Juanito Oiarzabal: "Oso neurekoia naiz zortzimilakoak igotzeko orduan"

2004-02-06

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 241 > Elkarrizketa -->

2004/02/06-13 Juanito Oiarzabal

Mendigoizalea "Oso neurekoia naiz zortzimilakoak igotzeko orduan" Ismael Diaz de Mendibil

Itzulpena: Koro Garmendia

Versi?n original Juanito Oiarzabal merezimendu osoz sartu da mendizaletasunaren urrezko orrietan. Hamalau zortzimilakoen gailurrak zapaldutakoan erretiratu egingo zela pentsatu genuen askok. Tronpatuta geunden, ordea. Ez omen daki besterik egiten, eta, hala, apurka-apurka han-hemengo menditzarrak igotzen jarraitu zuen. Azkenerako, hogeitan izan da Himalaiako gailurrik altuenetan. Inork uste badu 47 urteko gasteiztar hau erretiroa hartzeko asmotan dabilela, jakin beza okertuta dabilela. Juanito, Juanitaren semea. Ez. Juanito, Luisa eta Rufinoren semea. Juanito, nire burua izendatzeko ezagutzen dudan modurik onena delako. Juanito, txikitandik horrela deitu nautelako. Juanito, orain arte Juanito izan naizelako, eta hil arte izango naizelako. Zein da igo zenuen lehen mendia? Aitzgorri, Aratz edo Gorbeia, segur aski. Zehazki ez dakit. Baina ziur aitarekin igo nuela. Zer da mendia zure aitarentzat? Nire aita beti egon da mendiari lotuta. Asko gustatzen zitzaion mendira, arrantza egitera, ehizatzera edo perretxikoak biltzera joatea... eta ni, txikitan, berarekin joaten nintzen. Mendian hazi zinen, beraz. Geroxeago, kobazuloetara joaten hasi nintzen. Eta, hamalau urterekin, nire anaiarekin eskalada egitera joan nintzen lehen aldiz, Eginora. Orduantxe sortu zitzaidan bertikaltasunarekiko zaletasuna. Gero Pirinioak, Picos de Europa, Alpeak eta Himalaia etorriko ziren. Zure iritzian, zer adierazten du mendiak euskaldunontzat? Asko, asko. Euskal orografia eta tradizioa ikusi besterik ez dago, mendiak gure kulturan zenbateko garrantzia duen ikusteko. Txikitandik erakusten digute mendiak daukan esanahia. Herri txikia da gurea, baina aldapazaleak gara gero... Bai, hain zuzen ere! Kar-kar! Arrazoi osoa daukazu. Masokistak ote gara? Gure herria borrokalaria eta langilea da. Horregatik ateratzen gara onik zorigaizto eta ezbeharretatik. Noiz bihurtu zenuen mendia lanbidea? Mendia betidanik izan da nire lanbidea, baina, dataren bat ematekotan, 1994. urtea aukeratuko nuke, K2 mendia igo nuenekoa, nire seigarren zortzimilakoa. Inoiz obsesio izatera iritsi al da Himalaia zuretzat? Ez, hainbesterako ez. Beti oso kontuan izan dut une bakoitzean zein egoeratan nengoen: presiopean ote nengoen, lasai ote nenbilen... Sekula ez dut hamalau zortzimilakoak egiteko obsesiorik izan. Anbizio eta asmo handietako gizona naiz, mendira joateko irrikan egoten den horietakoa, eta oso neurekoia zortzimilakoak igotzeko orduan, baina inoiz ez naiz obsesionatuta egon. Zer esan nahi duzu zortzimilakoak igotzeko orduan oso zeurekoia zaren horrekin? Esan nahi dudana da oso garbi izaten dudala zer nahi dudan eta bira noiz eman dudan, baina askoz ere garbiago izaten dudala gailurra egin nahi dudala. Anbizio hori izango ez banu, ez nintzateke hemen egongo. Mendiak igotzeko ez da nahikoa ezaugarri jakin batzuk izatea eta egoera latzei aurre egiten jakitea; horrez gain, anbizio handia izan behar da, gogo izugarria, eta helburuak ondo finkatuta eta gauzak argi izan. Nolanahi ere, geneek izango dute zerikusirik. Zalantzarik gabe. Horrelako gauzak egiteko, zerbaitekin jaio behar da. Nire organismoa berehala egokitzen da mendien garaierara, beste pertsona askorena baino askoz ere lehenago, eta hori sekulako abantaila da. Globulu gorri gehiago sortzen ditudanez, odola gehiago oxigenatzen da, eta, beraz, igotzeko orduan beste pertsona asko baino baldintza hobeetan egoten naiz. Zure bertuteetako bat burugogortasuna duzu, baina ezin uka zure akatsik handienetakoa ere badenik. Egia da, bai. Baina ez naiz burugogorra besterik gabe horrelakoa naizelako, baizik eta zer nahi dudan oso garbi izaten dudalako. Zortzimilako jakin bat igotzeko gauza ez naizela ikusiko banu, edo, adibidez, arazo psikologikoak izango ditudala, ez nintzateke Himalaiara joango. Eta zergatik ez? Ba oso arrazoi garrantzitsu batengatik: jende asko ikusi dudalako bertan hiltzen. Ondotxo dakit Himalaia nolakoa den, eta jakin badakit