Jose Antonio Arana Martija: "Euskal Herrian ez da inoiz egon ezta egongo ere, euskararen eta euskal kulturaren alde Azkuek beste lan egingo duenik"

2001-11-09

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Jose Antonio Arana Martija Jose Antonio Arana Martija, euskaltzaina "Euskal Herrian ez da inoiz egon ezta egongo ere, euskararen eta euskal kulturaren alde Azkuek beste lan egingo duenik" * Estibalitz Ezkerra Euskaltzaindiko Zuzendaritza kide da Jose Antonio Arana Martija. Gaztetan zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuan, eta orduantxe ezagutu zuen Resurrección María de Azkue. Berak halaxe gogoratzen du Azkue lehen aldiz aurrez aurre ikusi zuenekoa: "Azkue santu bat izan zen, gizon benetan miragarria. Euskal Herrian sekula ez da egon hark beste lan egin duenik. Izaera gogorrekoa zen bera, jenio bizikoa eta oso serioa. Pentsa, 80 urterekin hasi zen tabakoa erretzen! Nik neuk 1949 1950 aldera ezagutu nuen. Orduantxe hasi nintzen Zuzenbide karrera ikasten, Deustuan. Tarteka Euskaltzaindiko egoitzara joaten nintzen, urte haietan Alfonso Irigoieni musika kontuetan laguntzera. Behin gure saio horietako batean geundela, geure ahotsak entzun eta `nor dabil hor?' garrasi egin zuen berak. Irigoienek aurkeztu egin ninduen, eta zertan genbiltzan azaldu zion. `Euskarako lanetarako bada, segi dezala' esan zidan. Hamar segundoko enkontrua izan zen, baina sekula ez dut une hura ahaztu". Hain zuzen, Azkueri buruzko liburu bi atera ditu Arana Martijak. Resurrección Jesús María de las Nieves Azkue, izen handia gizon handi batentzat. Resurrección Jesús María de las Nieves zeukan izena, Edurtzako Ama Birjiñaren egunean jaio baitzen: abuztuaren 5ean 1864an, Lekeition. Bere gurasoak Eusebio Azkue eta Mari Carmen Aberasturi izan ziren. Carmen Eusebioren bigarren emaztea zen. Lehenago beste andre batekin ezkonduta egon zen, Laureana Ozerinekin, eta harekin bost seme alaba eduki zituen. Eusebiok Bilboko Frantziskotarren komentuan egin zituen ikasketak. Ondoren Mundakan egon zen nautika eskolako irakasle, eta bertan bizi zen Laureana eta seme alabekin. Eusebio poeta zenez, seme alabei izenak ipintzerakoan natura izenak jarri zizkien: Diana, Aurora, Sol... Azkue, beraz, giropoetiko batean jaio eta hazi zen. Laureana lehen emaztea hil zitzaionean, Eusebio alargunduta Mundakako beste alargun batekin ezkondu zen: Mari Carmen Aberasturirekin. Eusebiok Lekeitioko nautika eskolako katedra atera zuen, eta bera jaiotzez lekeitiarra zenez, azkenean lortu zuen jaioterrira itzultzea. Eusebioren aita Zamudiokoa zen, beraz, Azkue deitura hori hortik dator. Lekeition Azkue bera eta beste sei zazpi ume jaio ziren eta haietatik bat ere ez zen ezkondu. Hori dela eta Lekeitioko Azkue deitura hori desagertu egin zen. Azkue Lekeition jaio zen, lehen ikasketak ere bertan egin zituen, aita irakasle zen nautika eskolan hain zuzen, baina gero Bilbora joan zen batxilergora egitera. Eta kasualitatez garai hartan Unamuno eta Telesforo Aranzadi bizi ziren etxe bera egokitu zitzaion. Unamuno eta Aranzadi lehengusuak ziren. Azkue Unamunorekin ez zen ondo konpondu, Aranzadirekin bai. Dena dela, Bilboko egonaldiak berak ez omen zuen Azkuerengan esanahi berezirik izan. Dirudienez, Bilboko ikasketak Azkuerengan ez zuten eragin handirik izan. Behintzat, ez zien arreta berezirik jarri ez baitzuen nota onik atera. Oraindik ez zen kulturarako Azkue jaio. Baina familiarengandik, aitarengandik