Jesus Maria Ugalde. Kimika Fisikoko katedraduna: Zientzia handiko proiektuak eta Zientzia proiektu handiak ez dira parekoak

2009-05-01

SALABERRIA, Urkiri

Donostiako Ibaetako Kimika Fakultatean dugu hitzordua. Euria mara-mara eta haizea ari du eta blai egindairisten gara. Atezainari Jesus Maria Ugalde doktorearen bulegoa non den galdetu ondoren pasabide laberintiko batzuk igarotzen ditugu. Ate aurrean gara eta, zabaltzen denean espazio handia, goxoa, oso ordenatua eta baketsua aurkitzen dugu. Ugalde Jauna antzekoa bilatzen dut, gizon galanta, zuzena, baketsua eta batez ere, alaia.

Zerk bultzatu zintuen Kimika ikastera?

Ez dakit, ez dago inongo misteriorik. Hori bai, argi zegoena zientziak ikasi egin behar nituela.

Zergatik?

Nere garaian Bergaran ikasteko bi aukera zeuden, bata zen “elemental” egitea eta bestea zen Seminarioan batxilergoa egitea. Nik “elemental” aukeratu nuen eta hortik ofizial atera nintzen. (Iribarrez) Paretan zintzilikatzeko horietakoak dut Francok sinatua nire titulua “Oficial instalador montador de primera de alta y de baja...” (farrez), egia da asko ikasi nuela eta oso trebeak ateratzen ginela, horrek asko lagundu dit geroago.

Eta Unibertsitatean sartzeko grina?

Nahiz eta Bergaran garai hartan lanik falta ez izan, eta tailerretan lan egiteko elementaleko jendearen beharra egon, ez dakit nondik etorri zitzaidan beste mundu bat zegoela, gehiago jakiteko. Gehiago ikasteko burutazioa izan nuen.

Orduan jakin nuen Beka batzuk bazirela, garai hartako “mutualidades laborales”-ek kudeatzen zituztenak. Hango bulegotik agertu nintzen eta jakin izan nuen, ofiziala izanda, “pre-C.O.U” deritzon ikasturtea egiteko aukera nuela, hori bukatua C.O.U-n sartzeko. Horrela, 17 urterekin Eibarko Unibertsitate Laboralean “interno” sartzeko beka eman zidaten eta urtebetez lau asignatura baino ez nituen egin: Matematika, Fisika, Kimika eta Ingelesa. Benetan, oso kurtso zoragarria izan zen.

Beraz, COU egiteko orduan, argi zegoen zientziak izango zirela...

Jakina, halako urtebete pasata nola sartuko nintzen Literatura, “Lenguas”... egitera? Gogoan dut, hautatzeko hainbat ikasgai zirela, eta nik hartu nituen, derrigorrezko matematikaz gain Matematika bereziak eta matematika logika... Eta hantxe erabaki nuen Kimikak egitea, baina berdin berdin izan zitekeen Matematikak, Ingeniaritza, Fisikak... edo horrelako zerbait. Kimikak, ezin dizut esan zergatik.

Behin karreran, nola izan zen?

Valladolideko distrituan ginen eta hara joan nintzen. Egia esanda, garai haietan karrera egiteko orduan nahi zenituen adina ikasgaietan matrikulatzeko aukera zenuen, eta bigarren urtean, Kimika karrerazko ikasgaiaz gain, Fisikazko karrera lehenengo urteko ikasgaietan ere bai matrikulatu nintzen. Eta horrela ibili nintzen karrera osoan, fisika eta kimika artean.

Eta jada martxan izanda, Doktoradutza modu naturalean sortuko zen, ezta?

Beno, Tesiaren kontua nahiko bitxia izan zen, hori ere.

Doktoradutza bekekin egin nuen ere bai, Ministeriokoak eta Eusko Jaurlaritzakoak. Valladoliden nengoen eta neukan Tesi zuzendariak, Jose Largo Doktoreak, Unibertsitatea uztea erabaki zuen. (Egia esanda, garai hartako Valladolideko katedradun giroa gogorra zen eta nahiko “itsusia”, eta nire zuzendariari sekulakoak egin zizkioten eta horregatik erabakiko zuen dena uztea)... Hala ere, hasieratik kontatuko dizut.

Egia esanda, oso bitxia da...

