Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko lehendakaria: Ez dakit noraino diren beharrezkoak hainbeste elkarte txiki herri bakoitzean, askotan zentzurik ere ez daukaten muga administratibo batzuei jarraituz

2006-06-09

BREA, Unai

Hitzordua Durangon da, azken urteotan Liburu eta Disko Azoka hartu duen pabilioiaren ondo-ondoan. Hantxe dauka bizilekua Nerea Mujikak, orain dela 40 urte azoka hori sortu zuen elkarteko lehendakariak. Durangar petoa bera. Baina erne, ez zaitzatela aurkezpen honek nahasi: Gerediagaren ortzi muga hiribildutik harago dago. Herria barik, eskualdea du lan-eremu zein helburua. Batasunak ematen omen du indarra, eta elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan azpimarratu digu hori Nerea Mujikak. Etxe azpian ederto atondutako lonja batetara eman gaitu solasaldirako. Hango liburuei begira erraz atzeman daiteke Mujikak geografiarekin daukan harreman estua. Horixe du lanbidea, eta horri eman dizkio urte asko. Gerediagarekikoak, berriz, ez dira hain aspaldikoak, baina lehendakari izendatu zutenetik aukera eduki du eskermentua pilatzeko. Azoka garaiak batez ere, lanez gainezkakoak izaten dira gerediagatar batentzat, zer esanik ez bertako buruarentzat. Baina ez pentsa urtean zehar begira egoten direnik.

2003an izendatu zintuzten Gerediagako lehendakari. Oso aspaldikoa duzu elkartearekiko harremana?

Ez daramat urte asko kultura munduan. Gure etxean beti izan dira pertsona sortzaileak, bultzatzaileak… Gure ama-eta, hemengo ikastolako sortzaileak... Baina familiatik, beharbada ni gutxien. Gerediagan 20 edo 25 urtean izan naiz bazkidea, baina kuota ordaindu eta beste barik.

Eta orain lehendakaria!

2003an doktorego-tesia amaitu eta halako zama handia kendu nuen gainetik. Tesiaren gaia Durangaldea izan zen gainera, eta pentsatu nuen: “Hainbeste datu, ikerketa, estatistika, analisi faktorial… Orain beste modu batera ezagutu behar dut eskualdea!”. Eta Gerediagaren helburu nagusia Durangaldearen alde egitea da hain zuzen. Kasualitate hutsa izan zen bazkide batek orduan utzi zuela; ni sartu nintzen beraren ordez eta jarraian hautatu ninduten lehendakari.

Gerediagaren helburua Durangaldearen helburua dela diozu, baina Euskal Herrian jende gehienak Liburu eta Disko Azokagatik ezagutzen zaituzte…

Nik desberdindu egingo nuke. Durangaldekoontzat, Gerediaga azoka baino gehiago da. Batez ere azoka, baina beste gauza batzuk ere bai. Gu mugitu egiten gara, hitzaldiak egiten ditugu, artzain-txakur txapelketa antolatzen dugu… badaude ohiko ekintza batzuk, baina horiek gure herrietan ezagutzen dira. Gure arrakasta, azkenean, azokatik dator. Horregatik gara entzunak, eta askotan azoka nork antolatzen duen jakin barik! Zeozertan txarrak bagara, geure buruak saltzen gara. Orain badaukagu plan estrategiko bat arlo horretan, baina zabalkunde lana, gure aldetik, nahiko eskasa izan da. Askok esan dit niri: baina hori ez du Aldundiak edo Jaurlaritzak antolatzen? Normala da, gu elkarte txikia garelako, eta badirudi halako ekintza handi bat antolatzeko zeozer handiagoa behar dela. Eta ez, elkarte txikia gara. Gutako askok eskarmentu handia daukate, hori bai.

Elkarrizketa baino lehen esan didazu kultur elkarte guztietan dagoela arazo bera: batzarra edo ekitaldia antolatu eta inor ez da joaten. Gero eta denbora gutxiago ei daukagu, beti arineketan gabiltza, eta daukagun denbora apur hori ere ez dugu elkarte batean “galdu” gura. Garai txarrak dira kultur elkarteetarako?