bereziki, bazetorkion literaturarako kutsu hori eta euskararako grina, eta baita ere musikarako zaletasuna Lekeition hango organistarekin ikasten ibili baitzen. Alfonso anaia bera kantari ona zen, ahots ederrekoa, eta Eusebio aitak ere Lekeitioko koroan kantatzen zuen. Beraz, musika eta euskara inguruan bizi izan zen Lekeition egon zen bitartean. Bilboko ikasketak egin ondoren, Gasteizko seminariora joan zen eta bertan filosofia ikasi zuen. Hortik Salamancara pasa zen teologia egitera. Salamancan hasi zen Azkue bere musika lanak konposatzen. Ez zituen gauza askorik egin artean ikasten zebilelako. Baina 1884. urte inguruan Lekeition udako oporretan zegoenean amaren eraginez edo euskal herri kulturarekin arduratzen hasi zen. Hain zuzen, urte haietan sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak EuskalKatedra. Bai. 1888an izan zen hori, justu Azkue meza emateko prest zegoenean. Salamancan zegoelarik Bilbon Foru Aldundiaren eraginez Euskal Katedra Institutuan sortu zuten. Katedrarena Azkueri mundu publikora agertzeko balio izan zitzaion. Arreba batek idatzi zion Salamancara katedraren berri emanez, eta aurkeztera animatuz. Azkuerekin batera katedra horretara, besteak beste, Unamuno eta Sabino Arana aurkeztu ziren. Sabino Arana artean ez zen euskalduna, ez zekien euskaraz eta ez zuen ezer aurkeztu eskaria baizik. Unamunok abantaila bat zeukan, ordurako Madrilen Filosofia eta Letretako doktoregotza egina zeukan. Unamuno oso gizon azkar eta baliotsua izan zen, baina berak ere eskaria bakarrik aurkeztu zuen katedrara. Azkuek, ostera, euskarazko gramatikarako apuntetxo batzuk, euskarazko ipuin bat, eta euskara ikasteko metodo bat aukeztu zituen. Epaimahaikoen artean, batzuek Unamuno doktore izatea baloratu zuten. Azkuek ez zeukan titulurik, oraindik ez zeukan abadetza ere amaituta, katedrarako lehiaketa martxoa aldera izan baitzen eta Azkuek irailaren 29an eman zuen lehen meza. Baina bere aldekoek, ordea, begi onez ikusten zuten Azkue jatorrizko euskalduna izatea eta lanak aurkeztu izana. Eta doktore baten aurrean abade batek pisu gutxiago eduki arren, Azkuek irabazi zuen katedra hura. Hurrengo urrian klaseak ematen hasi behar zuenez, uda horretan Azkuek gramatika zehaztuago bat osatu zuen, ikasleentzat irakurgai batzuk bildu zituen, eta hori guztia Aldundian aurkeztu eta urrian euskarazko klaseak ematen hasi zen Bilboko institutuan. Goizeko seietan ematen zituen klaseak, beraz kontuak atera nor joango zen ordu haietan! Dena den, lehenengo urtetik Azkuek 20 25 ikasle izatea lortu zuen. Nagusiak ziren guztiak, eta haietako batzuk gerora famatuak izango ziren: Arriaga, Rochelt.. Bilboko burgesiakoak izan zituen bere inguruan. Hori zela eta Azkue berehala egin zen ezagun Bilbon. Aita karlista peto petoa, hasiera batean Azkuek berak karlista kutsua eduki zuen, baina politikaalde batera utzi zuen. Bere kezka bakarrak euskararen ingurukoak izan ziren. Kezkak aipatu dituzula, katedran hasi eta gutxira argitaratu zuen `Euskal Izkindea', euskaraz idatziriko lehen euskal gramatika. 