Miren Askasibar: "Zenbat eta mundu globalagoa, orduan eta behar handiagoa gertuen dugun paisaiarekin identifikatzeko"

1999-05-21

YABEN, Oskia

Elkarrizketa Miren Askasibar, paisajista "Zenbat eta mundu globalagoa, orduan eta behar handiagoa gertuen dugun paisaiarekin identifikatzeko" * Oskia Yaben Euskal Herriko Unibertsitatean biologi zientzietan lizentziatu, eta Oxford eko unibertsitatera abiatu zen Miren Askasibar Europako paisaiaren antolaketan masterra egitera. Ordura arte Euskal Herrian gutxi ezagutzen zen gaiari heltzea erabaki zuen donostiar honek, baina aukera ona egin zuen, apurka apurka paisaiak gero eta garrantzia handiagoa baitu arlo horretan hartzen diren erabakietan. Gipuzkoako paisaia kulturalaren eboluzioaz tesia egin ostean, orain euskal paisaien analisiari buruzko doktoradutza egiten ari den emakume honekin, sakontasunez ezagutzen duen gaiaren inguruan hitz egiteko aukera izan genuen. Zuretzat zer da paisaia? Paisaia herri baten ondare natural, kultural, eta nortasunaren adierazle ikusgarriena da. Paisaian aspektu desberdinak daude. Alde batetik, aspektu objektiboa eta begien aurrean duguna dago, lurraldea. Zentzu honetan, hein handi batean paisaia erliebea da, baina landarediak ere garrantzia du, eta baita lurraren erabilerak ere. Gainera, elementu hauek gizakiaren eragina paisaian zer nolakoa den neurtzen digute: lurraren erabilera nabarmena bada, horrek esan nahi du gizakia paisai horretan oso present dagoela, eta, landareri naturalaren presentzia nagusia bada, aldiz, argi dago gizakiaren eskuhartzea txikiagoa dela. Baina errealitate fisiko bat baino gehiago da paisaia, ezaugarri subjektibo eta kulturalak ere baditu. Paisaia existitzen da, gizaki batek ikusi eta interpretatu egiten duelako. Hau da, gizakiok gure ingurunearen interpretazio bat egiten dugunean sortzen da paisaia. Horrez gain, denbora ere gordetzen du bere baitan paisaiak. Paisaia dinamikoa denez, aldatuz joaten da. Adibidez, Donostiako paisaian, besteak beste, baditugu denbora eskala geologikoan aspaldidanik moldatzen hasi zen erliebe bat, Erdi Arotik datozen elementu batzuk eta horiek, historia bat adierazten digute.Beste elementu batzuk, berriz, berriagoak dira, esaterako, Kursaaleko kuboak, eta horiek etorkizuneko paisaiaz hitz egiten digute. Paisaia edertasunarekin lotzen dugu maiz. Bai, paisaiak, bere alderdi subjektibo eta kulturalean balore estetikoa du, dudarik gabe, baina askotan jendeak paisaia inguru politarekin lotzen du soilik. Era horretan, baserria, basoa, mendia edo zelaiak izango genituzke buruan paisaiari buruz ari garenean, baina hiria ere paisaia da, industria ere paisaia da, eta beraz, paisaia arruntak ere badaude. Paisaiaren ikerketa zein alorretan kokatuko zenuke? Nik uste dut, paisaiaren ikerketa ez dagokiola zientzia jakin bati bakarrik. Paisaian egiten diren ekintzak arlo desberdinekin lotuta daudenenez, paisaiaren ikerketak ere hainbat gaiekin du harremana. Arlo garrantzitsuenak izan daitezke: natur zientziak, historia, geografia, hirigintza, arkitektura, nekazaritza, basogintza, arte ederrak, literatura... Paisaiaren kontzeptuak, tradizionalki "letrak" eta "zientziak" sailetan banatu diren gaiak lotzen ditu. Ingurugiroaren