Mikel Valverde: "Zerbait kontatu nahi dudala iruditzen zait, eta komikiak horretarako bide ematen dit"

1999-12-23

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Mikel Valverde Mikel Valverde, marrazkilaria "Zerbait kontatu nahi dudala iruditzen zait, eta komikiak horretarako bide ematen dit" * Maria Agirre Istorioak komikien bidez kontatzea du gustoko Mikelek, hauxe baita ondoen erabiltzen duen bitartekoa. Zorte kontua omen da bere komikiak Tmeo, Ipurbeltz eta Garako Zazpika aldizkarian argitaratzeko aukera izatea, gogoan baitauka, langabezian igarotako hiru urteetan istorio bat kontatu nahi eta ezin izatea. Dena den, 33 urteko gasteiztar honek Bernardo Atxagaren mailako idazle ezagunen liburuetako marrazkiak ere egiten ditu, eta Bambulo sortu dute bien artean, batari zein besteari eta marrazkigileari batik bat ate asko zabaldu dizkien txakurra. Zein izan da zure nondik norakoa? Institutuan ikasle nintzela, 14 urterekin, komiki bat aurkeztu eta sari bat irabazi nuen, eta Gurasoen Elkarteko lehendakariak etxera deitu zidan, esanez bikoitza emango zidatela ikasten jarrai nezan, izan ere, marrazkia asko gustatu zitzaien, baina istorioa are gehiago, eta gauza gehiago egiten jarraitzeko aholkatu zidan. Oso garrantzitsua da balioetsi egiten zaituztela ikustea, eta sariak aurrera jotzera animatu ninduen. Geroago, 16 urterekin, tebeoak egiten zituen jendea ezagutzen hasi nintzen, komikia underground zen garaian. Hemen ez da sekula Frantzia, Belgika edo Estatu Batuetan bezalako komikiaren tradiziorik izan. Horrela hasi nintzen gero Tmeo sortuko genuen jendea ezagutzen. Arte Ederretako ikasketak egin ditudan arren, komikiari dagokionez autodidaktatzat jotzen dut nire burua. Zerbait ikasi nuen karreran zehar egia esan egunero ikasten da zerbait , baina ez naiz Arte Ederrak ikasi nituen garaiarekin identifikatzen. Hobeto moldatzen omen zara umore zuriarekin. Zer da zehazki? Nik uste dut umore zurian mezuak askoz ere sakonagoak direla, baina ez hain efektistak. Ikuspuntu ez efektista batetik lan ditzaket sexua, rock a eta drogak bezalako gaiak. Grazia gehiago dut umore zuriko istorioak kontatzen, baina ez dutklasikoa naizenik uste. Zine komikoa, adibidez, umore zuriaz baliatzen zen, eta erotismoa ez zen hain agerikoa. Nire istorioetan, trikimailua eta pertsonaiaren izaera dira gailentzen direnak. Ez dut esan nahi sakonagoak direnik, baina garrantzia gehiago ematen diot trikimailuari, gidoiari. Zein da gehien eragin zaituen eskola? Frantsesa. Komiki frantsesetan istorio onak, gidoi onak eta marrazkilari onak aurkitu ditut; pertsonaiak dituzten istorioak. Komikiak egiterakoan pertsonaiak marrazten ditudala esaten didate, eta irudiak egiten ditudanean ere bai. Bestetik, zinea ere erreferentzia handi bat da niretzako. Hamar minuturen buruan pertsonaiaren izaera ezagutzeko parada ematen dizuten pelikulak gustatzen zaizkit. John Ford ek bikain egiten zuen hori. Komikiak eta liburuetako ilustrazioak egiten dituzu. Zein da bietan errazena? Ezer ez da erraza. Atseginena zein den? Nik uste dut literatura eta pinturaren tarteko adierazpide bat dela komikia. Ilustratze lana, berriz, piktorikoagoa da, eta askatasun gehiago ematen dit. Batzuetan binetek apur bat presionatu egiten didate eta ez naiz hain piktorikoa izaten. Esan bezala, gidoiari ematen diot nik garrantzia, eta zenbaitetan binetek mugatu egiten naute. Orain bertan, Gara ren Zazpika aldizkarian komikietarako orri bat edukitzearen zoria daukat, baina erabat desberdinak dira bata eta bestea. Ilustrazioan piktorikoagoa naiz, eta aitortu behar dut komikien kasuan, bineten artean egonik, estetikak garrantzi gutxiago daukala. Komikiek elkarrizketak dituzte, eta asko mugatzen dute askatasuna. Zer den gehien gustatzen zaidana? Komikietan atsegin dudana da neroni naizela gidoigilea, eta denbora batean komikirik egiten ez