Manu Muniategiandikoetxea. Artista: Diskurtsoa perfektua baldin bada, ez da zinezkoa

2008-06-20

SALA, Teresa

Krisialdiak beharrezkoak direla dio, “aldaketa dakartelako”. Ergobian dauka estudioa, pabiloi baten barne, argiz, materialez, arte lanez, liburuz eta objektu arraroenekin zipriztindua. Artea bere bizimodua izango zela haurra zenean jakin zuen, baina erabakirik hartu behar izan ez duela dio, “bizitzaren errekari” uzten dio hori. Urteak eman ditu honetan eta, bere lanen bilakaera nabarmena den arren, oraindik egin ez dela aitortzen du. Bilaketa ez da amaitu.

Zein momentutan aurkitzen zara? Etxean, Donostian kasu honetan, erakusketa bat egin duzu (Behar gorria primavera azul. Koldo Mitxelena); zure lanak bilduma garrantzitsuenetan daude...

Donostiako erakusketa amaitu ondoren, konturatu naiz azkenaldian lan ezberdin askotan murgilduta egon naizela, eta ez dudala denbora nahikoa izan nire estudioan egoteko. Duela urte bat baino gehiago marrazki erotikoez hornitutako liburuaren proiektuarekin hasi nintzen eta, egia esan, horretan hasieran uste nuena baino denbora gehiago eman nuen, beste lan asko atzeratu nituelarik. Burgoseko CABen erakusketa bat izan nuen eta gero Donostiakoa heldu zen. Tartean, beste lau mostra atontzeko aukera sortu zitzaidan, Valentzian, Ourensen, Penedesen eta Iruñako Baluarten erakusketa kolektibo bat. Azken bi urte hauetan gauza bat amaitu bezain laster beste batean murgilduta ikusi dut neure burua eta niri erakusketa bat muntatzeko garaian arriskuak hartzea gustatzen zait, modu batean edo bestean tentsio bat lortzea. Erakusketetan tentsioa mantentzea gustatzen zait, baina oso erraza da lan baten ostean beste batean hastearen dinamika batean sartzea. Duela oso gutxi, Donostiako mostra amaitu bezain laster, nire galeristak nire proiektu batekin joan zen Beijing-en egiten den Txinako feriara. Iragan udaran Voltako ferian izan nintzen. Azkenaldian, egia esan, nahiko estu ibili naiz, eta horrek behartu nau guztiari heltzen den heinean soluzio bat ematen. Orain atsedenaldi batean murgildu naiz berriz. Aspaldiko partez bizikleta hartu dut, nire estudioa txukuntzea eta berritzea nahiko nuke. Atseden hau zein bide egin dudan eta nora joan nahi dudan pentsatzeko aprobetxatzea gustatuko litzaidake.

Donostiako zubien proiektuan ere lan izan duzu.

Bai, tartean gertatu da hori. Duela urtebete Urumea ibaiko bosgarren zubiko proiektuan sartu nintzen. Arrasateko LKS enpresatik hots egin zidaten, bosgarren zubirako beste aurkezpen berri bat nahi zutela esanez, eta elkarrekin lan egiteko aukera sortu zen. Proposamen horri eutsi nion eta horren ostean sortu zen Donostiako Udaleko ingeniaritza sailarekin burnizko zubia birkokatzeko proiektua. Lan horiek begiratzen ditudanean bizitza paralelo bat daramatela iruditzen zait.

Estudioan sortzeaz gain beste gauza batzuk egiten dituzulako?

Gainera, astean behin arte eskolak ematen ditut; Zarautzeko Kultur Etxean helduei eta arratsaldetan Guggenheim Museoaren “Artea ikasbide” izeneko ekimeneko partaide gisa aritzen naiz. Museoak adin ezberdinetako ikasleekin lan egiten du eta talde bakoitzarekin lan egiteko artista bat aukeratzen du. Ni aurten zazpi eta zortzi urte bitarteko haurrekin egiten dut lan.

Eta, zer erakusten diezu?

