce enpresarako, Argiñanoren sukaldaritza programa ezagunerako hain zuzen ere. Industria diseinuaren arloan ibilia da, eta baita metxero, pilota zein baloietarako umorezko marrazkiak egiten. Hiru urtez (1983-86), Madrilgo Publinsa publizitate agentziako arte zuzendaria izan zen. 1990. urteaz geroztik, Grupo Vocento -lehen, Grupo Correo- taldearen egunkarietako karikatura eta marrazkiak egiten ditu. Azpimarragarria da, bestetik, azken urteotan Alcaláko Unibertsitateko Fundazio Orokorrak antolatzen dituen jardueretan parte hartzen duela.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Arantza Jausoro. Euskal Mendizale Federazioko presidentea: Munduko edozein lekutan mendira zoazela, euskal herritarra zarela esanez gero, mendizale ontzat hartuko zaituzte

 

Irakurri

Gonzalo Sáenz de Samaniego. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzako funtzioko sailburua: Landa eremuko emakumeak ustiategien titularkide izatea eta gizartearen aintzatespena jasotzea dira gure hurrengo erronkak

 

Irakurri

Patxi Salaberri Muñoa. Klasikoen gordailuaren sortzailea: Klasikoen gordailuak daukan bokazioa gure literatura guztia bere barruan izatea da

 

Irakurri

Nieves Zabala. Medicus Mundi Espainiako presidentea: Urte askoan zehar, ahalegin izugarria egin dugu Hegoaldean, baina gero eta pobre gehiago eta gero eta bazterkeria handiagoa daude munduan

 

Irakurri

Clemente Bernad. Argazkilaria: Nire argazki kamerarekin daukadan asmoa ez da erantzunak ematea, galderak botatzea baizik

 

Irakurri