Mikel Zurbano eta Zelai Nikolas. Ekonomian doktorea eta legelaria: Lurraldearen etorkizuna bermatzeko beharrezkoa da proiektu bat adostea

2018-04-04

ETXABE ISTILLART, Miren

Lurraldetasunaz ari garenean zertaz ari gara?

Zelai Nikolas (Z. N.): Lurralde batean dauden pertsonak eta persona horien artean sortzen diren harremanak arautu eta antolatzea litzateke. Pertsona horiek gainera, harremanak dituzte bizi diren lurralderarekin eta sortzen dituzten baliabideekin. Lurraldetasuna azken finean litzateke, gure kasuan, Pirineo aldeko bi aldeetan bizi garen herritarrak, gure arteko harreman horiek nola antolatu nahi ditugun erabakitzea. Nik horrela ulertzen dut lurraldetasuna.

Mikel Zurbano (M. Z.): Gizartea, jendartea, alde batetik eta bestetik lurraldea, espazioa bera, eta interakzioa litzateke. Gizartea berak bere burua antolatzeko duen modua, hori ere garrantzitsua da eta baita ere lurraldearen etorkizuna bermatzeko beharrezkoa den proiektu bat adostea neurri batean. Etorkizuna bermatzeko, jendearen berdintasuna eta ongizatea bermatzeko, helburuak finkatu eta proiektua bera ere adostea litzateke hoberena.

Z. N.: Dudarik gabe. Lurraldetasun horretan aniztasuna egoten da, jende diferentea, lurraldeak ere diferenteak izaten dira, eta hori guztia antolatzeko behar ditugun tresnen inguruan gogoeta egiteko aukera ematen digu lurraldetasunak.

Zelai Nikolas

“Lurralde batean dauden pertsonak eta persona horien artean sortzen diren harremanak arautu eta antolatzea litzateke lurraldetasuna”.

Zer nolako gaurkotasuna dauka lurraldetasunaren inguruko eztabaida mundo globalizatu batean?

M. Z.: Lurraldetasunaren auzia, kontzeptua, dinamika, askotan elkarrizketan jarri da globalizazioarekin eta korronte batzuk esaten dute kontraesankorrak direla. Badago beste korronte multzo bat zeinek esaten duen, lurraldea eta tokiko lurraldea, —guk hitz egiten ari garen hori— eta mundua, globalizazioa, txanpon berdinaren bi aurpegiak direla.

Zergatik esaten da hori? Nahiz eta gaur egun dinamika asko, ekonomiko soziala eta ingurugiro dinamikak globalak izan, dinamika horiek gauzatzeko garaian lurrraldean gauzatzen dira eta lurraldetik ematen dira erantzunak. Lurraldearen kudeaketa ahalmena da azken buruan proiekzio soziala, ekonomikoa eta ingurugiro proiekzioa gauzatzen dutenak. Hor baita ere Estatuaren eta ohiko nazio Estatuaren bideragarritasunaren auzia jartzen da, eta horren aurrean tokiko lurraldearen esangura handitu egiten da. Egia da, gaur egun Estatuen esku-hartze alhalmena murriztu egin dela globalizazioaren aurrean eta erantzunak gero eta gehiago tokiko mailan ematen direla. Hori oso nabaria da hiri handietan baina baita ere komunitate oso kohesionatuetan, edo kohesionatu berri diren horietan —uste dut gurea horrelakoa dela—; hau da, identitate handiko tokietan. Kudeaketarako baita ere lurraldearen maila eskala oso inportantea da, hor ematen direlako kudeaketarako eta hurbiltasunerako kudeaketarako tresnak. Eta hor zer ikusia du, jakina, lurralde horrek duen autoeraketarako aukera, subirautza edo burujabetza aukera.

Z. N.: Subiranotasunaz hitz egiten dugunean, askotan kontzeptu abstraktua dela dirudi baina oso kontzeptu konkretua da, erabakitzea da. Erabakitzeko zer gaitasuna daukagu gaur egungo mundu globalizatu honetan? XX. mende hasieran ez bezala, baditugu erakundeak, erabakitzeko esparruak, baina gaur egun dagoen mundu globalizatu honetan erabakiak non hartzen diren oso argi ez dago eta ez dago oso sistema antolatua. Goian hartzen diren erabaki horiek guk nola bereganatzen ditugun eta noiz erabaki dezakegun zilegi diren edo ez.