1891an argitaratu zuen Euskal Izkindea, obra benetan mardula. Hitzaurrean eskerrak ematen zizkion bai Aldundiari gramatika egiteko aukera eman ziolako, bai amari harengandik euskara eta euskal kulturarako maitasuna jaso zuelako, baina gehienbat esaten zuen arazoak izan zituela gramatika osatzeko ez baitzegoen euskaraz gramatika irakasteko hitzik, eta haietako asko asmatu behar izan zituen. Gerora, egindakoaz damutu eta "gaztaroko pekatu bat" izan zela aitortuko zuen. Gramatika hura pedagogikoki euskara ikasteko metodo ona ez zela onartuko zuen, hitz berri asko ulertezinak zirelako eta hasiera batean hitz berrien alde agertu zen arren (teknikarako beharrezkoak zirelako eta Sabino Arana ere horretan ari zen beste bide batetik), hori ez zela jendeak ulertuko zuen euskara eta maileguak hobetuko zituen. Euskal Izkindea rekin batera, urte berean klasetarako Bein betiko liburua atera zuen irakurgaiekin. Oso kuriosoa izan zen, liburu hura bi euskalkitan idatzi baitzuen: berak uste zuen bizkaiera batuan eta lekeitiarrez. Antoine D'Abbadieri zuzendurik zegoen obra hura. Euskara baturako Azkuek proposatu zuen lehen elementua zen ortografia. Hau da, euskara batua egiteko ortografiatik hasi beharra zegoen. Hain zuzen, Arana bere aldetik ortografia eredu bat lantzen ari zen eta urte berean harena eta Azkuerena atera ziren. Bien artean istilu handiak egon ziren hura zela eta, baina azkenean Aranak proposatzen zuena onartu zen. Euskaltzaindia sortu zenean ere lehenengo argitalpenetan Aranaren ortografia erabili zen. Azkuek amore eman zuen, nahiz eta Aranak proposaturiko zenbait gauza gerora aldatuko ziren. Ortografia izan zen Azkueren eta Aranaren arteko gatazkaren muina. Hendaian eta Hondarribin antolatu ziren bileretan tentsio handia egon zen bien artean. Ortografia batua adostekoasmoz, Iparraldekoak eta Hegoaldekoak bildu ziren Hendaian. Batzar hartara Sabinok bere aldeko guztiak eraman zituen, eta Azkue izugarri haserretu zen. Halako inposiziorik ez zuela onartzen zioen, leialki eztabaidatzera joan zirela hara eta modu horretan soilik onartuko zuela bertan erabakitakoa. Bilera hark, beraz, ez zuen ezertarako balio izan. Hondarribian bilduko ziren gerora, baina biltzar hartatik ere ez zen ezer atera. Sabinorekin haserreak linguistikoak bakarrik izan ziren. Bestela, bien artean nahiko ondo konpontzen ziren. 1914 inguruan Azkuek gutun batean dio "soy nacionalista gracias a Sabino". Onartzen ez zuena zera zen: Euskadi hitza, ez "s"z ezta "z" z ere. 1918an Bilbon musikari buruz eman zuen hitzaldi batean oinarrituz egindako argitalpen batean, "mi patria no es Euzkadi, mi patria es Euskal Herria" zioen Azkuek. Berak Sabinok baino zabalago ikusten zuen Euskal Herriaren batasuna. Sabinok "Bizkaia por su independencia" eta halakoak erabili ohi zituen, eta bere Euzkadi Bizkaia zela ematen zuen nahiz eta gero horrela pentsatu ez. Abertzalea, euskaldun petoa eta Euskal Herria osoa nahi zuen bateratu Azkuek, eta "Zazpiak bat" beharrean Euskal Herria izena erabiltzen hasi zen. Urte haietan Azkuek gauza izugarriak egin zituen. Haietako bat Euskal Hiztegia hiru hizkuntzatan. Arana hil ondoren, Gabriel Maria Urkixok (Julioren anaia eta Bizkaiko Aldundiko presidentea) Euskaltzaindia sortzeko asmoa agertu zuen. 1905ean egin zuen proiektu bat, baina Gipuzkoako Aldundiak onartu bazuen ere Arabakoak ez. Iruñean Arturo Campion proiektuaren alde zegoen, baina han ere horretan geratu zen. Kontua da garai horretan Azkue Aldundiaren baimenarekin katedratik eszedentzia eskatu eta herririk herri ibili zela. Bere ordez Ebaristo Bustinza "Kirikiño" jarri zuten katedran. Lehenengo hiru urteetan gizonezkoak bakarrik ziren katedrara aurkezten zirenak, baina hara non 1896 inguruan andreak ere agertzen hasi ziren. Azkuek ez zuen emakumeekin ezer jakin nahi. Ez zituen bere klaseetanonartzen, matxista