ikerketan eta lurraldearen antolaketan zein garrantzia du paisaiak? Garrantzia handitzen doa. Jakina, gai horrekin lanean gabiltzanontzat inoiz ez da nahikoa, baina hasi da nabarmentzen. Euskal Herrian, hamarkada honetan zehar hasi da paisaia ingurugiro, lurralde antolaketa eta nekazaritza politika eta araudietan sartzen. Unibertsitateetan ere garrantzia hartzen ari da, gehiago ikerketa mailan irakaskuntzan baino. Nire ustez, arlo honetan Europako beste herri batzuetan gertatu den bilakaera hemen ere errepikatuko da. Beraz, unibertsitateetan paisaiari buruzko ikasketak izango dira etorkizunean, Europako herrialde gehienetan dauden bezala. Zer da Paisaiaren Konbentzio Europarra? 90. hamarkadaren hasieran, Europako Kontseiluak Mediterraneoko Paisaien Gutuna egin zuen. Hor agertzen zen paisaia nola tratatu behar zen mediterraneo aldean, eta zein arazo eta konponbide ikusten ziren. Bide batez, pentsatu zen, Europako herri guztiaklotuko zituen zerbait egitea, eta 1994.ean talde bat hasi zen lanean Europako Kontseiluan Hitzarmena egiteko, eta ordutik horretan dabiltza. Gaur egun bada zirriborro bat mahai gainean, Europako Kontseiluan onartua izan dena, eta espero da aurten dokumentua prest egongo dela Europako herri desberdinek sinatzeko. Zirriborroan esaten denez, orain arte paisaiaren inguruan egin diren araudiek, paisaia oso bereziak zaintzea izan dute helburutzat. Ezaugarri natural, kultural, historiko eta estetiko garrantzitsuak dituzten paisaiak babesteko joera izan da, eta toki askotan erabaki da paisaia hauek batere eraldatu gabe gordetzea. Suitzak, adibidez, oso ikuspegi museografikoa du paisaiarekiko, beste batzuk dinamikoagoak izan dira eta paisaien kontserbazioan aldaketa batzuk onartu dituzte. Hitzarmenak hasieratik esaten du, Europako paisaia guztien babespena, kudeaketa eta antolaketa dela helburua. Beraz, ez dira kontuan hartuko paisaia politak eta bereziak bakarrik, baita ere paisaia arruntak eta gaur egun deskalabru hutsak direnak. Horretarako, hitzarmenak hiru estrategia proposatzen ditu: alde batetik dio, paisaia batzuk babestu egin behar direla, eta horietarako estrategia batzuk garatzea proposatzen du. Beste batzuk, ostera, arruntak dira eta ez dute arazo berezirik, baina horiek gordetzen jarraitu beharra dago. Azkenik, ezaugarri berezirik ez dutela eta, irudimena eskatzen duten paisaiak daude, adibidez, hiri ertzeko paisaiak. Horiei guztiei balio positiboa eman behar zaie, eta horretarako ideiak, irtenbide berriak behar dira. Bukatzeko esan hitzarmenak ikerketa eta metodologia garatzea ere proposatzen duela. Ba al da euskal paisaia identifikatzen duen ezaugarririk? Herrien nortasuna paisaiekin lotu izan da maiz, eta adibidez lehen parke nazionalen sorrera kasu askotan ikuspegi horretatik abiatu zen. Herriari paisaia idilikoa edo ideala zein zen erakutsi nahi zitzaion, nortasun hori nondik zetorren. Gaur egun, publizitateak eta politikak ere paisaia asko erabiltzen duteberaien "produktuaren" irudi bat adierazteko. Euskal Herri mailan, paisaia ideal eta errealaren arteko aldearen inguruan nik inkesta bat egingo nuke, adibidez, Euskal Herriko zuhaitza zein den galdetuz. Seguruen gehienek haritza edo pagoa dela erantzungo