Dena hasi zen, karrera bukatu nuenean. Tesina gaia nazioarteko mailako kongresu batean aurkezteko aukera sortu zen. Eta Uppsalara (Suedia) joan nintzen poster bat aurkeztera, eta halako batean oso tipo altua hurbildu zitzaidan, nire poster aurrean geratu zen eta goitik behera irakurri zuen, ezer esan gabe. Bat batean, begietara begira zerbait esan zidan, (farrez) “Didyou-riferid-mai-peipa?”, benetan ez nion ezertxo ere ulertu, nire garai hartako ingeles maila ez zelako bereziki ona. Eta modu instintiboan, buruz ikasitako ingelesez, azalpenak eman nizkion. Hori bai, bere izenarekin geratu nintzen: Russell Boyd.

Eta zein dugu Russell Boyd?

Itxaron pixka bat... Valladoliden bueltan nire zuzendariari azaldu nion gertatutakoa. Halako batean irakurri genuen Kimikarien aldizkari batean “Journal of Chemical Sciences”, Russell Boyd-en artikulua eta ulertu nuen zer esan zidan kongresuan... ea erreferituta nuen bere ikerketa nire posterrean. Argi zegoen, biok iritsi ginela leku berera bide ezberdinetik eta bakoitza bere kabuz. Eta handik gutxira gonbidapen bat jaso nuen, Russell Boydek gonbidatzen ninduen bere lantaldera joatera. Eta horrela agertu nintzen Dalhausien.

Eta ingelesa?

(Barrez) Lau hilabetetan ikasi nuen... Beharrezkoa zen. Hara joan nintzenean, mutua eta gorra bezala ibiltzen nintzen. Gero “klitxea” aldatu eta listo.

Eta Tesia?

Russel Boydek zuzendu baina hemen aurkeztu genuen.

Zer dela eta?

Ba garai haietan, doktore titulua Espainian konbalidatzeko urteak pasatzen ziren eta horregatik erabaki genuen hemen aurkeztea zuzenean.

Eta alderantziz? Hau da, Espainian ateratako doktore titulua Espainiatik kanpo baliozkotu egin behar zen?

Haiek zibilizatuak dira... (Iribarrez) Haiek ez dizute ezta titulua erakusteko eskatzen, zure hitzarekin nahikoa da.

EHU-UPVko irakaslea izateko ibilbidea, nolakoa izan zen?

Ba behin bukatu nuela jakin izan nuen meritu lehiaketa zegoela eta aurkeztu nintzen eta plaza atera. Baina berehala sortu zitzaidan post-doc egiteko aukera eta atera nintzen berriz kanpoaldera.

Zertarako dira post-doc?

Gehiago sakontzeko zure espezialitatean. Tesi batean, garatzen dituzu ikertzeko baliabide batzuk norbaitek zuzenduta. Baina post-doc-ekin zure bidea bilatzen duzu, sakontzen duzu zure intereseko gaia, ez bakarrik nola ikertu baizik eta zein gaia den inportantea ikertzeko. Dena den, halako hainbat egin izan ditut, Belgikan, Dalhausin... Garai horiek aipatzen ari garela, gogoan dut, laurogei hamarkadaren bukaeran kanpora joan nintzela Pedro Miguel Etxenike Doktoreak eman zituela nire klaseak, edo Cornellera joan nintzela irakasle bisitari bezala eta izan nintzen Roald Hoffman Nobel sariarekin, asko, asko ikasi nuen harekin... Oso garai politak dira horiek.

Eta oraingoak? Zer egiten duzue hemengo ikerlari taldean?

Hemen, jo ta fuego. Zientzia eta teknologia departamenduan kokatu gaituzte administratiboki. Ni, batez ere, kimika kuantikoan aritzen naiz: Molekulen estruktura kimikoaren ezaugarriak. Hori besterik ez da..

Besterik ez?! Nola ikertu, ez usaindu, ez entzun, ez ikusi, ez ukitu eta ezin dastatu daitekeena?

Ikusiezinak edo entzuten ez diren gauza asko dira ikertzen direnak. Ikusi ezin, nik orain ikusten zaitudan bezala, baina nabaritu bai. Estruktura elektronikaren hainbat ezaugarrien ondorio asko esperimentatu dezakezu. Hau da, zuk abiadura ez duzu ikusten, ikusten duzuna da bere ondorioak, indarra ezta...

Baina oinarritzen bagara ondorioetan dena suposizioak dira...

Hori zientziaren estrukturaren baitan da. Axiomak onartzen ditugu eta horren gainean oinarritzen ditugu gure azalpenak.

Bai, baina nola jakin daiteke zein angelu dagoen ur molekula batean?

Oso erraza duzu hori, inertzia momentuan neurtu. Espektroskopiako oso esperimentu erreza da. Uraren atomoak planoak izango balira emaitzak zeharo diferenteak izango ziren.