hutsa zen horretan, eta erabaki salomoniko bat hartu zuen: berak gizonak hartuko zituen eta Kirikiñok andreak. Baina eszedentzia eskatu zuenean, Kirikiñok ikasleak bildu egin zituen eta guztiei eman zizkien euskarazko klaseak. Baina goazen harira. Esan bezala, Azkue Euskal Herri osoan herriz herri kantuak, hitzak, ipuinak, denetarik biltzen hasi zen. Gainera, Bizkaiko Diputazioari hiztegia ateratzeko laguntza eskatu zion. 1905 1906an argitaratu zuen Toursen Euskal Hiztegia hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Orain arte egin den hiztegirik ederrena izan da, hiztegi historikoa. Altxor izugarria da, Euskal Herri osoko hitzak biltzen ditu. Pertsona baten bizi osoa betetzeko lana da. Azkueren hiztegia gauza garrantzitsua izan da euskararen historian. Hiztegia argitaratu ondoren, Azkue musikan buru belarri sartu zen, ezta? Kantutxo batzuk argitaratu zituen: eliz kantak, herri kantak... 1901ean hitzaldi bat eskaini zuen euskal musikari buruzkoa eta adibideak eman zituen. Kantuak biltzen zebilela hara non Bizkaiko Aldundiak 1912an lehiaketa bat atera zuen euskal kantutegi bat saritzeko. Hiru pertsona bakarrik aurkeztu ziren. Batek izen gabe kantu bakarra aurkeztu zuen eta, noski, kanpoan geratu zen. Beste biak Azkue eta Aita Donostia izan ziren. Aita Donostia Azkue baino 22 urte gazteagoa zen, eta Lekarozen zegoen fraide kaputxino. Azkuek 2.000 kantu inguru aurkeztu zituen, eta Aita Donostiak 400. Musikariek diote Aita Donostiak gutxiago aurkeztu arren, kantu haiek Azkuerenak baino euskal kutsu handiagoa zeukatela. Izan ere, Azkuek dena bildu zuen inolako aukeraketarik egin gabe. Dena den, Azkuek eraman zuen lehen saria eta Aita Donostiak bigarrena. Azken horren kantutegia 1920an argitaratu zen. Azkuek, berriz, bildutakoa laburtu eta 2000 beharrean diputazioaren kontura 1.001 kantu argitaratu zituen. Kantutegi zoragarria da, eta 1922tik 1925era argitaratu zen. Kantuen artean Mari Carmen Aberasturi amarengandik jasotako kantu pila batdaude. Kantu haiek biltzeko Azkue zahar etxeetara joaten zen, eta garai haietan grabatzekorik ez zegoenez unean bertan idazten zituen. Tartean Azkue Frantziara joan zen. Toursen Euskal Hiztegiaren probak zuzentzen ari zelarik, Parisera osteratxoak egiten zituen. Parisen beste bi musikari handiekin egon zen: Jesus Guridi eta Jose Maria Usandizaga. Hirurak bildu ziren pentsio berean, eta Guridi eta Usandizaga pixka bat haserre zebiltzan. Ordurako Azkue abade adintsua zen, eta beste biak gazteagoak izanik kontrolatzen zituela uste zuten. Dena den, Azkuek ez zuen denbora askorik egiten han, probak zirela eta Toursen igarotzen baitzituen egun gehienak. Usandizaga 1905ean itzuli zen Donostiara eta Azkue eta Guridi Bruselara joan ziren musika ikasten. Azkuek bazuen Parisera joateko arrazoirik: 1896an musika kongresu bat egon zen Bilbon, eta bertan egon ziren Paristik eta Alemaniatik etorritako hainbat musikari handi. Azkue haiekin harremanetan egon zen, batik bat Charles Bordesekin. 