Joxerra Gartzia. Komunikazioan aditua: Askoren kezka nagusia ergatiboa zuzen erabiltzea da, baina ergatibo guztiak bere tokian jarrita inor hunkitzeko gaitasunik ez daukan diskurtsoa alperrikakoa da

2005-10-21

BREA, Unai

Joxerra Gartzia Donostian bizi da, baina astean hirutan egiten du A-8an zeharreko joan-etorri bihurgunetsua, EHUko Leioako campusean eskolak emateko. Ondo ezaguna da Gartziak bertsolaritzarekin aspaldidanik daukan harremana, eta hortik abiarazi dugu elkarrizketa. Legazpiarraren eltzean saltsa bat baino gehiago egon ohi da ordea, eta ezin aipatzeke utzi Kike Amonarriz eta Andoni Egañarekin batera ondutako Euskararen Kalitatearen Txostena. Horrek ere eman digu zer esan ugari eta, azkenerako, elkarrizketa honen gai biak bakarrean laburbildu daitezkeela konturatu gara: komunikazio-gaitasuna, edo beharbada, ezkorrak izate aldera, komunikazio-gaitasunaren krisia.

Gauza jakina da harreman estua daukazula bertsolaritzarekin, baina ez dakit zeu ere bertsolari ibili ote zaren…

Bertsotan bai, baina bertsolari ez. Lagunekin hasi nintzen, lehiaketak antolatzen genituen gure artean, afariak…

Eta nolakoa zinen, atrebentzia ez bada?

Afalostean, eta afalosteetan izaten den pertzepzioekin, oso ona (barre). Kontua da nik sekula ez dudala gozatu bertsoaz orduan adina. Gogoan izan behar da 76-77ko kontuak direla hauek. Orduan oso saio gutxi egiten zen, eta gu ia denetara joaten ginen; bertso saioa non, han inguruan egiten genuen plana. Baina oraingo aldean oso gutxi izaten ziren. Gero, Euskadi Irratian hasi nintzen, eta momentu hartan Herri Irratiak zeukan bertsotan erreferentzialtasuna. Euskadi Irratiko zuzendariak bazekien bertsozalea nintzela, eta zeozer egiteko eskatu zidan bertso tratamenduaren erreferentzialtasuna Herri Irratitik Euskadi Irratira pasatzeko. Lehenengo urtean lehiaketa moduko bat egin genuen entzuleen artean, eta hurrengoan -uste dut orduan lortu genuela eskatutakoa-, herri arteko txapelketa antolatu genuen. 30 taldek eman zuten izena, eta sekulakoa izan zen. Hori 84-85ean izan zen. Orduantxe sortu zen Bertsozale Elkartea, eta ni ere han nenbilen. Hori antolatzean harreman handia izan nuen bertsolariekin, eta orduan hasi ginen esaten lotsagarria zela ETBn bertso programarik ez egotea.

Horixe galdetu behar nizun: nola sortu zen Hitzetik Hortzera?

Hara, batzuoi iruditu egiten zitzaigun ETB proiektua erdal telebisten oso mimetikoa zela. “Ez da posible hemen bertsolaritza bezalako fenomeno bat egon eta ETBn programarik ez egotea”, pentsatzen genuen. Hainbat urtetan egon ginen horrekin temati, eta uste dut batez ere isildu gintezen eman zigutela saioa. “Egin ezazue”, esan ziguten. Jende askok esaten du ETBk apustu egin zuela. Tira. Guri asko kostatu zitzaigun ETBk hori telebistarako edukia izan zitekeenik ere pentsatzea. Ni jarri ninduten, irratitik hara pasatuz, eta neu nintzen lan-talde osoa. Ez neukan ez bulegorik, ez platorik, ez ezer. Hala ere, funtzionatu egin zuen, ez nire merituz, baizik eta ikusi egin zelako ikusentzunezko espektakulua zela bertsolaritza. Eta baldintza negargarri horietan funtzionatu zuenez, hurrengo urtean programa astean behinekoa izatera pasatu zen –hasiera batean hilabetean behin zen-, lan-talde batekin… Baina izan zitekeen ez funtzionatzea ere, eta orduan errua neurea izango zen. Esan nahi dut euskarri mimetikoetan, Sorginen Laratzean adibidez, sekulako taldea jartzen dela hasieratik, baina bertsoen kasua ez da hori.

