Vaham Sarkisian: "Trajikoa da Euskal Herrian armeniar kulturari buruzko lan bat ere ez egotea"

1999-12-17

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Vaham Sarkisian Vaham Sarkisian "Trajikoa da Euskal Herrian armeniar kulturari buruzko lan bat ere ez egotea" * Maria Agirre Hizkuntzalaria, filologoa, hispanista, eta, batik bat, euskalaria dugu Vahan Sarkisian. Armeniar Euskal Ikastetxeko zuzendariak, lan asko eta denbora gutxi dauzkala aitortzen digu; izan ere, ez dauka batere helburu makala: aitzina, euskara eta armenierak hizkuntza unitate bakar bat osatzen zutela dio, eta bi hizkuntzon lehenagoko egoera hori berreskuratu nahiko luke. Nahiko puzzle konplexua osatu nahi du, baina Armenian erabiltzen den ter orgomia izeneko arrosario tankerako baten laguntzari esker, kontzentratzea eta oreka mantentzea lortzen du. Nor da Vahan Sarkisian? 45 urte ditut eta Erevan en bizi naiz, Armeniar Errepublikako hiriburuan. Estatuko Unibertsitatean zibilizazio espainiarrari eta itzulpengintzaren teoriari buruzko eskolak ematen ditut; Erevan go Estatuko Unibertsitateko Armeniar Euskal Ikastetxeko zuzendaria naiz, eta Araxses izeneko armeniar euskal nazioarteko aldizkaria zuzentzen dut. Gainera, duela gutxi Armenian sortu berri den Nazioarteko Hizkuntza Akademia erakunde zientifiko kulturaleko lehendakaria ere banaiz. Zenbat hizkuntza menperatzen dituzu? Gutxi, egia esan: armeniera (nire ama hizkuntza), errusiera, gaztelera eta frantsesa. Eta ingeles eta italiera pixka bat. Dagoeneko desagertuta dauden zenbait hizkuntza ere ezagutzen ditut, eta latina ere bai, noski. Gutxi iruditzen al zaizkizu? Burutu nahi dudan lana egiteko, askoz ere gehiago ezagutu beharko nituzke. Eta euskara? Zoritxarrez ez dut hitz egiten, baina ulertzen eta ezagutzen dut. Hitz egizu Armeniari buruz. Nolakoa da? Herrialde asiar bat da, zibilizazio desberdinen tartean dagoena. Armenian amaitzen da Europa eta hasten da Asia, eta alderantziz. Desagertuta dauden zibilizazio desberdin askoren elementuak jasotzen ditu bere baitan, eta, nolabait, kultura horien oinordeko nagusia da. Berez nahiko kultura heterogeneoa da armeniarra, baina kutsueuropar argikoa, kristaua da eta. Inbasio musulmanak jasan zituen arren, bere horretan mantendu du kristautasuna. Zaila da Armenian zenbat biztanle dauden zehaztea, mugimendu handiko lekua baita, baina hiru milioi pertsona baino gehiago bizi direla esan daiteke. Paisaia Euskal Herrikoaren antzekoa da, eta izen asko berdinak dira; alegia, geografia eta hizkuntzaren aldetik, egoera berbera dute. Armenian Araxses izeneko ibai bat dago (Nafarroan bezala), Deba izeneko beste bat (Gipuzkoan bezala), eta abar. Ehundaka antzekotasun daude. Noiz izan zenituen euskarari buruzko berriak lehen aldiz? Duela 25 bat urte. Gazteleraren azpigeruza aurrelatindarra aztertzen ari nintzela, euskarak eta hizkuntza aurre erromanikoek gaztelerarengan izandako eraginari buruzko konparaketa batzuk iritsi zitzaizkidan, eta horretan gehiago sakontzeari ekin nion, horren inguruko libururik apenas zegoen arren. Zenbait euskalarirekin harremanetan jartzea lortu nuen: Jose Maria Satrustegi, Enrike Knörr, Arana Martija... Euskararen eta armenieraren arteko harremanari buruzko ikerketak egin dituzu. Zer adierazi nahiean zabiltza? Zer dira euskara eta armeniera: neba arrebak, lehengusuak...? Duela 70 urte, Joseph Karst hizkuntzalari aleman ospetsuak oso azterketa garrantzitsuak gauzatu zituen, eta honako ondorioa atera zuen: euskara eta armeniera, hizkuntza enbor bereko bi aldaera direla, ia batere aldatu ez direnak. Neba arrebak dira beraz. Eta tesi hauxe defendatzera nator, datu eta proba berriekin. Armeniarrak eta euskaldunak, kultura eta hizkuntzari