Jose Miguel Larrañaga. Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria: Galtzen bazara, erreka bilatu eta ura jarraitu, iritsiko zara-eta

2005-10-14

SALABERRIA, Urkiri

Aldapa ederra igota Zorroagan geratu gara, Aranzadiren egoitzan Donostian. Duela aste gutxi, Donostiako Urrezko Domina jaso zuen Larrañagak Aranzadi erakundearen izenean. Berak dio momentu horretan Aranzadiko “guztiak” zirela bere pentsamenduan, “oso une polita” baina gogorarazten digu ez zela bera izan jaso zuena baizik eta “Aranzadi osoa”. Solasaldi atsegin batean, D. Jose Miguel Larrañaga, Aranzadiko presidentea, bere karguaren atzean dagoen pertsona ezagutzera etorri gara. Ia duela 80 urte jaio zen Sukarrietan, Bizkaian, baina oso argi uzten du Usurbilera “berehala” etorri zela. “Ni Usurbildarra naiz, hori jarri modu argi batean...”. Euskaraz edo erdaraz nahiago duen galdetzen diogunean “euskaraz erosoagoa, baina... nik herrikoia hitzeitten det, Usurbilgoa”. Bere haurtzaroaz, gazte garaiaz eta gaur egungo egoerara iristeko ibilbideaz mintzatu gara.

Nolakoa zen “Jose Miguel” duela...

Uf! Ia laurogei urte ditut. Imajinatu zenbat aldatu naizen

Txikitako oroimenak, etxea…

Gu zortzi anai-arrebak etxean. Ni hirugarrena. Egunero, guztiok betetzen genituen gure eginbeharrak baserrian eta ni ere ikastera nihoan. Gero mendira, betidanik joan izan naiz mendira, oso gustukoa izan dut txikitatik.

Ikastera nora, norekin?

Ba, Usurbilgo lagunen artean ni nintzen ikasketak egindako bakarra. Usurbiletik beste baten batek Lekarotzera joan zen. Baina egunero trena hartu eta joandaetorrian ibili nintzen Peñaflorida Institutura. Baginen Oriokoak, Zarauzkoak, Debakoak... batzuk merkatal eskolara, beste batzuk “artes y oficios”...egunero, trenean bertan, oso talde polita biltzen ginen... 1938 eta 1945 tarte hura...

Neska eta mutilak joaten ziren ikastera?

Noski! Guk izan genuen batxilergoan, laugarren kurtsoan, talde mixtoa, 1942 urtean, pentsa. Oso aurreratuak ginen!

Eta gerra garaiak, nola bizi zenituen umea izanda?

Orduan, badakizu, guk ez genekien asko. Malaga hartzen zutela, guretzat festa... orduan ba... jaia. Txikitan, hamar, haimaika urterekin ez dakizu ia ezer...

Behin bukatuta batxilergoa?

1945ean Zaragozara karrera teknikoa ikastera. Ingenieritza.

Ingeniaria?

Bai. Berez nere ogibidea Ingenieritzan datza. Lantokia Usurbilen dut. Nik sortutako Plastiko-fabrika. Hasieran Lasarten, gero Usurbilera eta han jarraitzen dugu. Oraindik lanean nabil. Izan ere, behi bat baduzu, egunero jana eman, garbitu eta zaindu egin behar da...

Orduan, arkeologia eta Aranzadin eskeinitako denbora guztia?

Nere afizioa. Solasa bezala...

Nondik ateratzen da denbora?

Sendiari kenduta. Ezkonduta eta lau seme-alaba ditut eta egia da, beraien denboratik hartu dudala hemengo lana egin ahal izateko...

Arkeologia eta naturarekin lotura...

Betidanik mendira joan izan naiz, baina beti begiratzen, begiratzen... bai harri koskorrei, bai landareei, bai zuhaitzei...eta beti galdezka “hau ze ote da?”

Zer da beti eraman behar dena mendira?

Hamaiketakoa... Baina benetakoa, txoixuakin egindako otartekoa...!. (barreak). Beno, hori, zerbait jateko eta argazki makina. Jakinmina, pazientzia, eta gero, noski, etxean aztertu...

Aranzadin hainbat urtetan Mikologia presidentea izan zinen...

Hasieratik harremanak izan nituen Aranzadikoekin, batez ere Donostiara bizitzera etorri nintzenean.

40ko hamarkadan Igaratzan, Aralarko aterpe batean, lagun talde bat bildu zen eta erabaki zuten natura eta ondarea ikertzeko eta defendatzeko erakunde bat behar zela. Aranzadi sortu eta gero hasi ziren atalak zabaltzen. Ni hasi nintzen perretxikuen sailan, presidente bezala... 1946an gutxi gorabehera. Eta astelehenero, Mikologiakoak, juntatzen ginen, ohitura hori hartu eta gaur egun mantentzen da.