Garai hartan, hala ere, ETB bera, telebista osoa, ez zen askoz hobea izango…

Bai, baina beharbada orduan egin ziren ahaleginik handienak. Hasier Etxeberriak egiten zuen Fahrenheit programa bezalakorik ez da egon urteetan, orain badaukagun arren. Egia da ETB hobetu dela, baina esan nahi dudana da oso espainolak garela, superabertzaleak garenean ere. Superabertzaleak gara, baina gero ETB-1eko nagusiei bost urtean ez zaie bururatzen bertsoari programa eskaintzea. Zergatik? Espainian ez dagoelako bertso programarik. Ni ondorio horretara iritsi naiz. Eta gero konturatu dira bertsolaritzak programa duina, euskara hutsezkoa, gustagarria eta merkea egiteko ematen duela. Baina arrisku latza izan genuen ni bakarrik egonda.

Hortxe segitzen du Hitzetik Hortzerak orain; zaila da edukiak ez errepikatzea?

Barietaterako oso tarte txikia dauka programa horrek. Eta beti egoten da presio bat, han dagoenak gauzak egin nahi ditu… Baina audientziak eskatzen duena bertso onak dira. Horrekin kristoren borrokak izan nituen hasieran; batzutan ez zegoen argirik, soinua oso txarra zen… Eta errealizadoreak esaten zuen: “hau ezin da eman”. Eta nik esaten nuen: “hauek bertso onak dira, eta eman egingo dira. Eta badakit telebistako estandarren kontrakoa dela, baina nik ez dut nahi kristoren argiztapena eta bertso txarrak, e?”. Uste dut garbi eduki behar dela zer jendek estimatzen duen programa hori: bertsozaleak. Ilunpean grabatutako eta ahots kaxkarrez kantatutako bertsoak ematen badizkiezu, hau da, irizpide teknikoekin -ni ere egongo nintzateke ados horretan- eman ezinezko gauza, baina bertso onak baldin badira, hori eta gehiago irensten dute. Eta horren inguruan, gero, bertso saio kantatuak, erreportajeak, ahalegin pedagogiko batzuk,… egin daitezke, baina hori denok egin dugu, ez baitu hainbeste ematen. Beraz, egun batean, geure burua nabarmentzearren ahazten bazaigu programa horrek antologia parte hori duela berezkoa, eta horregatik gustatzen zaiola jendeari, orduan oso saio aproposa egingo dugu telebistarako, Ameriketan ere erakusteko modukoa, baina audientziak ez dio jaramonik egingo.

Gaur egungo bertsolaritzan oso maila polita dagoela entzun diogu orain gutxi Andoni Egañari…

Aski da 80ko bertsolari txapelketan zeudenak eta orain daudenak konparatzea. Ez dakit orain zenbat hasiko ziren txapelketan, baina txapelketatik kanpo geratu direnetan asko daude orain dela hogei urte finalean egongo zirenak. Uste dut maila polita dagoela, teknikoki inoiz ez bezalakoa, eta gainera badago lehen ez zegoen gauza bat, edo lehen bazegoena baina gutxiago: estilo diferenteak. Lehen oso trinkoa zen, nire ustez.