Lurraldetasunaren gogoeta batek uste dugu eraman behar gaituela ikustera behetik gora nola antolatu daitezkeen erabakitzeko eskala horiek eta hor badira hainbat printzipio. Printzipioz, tokiko arazoei hurbilen dauden agintariek edo erabakiak normalagoak izaten dira, hobeto ulertuak izaten dira eta hobeto kohesionatzen dute. Hortik gora eskala diferenteak daude baina globalizazioak pentsatzera behartzen gaitu zein den bereganatu nahi dugun erabakitzeko ahalmena, ez badugu beste batzuren esku utzi nahi, eta aldiz, beste arlo batzuretan zein arlotan partekatu behar dugun eta partekatze hori ere nola egin nahi dugun gure erabakitze maila erabat ez galtzeko.

M. Z.: Aipatu duzun prozesu guzti hori Europako Batasunean kokatzen da gure kasuan eta printzipio hori nolabait Europar Batasuna berak ere aurreikusten du, subsidietate printzipioa litzateke. Subsidietate printzipio hori mugaraino eramateak esan nahi du, sujetoak diren entitate politikoak onartu eta horiek izatea bere buruari mugak jartzen dizkiona, berak ezagutzen dituelako lurraldeko beharrak eta bertako gizartearen beharrak. Betiere elkartasun printzipio batekin partekatuz, etorkizuna bermatzeko tresnarik hoberena da.

Mikel Zurbano

“Nahiz eta gaur egun dinamika asko, ekonomiko soziala eta ingurugiro dinamikak globalak izan, dinamika horiek gauzatzeko garaian lurrraldean gauzatzen dira eta lurraldetik ematen dira erantzunak”.

Euskal lurraldeen kohesioa eta elkarkidetzari begira zeintzuk dira kontuan hartu beharreko ardatzak?

Z. N.: Lurraldetasunak aurpegi deferenteak izan ditzake eta guk proiektu honekin poliedriko hori ikertu nahi izan dugu hain zuzen: zein kontzetptu aintzat hartu behar dugun, zein alderdi aintzat hartu behar dugun lurraldetasunaz hitz egiteko, munduan egongo bagina edozein tokitan egonda ere, zeintzuk diren kontzeptu horiek. Euskal Herriaren kasuan esate baterako ikusten dugu historiak baduela zer esana, azkenean Euskal Herriaren historian eragina izan du lurraldetasunak eta interesgarria da hau ulertzea edo aztertzea, zein irakaspen atera ditzakegu historiatik gure arteko kohesioa eta lurraldetasuna sendotzeko. Hizkuntzak ere, euskarak, hainbat mapa izan ditu eta hizkuntzak ere badu zer esana lurraldetasun bat antolatzerakoan, harreman horiek sendotzerakoan. Badago globalizazioaren esparru hori, baina badaude baita ere erabakitzeko tresnak, erabakitzeko boterea azken finean, nola antolatu behar dugun lurraldetasun horretan kohesio hori bermatzeko. Herri honek berez daukan garapenerako gaitasun hori ahalik eta ondoen aprobetxatzeko, eta hor hainbat esparru daudela ikusten dugu. Batetik erabakitzeko edo burujabetzaren inguruan, lehenengo erreparatu behar diogu zein erabaki maila nahi dugun eta behar dugun gure aniztasuna kudeatzeko, gure baliabideak kudeatzeko eta gure arteko antolaketa egiteko. Gero bada beste esparru bat, nola partekatu beste esparru batzurekin eta noraino.

M. Z.: Barne dimentsioa, nola antolatu nahi dugun gure burua. Aipatu duzun horrekin ados, zein tresna erabili eta zein punturaino gu gure erabaki ahalmena izatea kanpokoekin gero partekatzeko. Baina hori zertarako nahi dugu? Nik esango nuke hori bideratzeko garrantzitsua dela gizarte inklusibo bat. Nahiko puntu partekatua izan daiteke oso modu zabalean. Gizarte inklusibo bat, kohesio soziala bermatzen duena eta baita ere iraunkortasuna. Lurralde fisikoa, natur baliabideak, ingurugiro baldintza onak mantentzea hurrengo belaunaldietarako, gure lurralde eta erabaki ahalmen horren jarraipena egin ahal izateko eta hori bermatzeko.