Dena den, hori egiteko teknika horiek garatuak izan behar dira, eta nola egiten dugu kontrastatzeko ?

Teknika diferenteak erabiltzen ditugu, eta guztiak bat etorri egin behar dira gure suposizioarekin.

Zein neurriraino da inportantea “nano-mundua” ezagutzea?

Hasteko, jakitea oso inportantea da. Eta gero, estruktura elektronikoan oinarrituta material baten ezaugarriak aurreikustea oso inportantea da. Han edertasun platoniko galanta dugu. Bestalde, orain aztertzen ari gara adibidez enzima mundua, eta badakigu, enzimek bere eginkizuna betetzen dutela estruktura bat eta ez bestea dutelako. Ez bakarrik jakiteko, baizik eta eragozteko edo bizkortzeko erreakzioak.

Horrek esan nahi du nik ezagutzen badut nolakoa den molekula txiki baten ezaugarriak, jakingo dudala material horren ezaugarriak, hau da, “fraktal-autosemenjante” bezala?

Ez da hain erreza, badirelako “propietate emergenteak”. Hau da, molekula berdinen kopuru baten ezaugarriak ez dira molekula bakar baten ezaugarriak. Asko izatean, propietate berriak sortzen dira. Molekulen portaera bakarra izanda edo multzoan egonda, zeharo desberdina da.

Adibidez?

Supereramankortasuna (Superkonduktibitatea).

Hala ere, hitz egiten ari garela iruditzen zait zientzietan beti “gertakizunak” eta ez gauzak ikertzen direla...

Nola?

Ondorioak dira beti...

Zuk pentsatu, obserbatzea bera gertakizun bat da...

Eta ez al da hori fisika kuantikoarekin lotua?

(Iribarrez) Bai, horixe da Heisenberg-en indeterminazio printzipioa.

Euskaldunok artistak, deunak, marinel... bikainak ditugu. Eta ikerlariak, zientzialariak?

Hasteko Elhuyartarrak ditugu. Haiek egin zutena ez da txantxetakoa. Bere garaian, Juan Joxe, batez ere, kimikarik preziatuenetakoa genuen Europan. Eta Wolframio ateratzea zeukaten errekurtsoekin ez zen batere erreza. Inportanteena da 1783an beraiek susmatu zutela zerbait berria zegoela, eta asmatu zuten.

Egun, kultua izateko Zientziaz jakin behar dugu?

Mitxelenak zioen bezala, “latinaz gain, termodinamikaren 2. printzipioa zein den jakin behar da”. Ez dut ulertzen egiten duten banaketa kultura humanista eta kultura zientifikoaren artean. Esaten didatenean “ni humanista naiz”, nik erantzuten diet, “eta gu zer gara martzianoak, edo?”. Gertatzen zaiguna da Zientzia jakiteko ikasi egin behar dela (eta gogoratu ikasteko estudiatu egin behar dela, beti...) eta ikasteak esfortzua eskatzen du. Eta esfortzua eskatzen duenak kontrako jarrera sortarazten du orokorrean.

Lehen aipatu duzu edertasun platonikoa. Olerkia al da kimikan?

Poesia da denok dakigunari buruz, gutxik dakien hitzekin hitz egitea da, eta zientzia dugu, guztiok dakigun hitzekin gutxik dakitenari buruz mintzatzea. Egia esanda, zientzian aritzeko abstrakzio maila oso altua behar da eta hori oso erretorikoa da.

Jakiunde

Nolakoak dira Jakiundeko saioak? Hainbeste arlo ezberdinetatik etorrita “jakindunak” zein hizkuntzatan mintzatzen da? Nola elkar ulertu?

Beno, (barrez) Jakiundeko hizkuntzak Euskara, Ingelesa, Frantsesa eta Espainola dira. Baina esaten duzunari buruz, esan behar da Jakiunde oso Akademia berria dela eta ez garela oraindik sartu gai sakonetan. Beste Akademi batzuk berrehun urtetik gora dute eta zentzu horretan gu jaio berriak gara. Oso inportantea da jakinaraztea eraikitze prozesuan garela eta gure diskusioak ez dira Unibertsoaren tamainari buruzkoak... Momentu honetan Jakiunden zentratzen ari gara jakitean nola lagun diezaiokegun hobekien euskal gizarteari.

Ez bakarrik hemen bizi direnei?

