Azken urteotan hainbat lurrikara, itsasikara eta tsunami gertatu dira munduan zehar... eta Euskal Herrian joko balu?
Aurreko egunotan Japonian jo duen lurrikarak Euskal Herrian joko balu, akabo. Ez litzateke ezertxo ere zutik geratuko eta erabateko triskantza izango litzateke. Azken urteotan hainbat lurrikara, itsasikara eta tsunami ikaragarri indartsu gertatu dira munduan zehar. Esaterako, 2004ean Sumatran, Richter eskalan 9,3ko magnitudea hartu zuen itsasikarak, ikaragarrizko tsunamiak altxatu eta 320.000 hildako eragin. Urte batzuk beranduago, 2010eko urtarrilean, 7,0ko lurrikara batek 230.000 pertsona hil zituen Haitin. Hilabete luze beranduago, beste itsasikara batek 8,8ko indarra izan zuen Txilen eta 500 bat lagun hil. Aurten, 9,0 indarreko itsasikarak jo du Japonian, milaka hildako batzuk eraginez. Hortaz, mugimendu sismikoaren indarra eta honek eragindako kalteak ez daude zuzenean lotuta. Esaterako, aipatutako Txilekoa Haitikoa baina ia ehun aldiz indartsuago izan zen baina askoz kalte gutxiago eragin zuen.
Zergatik ari dira gertatzen horrenbeste lurrikara indartsu horren urte gutxitan? Ba al dute loturarik?
Mugimendu sismikoak eta aktibitate tektonikoa oso loturik daude, eta aktibitate tektonikoa, maila desberdinetan bada ere, mundu osoan ematen da. Lurrikara gehienak eta bortitzenak plaka tektonikoek elkarren aurka dauden aldeetan gertatzen dira.
Ozeano Barearen inguruan gertatzen da egun aktibitate sismikorik handiena, bertako plaka azkar hasi eta mugitzen ari baita, ondorioz inguruko plakak bultzatuz. Horregatik Asiako Ekialdeko hainbat eskualdetan zein Amerikako Mendebaldekoetan maiz gertatzen dira lurrikara bortitzak. Seismo hauen aurrean herri aberatsetan, EEBB eta Japonian esaterako, lurrikarak aurreikusteko eta lurrikaretatik babesteko programa garestiak dituzte. Herri txiroetan, aldiz, ezer gutxi egiten da lurrikarei aurrea hartzeko. Bestalde, mugimendu sismikoa jende asko bizi den tokien inguruan edo ia inor bizi ez den tokietan jo dezake, itsasoan sortu eta tsunamia eragin ala lehorrekoa izan. Faktore hauek kontuan hartuta, hortxe zergatik hil diren hainbeste lagun Indonesia eta Haitiko mugimendu sismikoen ondorioz, eta konparatiboki horren gutxi Txilen edo Japonian.
Neurriak hartuta ere, aurten berriro itsasikarak eta tsunamiek kalte izugarriak ekarri dizkiote Japoniari eta ondorioz, 20.000 lagunetik gora galdu dute bizia edo desagertuta daude eta beste askok galdu dute etxea. Duela 16 urte Koben egon zen beste lurrikara indartsu batek 6.500 hildako eragin zituen eta 300.000 lagun baino gehiagok etxea. Japonian bertan, Kanton 1923an gertatutako mugimendu sismikoan 150.000 lagunek galdu zuten bizia Tokion eta inguruetan.
Seismoen ondorioak gutxiagotzeko Japonian orain dela 50 bat urte lurrikarak aurrez igartzeko programa jarri zen martxan. Programa hau seismologian oinarritzen da batez ere, baina orain arte oso emaitza gutxi eman du. Bestalde, Gobernuak 1980. urtean lurrikaretatik babesteko neurriak igorri zituen. Horrela, eraikuntza berrientzat arau bereziak ezarri eta jendea hezteko programak bideratu zituen. Arau horiei esker, Japonia osoko eraikuntza berri gehienak ez ziren lurrera erori aurtengo lurrikaran, horrela biziak salbatuz. Baina, zoritxarrez, neurri hauek ez ziren nahikoa izan tsunamiei aurre hartzeko.
Iberiar Penintsulan lurrikararik?
Orain arte, Euskal Herritik urrun dauden herriak aipatu ditugu baina jakin beharko genuke ere noraino gerta daitezkeen mugimendu sismikoak hemen bertan edo inguruan.