Ez dakit, nik hor kontraesana ikusten dut. Alde batetik, elkarteak atomizatuta ikusten ditut. Durango, esaterako, hiritxo bat da, eta elkarte desberdinak daude, baina azken batean… Orain dela urte batzuk, seguruenik, horko guztiak bat eginda egongo ziren elkarte bakar batean. Gerediagako lehenengo bazkideak ikastolako sortzaileak ere baziren, dantza taldeko kideak… Denak bat ziren. Alde batetik normala da zatikatzea; nork bere burua, bere elkartea, besteengandik desberdin ikusten du beti. Baina horrek amorru handia ematen dit askotan. Nahiz eta gero bakoitzak bere arlotxoa izan, gauza askotarako elkartuta lan egin behar dugu, nire ustez. Gu holan gabiltza arlo batzutan, eta ondo gabiltza. Ez da protagonismo kontu hutsa. Egia da batzutan hori ere nahi duzula, agertzen den izena lan egin duten horiena izan dadila behintzat, baina uste dut hor askoz hobeto lan egin behar dugula, batez ere herrietan, hirietan ez dakit. Ikusten dut, esaterako, Durangon gauza garela kafe antzoki bat sortzeko. Baina nor egon da hor? Berbaro elkartea. Talde indartsu bat da, baian eurak izan ziren, ez beste inor. Eta hori aurrera ateratzeko zelako ardurak, zelako lo falta, zelako ilusioa eta beldurra, dena batera! Gutako asko Berbaroko bazkideak gara, baina eurek bakarrik egin dute. Eta gu berdin. Uste dut elkarteak askotan buletinera josita gaudela, diru-laguntzak direla-eta. Baina diru hori ez da bikoizten edo hirukoizten, denon artean banatu behar da, eta ez dakit hori ez ote den arazoaren zati bat, hau da, zuk aurkezten baduzu ekitaldi hau, nik beste hau antolatu behar dut… batzutan, halako lehia batean sartzen gara…

Baina gura barik izango da…

Bai, bai, gura barik, ez ondokoa izorratzearren. Eta bestalde, ikasketetan gertatzen den antzera gertatzen da elkarteetan ere: lehen historiagilea zinen, baina orain ez dakit zein arotan aditua zara.. Eta elkarteetan atomizazio bera ikusten dut. Horregatik eskualdearen aldekoa naiz. Ez dakit noraino diren beharrezkoak hainbeste elkarte txiki herri bakoitzean, askotan zentzurik ere ez daukaten muga administratibo batzuei jarraituz. Konparazio baterako, Iurreta eta Durango bat eginda daude, Abadiño ere bai… Esan gura dut beharbada gauza batzutan ez, baina beste batzutan askoz ere indartsuagoak izango ginatekeela bat eginda.

Horretaz aparte, makal dabil herri kultura? Orain, enpresek kudeatzen dute kultura…

Beste aldi batean gaude. Lehen, adibidez, Berbaro euskara elkartea zegoen, baina Berbarorekin batera komunikabideak sortu ziren. Zelan kudeatu hori? Ez dakit zelan dauden gauzak, baina beharbada enpresa bihurtuko ziren. 1965ean Gerediaga sortu zutenez gogoratzen naiz eta pentsatzen dut: zelako jendea, txapela kentzeko modukoa! Baina orain, beharbada, beste modu batera egin behar dira gauzak.

Jendeak pentsa dezake “zertarako behar da gaur egun Gerediaga elkarte bat”? Argi dago 65eko egoera eta oraingoa ez direla berdinak, ez dagoela –edo behintzat ez dela sumatzen- orduko larritasuna euskal kulturari eusteko…