Agian, guzti horren inguruan lehen aipatu dudan kontzeptu bat legoke, gure proiektua adostua izatea, nora heldu nahi dugun, zertarako... Gure identitatea mantenduz izan beharko litzateke gizarte inklusiboa eta ingurugiroarekin errespetua duena horretara iristeko.

Z. N.: Bada beste elementu bat ere garrantzitsua dena XXI. mendean, hain zuzen ere, nola erabaki nahi dugun. XXI mendean pentsaezina da erabakiak hartzea herritarren iritzia eta partehartzea aintzat hartu gabe. Izan ere, erabaki publiko horietan herritarrak parte sentitzea nahi dugu. Horretan iraultza txiki bat egiteko beharra badago eta gauzak beste era batetara planteatzeko edo horren inguruan pentsatzeko behintzat.

Zelai Nikolas

“Euskal Herriaren historian eragina izan du lurraldetasunak eta interesgarria da hau ulertzea edo aztertzea, zein irakaspen atera ditzakegu historiatik gure arteko kohesioa eta lurraldetasuna sendotzeko”.

Euskal lurraldeen kohesioa eta elkarkidetzari begira zeintzuk izan daitezke erronkak eta aukerak?

M. Z.: Euskal lurraldearen inguruko hausnarketa honetan erronkez hausnartzen dugunean lehengo ildotik erantzun behar da: batetik, gure erabaki ahalmenaren zenbatekoa eta irizpenaren inguruan hausnartu beharko genuke. Erronka nagusia hori izan daiteke, guk geure buruaren jabe izatea gure proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektu inklusiboa izan behar du, parte hartzailea eta inklusibitate horretan gaur egun ditugun desberdintasun ugari horiek nolabait leuntzeko, prozedurak eta tresnak bideratu beharko lirateke: genero desberdintasunak, adin desberdintasunak, errenta desberdintasunak eta beste hainbeste desberdintasun ugari leuntzeko bideak ezarri.

Inklusibitatearen barruan beste erronka bat daukagu, kanpoko migrazioa etorkizun hurbilean nola erakarri eta integratu (ez asimilatu), dibertsitatea errespetatuz eta beti ere euskal identitatearen nagusitasuna bermatuz. Hori ere erronka inportantea da. Zer esanik ez, iraunkortasunaren inguruan, nik uste dut trantsizio energetiko baten aurreko erantzunak behar direla berehala, gure herrialdean ere. Gurea herri txikia da, dentsitate handiko herrialdea, oso industrializatuta gaude eta horren aurrean ere erantzunak berehala hartu behar dira, nazio arteko protokoloen ezarpenak errespetatuz eta bizkortuz.

Z. N.: Erronka handiak dauzkagu, mende berri batean gaude, aldaketak oso arin gertatzen ari dira baina XX. mendean ere horrelako egoera batean bizi izan ziren, eta gai izan ziren aurre ikusteko zeintzuk ziren Euskal Herriak behar dituen tresnak XXI. mendean komunitate bezala irauteko.

Gaur egun ere, euskal komunitatea euskal lurraldeetatik haratago ere badago, horrek aukera zabaltzen dizkigu eta arriskuak ere. Erronkak planteatzerakoan uste dut zeintzuk diren egon daitezkeen eskena diferenteak pentsatzen hasi behar dugula. Erakundetze esparruan esate baterako, zein aukera egon daitezkeen Euskal Herriaren eragileak, herritarrak eta erakundeak haien artean elkarrekin pentsatzeko. Orain arte aurre historiak une oso interesgarri batetara ekarri gaitu, inoiz izan ez dugun instituzionalizazio maila lortu dugulako. Baina orain arte ez ditugu esparruak elkarrekin, esaterako klima aldaketaz aritzeko, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa edo Iparraldeko herritarrekin, edota nazioartean izan ditzakegun alientziakin, zein izan daiteke gure ekarpena erronka global horri pentsatzeko. Horrekin batera giza eskubideen inguruan gertatzen ari diren atzera pausuak eta gure aldetik ze estandarrak ezarri nahi ditugun. Zein giza eskubideen estandarra ezarri nahi dugu euskal komunitatearentzeko, eta horrek eskatuko dizkigu obligazioak, eta beraz, zein betebehar asumitu behar ditugun lortu nahi dugun bizitza maila horren estandarrak lortzeko.