dagokionez, elkarrengandik oso hurbil daude. Familia erromanikoan hizkuntza neolatinoek antzekotasun eta desberdintasunak zeuzkaten bezala, halaxe dauzkate euskarak eta armenierak ere; batzuetan hainbesteko antza daukate, itzultzailearen beharrik gabe ere ulertuko geniokeela elkarri, gaiaren eta pertsonen xedagarritasunaren arabera, jakina. Euskaraz zein armenieraz berdinak diren hitzen zerrenda bat egin dut, eta 600 dira gutxi gorabehera. Hitz horieiesker erraz asko komunika gaitezke; euskararen eta armenieraren berezitasunak besterik ez genituzke ezagutu beharko. Kontua da euskarak eta armenierak beren originaltasuna gorde dutela, eta nondik etor ote litezkeen jakin nahi dugu orain. Ikerketa honek, beharbada, bi herrialde hauek elkarrengandik urrundu izanaren arrazoiren bat iradoki diezaguke. Nire ustez, aitzina kultura euro asiar handi bat zegoen, gero beste elementu arrotz batzurekin nahastu zena, eta orduan erabat bereiztu ziren euskara eta armeniera; horren ondorioz, aitzinako kultura honen bi irla garrantzitsu ditugu gaur egun. Litekeena da gehiago ere egotea, baina ezaugarri hauek oso eraldatuta daude beste kulturetan. Noraino iritsi nahiko zenuke zure ikerketen bidez? Nire egiteko nagusia, desagertu zen hura berregitea da; hau da, armenieraren eta euskararen protohizkuntza komuna berregitea. Aitzina hizkuntza unitate bakar bat osatzen zuten, eta ez bi. Armenieraren eta euskararen aitzinako egoerara heldu nahiko nuke. Kristo aurreko laugarren edo hirugarren milurtekoraino jo beharko dudalakoan nago. Nahiko zeregin zaila da eskuartean daukazuna. Ondo antolatzean dago gakoa, zeregin honek aldebakarrekoa izan behar du eta. Nahiko ongi ezagutzen dut euskara arlo honetan lan egin ahal izateko; dagoeneko euskalaritzari buruzko hogeita hamar liburu argitaratu ditut, eta euskal kulturaren inguruko zenbait liburu armenierara itzuli. Ondorioz, nire herrialdean dezente ezagutzen da euskal kultura, eta ikerlariek badaukate lanean aritzeko moduko materialik. Baina, zer gertatzen da hemen? Ezertxo ere ez. Euskal Herrian ez dago Armeniari buruzko ezagutzarik. Oraindik ez dago kultura armeniarrari buruzko liburu bat bera ere euskaraz; deus ez hizkuntzalaritza edo literatura armeniarraren inguruan. Trajikoa da benetan. Armenian euskal hizkuntza eta kulturari buruzko liburu batzuk dauzkagu, eta hemen gauza berbera egin beharko litzateke. Ez dago orekarik, eta horrela ezin da lanik egin. Ikusten al duzu egoera aldatzekomodurik? Erabat aldatzeko aukerarik ez, baina neurri serioak ari gara hartzen hutsune hori hein batean bederen betetzeko. Alde batetik, euskara armeniera eta armeniera euskararen bi hiztegi egin behar dira, eta bestetik, gramatikako bi eskuliburu. Hau guztia, elkar ezagutzen hasi ahal izateko. Zein erakunderen babes ekonomikoa jasoko du proiektu honek? Lehenik eta behin esan nahiko nukeena da Armenian lortu den guztia, zailtasun ekonomiko larrien tartean egin dela. Hango bizi maila hemengoa baino askoz ere apalagoa da, eta bertan ez daukagu ez lekurik, ez eta lanarekin aurrera egiteko modurik ere. Dena den, oso garrantzitsua da egoera horretan lortu dugun guztia: Jose Mari Satrustegiren euskal mitologiaren antologia handi bati buruzko 5.000 ale ditugu armenieraz, eta baita ere Euskal Errefrauen Bilduma, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae... Hala ere, inork ez dit galdetzen hori guztia nola lortu dugun. Denak pozik daude egiten ari naizen lanarekin, baina inork ez dit galdetzen nola egiten dudan. Erantzukizun hori nirekin elkarbanatuko duen lankidetza euskalduna behar dugu, materialki zein moralki. Albiste onak jaso ditugula dirudi, izan ere Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariarekin hitz egin dugu, eta euskara armeniera hiztegia eta gramatika eskuliburuaren proiektuak sustatuko dituela hitz eman digu. Ea ezer lortzen dugun! Hiztegia Enrike Knörrekin batera egingo dut, eta gramatika eskuliburua, berriz, Jose Maria Satrustegirekin. Armeniar Euskal Ikastetxeko filologo zaitugu. Zein da gune horren egitekoa? 