Bertsolari txapelketaren finala Bilbon, lehenengo aldiz…

Hori ere ez da bat-bateko erabakia izan. Azkeneko urte hauetan bertsolaritza ulertzeko modu berri bat etorri da, erretorikarekin zer ikusia daukana. Horri esker asmatu dugu ingelesez ere gustagarri izateko moduan liburu bat egiten; Renon esplikatu dugu, Missourin ere bai... Eta uste dugu orain badauzkagula gakoak euskaraz ez dakien jendeari esateko zer den hau. Orain dela hamar urte ez genuen gako hori. Alperrik da gauzak ingelesez sarean zintzilikatzea, norberak ez badu lehenago lan egin hain gertu eta hain gustagarri duen arte horren gakoak non dauden ulertzeko. Orduan, esan dugu: hara, Ameriketan monografiko bat egitea eskatu digute Oral Tradition aldizkarirako. Hori dena badugu, eta beharbada urrutien daukaguna Euskal Herrian bizi eta euskaraz ez dakien jendea da. Horregatik zentzu bat eman zaio aurtengo txapelketari: publiko horri esan egin behar diogu zertan den bertsolaritza, orain uste dugu badakigula esplikatzen hori, erdaraz ere. Eta publiko hori konkistatzeko helburu nagusiaren barruan txapelketa osoari eman behar zaio koherentzia. Beraz, keinu bat da: atera gaitezen Bilbora. Eta ez hori bakarrik. Orain arte ahaztuta eduki ditugun erdal hedabideak bildu ditzagun eta horiekin arreta bereziz aritu gaitezen. El Paíseko kazetariari deitzea erraza da, baina gero esango diogun bakarra bada “jo, Andoni Egaña oso ona da”, “eta zergatik da ona?”, “bada, izugarria delako!”… Horretarako alperrikakoa da deitzea. Orain, berriz, uste dugu bagaudela edozeineri eta edozein hizkuntzatan gakoak azaltzeko moduan; orain erabaki dugu komeni zaigula bertsolaritza zer den esplikatzea, euskal gizartean oraindik ezagutzen ez dutenei.

Eta zeintzuk dira aipatzen ari zaren gako horiek, bada?

Batetik, bertsoa ez dela ulertu behar pieza literario moduan. Eta komunikazio kinka edo arazo baten aurrean diskurtsoak sortzeko sistema dela. Horrek momentu honetan enpresetan teorizatzen ari diren e-mail horiekin dauka antzik handiena. Lehen, hornitzaile bati gutun bat idazteko beharbada goiz osoa zeukan langileak; orain e-mailak berehala egin behar dira. Amerikan asko aztertu dute e-mailen barne egitura, eta esaten dute e-mailak funtzionatuko badu, barne egitura, sintaxia eta horiek denak ahozko erregistroarenak bezalakoak izan behar dituela, nahiz eta idatzia izan. Gakoak hor daude, eta gero datoz errimak eta abar. Inportanteena klabe horiek dira eta bada zazpiren bat urte hori esaten gabiltzala, baina ez dago entzun nahi ez duena baino gor okerragorik. Eta oso jende gertukoa, e? “A, baina hori esaten duzue bertsoetaz, ez duzue esaten baserria, paisajea eta abar?”. Aspaldi gaude hortik kanpo, aspaldi gaude esaten gure ustez, momentu honetan, gizartean komunikatzeko gaitasuna trebatu behar bada, hor daukagula alperrik galtzen utzi ezin dezakegun eredua.

Euskararen kalitatearen inguruko txostenaz asko hitz egingo zenuen honezkero, eta batez ere askotan galdetuko zizuten zuzentasun-jatortasun-egokitasun “hirutasun” ospetsuaz…

Hara, hori ere ez da beste kajoi bat. 1999an egin nuen tesia bertsolarien bat-bateko baliabide poetiko erretorikoez, eta sarreran aipatzen nituen gai hauek. Hau da, nire abiapuntua ez zen bertsoa bera. Kezka dago, komunikazio-gaitasuna galtzen ari da… Horrela hasten da tesia. Orduan, zeri esaten diogu komunikazioa? Hor ateratzen ziren, orain baino ukitu gutxiagorekin, parametro horiek. Eta horregatik deitu zidaten hauek niri txostenean parte hartzeko. Baina lehengo kontua da. Orain arte, euskara hedatzea izan da ardura nagusia, eta 1997tik hona, berriz, gero eta ahots gehiago entzuten dira kalitatea zaindu egin behar dugula esaten, zer euskara mota lantzen ari garen… Baina kalitateaz arduratzen diren gehienak zuzentasun hutsarekin arduratzen dira, hau da, “hemen ergatiboa falta da”.