1897an Donibaneko euskal tradizioaren jaiak egin ziren, eta bertan Bordesekin zuen adiskidantza sendotu zuen Azkuek. Charles Bordes frantsesa zen, baina hango gobernuak Euskal Herrira bidali zuen euskal kantuak biltzera. Bordes Parisko Schola Cantorumeko irakaslea zen. Bertan gregorianozko hainbat gauza argitaratzen zituzten, eta haren aholkuz joan zen Azkue Schola Cantorumera joan zen. Handik Bruselara joan zen ikastera, eta ondoren Koloniarantz abiatu zen Guridirekin batera. Alemanian 1909a arte egon zen Azkue. Han Daniel oratoria konposatu zuen, Lamindano gerora Andre Urraka izango zen sinfonia kantatua landu zuen, eta beste gauza asko egin zituen Kolonian. Bilbora itzuli zenean Katedrarekin arduratu zen berriro, musika biltzen jarraitu zuen, etnologia ere lantzen hasi zen... Ahal zuen guztia egiten zuen Euskal Herri osotik. Guridik eta Usandizagak 1910ean estreinatu zituzten Bilbon bi euskal opera: Guridik Mirentxu eta Usandizagak Mendi Mendiyan. Azkuek hura ikusi zuenean zurtz eginda geratuzen. Musikari biek esan ohi zuten ez zituztela herri doinuak erabiltzen nahiz eta haietan oinarritzen ziren. Azkuek, aldiz, bete betean euskal doinuak hartu eta Anboto opera idatzi zuen. 1911an estreinatu zuen lehen zatia eta jende dezente joan zen. Kritikoek, ordea, wagnerianoegia zela zioten. Eta egia zen, Azkuek izugarri miresten baitzuen Alemaniako konpositorea. Arriaga antzokian Wagnerren opera bi ikusteko aukera izan zuen Azkuek, eta Kolonian zegoelarik Wagnerren operak eman zituzten tokietara joan zen. Wagner maite zuen Azkuek, eta haren estilora egin zuen hurrengo opera: Urlo. Baina aurrekoa ez bezala, opera hori desastre bat izan zen. Azkuek 25.000 pezeta galdu zituen orduko diruan, eta horren desengainuz edo jesuita sartzekotan egon zen. 20 urte lehenago tentaldi bera eduki zuen Azkuek, baina ezin izan zuen desira hura bete ama bere kontura baitzeukan. Lehenago Alfonso anaiak eduki zuen ama, baina Alfonso hil eta Azkuek bere gain hartu zuen amaren ardura. Baina ama Urlo estreinatu zuen urte berean hil zitzaion, eta berriro jesuita joateko gogoa etorri zitzaion. Loiolarako bidean jarri zen bere adiskide min Txomin Agirrerekin, baina Txominek zera esan zion: lehenengo zorrak ordaindu eta jarraitu euskararekin. Beraz, buelta eman, Bilbora itzuli eta adiskide aberatsak zituenez operaren zorrak kitatzea lortu zuen. Eta orduantxe hasi zen Euskaltzaindia sortzearen alde lan egiten. Gabriel Maria Urkixoren proiektua pikutara joan zen arren, baina Azkuek lanean jarraitu zuen. 1918an Bizkaiko Aldundiak Euskaltzaindia sortzeko proposamen berria egin zuen. Oñatin 1918an egin zen Eusko Ikaskuntzako lehen biltzarrean Txomin Agirre zen linguistikako buru eta hiru aldundien babesarekin Euskaltzaindia sortu zen. Bertan lehen lau euskaltzainak izendatu zituzten: bi bizkaitar, Azkue eta Julio Urkixo; nafar bat, Arturo Campion; eta gipuzkoar bat, Luis Eleizalde. Hurrengo urtean, hamabi izan behar zirela eta beste zortziak izendatu zituzten: Agirre, Brussaint, Adema, Etxegarai,Agerre, Eguzkiza, Olabide eta Landhe. Baina Txomin Agirre hil zen 1920an eta haren ordez Sebero Altube izendatu zuten. Brussaint ere hil zen eta haren lekuan Lakonbe jarri zuten. Agerrerekin gauza xelebre bat gertatu zen. Agerre nafarra zen, eta Iruñea utzi eta Sevillara joan zen. Azkuek esan zion: "el que fue a Sevilla perdió su silla". Haren tokia beste nafar batek, Intzak, bete zuen. Musika alde batera utzita, Azkuek Euskaltzaindira zuzendu zuen bere lana. Hain zuzen, Akademiako presidente izendatu zuten eta hil arte izan zen euskaltzainburu. Euskaltzaindiaren barruan izugarrizkoa bultzatzen hasi zen Azkue. Bere agindupean zeuden guztiak jarri zituen lanean. Oraindik amaitzeko zegoen ortografia arautegiari ekin zion berriz, euskara batuaren bideak zabaltzen hasi zen, kongresuak antolatzen, Euskaltzaindiko ohorezkoak izendatzen, urgazleak ere