ondo zentratuta joaten ez baldin bazara, bertan geratuko zarela. Ez da burugogorkeria kontua bakarrik. Oso garbi izan behar da ezin duzula akatsik txikiena ere egin, eta beti zentratuta egon behar duzula. Hortik aurrera, bai, aitortzen dut burugogorra naizela, helburu bat finkatzen dudanean jo eta ke arituko naizelako helburu hori lortu arte. Neurekoia naiz, anbiziosoa, burugogorra... nahi duzun guztia. Hortaz, zeure irudiko, bertute hori akatsa ere badela esango zenuke? Ziur aski egongo da niri akatsak atera nahian ibiltzen denik, baina ni ez naiz batere aldatu. Betikoa izaten jarraitzen dut, beti bezain naturala, betiko Juanito. Prentsari dagokionez, irudi ona daukazula esango zenuke? Bai. Ondo baloratzen naute, eta batez ere azken urte hauetan. Dena den, denen ikusmiran dagoen edonori sortzen zaizkio aldekoak eta kontrakoak. Halere, nik behintzat apenas daukat etsairik. Nik uste dut prentsak ondo tratatu nauela, eta batez ere etxean, Euskal Herrian. Himalaia aldera joaten zaren bakoitzero prestatu behar izaten al duzu zure burua psikologikoki? Ez. Nik uste dut alderdi horretan mendian emandako urteek zerikusi handia daukatela. Azken batean, bizitza osoa daramat hau egiten. Ez dut prestakuntza berezirik egiten. Hainbeste egoera ezagutu ditut, batzuk hain onak eta beste batzuk hain txarrak, dagoeneko edozertarako prest nagoela. Dena den, zortzimilako bat egin behar dudanean, edozein, beti eragiten diot buruari; gehiago edo gutxiago, baina zerbait bai. Orain, adibidez, K2ra joateko daukadan asmoak zer pentsatua ematen dit, eta xehetasun guztiak ahalik eta ondoen aurreikusten saiatzen naiz. Gailurra egin ahal izateko, eta akats bat bera ere ez egiteko, ahalik eta baldintzarik onenetan joan beharra dago. Zein da hor nonbait sartuta daukazun arantza, betetzeke daukazun ametsa? Makalu mendia. Hirutan joan naiz bertara, baina behin bakarrik igo dut. Mendebaldeko aurpegian egon naizen bi aldietan, gailurretik 80 metrora gelditu naiz. Pozik igoko nuke aurpegi dotore horretatik. Zer ikasi duzu Himalaian? Gauza asko. Lehenik eta behin, oso ondo bizi garela. Beste kulturak errespetatzen eta beharrean dagoen jendea ulertzen ikasi dut. Eta budismoa ezagutu dut. Eliza katolikoaren doktrinak baino gehiago erakartzen nau. Zer dela-eta? Gauza guztiak espiritualitatean oinarrituta daudela erakutsi didalako. Meditazioa lantzen dute. Niri erakutsi zidatenak baino gehiago konbentzitzen nau. Eta zuk zer erakutsi diozu hango jendeari? Ezer gutxi. Tibet, Pakistan, Nepal edo India bezalako lekuetan, gu bezalako jendea inbaditzailea da. Ikustekoa da hango jendea nola gelditzen den gainean daramatzagun gauza materialei begira. Eta, hain zuzen ere, gauza material horiek dira erakutsi nahiko ez genizkiekeenak. Pozik azalduko nieke nolakoak garen euskaldunok, non bizi garen, nolakoa den gure kultura... Nik uste ez diedala ia ezer erakutsi. Ezer ba al dakite euskaldunoi buruz? Zerbait bai. Noizean behin euskaldun bat edo beste azaltzen denez inguru haietan, gutxi baina onak garela dakite. Beti izaten dituzu gogoan Himalaian bizia galdu duten lagunak, baina are gehiago orain, hogei zortzimilakoak egin dituzunean. Gero eta gehiagotan oroitzen naiz haietaz. Gauza horiek ez dira sekula ahanzten. Antonio Miranda, Atxo Apellaniz, Felix Iñurrategi edo Mikel Ruiz de Apodakari buruz hitz egiten hasten naizen bakoitzean, hunkitu egiten naiz -begiek dirdira egiten diote Oiarzabali-. Hainbeste gauza partekatu ditut beraiekin...! Hantxe gelditu dira. Askotan, asko-askotan gogoratzen naiz haiekin. Oso une gogorrak izan dira. Hogei zortzimilako egin ostean, beste zer egin nahi du Juanitok? Zergatik ez da erretiratzen? Baina zer egingo nuke nik erretiroa hartuta? Besterik egiten ez dakit-eta! Gogorra egingo zait, oso lotuta nagoelako Himalaiarekin. Izugarri gustatzen zaizkidalako egiten ditut zortzimilakoak. Espedizioetan oso gustura ibiltzen naiz. Ni, Himalaian, zoriontsu naiz. Beraz, ez duzu zeure burua bulego batean egunean zortzi orduz sartuta ikusten... Ezta gutxiagorik ere. Himalaiari agur esateko eguna iristen zaidanean, mendiari lotuta jarraitu nahiko nuke. Zorionez, ez dut egunean zortzi ordu fabrika batean sartuta egon beharrik izango. Juanito Oiarzabalen hogei zortzimilakoak:

1985: Cho-Oyu (8.201 m.). Bide normala (maiatzaren 15a).

1987: Gasherbrun II (8.035 m.). Bide normala (abuztuaren 16a).

1992: Nanga Parbat (8.125 m.). Kinshofer bidea (uztailaren 12a).

1993: Everest (8.848 m.). Hego-hego-ekialde-gailurreko bidea (urriaren 7a).

1994: K2-Chogori (8.611 m.). Tomo Cessen bidea (ekainaren 24a).

1995: Makalu (8.465 m.). Bide normala (maiatzaren 8a).

1995: Broad Peak (8.047 m.). Bide normala (uztailaren 12a).

1995: Lhotse (8.516 m.). Bide normala (urriaren 2a).

1996: Kanchengjunga (8.586 m.). Iparraldeko aurpegia. Bide britainiarra (maiatzaren 6a).

1997: Hidden Peak (8.068 m.). Japoniarren bidea (uztailaren 9a).

1997: Manaslu (8.163 m.). Bide normala (urriaren 8a).

1998: Dhaulagiri (8.167 m.). Bide normala (maiatzaren 22a).

1998: Shisha Pangma (8.046 m.). Hego-mendebaldeko aurpegia - Bide britainiarra (urriaren 10a).

1999: Annapurna (8.091 m.). Bide alemana (apirilaren 29a).

2001: Everest (8.848 m.). Iparraldeko aurpegia, oxigenorik gabe (maiatzaren 23a).

2002: Cho-Oyu (8.201 m.). Bide normala (urriaren 5a).

2003: Gasherbrun II (8.035 m.). Bide normala (uztailaren 19a).

2003: Hidden Peak (8.068 m.). Japoniarren bidea (uztailaren 26a).

2003: Cho-Oyu (8.201 m.). Bide normala, bakarka (irailaren 23a). 2003: Cho-Oyu (8.201 m.). Bide normala (urriaren 5a).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Martín Arregi San Miguel: "Euskal Herriko herri batzuek jada ez daukate hazteko lurrik ere"

 

Irakurri

Alfonso Gorroñogoitia: "Gure kooperatibak baserri gizartearen ondorioa dira"

 

Irakurri

Amaia Basterretxea: "Gure bizimodua nolakoa izan den azaltzea da gure egitekoa"

 

Irakurri

Adolfo Arejita: "Kardaberaz izan da, Mendibururekin batera, euskal idazle klasiko nagusia"

 

Irakurri

Frantxis López de Landatxe: "Jendeak bereganatu egin du Koldo Mitxelena, liburutegiko erabiltzaileak eta bisitariak Kulturunearen jabe bihurtu dira"

 

Irakurri