Garai historikoetan Iberiar Penintsulak jasan duen mugimendu sismikorik indartsuena Eurasia eta Afrikako plaka nagusien arteko Azores-Gibraltar izeneko faila garrantzitsuan gertatu zen 1755eko azaroaren batean, Santu Guztien eguneko goizeko bederatziak eta hogeian, jende asko elizetan meza entzuten ari zen unean. Hiri askotan eragin zuen kaltea baina, txikizioa benetan izugarria izan zen Lisboan. Itsasikarak 9,0 inguruko magnitudea hartu omen zuen eta hiru eta sei minutu artean iraun. Denbora horretan Lisboako eliza nagusi gehienak erori edo kaltetu ziren, milaka lagun bertan lurperatuz. Segidan sute izugarriak piztu ziren hiri osoan eta bizirik atera ziren askok kostaldera jo zuten, babes bila. Bertan ikusi zuten itsasoa ere atzera eginda; itsasontzi txiki eta handiak, txalupak eta galeoiak, alde batera etzanda, hildako animaliak bailiran. Berrogei minutu geroago, hogei metroko tsunamiak izugarrizko indarrez eta sinistu ezineko abiaduran iritsi ziren kostaldera, eta bertan babes hartutakoek ihes egiteko ezer ezin izan zuten egin. Guztira, 90.000 lagunetik gora hil ziren.
Lurrikara, jakina, Iberiar Penintsula osoan sentitu zen, eta kalte handiak eragin zituen. Esaterako, Valladolideko katedraleko dorre bat lurrera jauzi zen, eta tsunamiek Cadizeko harresiak hautsi eta uholde ikaragarriak eragin zituzten. Iberiar Penintsulara ez ezik, eraginak munduko toki askotara barreiatu ziren.
Lurrikarak Portugalgo errege familia ez harrapatzea kasualitatea izan zen, goizeko lehen ordutan meza entzun ondoren, jaieguna mendian igarotzera joan baitziren. Erregea salbatu bai, baina gorputzean sartu zitzaion ikara izugarria izan zen, eta hil arte kanpadendetan bizi izan zen. Salbatu zen lehen ministroa ere, eta bere gain hartu zuen suntsitutakoa berreraikitzeko ardura. Baina, gizon jantzia izanda, lurrikaren nondik norakoak zehazki jakin nahi izan zituen, eta Portugal osoko parrokietara inkestak bidali zituen datu eske; zenbat iraun zuen lurrikara nagusiak, animalien portaera lurrikara aurretik, ur-putzuetako maila aldaketak... Datu horiek jaso eta gorde zituen era sistematiko batean, inoiz aurretik egin ez zen legez, eta sismologia modernoari jaiotza eman zion.
Lurrikara eta ikasgaia Txilen 2010ean
Charles Darwin gaztea Txileko kostaldean zegoen Beagle itsasontzian 1835ean. Otsailaren 20an, goizean, bere morroiarekin lehorreratu zen Valdivia inguruan eta mendira igo ziren natura behatzera. Belarretan eseri eta atsedena hartzen ari ziren bitartean lurra mugitzen hasi zen. 11:30ak ziren eta ikarak bultzatuta zutik jarri ziren azkar. “Lurrean olatuak ekialdetik etortzen ikusi ditut”, idatzi zuen gero gazteak, “eta zutik egotea lortu badugu ere, lurraren dardarak zorabioa eta ikara paregabea sortu dizkit. Izan ere, lurra bi minutuz egon da astintzen etengabe, nahiz eta askoz luzeago iruditu zaidan tarte hori. Halako lurrikara batek asoziazio zaharrenak apurtzen ditu, mundua bera ere, alegia solidoa den guztiaren ikurra, lurrak berak azal gogor batek likidoaren gainean bezala flotatzen baitu, zuhaitzak haizeak joko balie bezala mugitzen diren bitartean. Lurrikara atertu denean herrira jaitsi gara, eta itsasoak nola egin duen gora kontatu digu emakume zahar batek. Inguru honetan itsasoak ez du inor hil, aurretik baitzekiten horrelakorik gertatzean hobe dutela mendira joatea, ehun urte lehenago lurrikararen ondorengo olatuek jo zuenean hildako asko egon baitziren. Hori bai, kostaldea hiru bat metro igo da bat-batean, eta arrain eta itsas animalia asko lehorrean geratu dira. Bestalde, itsasoko urak beltz agertu dira eta sufre usaina darie. Noizean behin, bertako badian ur-zurrustak altxatzen ziren edo korronte indartsuak mugitzen ziren alde batetik bestera. Herriko etxeak, bestalde, zurezkoak izanik, ez dira guztiz erori, baina bai hondatu, astinduak iltzeak berak ere atera egin baititu haien tokitik”.
Hurrengo egunetan Concepcion hirira joan zen, eta bi asteren buruan bertara iritsi zailtasun handiz, bideak egoera tamalgarrian baitzeuden. Hiria erabat hondatuta zegoen, txikituta, zutik zirauten bakarrak pobreen egurrezko etxola txikiak ziren, eta haiek erosi nahian zebiltzan aberatsak. Gainerakoa lurrean zegoen. Baldosa apurtu, adreilu txikitu eta egur zatien metak baino ez ziren ikusten edonon. Katedrala bera ere lurrera etorria zen. “Lurrikararen indarra neurrigabea behar du izan”, idatzi zuen Darwinek gutun batean. “Arroka gogorrenak txikituta daude, lurraren azala zartaduraz betea, eta harrizko horma lodienak, 2 eta 3 metro zabal, erabat birrinduta. Ingalaterratik atera naizenetik ikusi dudan ikuskizunik handiena da”.