izendatzen... Hor hasi zen Euskaltzaindia inoiz pentsatu ez zen moduan mugitzen. Euskaltzainburu izendatu arren, Azkuek ez zion bidaiatzeari utzi. Gainera, urte haietan Bonaparteren lana biltzen hasi zen. Bai, urte haietan Azkue Alemaniatik eta Ingalaterratik mugitzen hasi zen. Toursen zegoelarik jakin zuen Chicagoko liburutegi batek Luis Bonaparteren biblioteka erosi zuela. Eskuizkribuak, baina, Londresen geratu ziren eta Azkuek alargunak dokumentuak saldu nahi zituela jakin zuenean, hara joan, ikusi, zerrenda bat egin eta Gipuzkoako Aldundira bidali zuen. Egin zuenagatik Bizkaiko Aldundia haserretu egin zen, hiztegia kaleratzeko haiengana jo zuelako baina Bonaparteren lanetara haien laguntza eskatu ez zuelako. Beraz, hiru Aldundiak (Nafarroa barne) ados jarri ziren eskuizkribuak erosteko eta Azkuek Euskal Herrira ekarri zituen. Bonaparteren lanak euskalki guztiak biltzen zituenez, Karmelo Etxegarai Azkueren lagun minak, Arturo Campionek eta hirurek euskalkiak sailkatu eta pilo bakoitza zegokion Aldundiari bidali zioten. Dokumentuen parte handi bat eskuratu bazuen ere, Bonaparteren eskuizkribu batzuk Collins izeneko baten eskuetangeratu ziren. Bonapartek 120 liburu zeuzkan euskaraz argitaraturik. Testu biblikoak ziren gehienak, Bonaparteren aginduz itzulitakoak. Nik hiru Aldundien baimenarekin dokumentu guztiak Bergarako Iragin mikrofilmatu nituen, eta bakoitzari bere orijinala eta denen kopia mikrofilmatua eman nien beste bat Azkue bibliotekara ekarriz. Kantutegia eta Euskal Hiztegia, Azkuek egindako lan handietako bi aipatu dituzu orain arte. Euskaltzandia sortu ostean, baina, beste obra garrantzitsu bi osatu zituen: Euskalerriaren Yakintza eta Morfologia Vasca. Tartean ipuinak, Ardi galdua, euskalkiak ikasteko metodoak argitaratu zituen, baina euskara serioski ikasten hasi zenean (eta, horretarako, Euskal Herri osoan galdeketa batzuk egin zituen lexiko, morfolgia aldetik), Morfologia vasca kaleratu zuen. 1925an izan zen hori. Morfologia vasca gramatika oso bat da, 800 orri inguru ditu. Euskara batua zela eta, Azkuek proposamen bat egin zuen: Gipuzkera osotua. Horren arabera, gipuzkera ardatzatzat harturik gainontzeko euskalkiekin aberastu behar zen. Euskaltzaindiak gerora onartu ez duen proiektua, guk uste dugulako euskalki guztiak parean hartu behar direla. Bestalde, Azkuek 70 urte zituelarik bizian zehar bildu zituen datu guztiekin Euskalerriaren Yakintza atera zuen lau tomotan. Hura izan zen Azkueren azken lana. Bera bizi zelarik atera zen edizioa, 1935 1947 urte bitartean, eta ordutik beste bi argitalpen egin dira. Euskalerriaren Yakintza altxor izugarria da. Bertan Azkuek etnologiazko hainbat gauza bildu zituen: atsotitzak, ipuinak, metereologiako kontuak... Herri jakintza bildu zuren hor. Azkueren lanak lau zutabe izan zituen: hiztegia, kantutegia, gramatika morfologia, eta Euskalerriaren Yakintza. Ez da inoiz egon Euskal Herrian, eta, nik uste, ezta egongo ere Azkuek beste lan egingo duena euskararen eta euskal kulturaren alde. 1951an hil zen Azkue, gertaera bitxi baten ondorioz. Gauza xelebrea izan zen hori. Azkue goizean goiz joaten zen etxetik lanera, San Nikolasetik Erriberara,garai hartan bertan kokaturik baitzegoen Euskaltzaindiko egoitza. Ordu batak arte egon ohi zen Erriberako bulegoan, gero etxera joaten zen bazkaltzera (laguntzaile bat zuen horretarako) eta hirurak aldera bueltatzen zen lanera. Campo Volantinen bizi zen Azkue, eta etxean ez zeukan ez irratirik ez ezer nahita, zarata gehiegi egiten zuela eta berak kontzentraturik egon nahi zuelako. Neguan arratsaldeko 8:30ak arte egoten zen Erriberan. Istripua gertatu zen gau hartan (urriaren 26an izan zen hori), ohi bezala erreka ertzetik etxerantz abiatu zen Azkue. 