Hasieratik egonda, aukera ederra izango zenuen jendea ezagutzeko: Barandiaran, Altuna...

Barandiaran gutxi ezagutu nuen, gutxi zetorrelako. Altunarekin, bai, noski baina, harreman estu, estuena, Jesus Elosegirekin izan nuen... Hori izan zen benetako arima...

Oraingo karguan, 1999tik zaudela, hamaika atal dituen erakunde bat gobernatzen zaitugu...

Presidentea izan baino lehen, Altxorzaina eta Idazkari Nagusia izan nintzen, garai haietan bai sartzen nituela orduak. Egunero egunero, lanetik atera eta hona etorri. Zuk “gobernatu” diozu, baina egiten dudana laguntzea da. Onartu, bideratu, irtenbide eman eskaerak egiten direla, kudeaketa orokorrean, oraintxe bertan Auditoria bat egiteko sinatu dut. Atal bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu. Oso autonomoak dira Aranzadin barnean. Oraingo postuan lasaiago nabil, behar denean etortzen naiz bakarrik.

Aranzadin, lantzen dena batez ere ikerketa da. Nondik sortzen da ikertzeko grina?

Ez dakit ba!. Kuriosidadearekin jaiotzen da, ikusi eta hemengo natura daukagu... eta zergatik dago alde hau, eta zergatik beste aldea?. Zergatik gorostiak dauzka arantzak beheko ostoetan eta goikoetan ez? Nola daki zuhaitz batek? Guk batez ere, “trabajo de campo” esaten dena egiten dugu eta gero, jasotzen ditugun informazioak landu eta zabaldu.

Ikerlari ona izateko...

Asmoa eta gogoa edukitzea ez da nahikoa, buru-belarri ere sartu behar da.

Zure bizitzan gertatutako gauzarik politena ikerketa munduan?

Adimendiko kromlech-a topatzea. Nafarroan, joan eta konturatu nintzen zerbait bazegoela. Etxean ez nuen ezer ikusten liburuetan eta azkenean, adituekin joan eta baieztatu… Kromlech bat bilatu nuen! Eta nere izenarekin erregistratu.

Eta desatseginenak?

Ezer ez... Beno, mendian galtzea... baina, badakizu: mendian galtzen bazara, erreka bilatu eta ura jarraitu, iritsiko zara-eta. Hemen behintzat, Euskal Herrian errekak baditugu, eta guztiak beheraka joaten dira, agian ez doa zuk espero zenuen bailarara baina zibilizaziora iritsiko zara... ura beti beheraka joango da...

Gaur egungo ikerlariak...

Prestakuntza hobeagoa daukate. Gehienek karrera dute. Guk harreman estuak ditugu Unibertsitatearekin, badaukate kreditoak hemen egitea. Edozein pertsona, grina izanda, badauka etortzea, aurkeztea bere proiektua eta Aranzandin garatu bere ikerketa... Normalean, lagunen artean zabaltzen dute “sarea”.

Aranzadin, kontratuak egiten dira edo dena boluntarioak dira...

Bai, bai... Badaude administrazioan lan egiten dutenek, euren kontratoarekin eta baita ikerlariak ere, sail ezberdinetan, Aranzadi Institutoak kontratatuak, eta noski, amateurrak ere bai.

Duela aste gutxi, Donostiako Urrezko domina jasotzerakoan... Zein zeneukan bihotzean?

Guzti, guztiak. Egondu zirenak, daudenak, eta batez ere lanera etortzen direnak. Ez zidaten niri eman. Eta egon dira ni baino “inportanteagoak” izan diren presidenteak... baina hala tokatu zait!

Patua, halakoa da! Bukatzeko, zerbait komentatu nahiko zenioke gure irakurleei? Ba beitu, gazteei, naturarekiko afizioa dutenei, guregana etortzeko, kide egiteko... oso gutxi ordaindu egin behar da-eta hemengo kidetza lortzeko. Gainera, Aranzadin argitaratzen diren liburuak ematen zaizkie. Baina inportanteena zera da, oso giro ona aurkituko dutela.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordea: Irakasleek ikasten ikasteko, ikasitakoa desikasteko, eta aurrera egiten ikasteko aukera ematen duten agertoki didaktikoak bultzatu behar dituzte

 

Irakurri

Jon Marcaide Osoro. Astrofisikaria: Politika zientifikoan adore politiko gutxi egon da beti

 

Irakurri

Fernando Hualde. Etnografoa: Euskara despolitizatu egin behar da, eta Nafarroako ondarearen oinarrizko pieza bat dela ikusarazi

 

Irakurri

Asier Altuna eta Telmo Esnal. Zinemagileak: Euskaraz lan egitea naturala da guretzat

 

Irakurri

Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo “Gari”. Musikagilea eta Hertzainak taldearen abeslari ohia: Dena galtzear egon naiz

 

Irakurri