lukete, baina paisaiari begiratzen badiogu, beste espezie batzuk gehiengoa direla konturatuko gara, eta beraz nortasunarekin erlazionatzen dugun paisaia neurri batetan errealitatean dugunarekin bat ez datorrela esan genezake. Hain zuzen ere, paisaiaren plangintzaren helburu garrantzitsuena horixe da, gure buruan dugun paisaia eta lurrazalean dugun paisaiaren arteko tarteak ekartzen dizkigun buruhausteak konpontzea. Badirudi euskal gizarteak euskal paisaia gehiago lotzen duela zelai, mendi eta baserriekin, Arabako eta Nafarroako paisaia lehorrekin baino. Bestalde, euskal kulturari buruz argitaratzen diren hainbat liburutan edo telebistako saioetan, ez da inoiz falta megalitismoa. Gure kultura megalitismoaren paisaiekin edo mendiekin lotzen dugu gehienbat, antzaz. Urbanistek garrantzia dute paisaia antolatzerakoan? Bai, handia, hiriko paisaia antolatzen dutenak baitira. Azken finean, eraikin bat eta beste bat egin, eta paisaia bat eratzen da. Nekazariak ere, euren ekintza bakanekin paisaia egiten eta gordetzen ari dira, eta une bakoitzean erabakitzen dute paisaia nolakoa izango den. Hau da, lursail bat erabilera batera zuzendu beharrean, beste erabilera batera zuzentzen bada, paisaia era batekoa edo bestekoa izango da. Gizarteak nolako paisaia eskatzen du gaur egun? Gaur egun hirugarren sektorea garrantzia hartuz doa, eta jendeak aisialdirako paisaia eskatzen du. Aisialdiarekin lotuta, Euskal Herriak paisaia mota bat saltzen du une honetan, hiru hanka dituen aulki bat: Bilbo, sofistikatzen hasia den hiri handia; kostaldeko turismoa, karranka handirik gabeko herri eta hiriekin; eta landa paisaiak, nekazal turismoko aukerarekin lotuak. Etorkizunean, agian, paisaia industrialak ere sartuko dira multzo honetan. Ziur naizhemendik urte batzuetara jendeak paisaia industrialak bisitatu nahi izango dituela. Britainia Handian, paisaia industriala ere garrantzitsua da, ondarearen zati baita. Guk ere ez genituzke era horretako paisaiak alde batera utzi behar. Eguneroko paisaietarako, bertan bizi eta lan egiteko paisaia arruntetarako, gizarteak bere sustraiak ikusi nahi ditu, ondare historiko, natural eta kulturala gordetzen dituen paisaia nahi du, baina aldi berean funtzionalak diren paisaiak ere nahi ditu. Hiriak handituz doaz. Horrek nola eragingo du paisaian? Aldaketa ugari ekarriko dute. Beraz, hirian bizi garenok errespontsabilitate handia dugu paisaien aldaketan; nekazariak ez dira paisaia moldatu eta kontserbatzen duten bakarrak. Hau da, Donostiako erdialdeko pisu batean bizi nahi dudala erabakitzen badut, paisaia jakin bat mantentzen edo sortzen ari naiz. Aldiz, Donostiatik kanpo dagoen etxe batean bizitzea erabakitzen badut, orduan, beste paisaia bat sortzen dut, komunikazio batzuk behar dituen paisaia, hiriarekiko dependentzia duen paisaia, "naturan" dagoen paisaia, baina agian natura zapuzten duen paisaia... Nekazal turismoak zein ondorio ekar diezaioke paisaiari? Edozein motatako turismoak ondorio argiak ditu. Espainiako kostaldean masa turismoaren aldeko apustua egin zen garai batetan, eta horrek paisaia mota bat ekarri zuen, adibidez. Nekazal turismoa erakarri nahi badugu, nekazal paisaiari eutsi beharko diogu. Hala ere, paisaia tradizionalen