Txostena egitea eskatu zutenak ere bai?

Alde horretatik, esan behar dut guri zera eskatu zigutela: kalitatearen inguruko kezka dagoela eta txostena egiteko. Besterik gabe. Ni ordurako ez nengoen Euskararen Aholku Batzordean. Kike Amonarrizek hartu zuen lan hori eta nire tesia ezagutzen zuenez, deitu egin zidan. Beraz, ni txostengile egon naiz baina ez Aholku Batzordeko. Eta esan beharra daukat ez digutela koma bakar bat ere ukitu, eta Euskararen Aholku Batzordeak erabat bere egin duela kontu hau.

“Ergatiboa falta da” esan duzu, askoren kezka zein den irudikatzeko…

Bai, halakoak. “Hau ez da horrela esaten, hau ez da jatorra, eskandalua da…”. Hori egiten da. “`Gatz lodia´ nola esan daiteke, `gatz larria´ esan behar da!”. Tira, bai, hori ere, ahal dela, zaindu egin behar da. Baina kontua da gatz larria esanda eta ergatibo guztiak bere tokian jarrita inor hunkitzeko gaitasunik ez daukan diskurtsoa egiten baduzu, alperrik dela. Orduan, guk esaten duguna da horri eman behar zaiola garrantzia, eraginkortasunari.

Eta zelan lortzen da hori?

Orain, esaterako, Euskadi Gaztearen euskara konpontzen ari gara. Urtebete daramagu esatariekin proiektu bat egiten; astero biltzen gara Kike Amonarriz eta biok. Eta hara, hor dauzkazu, kalean, D eredutik atera direnak, ingeniaritza ikasketak euskaraz eta oso nota onekin egin dituztenak. Baina gero kalera irten eta adarra jotzeko ez dakite euskara. Hori da arazoa, eta Euskadi Gazteak, neurri batean, hori islatzen du. Euskadi Gaztean dagoen esatari taldea ikaragarri ona da gaitasunez, baina hamabost urtean ez da hausnarketarik egin, eta uste dut badaukagula tresna ikaragarri ona esku artean.

Zein da tresna hori?

Euskadi Gaztean jasotzen dituzten sms-etan, testuaren sintaxia euskaraz dago, baina gune eraginkorrak ez, adibidez: “Aizu, jarri mesedez hau honentzat, que está más buena que la hostia”. Jarri hau honentzat, hau da, betegarri hutsa, eta gero que está más buena que la hostia, edo ni por el forro, edo horrelako gauzak, erdaraz. Hor gabezia bat dago. Eta gu esaten ari gara kalean ez dagoela hori, eskolak ez duela bermatzen. Kalean, adibidez, zera esaten da sms-etan: Aupa, par de locos. Jendeak horrekin ez du par de locos esan nahi. Lagun arteko erregistro bat zehaztu nahi du, hori da helburua. Eta horretarako ez die balio zoro parek, itxura denez. Zergatik gazte erregistroan par de locos erabatekoagoa da, alegia, eraginkorragoa, zoro parea baino? Gramatikalki bikaina delako? Ez. Par de locos horrek, bere ohiko esanahiaz gain, kalean erabiltzeak aldiko ematen dion gainkarga hori daukalako. Zoro parea, berriz, hortxe dago, geldi-geldi. Zoro parea par de locosen pareko egokia izan dadin, erabiltzea beste irtenbiderik ez dago. Egokitasuna ez dio Euskaltzaindiak emango; erabiltzaileak ematen dio egokitasuna. Baina orain zeinek erabiltzen du hori? Kalean horrela esaten bada erabatekoagoa izango da, eta esatariek hori esaten badute kalean hori entzungo dute eta hori erabiliko dute. Norbaitek hautsi behar du sorgin-gurpila, eta ez dut uste hiztun arruntari eskatu behar zaionik. Bada garaia esateko euskal komunikabideak, besteak beste, eta gainera legez hala da, euskararen normalizazioan eragiteko sortu genituela.