Charles Darwinek duela 175 urte bizi izan zuen lurrikara, 2010ean gertatutakoaren parekoa izan omen zen indarrean. Orduan bezala, hondamendia eta heriotza ekarri zituen aurreikuspen zehatzik ez zelako egon. Aurretik lurrikara batek noiz joko duen jakitea ikaragarri zaila da oraindik. Baina lurrikarak behin jo duen tokian berriro jo dezakeela badakigu. Izan ere, duela ia hiru urte zientzialari talde batek aztertu zituen Darwinek idatzitakoak eta datuak jaso zituen Txileko failen inguruan. Haien ustetan, indar handiko beste lurrikara bat gertatzear zegoen inguru berean, zehatz-mehatz noiz izango zen ezin bazuten esan ere. Bete-betean asmatu zuten eta honetarako behar zen informazioaren parte bat, aspaldi zegoen idatzita norbaitek aztertu zain.
Zer egin aurrera begira?
Duela urtebete edo, jakin da Iberiar Penintsulari buruz dugun ezagutza sismologikoa oso eskasa dela. Izan ere, faila ezezagun asko egon daitezke penintsularen edozein eskualdetan ezkutatuta eta horietako batzuk agian jarduera sismiko indartsua izan dute iragan hurbil batean. Hauxe bera gertatu zen 1994ean bertan Kalifornian. Orduan lurrikara indartsu bat abiatu zen ordura arte ezezaguna zen faila batean eta kalte handiak eragin. Horregatik, aurreikusteak aurretik ikastea eskatzen du.
Aurrera begira, bai Japonian, bai gainerako herrietan, geologoek zein injineruek segitu beharko dute lurrikaren kalteak gutxiagotzeko ikerketetan. Baina, edozein neurri hartuta ere aurreikustezin diren faktoreengatik seismoek kalteak eragingo dituzte beti. Eta ez dugu ahaztu behar lurrikarak munduko edozein tokitan gerta daitezkeela, Euskal Herrian ere bai, nahiz eta hemen indar txikiagokoak izan. Beraz, alarmismoan erori gabe, bai eraikuntzak egiterakoan baita gure eguneroko ihardunetan ere, gure Lurra geologikoki bizirik dagoela kontuan hartu beharko genuke beti. Izan ere, aurreikusteak badu beste esanahi bat euskaraz, prebentzioarena, hain zuzen ere. Eta horretan, egin daiteke egiten dena baino gehiago. Batetik, informazio gehiago behar dugu, sismologia moderno eta paleosismologiaren bitartez zein gure aurrekoek egindako behaketen bidez, eta, bestetik, informazio horren arabera neurriak hartu.
Gizakiok ezin izango dugu inoiz, Natura menperatu. Azken batez, lurrikarek zein beste hainbat fenomeno geologikoren ondorioak tektonikoki aktibo den planeta baten ondorio naturala dira. Hortaz, indar handiagorekin zein txikiagorekin beti gertatuko dira. Horrela gerta daiteke laster Kalifornian. Izan ere, lurrikara indartsu batek, the Big One, San Andres failan laster joko duela aspaldi dago iragarrita eta iragarrita ere orain arte hartu diren neurriak ez direla nahiko izango kalte handiak ekiditeko.
Labur bilduz, mugimendu sismikoak berak ez du inor hiltzen, heriotza gehien gehienak gizakion ardura dira. Besteak beste, guk egindako era guztietako eraikuntzak erortzen badira, su hartzen badute edo behar bezalako babesik gabe tsunamiak gerta daitezkeen kostetan bizi eta eraikitzen badugu, heriotzak beti egongo dira. Beraz, guri dagokigu ahalik eta gehien ikertzea, geologia sakonean ezagutzeko eta, horrela, ahal den guztia aurreikusi eta babesa aurretik hartu. Naturak ez du errurik eta paira daitekeena, neurri handi batean, gizakion esku dago. Koldo Núñez Betelu (Donostia, 1958) 1986an Geologian lizentziatu zen UPV/EHUn. 1994an Geologian Doktoretza lortu zuen Calgaryko (Canada) Unibertsitatean. Elhuyar Fundazioko kide eta patronoa eta 1995etik gaur egun arte Zientziaren dibulgatzailea. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta irakaslea izan da, Europar Ikerkuntza proiektuen arduraduna eta IMH Ingeniari Eskolako zuzendaria ere.