Askotariko gauzak egiten ditugu. Gaiak ikastolak erabakitzen ditu. 70eko hamarkadan Estatu Batuetan krisialdi handia egon zen eta eskola publikotik “maria” bezala ezagutzen diren ikasgaiak kendu zituzten. Guggenheimeko artista talde batek kritika egin nahi izan zion neurri honi. Banaka, eskolak bisitatzen hasi ziren eta bertan proiektu artistikoak aurkeztu zituzten, matematika, historia edo geografia bezalako ikasgaietatik abiatuta. Kutsu problematikoa zuten ikastetxeekin hasi ziren lanean, eta denborarekin bestelako eskoletara irekitzen hasi da. Lan honek segurtasun puntu bat ematen dio nire bizitzari, izan ere, artearen mundu honetan ez baitakizu inoiz zer gertatuko den.

Aberasgarria izan behar du.

Bai, eskolak emateak artearen hizkuntza moldatzen erakutsi dit, bai haurrentzat eta baita helduentzat ere. Oso gustura nago, batzuetan pentsatzen dut gehiegi dela, lan asko suposatzen duelako, baina pozik egiten dut. Zarautzen margotzen erakusten dut eta horrek ez du niretzat inongo arazorik suposatzen. Guggenheimeko lana nolabaiteko desioak betetzeko erabiltzen dut gehienbat. Duela bi urte, adibidez, Oteizaren kariaz planeten inguruan egin nuen lan haurrekin, Alexander Calder-en erakusketa bat abiapuntu gisa hartuta ere lan polita egin genuen. Beste batean argazki rally bat antolatu genuen... Edozein gauza egin daiteke, ez dute mugarik jartzen, eta horrek oso aberasgarria egiten du ekimena. Aurten Aretxabaletan egotea suertatu zait, eta Paul Mccarthyren antzezlanak abiapuntu izanik, gatazken ebazpenean egin dugu lan. Oso haur txikiak ziren eta sentsazioetatik abiatu nintzen ipuinetako pertsonaien bitartez antzezlan bat egiteko. Azkenean, antzezlana amaitu ostean, antzeztoki bat, argazkiak eta esekitoki bateko hainbat jantzi besterik ez ziren gelditzen, oso interesgarria izan da.

Amesten zenuen tokian zaude?

Ez. Txikia zarenean, besterik gabe, artista izango zarela pentsatzen duzu, baina denborak aurrera egiten duen neurrian artista izatearena “fondoko” lasterketa bat dela ohartzen zara. Dena den, egia da oso gauza handia dela maite duzun zerbait zure lanbidea bilakatzea; munduan dagoen gauzarik onenetakoa da. Niri lanera etortzea ez zait batere kostatzen, beharra sentitzen dut. Nik hau maite dut, bakarrik egon, nire gauzatxoak egin... droga bat bezala da. Autista puntu bat daukat. Orain konturatu naiz gogorra dela artista izatea. Noizbait atentzioa ematen didate haur batek oso ongi margotzen duelako. Baina haurrak ongi margotzeak ez dauka baliorik, bere lagunak jolasten duten bitartean bera margotzen jarraitzen badu, orduan bai, artista izan daiteke. Beste gauza guztien gainetik zure munduan egotea gustatu behar zaizu: berdin dio zer egiten, izan daiteke pieza txiki baten diseinua, koadro baten zirriborroa... Gainera, honi munduko ordu denak eman behar zaizkio. Futbolarekin alderatzen dut nik, badaude Champions txapelketan jokatzen dutenak, baina gehienak hirugarren mailako talde batean aritzen dira. Nik erdi profesionala izatea lortu dut eta ohartu naiz gogorra dela, segurtasunik ez duelako. Orain bai, gauzak ongi joan daitezke, baina ez dakizu bihar zer gertatuko den. Modan ez bazaude baztertua gelditzeko arriskua daukazu.

Hain ezegonkorra da artea?

Joan Hernández Pijoanekin ikasteko aukera izan nuen. Bera 70eko hamarkadan korronte kontzeptualean eragin izugarria izan zuen, izugarrizko arrakasta izan zuen. Nik 50 urte inguru zituenean ezagutu nuen, oso ona zen, eta berak erakutsi zidan basamortua ere existitzen dela. Arrakasta handia izan ondoren, bat-batean bost urtez ez zion inork deitu. Bost seme zeuzkan, eta horrelako kasuetan ahal dena egiten duzula kontatu zidan. Nik ezagutu nuenean berriz ere ospe garai batean aurkitzen zen. Horrelako zerbait artista handi bati gertatzen bazaio, pentsa txikiak garenok zer bizi dezakegun. Horrek beldurra ematen du, batez ere haurrak dituzunean, adin konkretu batera heltzen zarenean... Hor hutsune handia dago, eta ez bakarrik artearen esparruan, antzerkian eta musikan ere gauza bera gertatzen da. Eta ez da kalitatearekin zerikusia duen kontua. Euskal Herrian oso gutxitan gertatu da orain ikusten ari garena, badaudela lau edo bost izen nazioarteko mailan beste kategoria batera pasa direnak.