Ez, mundu osoan dagoen Euskal gizarteari. Izan ere, diziplina diferenteko jende ugari egotea ez da eragozpena baizik eta bertutea. Gauza bera ikuspuntu ezberdinetik ikusten dira, baina ez bakarrik ikusi edo irudikatu, helburuak diferenteak dira ere bai. Eta horrek asko aberasten gaitu. Jakiunden poliki baina etengabe ari gara, oin bat bestearen atzearen ez biak aldi berean.

Esaldietan Zientzia munduan ez du publikatzen nahi duenak ahal duenak baizik. Ikerlarien hizkuntza, batek daki. Gurea euskara da. Gure ikerlari taldean dena euskaraz hitz egiten dugu. Zientzia handiko proiektuak eta Zientzia proiektu handiak ez dira igualak. Lehengoentzat azpiegitura bereziak behar dira, bigarrenek papera eta arkatza baino ez dute behar. Yo no sé euskara: Ez. Ez da hori, hori da ez jakitearen ondorioa. Eta ezjakitearena ez ikastetik dator. Yo no sé euskara: No. Tú no has aprendido y por no aprender no sabes. Y como no sabes, no se te puede hablar, y como no se te puede hablar no te sirve, y como no te sirve no aprendes. Ikasteak esfortzua dakar. Ohore bat izan zen Euskadi saria jasotzea. Baina bikoitza, Jesus Altunaren ondoan jaso nuelako. Ikerlarien lana, gogorra bada, baina gogorra baino, intentsua dela esango nuke. Beti egon behar zara, eta beti zaude.

Zu erakartzeko behar da: Deitzea

Ezin duzu jasan: Tristura. Ezin dut beti kopetilun dabilena jasan

Zoriontasuna da: Eta arrosaren usaia zer da?

Jasotako oparirik zoragarriena: Denak izan dira onak

Opa diezuna zure semeari: Bizia eta zoriontsua izatea Jesus Maria Ugalde (Bergaran, 1957) Kimika Fisikoko katedraduna da. Valladolideko Unibertsitatean lizentziatu zen 1981ean eta Kimikan Doktorea da unibertsitate berean. Doktorego osteko ikasketak burutu zituen 1986an eta 1989an Kanadako Dalhousie University unibertsitatean eta 1984an Tennessee-ko Oak Ridge National Laboratory delakoan. Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Irakaslea da 1994tik hasi eta gaur egunera arte. Irakasle bisitaria izan da bai Ithaca-ko (New York) Cornell University unibertsitatean (1992), bai Namur-eko (Belgika) Notre-Dame de la Paix unibertsitatean (1991). Bere ibilbidean zehar 200dik gora argitalpen zientifiko eta zientzia zabalkundeko 20 saiakera plazaratu ditu. Doktoregoko 9 ikasleren lanak gainbegiratu ditu, eta horietatik 6 Europako doktoregoak dira. 9 Nazioarteko Biltzar Zientifiko antolatu ditu. Jakiunde akademiako kide gisa, Akademiaren lehendabiziko nazioarteko sinposioa antolatu zuen 2008ko abuztuan honako izenburu honekin: “The role of scientific adademies in modern socienties”. 2003ko Euskadi Ikerketa Saria irabazi zuen. Horrez gain, beste golardo hauek ere jaso ditu: X. M. Munibe Ikerketa Saria (1997), National Sciences and Engineering Research Council of Canada delakoaren Zientzia Trukaketako Nazioarteko Saria eta 1989ko Killam Post Doctoral Fellow Award saria, Halifax-en (Kanada). 1985ean, Doktoregoko Aparteko Saria ere eskuratu zuen.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Gorka Merchán. Zine zuzendaria: Gauza bat besterik ez dakit: bihar hiltzen banaiz, bizitzan egin nahi izan dudana egina izango dut

 

Irakurri

Koldo Saratxaga. Irizar enpresako presidentea: Konfiantza goranzko balioa izan balitz, agian ez ginatekeen egoera honetan egongo

 

Irakurri

Mari Puri Herrero. Margolaria: Batzuetan ametsak diruditen bizipenak izaten ditugu, nik ez ditut bereizten

 

Irakurri

Argitxu Esain. Sopranoa: Operak kantatzea oso aberasgarria da, kantu hutsaz gain aktore lana ere egiten ikasi behar baituzu

 

Irakurri

Mari Jose Aranguren Querejeta. Klusterrak, Eskualdeko Garapena eta Berrikuntza arloko zuzendaria Orkestran - Lehiakortasunerako Euskal Institutuan: Lehiakortasuna, berrikuntza eta ideia berrien garapena izango dira datorkigun ekonomiaren oinarria

 

Irakurri