Erronka handiak daude baina neri gogoeta honetatik diagnostiko bat ateratzea gustatuko litzaidake esanez: arlo hauetan elkarrekin pentsatzen hasi behar dugu (badakit ez garela alor guztietan ados egongo); zeintzuk dira gure artean ditugun aukera diferenteak eta egongo da beste esparru bat, beste fase bat, aniztasun horren errespetuan adosten hasteko.

M. Z.: Neurri handi batetan uste dut hori dela galderaren bigarren aurpegia, hau da, aukerak, erronken inguruko ariketa honen ondoren aukerak ere ikusten dira. Aukera nagusia da gure burua antolatzen dugun neurrian eta diagnostiko partekatu horretan aurrera egiten dugun neurrian, aukera daukagu gure burua definitzen joateko eta helburu estrategiko batzuren inguruko urratsak emateko. Jakina, hasiera batetan nahikoa da diagnostiko partekatu bat balore batzuk konpartitzeko eragileen artean. Esango nuke fase horretan gaudela, baina uste dut horrekin aukerak zabaltzen zaizkigula. Herri bezala izan dugun historia garaikidearen ondorioz horren falta izan dugu azkeneko hamarkadan. Horrekin aurkezten zaigun aukera nagusia hori da, gure arteko elkarrizketaren bitartez diagnostiko partekatu bat egin, nahiz eta denok ez egon guztiz ados, baina gutxienez urratsak ematen hasteko aukera izango dugu, inoiz ez bezala orain arte.

Z. N.: Eta horrek ilusioa sortuko du eta lanean jartzeko benetako gogoa, beraz aukera ezin hobea daukagu esku artean.

Mikel Zurbano

“Erronka nagusia hori izan daiteke, guk geure buruaren jabe izatea gure proiektua gauzatu ahal izateko”.

Eusko Ikaskuntzaren proiektuari begira: Zer eskainiko lioke gizarteari lurraldea eta lurraldetasunari buruzko kontzeptu mapa eta diagnosi partekatua osatzea?

Z. N.: Gogoeta hasi genuenean, Eusko Ikaskuntzak bere zuhaitza irudikatu zuenean, euskalerritar guztion zuhaitza, nola elikatu behar genuen enborra eta adar diferenteak zeudela ikusita, konturatu ginen ezinbestekoa zela zoru komunaren inguruan hausnartzen hastea. Guri egitura juridiko-politikoa egituratzea, Euskal Herriaren antolaketaren inguruan pentsatzen hastea egokitu zitzaigun eta konturatzen ginen ez genuela partekatuta zeintzuk ziren kontzeptuak, zeren inguruan hasi behar ginen pentsatzen.

Eskema bat edukita elkarrekin pentsatzeko, positiboa iruditzen zait, gaiak elkarrekin lantzeko aukera emango digulako eta gai bakoitzak eduki ditzaken adarrak integratzen joateko. Gainera, zein punturaino gauden ados eta zein arlotan eskenatoki diferenteak egon daitezkeen jakingo dugu, eta ondorioz, eskenatoki horiek lantzen hasi gaitezke.

Nik uste dut hori dela printzipioz Eusko Ikaskuntzak fase honetan egin dezakeen lehenengo ekarpena.

M. Z.: Horrek aurrera egiten badu lanabes bat izan dezakegu guztiok ere, tresna bat etorkizunean urratsak ematen jarraitzeko, helduleku bat. Orain arte nolabait gure esparruan, gure zereginean, gure kabuz ibili izan gara, edo gehienez ere gure esparru txikian gutxi batzurekin partekatuz. Beraz, eraikitzeko dagoen lanabes hori oso inportantea dela etorkizunera begira iruditzen zait eta prozesura bera interesgarria dela (bilketa lana, eragile desberdinen arteko konfidantza hartze hori elkarrizketaren bitartez). Lehen esan bezala, guk izan dugun hutsunea nolabait estaltzen ari gara, gure arteko hurbilketaren bitartez, kontzeptuak amankomunean jarriz eta gure estrategiak proiektatuz... Konfrontatu ere, zeren ez dugu zertan denean bat etorri behar. Baina ariketa hori, urtetan egin ez duguna, orain egiten ari garen hori, oso ariketa interesgarria da eta neurri batean beste eskenatoki batean jarriko gaitu, aurreneko urratsak eman ahal izateko modu errazagoan, zalantzarik gabe.