Eta artistek, zer egin dezakezue?

Artisten aldetik eginbehar bat dagoela uste dut. Artearen hizkuntza moldatu beharko genuke jendeari artea ulertzen laguntzeko. Saiatuko bagina ongi azaltzen, beste harreman bat egongo litzateke. Lehen artea oso metalinguistikoa zen, baina orain jendearekin konpartitzeko garaia heldu da. Badaude nazioarte mailan garrantzia duten euskal artistak. Besteak beste, Ibon Aranberri, Sergio Prego, Itziar Okariz edo Jon Mikel Euba, nire belaunaldikoak. Hauetaz gain, hor daude Txomin Badiola, Peio Irazu edo Juan Luis Moraza, J.R. Amondarain ahaztu gabe. Guztiak oso momentu onean daude, nahiz eta gazteak hobeto ari diren. Ibon Aranberrik, adibidez, oso jauzi handia egin du Kasselgo Documentan (Alemania) eta Basilean (Suitza). Lehenengo mailan dago eta, besteak beste, Erroman edo Berlinen erakutsi ditu bere lanak.

Artistek beren lana azaltzeko lan berezi bat egin behar dutela diozu, baina, hemen, Euskal Herrian, erakundeek eta gizarteak artea barneratzeko egiten duten ahalegina nahikoa dela esango zenuke?

Ni ez naiz politikaz fidatzen. Besteak beste, lau urteko epeak markatzen dituzte eta artea urte askotarako pentsatu behar da. Luzerako bideak egin behar dira. Alemanian eta Estatu Batuetan artista garrantzitsuenek unibertsitateetan eskolak eskaintzen dituzte, baina hemen ez da horrelakorik egiten. Bernardo Atxaga, adibidez, Estatu Batuetako Renon dago orain eskolak ematen, eta Euskal Herrian ordea ez du inoiz horrelakorik egin. Egoera hau lotsagarria iruditzen zait, baina ez du inork ezer esaten. Atzerrian kultura arloko profesional onenak unibertsitatearekin harremanetan daude. Ziur nago etorkizunean Ibon Aranberrik atzerriko unibertsitateren batean irakasle gisa arituko dela. Jon Mikel Euba, adibidez, Holandan dago orain, gonbidatu gisa tailer batzuk eskaintzen. Hemen, aldiz, ez dute ezer egiten.

Non dago artearen poztasuna? Zerk asetzen zaitu?

Nire estudioan sartzea gustatuko litzaidake orain, eta bertan Gabonak arte egon. Poztasuna egiten dudanarekin konforme egotea da. Egiten ari naizena eta pentsatzen dudana bat datozela ikustea, gustura gelditzea. Eta ni oso gutxitan gelditzen naiz gustura egiten dudanarekin.

Zorrotza zara zure buruarekin?

Egin dudana berriz ikustea ez zait gustatzen. Egitea bai, baina ondoren arrastoak iruditzen zaizkit sortutako lanak. Beti gelditzen da “nahi baina ezin...” sentimendu hori. Lan asko ez nituzke berriz egingo egin ditudan moduan. Erakusketekin gauza bera gertatzen zait, erakusketa baten dena ongi dagoela dirudien arren, niretzat ez dago ongi. Apustu handiak egitea oso garrantzitsua da, eta apustuak handiak direnean hanka sartzeak ematen dira. Baina hanka sartzea egoteak benetan jokoan dagoela esan nahi du. Diskurtsoa perfektua baldin bada ez da zinezkoa, baina diskurtso horretan pitzadurak badaude, iraganean edo etorri behar diren gauzetan sartu zarela esan nahi du. Ez dituzu kontrolatzen, baina freskotasun hori da garrantzitsua. Emaitza askoz ere apurtuagoa baldin bada, ahal duzun dena ematen baldin baduzu, lasai gelditzen zara zeure buruarekin. Nik nahiago ditut akatsak guztiz amaituak dauden gauzak baino.