Zenbaterainokoa da eskolaren erantzukizuna guzti honetan?

Hara, eskola desastre bat da…

Baina eskolak irakatsi behar dio ikasleari euskaraz gilipollas esaten?

Beharbada bai. Uste dut momentu honetan onartu egin behar dugula, bai euskarazko hedabideetan bai eskolan, txoriburu samarrak izan behar dugula. Bigarren batxilergoko ikasle bati zubereraren ezaugarri morfosintaktikoak irakastea ondo dago, ikasle horrek baldin badaki euskaraz adarra jotzen eta gozatzen. Euskararen ezaugarri morfosintaktikoak irakastea Ataunen, niri bost axola zait. Kalte handirik ez du egingo, behintzat. Baina besterik ez dakienari… Hizkuntza, Mitxelenak esaten zuenez, aizkora da, eta aizkora ona da ebakitzen badu. Kirtena polita izatea ere komeni da, baina ez badu ebakitzen…

Hori zelan gauzatu eskolan, baina?

Bi modu daude, adibidez, gelara sartzeko. Hamalau urtekoen gelara, demagun. Planteamendu bat hau izan daiteke: gaur hitz elkarteak ikasi behar ditugu. Orduan, irakasleak ikasi egin baditu –ni baino gehiago izango da orduan- Euskaltzaindiaren arau horiek gidoia noiz jarri eta noiz ez jakiteko, horixe irakatsiko du. Hori da orain egiten dena. Eta hori da zuzentasunetik abiatzea.

Eta hori ez litzateke irakatsi behar?

Bai, baina ez horrela. Gero esaten dugu, “hauek hamalau urterekin, gure garaian ez geneuzkan erraztasunak edukita dena euskaraz ikasteko, eta patiora irten orduko erdaraz”. Zer nahi duzu? Nola nahi duzu hamalau urteko neska edo mutil batek esatea: “Zer ondo, hitz elkartuak ikasi behar ditugu gaur!”? Beraz, araua ikasi behar da? Bai. Baina ez horrela, beste metodologia bat asmatu behar da, benetan axola dien gauza batetik abiatuz. Kasu honetan, adibidez, irakasleak esan lezake: “Gaur elkar iraintzen ikasi behar dugu”. Hara, litekeenagoa da jendeak arreta pixka bat gehiagoz entzutea. Eta irakasleak badaki iraintzeko hitz elkartuak beharko dituztela, baina ikasleei ezkutatu egiten ari zaie hori. Hitzak elkartzen ari dira, baina zerbaiterako. Azken batean, egokitasunaren ardatza da hizkuntza- irakaskuntzan helburuak ez direla inoiz egon behar hizkuntza barruan. Zerbaiterako behar du.

Eta noraino dira zuzentasuna eta egokitasuna bateragarriak? Hau da, pentsa liteke, hitzok entzunda, euskara zuzenegiak ez duela balio…

Zuzentasunak eta jatortasunak barruan dauzkate irizpideak. Orduan, noski, behin-betirako dira. Baina egokitasunetik abiatuta, aztertu egin behar da: nor ari da hizketan, norentzat, zertarako, eta non? Zu has zaitezke: kaixo, arratsaldeon, izugarrizko poza hartu dut zuek hemen nire aurrean ikusita. Ahal duzun izugarrizko dotoreena egin dezakezu, eta orduan langa bat ari zara jartzen komunikazioan. Norberak kudeatu behar du, norberak jakin behar du, egokitasunaren ikuspegitik, egoera bakoitzean zenbateraino zuzen jokatzea komeni zaion, baina zuzen jokatzeak bere albo-kalteak ere badituela jakinda, eta hori eskolak ez du esplikatzen. Eskolan ikasten dena da, adibidez, zeniezadake nola eraikitzen den. Baina gero zergatik ez zaizkie neska-mutilei hitz bakoitza erabiltzeko argibide batzuk ematen? “Zeniezadake. Ez erabili egoera intimoetan”. Bestela, larunbat batean mutil batek esan egingo dio ligatu nahi duen neskari: “Pasa zeniezadake gatzontzia?”. Eta jakina, oso zuzen ari da, baina intimitatea zapuzten ari da… Zuzentasunak, normalean, urruntze komunikatiboa ekartzen du.