87 urte zituen ordurako Azkuek eta adin horrekin seguru asko ez zuela ikusmena behar bezala izango; kontua zera da: gaur hartan laprast egin eta errekara erori zen Azkue. Une hartan handik gertu zegoen gizon batek Azkue errekara erortzen ikusi eta errekara salto egin zuen hura salbatzeko. Gerora nik gizon harekin hitz egiteko aukera izan nuen, erdalduna zen bera, eta errekara erori zenean Azkue "hizkuntza arraro batean hitz egiten edo otoitz egiten zegoela" kontatu zidan. Noski, berak ez zekien euskaraz ari zenik. Baina xelebreena zera izan zen: gizon hura Azkuerengana hurbildu zenean honek "utz nazazu bakean, badakit igeri egiten Lekeitiokoa bainaiz" erantzun zion. Ausardia eduki behar da halako erantzuna emateko! Azkue bere oinez atera zen errekatik, baina zoritxarrez urloiak edan zituen, ospitalean ez zioten sabel garbiketarik egin eta infekzioaren ondorioz hil zen azaroaren 9an. Hil zen momentuan Azkuek Federiko Krutwig (Azkueren lagun mina, Gerra ostean Euskaltzaindia martxan jartzen lagundu zion) eta ikasle bi (haietako bat Jorge Villa zen, eta bestea Santiago katedralean organo jole zebilena) zituen ondoan. Azkuek bere idazkari pertsonala Gregorio Maidagan eta Jorge Villa izendatu zituen bere oinordeko. Villaren esku musika paper guztiak utzi zituen, eta hark bere etxera eraman zituen lan haiek. Derion lurperatu zuten Azkue, baina handik urte batzuetara bere hezurrak hartu eta Lekeitiora eraman zituzten. Gaur egunbertan jarraitzen dute, Andra Mari elizan. Azkue hil zenetik 50 urte bete direnean Euskaltzaindiak, Lekeitioko udalak eta Eusko Ikaskuntzak omenaldi bat egingo diote. Halako ekitaldiak beharrezkoak dira belaunaldi gazteek haren obraren berri izan dezaten? Beharrezkoak dira, baina ez edozein omenaldi. Hemen larregi egiten dira, eta bigarren mailakoak dira askotan. Ondo dago gure kulturan giltzarri izan diren pertsonak gogora ekartzea, geure esker ona adieraztea eta bide batez jende gazteari haien berri ematea. Baina ezin gaitezke "omenalditis" ean erori, eta hori askotan gertatzen da hemen. Badirudi edozeini egin ahal zaiola omenaldi bat, eta hori ez da kontua. Bestalde, gaur egungo gazteriak ez daki ezer. Jende askok ez du gure kultura ezagutzen, eta okerrena zera da: pertsona ikasiek ez dakitela jende arruntak baino askoz gehiago. Alde horretatik, beraz, omenaldiek ezagutza zabaldu dezaketen neurrian beharrezkoak dira, baina selektiboa izaten jakin beharra dago. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 143.zbk (2001/11/9 16) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Patxi Goenaga: "Euskara batua gaizki erabiliz gero, zurruna, kaxkarra eta gogorra da"

 

Irakurri

José Luis de la Granja: "Irujo Estatutuaren aldekoa zen. Ez zuen helburutzat, baina garbi zeukan funtsezkoa zela Euskadirako"

 

Irakurri

Mikel Olaciregui: "Enpresa Zientziak ikasi nituen, ez zitzaidan inoiz burutik pasa Zinemaldian lan egitea, are gutxiago bertako zuzendari izatea"

 

Irakurri

Joxerramon Bengoetxea: "Gaur egun, Europa sortzea ezinezkoa izango litzateke"

 

Irakurri

Jose Maria Satrustegi: "Bakegintzan gerra erabiltzeak espirala haunditu besterik ez du egiten"

 

Irakurri