Arriskuak maite dituzu, beraz.

Bai. Ni hanka sartzen duen baina intentzioa mantentzen duen artistarekin gelditzen naiz.

Baina hanka sartzeak krisialdia ekar dezake.

Baina krisialdiak erakusten du. Krisialdian egotea beharrezkoa da. Krisia aldaketa da eta hori guretzat beharrezkoa da. Aldatzeko prest ez baldin bazaude, akabo. Gauza bat da beste itxura batekin duela bi urteko lana erakustea, eta beste gauza bat da tripak erakustea. Nik pentsatzen dut sekula ez naizela aldatzen, eta beti berdina naizela. Koldo Mitxelenan erakutsi ditudan lanak zalantzez josita daude. Eta ni zerbaitekin gelditu behar baldin banaiz, egin dudan apustuarekin da.

Zure burua pintoretzat daukazula aipatu izan duzu.

Pintorea naiz edo, behintzat, pintorearen ikuspuntuarekin egiten dut lan. Ikusteko modu batez ari naiz, eta hori ez da inoiz aldatzen, nahiz eta beste diziplina batzuetan aritu. Nik gauza ezberdinak egin ditzaket, baina ikuspuntua beti da berdina. Egia da arkitekturak eragina izan duela nire sormenean. Anaia arkitektoa da eta orain, adibidez, pinturako liburuak alde batera utzita, arkitekturako liburuak erosten hasi naiz, pintura aldetik heltzen zaidan diskurtsoa ez dudalako ulertzen. Ez dakit non amaituko dudan, baina hori ere beharrezkoa da. Orain nire diskurtsoa puskatu egin da. Lehen bazirudien militantzia bat zegoela pintura aldetik, bertan jarraitu behar nuela, baina orain ez naiz horrela sentitzen.

Multidiziplinarietateaz toki askotan hitz egiten da.

Bai, baina nire lanetan pintura ikusten dut. Planteatzeko moduak edo pintura noraino heldu daitekeen pentsatzeak ez dute mugarik. Nire ideia berriz koadroari itzultzea da, baina buelta bat beharrezkoa dela iruditzen zait. Beti izan naiz pintore eta pintura da abiapuntua nire lan guztietan. Nire lan egiteko modua pintura da. Margotu, hori da hasieran egiten dudana.

Non aurkitzen duzu inspirazioa?

Oso liburuzalea naiz. Nire paisaia, orain asko zabaldu den arren, arte katalogoetan aurkitu izan dut. Eta hori Artelekun ikasi dut. Izan ere, bertako liburutegiak ate handiak zabaldu baitizkit. Internet erabiltzen dut, baina liburuekin lotura berezi bat daukat. Kanpora maiz ateratzen naiz eta liburuak ekartzen ditut.

Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketan aurreko urteetan egindako lanak erakutsi dituzu berriz, joera horretan jarraitzea gustatuko litzaizuke?

2004. urtetik egindako lanak erakutsi ditut Donostian. Eraikineko estrukturak eskatzen zidan espazio bakoitzean lekukotasun eta proiektu berezi bat erakustea. Zein koadro non eta zein testuingurutan jartzeak oso diskurtso ezberdinak izan ditzake, eta maiz, guzti hori komisarioak erabakitzen du. Azken erakusketa honetan ni izan naiz nire komisarioa, izan ere lan hori artistak egin behar duela uste dut. Artistak erabaki behar du bere obrak erakusteko modua, diskurtsoa artistaren eskutan egon behar da. Bestela, zer gara, objektu egile soilak? Eta diskurtso hori josteko edo egiteko ez dira beharrezkoak sormen berriak, iraganeko materialekin egin daiteke diskurtso berri bat. Beti berria dena erakutsi behar denaren sinesmenarekin amaitu behar dela uste dut. Koadro zahar bat erakusketa berri baten erakustea berritzailea izan daiteke, planteamendu eta esanahi berri bat hartzeko gai delako.

Pertsona helduek ulertzen ez duten artea irain gisa hartzen dutela esan duzu.