Orduan, ahalik eta hitzik zailena erabiltzearekin lotzen da zuzentasuna? “Pasako didazu gatza” ez al da zuzena?

Bai, zuzena da, baina batzutan… Hori gazteek oso ondo dakite, badakite hainbat gauza esaten, baina badakite gauza horiek esanez beren lagun koadrilaren erregistrotik kanpo daudela. Eta hiztunari hori inporta zaio, eta ez gauzak zuzen esatea.

Zu aurkezteko definizio bat behar dut elkarrizketa hasierarako. Zein ipiniko dut?

Komunikazioan aritua.

Eta “aditua” gaineratu dezaket nik?



Zure ahoan ipini gabe… Hala bada, bai. Joxerra Gartzia Garmendia (Legazpi, 1953) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zituen unibertsitate-ikasketak, “Burgosko epaiketak hasi eta Franco hil bitarteraino”. Karrera bi egin zituen aldi berean: “Orduan Filosofia Purua esaten zitzaiona”, eta Kazetaritza. Bigarrena, ordea, ez zuen bukatu, gainditzeko ikasgai gutxi falta zitzaizkiola lanean hasi baitzen. Gerora urte bi eman zituen Münsterreko unibertsitatean (Alemanian), beste bi Tolosako ikastolan irakasle, bost Euskadi Irratian eta sei ETBn, Hitzetik Hortzera bertsolaritzari buruzko saioa aurkezten. Nazkatuta eta orduko giro politiko nahasiarekin zer ikusi handia eduki zuen krisialdi baten ostean utzi zuen telebista -“94-95 urteetan izan zen hura”-, eta garai hartan hasi zen EHUn irakasle. Ikusentzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko kidea da. Hasiera-hasieratik dago Bertsozale Elkartean. Gaijartzaile izateari orain dela bospasei urte utzi zion “aspertuta”, baina bertsolaritza da, hala ere, “unibertsitateko lana eta gero” denbora gehien lapurtzen dion zeregina. Zortzi urte inguru darama, beste batzuekin batera, ahozkotasuna bertso bidez lantzeko metodo bat garatzen, eta azken emaitza 2006an argitaratzeko asmoa daukate. Gainera, Missouriko (AEB) unibertsitateko Oral Tradition aldizkariak monografiko bat eskatu die bertsolaritzaren gainean, eta lan hori koordinatzen ari da. Euskararen Kalitatearen Txostenaren egilea da, Kike Amonarriz eta Andoni Egañarekin batera.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jose Miguel Larrañaga. Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria: Galtzen bazara, erreka bilatu eta ura jarraitu, iritsiko zara-eta

 

Irakurri

Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordea: Irakasleek ikasten ikasteko, ikasitakoa desikasteko, eta aurrera egiten ikasteko aukera ematen duten agertoki didaktikoak bultzatu behar dituzte

 

Irakurri

Jon Marcaide Osoro. Astrofisikaria: Politika zientifikoan adore politiko gutxi egon da beti

 

Irakurri

Fernando Hualde. Etnografoa: Euskara despolitizatu egin behar da, eta Nafarroako ondarearen oinarrizko pieza bat dela ikusarazi

 

Irakurri

Asier Altuna eta Telmo Esnal. Zinemagileak: Euskaraz lan egitea naturala da guretzat

 

Irakurri