kontserbazioan, ondare kultural eta historikoaren beste edozein elementuren kontserbazioan gertatzen den moduan, folklorismoan erortzeko arriskua dago, momifikazioaren bidez paisaia bere testuingurutik ateratzeko arriskua dago, paisaia itotzeko arriskua. Horregatik da garrantzitsua paisaian adituak diren pertsonen irizpideak kontutan hartzea. Paisaia dela eta zeintzuk dira ikusten dituzten arriskuak? Europan paisaiari buruzko politikak garatzeak uniformetasunaren arazoa ekar dezake. Hau da, toki guztietan irizpide berdinak lanabes berdinenbidez ezartzea. Horrek paisaiak berdintzea ekarriko luke, eta hori ekiditea ezinbestekoa da. Irizpide komunak beharko dute izan askotan, baina era desberdinetan gauzatu beharko dira, herri bakoitzaren nortasunaren eta beharraren arabera. Zenbat eta mundu globalagoa, orduan eta behar handiagoa izango dugu gertuen dugun paisaiarekin identifikatzeko. Ni une honetan hiri ertzeko paisaiek kezkatzen naute gehien, arazo gehien dutenak baitira. Nekazal pasaiek euren izaerari eusten diote eta baita hirietakoak ere, baina bestelako hauek ez dira ez gauza bat eta ez bestea. Ez dute ezaugarri jakinik, ez dute gordetzea merezi duen ezer berezirik. Ikusi nahi ez ditugun gauza guztiak paisaia hauetan kokatzen ditugu: zabortegiak, enpresa itsusienak. Etorkizunean, paisaia hauek zailak izango dira antolatzen, gure "gueto paisaiak" bihur daitezke. Beraz, identitate bat eman beharko zaie. Herrien mugetan kokatzen diren paisaiek ere antzeko arazoak dituzte, zein da beraien nortasuna, helburua, alde bietan dauden paisaiak, hau da, kulturak eta gizarteak, lotzea, edo aldentzea? Gai honetan zein da kazetariek betetzen duten papera? Gizarte mediatizatu batetan bizi garenez, medioen esku dago jendearen interesa alde batera zein bestera bideratzea, eta gizartearen oniritzia behar duten ekintzek komunikabide horien interesa piztu behar dute, hauek gizartearekin beharrezkoa den lotura posible egin dezaten. Paisaiaren gai honekin dabiltzanak, medioen eskutik joan behar dute gizartea paisaiaren inguruan ohartarazteko. Paisaiaren kontzeptua indartzen ari den garai honetan, arrakastaren zati handi bat medioekin konektatzeko gaitasunean egongo da. Ingurugiroarekin ere berdin gertatu zen bere garaian. Beraz, hor lan handia dago eta marketing a ere erabili beharko da, ideiak saltzen jakin behar da. Kontu honetan, hala ere, paisaiak badu zerbait bere alde: jende guztiak du buruan paisaiaren kontzepturen bat, hau da, paisaia hitza esan eta guztioi etortzen zaigu zerbait burura, eta horrek erraztu egitendu paisaien antolaketa eta kontserbazioa beharrezkoa denaren mezua hedatzea. Argazkiak: Oskia Yaben
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Piarres Xarritton: "Handia da oraindik Iparraldea eta Hegoaldea bereizten dituen tartea"

 

Irakurri

Iñaki Irazabalbeitia: "Azken 20 urteetan izugarri garatu da euskal zientzia eta teknologia"

 

Irakurri

Mikel Laboa: "Gizakiak oso problematikoak gara"

 

Irakurri

Jaime Otamendi: "Ez nago liluraturik EEBBtan ikusten ari naizenaz, baina gauza batzuk kontuan hartzekoak dira"

 

Irakurri

Pantxoa Etchegoin: "Euskal Herriko kulturaren panorama baikorra da 2000. urteko atarian"

 

Irakurri