Guztiok gauza bera ikusi dezakegun arren, bakoitzak ulertzen duena pertsonala da. Garrantzitsuena zera da, artistak egin duena ikuslearekin harremanetan jartzen dela, eta pertsona bakoitzarekin modu berezian egiten du hori. Artistak asmo konkretu batekin egin dezake baina jendeak oso gauza ezberdinak barneratu ditzake. Azkenean ez da hain garrantzitsua gauza horren bitartez esan nahi duena, baizik eta gauza horrek zer esaten duen.

Noiz jakin zenuen artista izango zinela?

Egia esan, ez dakit noizbait aukera egin dudan. Txikitatik egon naiz mundu honetan sartua, baina askotan galdetu izan diot neure buruari zer gertatuko litzatekeen utziko banu. Egia esan, bizitzaren gauza gehienetan ez dakit noizbait erabaki handirik hartu dudan edo ez. Erreka baten nago, errekak eramaten nau. Imanolen abesti oso polit bat dago horren inguruan hitz egiten duena. Bizitza erreka bat dela esaten du kantak eta nik ere modu honetan sentitzen dut.

Eta artista izango ez bazina?

Ez dakit zer izango nintzateke. Agian ezin naiz beste gauzarik izan.

Zein da zure desioa? Honek funtzionatzea. Orain ez nago inon. Batzuk esaten dute nik gauza asko lortu ditudala, baina nik esango nuke ez itotzea lortu dudala. Gainera, bi lorpen ezberdin daude: arrakasta lortzea edo zeure buruarekin ados egotea. Berrogei urte bete ditut eta egin dudana begiratzen dudanean, ezer ez dudala egin iruditzen zait. Lehen pentsatzen nuen helduko zela momentu bat esango nuena: “jada, banaiz; egina nago”. Baina ni ez naiz oraindik egin, bidean nago. Hazten nagoela uste dut. Karrera amaitu ostean artista izatea nahi nuen eta horretan saiatzea erabaki nuen. Nire irakasleei galdetzen nien ia ona nintzen, txarra izango banintz artearen mundua utziko nuelako. Oraindik modu horretan pentsatzen jarraitzen dut. Manu Muniategiandikoetxea (Bergara, 1966) Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Arte Ederretan lizentziaduna pintura eta eskultura espezialitateetan. 1992 eta 1995 urteen artean bere formakuntza osatuko duten hainbat tailer egingo ditu Donostiako Artelekun. Hala, Adolfo Schlosser-en tailerrean, Joan Hernández Pijoan, Pepe Espaliu eta Jürgen Partenheimer-ekin lan egin zuen. 1994 urtean Ángel Bados-en tailerreko partaide izan zen eta Txomin Badiolarekin ere lan egin zuen. Gainera, Pepe Albaceteren hirugarren tailer bateko partaide izan zen. Guztia Artelekun. Bere prestakuntza artistikoa hedatu duten hainbat beka jaso ditu. Besteak beste, hainbat erakusketa kolektiboetan parte hartu du, Madrilgo ARCO’06-en egin zen “Dieciseis Proyectos de Arte Español” izenekoa barne. 2005ean Madrilgo Espacio Mínimo Galerian “Orain” izeneko banakako erakusketa egin zuen eta 2004ean Chus Martínez komisariarekin “Ni ez naiz hemengoa” izenekoa egin zuen Bilboko Rekalde Aretoan. 2008ko maiatzean “Behar Gorria Primavera Azul” mostra egin du Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Txema Muñoz. Kimuak-eko zuzendaria: Askoz ere interesgarriagoa da film labur bat euskaraz filmatzea ingelesez baino

 

Irakurri

Txema Auzmendi. Kazetaria eta jesuita: Pertsona besteekin harremanak izatean aurkituko duen sufrimendua konpartitzen ikasten badu, gero eta gizatiarragoa izango da

 

Irakurri

Mirentxu Purroy. Kazetaria: Ezin dugu gure izaeraren mami osoa degradatzea onartzen jarraitu

 

Irakurri

Borja Cobeaga. Zinema-zuzendaria: Bi euskal film labur Oscarretarako hautagai izateak eragin handia izan du; jendea ohartu da hau serioa dela

 

Irakurri

Eider Rodríguez. Idazlea: Jatorrizkoan ezin denean, munduko literatura euskaraz irakurri nahi dut

 

Irakurri