Z. N.: Eskema bat partekatzen dugunean errazagoa izango zaigu aurrera egitea. Egia da, niretzat luxu bat izaten ari dela partekatze hori, bidea bera. Euskal Herrian zer nolako gaitasuna dagoen akademikoki, profesionalki, zenbat esperientzia trukatu daitezkeen eta zenbat arlotan ados gauden ikusten ari gara.

Eskema hori partekatzen dugunean, errazagoa izango da mahai bat sortzea, mahai batetan sortzen direlako azkenean lanabesak gero lanean jarraitzeko. Momentu honetan, apur bat iruditzen zait eragileak eta pertsonak ez garela gai ondo uztartzeko, baina eskema bat partekatuta errazagoa izango zaigu elkarrekin esateko: “bai, parte honetan ados gaude; beste honetan ez; hemen konfrontatzen jarraituko dugu,...” Esparru jakin batetik lanean hasi gaitezke, positiboan parte hartu eta bakoitzak bere arlotik ekarpenak egiten jarraitu ahal izango dugu.

Zelai Nikolas

“Gobernantza demokratikoak gogoeta sakon bat eskatzen du eta orain arte nola hartu izan diren erabakiak hausnartu. Erabaki publikoak denoi eragiten digute eta denok daukagu interesa hori ondo kudeatzeko”.

Zer daukagu egiteko gobernantza demokratikoan sakontzeko?

M. Z.: Gobernantza demokratiko berri batetarako urratsak emateko iraultza txiki bat behar da. Daukagun ohitura eta historia, eta gainera instituzionalizatze modua pasibitatera eta ezerezera eraman gaitu. Oinarrizko printzipioa, gaur egungo sistema instituzionalaren ordezkaritzaren sistema instituzionala mugatuta dagoela onartzea da, agian beharrezkoa da baina oso mugatua da. Gainera badakigu hor zer gertatzen den, azken presio taldeek (lobbyek), diruak, merkatuek, indar handia dutela horretan, nolabait profila zehazteko garaian. Muga hori ezagututa, —uste dut sanoa dela hori onartzea, ez bakarrik posizio ezkertiar batetik edo posizio iraultzaile batetik, uste dut edonork onartu dezkaeela gaur egungo sistema honek dauzkan mugak— ezinbestekoa da parte hartzearen dinamika sendo bat eta instituzionalizatu bat bideratzea. Nola egiten den hori? Beste kontu bat da, ez da erraza definitzea. Baina argi dagoena da, gorbernantza demokratikoaren prozeduran eragile guztiak behar ditugula, zilegitasuna behar dute eta hori ez da beti gertatzen. Arrazoi batzurengatik edo besteengatik eragile batzuen lejitimazioa batzutan zalantzan jartzen da. Printzipio bezala uste dut onartu behar dela, aktore guztiak zilegiak eta beharrezkoa direla gobernanatza prozesu demokratiko bat bideratzean.

Gobernantza demokratikoaren prozedura oso interesgarria da baina parte-hartzea printzipio batzuren gainean eraikita badago, eta nik uste dut baloreetan eraiki behar dela, eta esango nuke agian helburu nagusia izan behar duela onartzea ongizatea edo interes komuna dela balioztatu behar dena. Pribatuak ere lejiltimoak dira edo zilegiak dira, nola ez, azkenean ezin bestekoa da, baina funtsezko orientazio batean lehenetsi behar den elementua ongizate komuna bilatzearena izan behar du, eta horretan aktore guztiak bat etorri beharko lukete. Azkenean, elementu inportantea da prozesura demokratikoetan mekanismoak bilatzea, ezinbestekoa da, konfrontazio prozesuak era bideratu batean jartzeko. Horrek ez du esan nahi konfrontazio ez denik egongo beste arlo batzuetan, baina gobernantzaren prozeduretan konfrontazioa bideratzeko tresnak eraiki behar dira. Nik uste dut horretan gauzatu behar dela gobernantza demokratikoa.

Z. N.: Nik bai ikusten dut gobernantza demokratikoak gogoeta sakon bat eskatzen duela eta orain arte nola hartu izan diren erabakiak hausnartu. Erabaki publikoak denoi eragiten digute eta denak daukagu interesa hori ondo kudeatzeko.