1994ean eratu zen, Armeniako diru laguntzari esker. Uneotan bost kolaboratzaile ditu, eta Araxses armeniar euskal aldizkaria kaleratzen du. Armeniako Gobernuak, baldintza ekonomiko negargarrietan baina, ikastetxea eta aldizkaria bost urtez mantentzea lortu du; horrek aditzera ematen du gure gobernuak seriotasun handiz hartu duela gai hau bere gain. Euskalaritza gure gobernuaren politika zientifikoaren barne dago ofizialki. Hala ere, arazo larriaksortzen hasi zaizkigu, zeren eta euskaldunen aldetik erantzun ofizial seriorik jasotzen ez dugunez, ikastetxean egiten dugun lanaren erabilgarritasuna zalantzan jartzen hasia da gobernu armeniarra. Etorkizunerako diru laguntza dago jokoan. Hemengo lagun batek, Luis Zamakona Azkuna industriariak, hiru argitalpen finantzatu dizkigu jada, baina, jakina, ezin du proiektu handietarako diru laguntzarik eman. Izan al duzu inolako harremanik Eusko Jaurlaritzarekin Euskal Herrira egindako ikustaldi honetan? Ez. Barkatuko didazu, baina nire mailako ikerlari batek ezin du atez ate diru eskean ibili. Egin behar izan dut halakorik, eta zenbait ezezko ofizial jaso ditut. Baina, bitxia bada ere, euskal ofizialtasunaren axolagatasun honen aurrean, Espainiako Gobernuak euskalaritzako beka bat eman zidan akitaniar euskal armeniar proiektu bat garatzeko. Beraz, hara zein den egoera: euskalaritza Armeniako hizkuntza politikaren barne dago, eta, euskal armeniar arazoa, Madrilgo politika ofizialaren baitan. Euskadik, bien bitartean, ez du deus esaten. Bitxia benetan. Britainia Handiak, Frantziak eta Alemaniak enbaxadak dauzkate Armenian; ba al dakizu zer egiten duten? Urtero milaka liburu dohain banatzen dituzte. Nik, ordea, liburu bat eskuratzeko, eskutitz batzuk bidaltzen ditut, baina ez dut ezer lortzen. Proiektu honetarako, Luis Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegiaren ale bat behar dut (orain bertan Ibon Sarasola azken ukituak ematen ari zaio), baina oso garestia da niretzat. Hiztegi hori erosteko, urte eta erdiko soldata osoa aurreztu beharko nuke. Oraingo honetan ere idatzi ditut eskutitz batzuk, baina gaur gaurkoz ez dut inolako erantzunik jaso. Apur bat haserre eta sumin ikusten zaitut. Apur bat ez, oso. Urtero etortzen zara Euskal Herrira. Nola moldatzen zara ekonomikoki? Orain arte ez naiz sekula gonbidapen ofizial bidez etorri Euskal Herrira, pertsonalaz baizik, eta bitan Espainiako Gobernuak gonbidatuta. Bitxia da, asko jota %20an naizelako hispanista, eta %80an euskalaria. Dena den, ez duzu etsi. Ez, ez. Irabazi egin behar dut, beste aukerarik ez daukat eta. Gehiegizko eszeptizismoa somatzen dut hemen, konfidantza gutxiegi euskal armeniar ikerketaren etorkizunari dagokionez, baina nire baikortasuna hori baino handiagoa dela iruditzen zait. Guda irabazita daukat. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 59.zbk (1999 / 12 / 17 24) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Javier Armentia: "Zientziak, beste pentsamendu sistema batzuek baino askoz ere lehenago ematen du amore"

 

Irakurri

Antton Valverde: "Herri honetan oso merkatu txikia dugu. Zaila da musikatik bizitzea"

 

Irakurri

Xabier Amuriza: "Bertsolaritza berez norgehiagoka bat da, eta hori barik ez luke zentzurik izango"

 

Irakurri

Gorka Salmeron: "Niretzat argazkigintza bizio bat da"

 

Irakurri

Ana María Freire Araújo: "Hesi intelektualak eskoletan oraindik bizirik dirau"

 

Irakurri