badut, gaizki sentitzen naiz; zerbait kontatu nahi dudala iruditzen zait, eta komikiak horretarako bide ematen dit. Ondoen menperatzen dudan adierazpidea da. Nolanahi ere, hilabete oso batean zehar komikia besterik ez banu egingo, aspertu egingo nintzateke. Piktorikoa ere behar dut. Ilustrazioak, giroak sortzenlaguntzen dit, eta komikietan leku faltan izaten naiz batzuetan. Binetek, laukiak izanik, mugak ezartzen dizkidate. Komikia eta ilustrazioa uztartzea gustatzen zait. Zein pertsonaia sortu ditu Mikel Valverdek? Finkoak, edo behintzat orain argitaratzen ditudanak, Xola eta Bambulo dira, Bernardo Atxagarekin, eta Jonas, Juan Cruz Igerabiderekin. Eta, nire pertsonaiak, Gara n argitaratzen dudan Andres Errinozeroa, eta Ipurbeltzeko Josemari Nekazari dira. Azken honentzat pertsonaia berri bat asmatu berri dut: Angel Mari robota, umore puntu bat emango diona, izan ere torlojuzko ogitartekoak jango ditu, olioa beharko du eta beste ikuspuntu bat izango du, beste sentimendu batzuk. Zergatik aukeratzen dituzu animaliak? Animaliek joko handia ematen dute: batzuetan pertsonek bezala jokatzen dute, bestetan animaliek bezala.Bi hankatan nahiz lautan ipin ditzakezu. Igel bat putzu batean egon daiteke, eta aldi berean pertsona batek bezala hitz egin eta jan. Noiztik ezagutzen duzu Bernardo Atxaga, eta noiztik ilustratzen dituzu bere liburuak? Elkarlanean hasi baino lehen, lagunak ginen. Garziarenan hasi nintzen berarekin lan egiten, eta egunen batean zerbait egin genezakeela pentsatu genuen. Dezente lagundu dit Atxagak, eta nahiko fido naiz bere kontseiluekin. Beti garbi hitz egin dit, beti babestu nau, eta konfidantza eman dit beharrean nintzenean, orain lana baitaukat, baina gabe ere egon naiz. Konplizitatea eta elkar aditzea dago bion artean; anaien arteko harremana dugula esango nuke. Liburuak egiteko, bildu eta batera aritzen gara lanean; bakoitza bere etxean, baina batera. Lehenik eta behin, zer idatz dezakegun pentsatzen dugu, eta konfidantza dugunez, nik zenbait gauza iradoki diezazkioket, eta berak niri ere bai. Atxagarekin ilustratu nuen lehen liburua Xola izan zen; lehenengo euskaraz argitaratu genuen, eta ondoren gazteleraz, katalanez, frantsesez, alemanez eta turkieraz. Gero, BBKrako proiektu bat lortu zuen Atxagak, eskolarako agenda bat egitean zetzana, eta irudigileani izatea nahi zuen; orduan, pertsonaia batzuk sortu genituen, eta protagonista Markoni izeneko txakur bat izango zela erabaki genuen. Lehenengo agenda horren ondotik beste bat etorri zen, eta neronek jarraitzen dut BBK ko eskolarako agendako irudiak egiten. Iaz argitaratu genuen Bambulo, Markoni da berez. Gustura sentitzen al zara haur eta gazteentzako liburuetako irudiak marrazten? Oso gustura, zeren eta, nire hastapenetara itzuliz, umore zuria egiten nuenez, nire komikiek merkatuan oihartzun handiegirik ez zutela esaten zuten. Orduan, testuliburuetako irudiak egiteari ekin nion. Umore puntua da haur eta gazteentzako liburuak erakargarri bihurtzen dituena; niri gustatzen zaidan umorea, hain zuzen ere. Espresibitatea, exagerazioa, aurpegiak, mugimendua... dira nire marrazkien ezaugarri, eta oso gustura aritzen naiz arlo horretan. Umorea eta umorismoa ez dira gauza bera, eta niri umorea gustatzen zait, ez barre erraza. Atxagaren ilustratzailea zarela esan al dezakegu? Ez zait axola, baina bera idazlea da eta ni irudigilea naiz. Batera egiten dugu Bambulo, baina berak bere idazle karrera du; ez du Bambulo soilik idazten, ezta nik Bambulo soilik irudikatzen ere. Hala ere, ez dira Atxagaren testuak irudikatu ditudan bakarrak; Juan Cruz Igerabideren "Jonas eta eskailu beldurtia" eta "Jonasen penak" liburuetako irudiak ere egin ditut, aurtengo haur eta gazteentzako literaturako Euskadi saria jaso dutenak. Kasu honetan, biontzat izan al da saria? Saria ez da irudigilearentzat, idazlearentzat baizik. Katalunian