Zentzu horretan Euskal Herriak baditu oso adibide eta praktika onak. Neri asko gustatzen zait eta interes handia sortzen dit Ipar Euskal Herriko egituratze prozesua. Han ezezko baten aurrean aurkitu ziren, ezinezkoa zen erakunde propio bat izatea, bertako eragileek ezezko horren aurrean elkartu egin ziren eta etorkizun bat amankomunean irudikatzen hasi ziren, nola nahi zuten bere lurraldea 2010-2020 urtean. Irudikatze ariketa horrek eta proiektu komun bat edukitze horrek, lagundu egin zien erabakiak nola hartu behar ziren zaintzera eta bidea zilegitasunez egin behar zutela oso ondo barneratzera. Printzipio horiek bereganatzen dituzunean, zu zeuk erabaki bat hartzen duzunean, ez duzu beti aurrera egiten, atzera ere begiratzen duzu.

Azkenenan, gobernantza demokratikoan bai aurreratu da eta ez bereziki ezker aldeko ingurukoek, eskumako Europako doktrina guztiak gardentasunean oinarritzen dira eta demokrazioan sakondu behar da, beste gauza bat da gero zer aplikatzen duten. Teorian behintzat asko aurreratu da, praktikan jartzea da falta zaiguna. Baina bai begiratuko nioke, edo gustatuko litzaidake begiratzea eta ondo aztertzea Euskal Herrian ditugun praktika onei, hortik ikasteko asko dugulako.

M. Z.: Iparraldekoa aipatzen duzu baina ezin dugu ahaztu Hegoaldean eman diren gobernantza prozedurei, batzutan mugimendu sozialekin lotuagoak (esate baterako Ikastolak), beste batzutan instituzionalizazio prozesuei lotuagoak, Gipuzkoa sarean adibidez —orain dela lauzpabost urte abiatutako prozedura bat Aldundiarekin lotutakoa—, eta nik uste dut eragile guztien parte-hartzea bermatu zela nolabait. Praktika guzti horiek perspektiba desberdinetatik begiratu behar dira eta hoberena atera urratsa emateko aurrera begira, irakasbide onak atera etorkizunari fruitua ateratzeko. Ez da erraza. Iparraldeko kasuan “errazagoa” zuten prozeduren hastapena ukoa zutelako eta zerotik hasten zirelako, orduan edozein aurrerapena ere errezagoa zen. Baina normalean, interes konfrontatuak eta dagoeneko ezarritako interes batzuk daudenean zailagoak dira gauzak bideratzen eta elkar lotzen. Horregatik, uste dut interes komunaren hastapenarena kontutan hartzea oso inportantea dela aurrera egiteko. Baina Euskal Herrian nahiko praktika interesgarriak ditugu hortik irakasbideak ateratzeko.

Mikel Zurbano eta Zelai Nikolas

Mikel Zurbano eta Zelai Nikolas.

Zelai Nikolas

Eusko Ikaskuntzako kidea.
Zuzenbidean lizentziatua.
Eusko Jaurlaritzako legelaria.
EHUko irakasle ohia.



Mikel Zurbano

EHUko ekonomia irakaslea Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.
Gizarte ekonomia, ekonomia solidarioa eta tokiko garapena eta globalizazioa ditu ikergai nagusiak.
Hainbat gizarte eta erakunde akademikotan hartzen du parte, Eusko Ikaskuntza, UEU eta Gaindegia, besteak beste.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Pedro Luis Uriarte eta Guillermo Dorronsoro. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuorde ohia eta Deusto Business School-eko Dekanoa: Kontzertu ekonomikoa kudeaketa bideratzeko tresna da, baina gaitasuna eta kontzientzia fiskala eskatzen du, eta ez ustelkeria

 

Irakurri

Leire Palacios eta Martxelo Otamendi. Kazetariak: Euskarazko komunikabideak beharrezkoak dira hizkuntzaren normalizazio eta eboluziorako

 

Irakurri

Mayte Sancho eta José Félix Martí Massó. Matia Instituto Gerontológicoko zuzendari zientifikoa eta Neurologoa eta ikertzailea: Gure gizartearen arrakasta da hainbeste jende luzaro bizitzea

 

Irakurri

Paula Kasares eta Xan Aire. Soziolinguista eta Seaskako Hizkuntza Proiektuaren koordinatzailea: Sinergiak gauzatzen direnean hizkuntza garatzeko aukera gehiago ematen dira

 

Irakurri

Asier Santas Torres eta Luis Bilbao Larrondo. Arkitektoa eta hirigilea eta Arkitektoa eta hirigintzaren historialaria: 50eko hamarkadan eraikitzen hasi zen nazioarteko Bilbo haren jarraipena da Guggenheim

 

Irakurri