bai, baina Euskal Herrian ez dago bereziki irudigileontzat den saririk. Kasu honetan, literatura saria da. Gustatuko al litzaizuke ikus entzunezko arlora salto egitea? Bai, agian bai; hala ere, litekeena da sekula ez ematea. Azken finean, tebeoak egiterakoan, kamera alde batetik bestera mugitzen ari zara. Zinean pentsatzen dut, baina baita literaturan ere. Nola ikusten duzu komiki eta irudigintzaren egoera Euskal Herrian? Urte gutxitan gauza asko egin dira; hamarurtetan ikaragarrizko aurrerapausoak eman dira. Kontuan hartu behar dugu aurrera goazela, eta balioetsi egin behar dugu, baina maila jaitsi gabe. Fenomeno berri bat gertatzen ari da mundu euskaldunean; euskarri batzuk ditugu, hala nola Egunkaria, eta bertan Mattinek eta Olariagak irudi bat argitaratzen dute egunero, eta horrela egunero goza dezakegu beren irudiekin. Mattin, egunero lanean arituz, ikasten ari dela esango nuke, eta oso kalitate ona duela. Gainera, Euskal Herriak daukan abantailetako bat, aniztasuna da: asko gara, eta denok desberdinak. Horrela asko ikasten da. Nortzuk izan dira aitzindariak? Antxon Olariaga eta Jon Zabaleta. Nitaz eta Bambuloren arrakastaz hitz egin dugu, baina izan dira beren lana balioesten ez zen garaietan lanean aritu diren zenbait irudigile, hala nola Olariaga, duela 15 edo 20 urte ez baitzen merkatu editorialik, eta hizkuntzaren aldetik zailtasunak zeuden. Asko gustatzen zait berak egiten duena, zeren eta ikertu egiten du, arriskatu egiten da, ez du estiloa aldatzen, baizik eta estilo eta teknika desberdin batzuen bidez ikertzen du. Maisu bat da eta errespetua diot; ez ni baino zaharragoa izateagatik, asko dakielako eta profesional on bat delako baizik. Ez nuke hau berari egindako omenaldi baten modura ikusterik nahi, oraindik urte askotarako izango baitigu Olariaga. Zer duzu esatekorik Euskal Herriko komiki aldizkariez? Napartheid eta Tmeo aipatuko nituzke. Aldizkari eta fanzine asko daude, eta zentzu honetan, Euskal Herriko jarduera oso ona dela esango nuke. Gainera, euskarri berriak azaltzen ari dira. Asiskok orri erdi bat argitaratu ohi du Gara n, eta horrela bere lanak ikusteko aukera daukagu. Aizu n Patxi Ugarte aritzen da. Mugimedua somatzen dut, egonezina. Artistatzat al duzu zure burua? Ez. Sortzailetzat bai, baina ez artistatzat, hitzak egun daukan zentzuan. Artisau bat, profesional bat naizela esango nuke. Egun batzuetan sortzaileagoa naiz, eta beste batzuetan arotz baten modukoa. Nire lanbidea da eta asko gustatzenzait. Bizitzeko adina ematen al du? Orain bertan hauxe da nire diru iturria, baina hiru urte eman ditut langabezian. Gogorra da kontatzeko zerbait izan eta kontatzeko aukerarik ez izatea; hori ez zait sekula ahaztuko. Bestalde, jendeak uste du egun batean egunkarian azaltzeagatik konponduta daukazula bizitza, eta ez da horrela. Bambuloren atzean lanean emandako bi hilabete daude, baina urteak halako beste hamar ditu. Pozik nago nolanahi ere, lanaren aldetik jarraitasuna ematen didaten gauza batzuk dauzkat eta; batzuetan gehiago gustatzen zaizkidanak, besteetan gutxiago, baina zortea izan dut, eta, halaber, Bernardo Atxaga, Juan Cruz Igerabide, Patxi Zubizarreta eta Mikel Garmendiaren istorioak irudikatzeko aukera. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 60.zbk (1999 12 23 / 2000 1 7) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Vaham Sarkisian: "Trajikoa da Euskal Herrian armeniar kulturari buruzko lan bat ere ez egotea"

 

Irakurri

Javier Armentia: "Zientziak, beste pentsamendu sistema batzuek baino askoz ere lehenago ematen du amore"

 

Irakurri

Antton Valverde: "Herri honetan oso merkatu txikia dugu. Zaila da musikatik bizitzea"

 

Irakurri

Xabier Amuriza: "Bertsolaritza berez norgehiagoka bat da, eta hori barik ez luke zentzurik izango"

 

Irakurri

Gorka Salmeron: "Niretzat argazkigintza bizio bat da"

 

Irakurri