Hara, orduan seguruenik larrialdi bat egongo zen, krisialdi gogor bat. Nik ez dut bizi izan, baina entzun dudanez… Eta bai, galdera hori sor zitekeen trantsizioan. Gerediaga zertarako, orain alderdi politiko desberdinak daude, legearen barruan daude, denek egiten dute herriaren alde gutxi gorabehera… Zer funtzio betetzen du orduan Gerediagak? Erakunde publikoek ere badauzkate euren kultur etxeak, euren kultur aurrekontuak. Guk zer funtzio? Bada, uste dut lehenengo eta behin guk begi berezia daukagula. Sinistu gura dut begia daukagula gauzak modu lasaian ikusteko. Eta gauza bat ez bazaigu ondo iruditzen, joango gara udal horretara, ganorazko txostena aurkeztuko dugu… Hori egiteko prest gaude oraindik. Uste dut hori herriak egin behar duela, hau da, herritarrek. Baina gaur egungo herritarrak ez dira erakundeetara hurbiltzen, “hau txarto dago” esatera, edo kontrakoa, “hau ondo iruditzen zaigu”. Baina beharbada elkarte batek badauka sentsibilitate hori. Orain badirudi denetarako zerbitzu-enpresak daudela. Orduan zertarako holako elkarte bat? Baina uste dut hori baino askoz gehiago dela.

Zer gehiago?

Lehengo eta behin, ilusio handia dugula, sinisten dugula gure inguru hurbil honetaz eta onena nahi dugula inguru hurbil horretarako. Hori berdin-berdina da orain eta 1965ean. Aurrera egin gura dugu, ahaztu barik nortzuk garen, zer ohitura daukagun, zelan dantza egiten dugun, zelan abesten dugun… Eta ez dut uste hori eta modernitatea kontrajarriak direnik. Guk ere eduki dugu holako eztabaidaren bat. Batzuek esan dute: ardi-txakurren txapelketa, zertarako? Egin dezagun ikus-entzunezko zeozer… Bai ba, hori ere bai, baina bestea ere bai.

Hitz egin dezagun liburu eta disko azokaz berriro. Iazkoan, asko aipatu zen beste batzutan baino jende gutxiago etorri zela, gutxiago saldu zela… Bat-batean, ematen du eredua ezbaian dagoela. Beti jende larregi etortzen zelako aieneka, eta aurten alderantzizkoa izan da arazoa, antza denez…

Asko berba egin dugu horretaz. Batetik, egia da iazkoak oso egun eskasak zirela, egutegia oso modu arraroan egokitu zen. Espero genuen bigarren egun indartsu bat, zapatuan, eta ez zen egon. Errealitatea hori da. Zenbat gutxiago? Ez dakigu, eta gainera ez dugu jakingo. Nik hasieran, iaz batez ere, holako obsesio moduko bat eduki nuen, zenbatu behar zela eta zenbatu behar zela, ea zer modutara zenbatu litekeen azokara zenbat lagun datorren. Baina gero buelta eman genion kontuari: eta zertarako zenbatu behar dugu?

Ohiturak aldatu egin dira 40 urtean, lehen inor ez zen irtetzen zubian, orain askok. Guk zenbat eta jende gehiago erakarri nahi dugu, baina ez dut uste arduratu behar garenik pertsona gutxiago badatoz. Guk lortu behar duguna kalitatezko azoka da. Eta kalitatezko azoka zer den, hori da eztabaidatu behar duguna. Beharbada urtetik urtera jende gutxiago etorriko da, baina oso jende desberdina, interes handiagoa daukana… Bestetik, inkesta bat egin dugu azoka egunetan, zenbait jakiteko: zelan eta zenbat erosten den, nondik etortzen den jendea, zeintzuk diren arazo larrienak azokara etortzeko… Arazo horiei ere, apurka-apurka, eta gure esku dagoen heinean behintzat, irtenbidea emango diegu.

Zein da kultur elkarteen etorkizuna, zer erronka duzue? Eta bestetik, erakunde publikoekiko harremanak zenbateko garrantzia dauka etorkizun horretan?

Bigarrenetik hasiko naiz erantzuten. Erakunde publikoei, nire ustez behintzat -eta uste dut modu horretara ondo gabiltzala-, eskatzen jarraituko dugu, baina gure lana kalitatezko bidean jartzen dugun neurrian. Produktu onak sortuz, zabalkunde lanak hobeto egiten… Eskatu egingo dugu, baina ez lehengo bera egiten jarraitzeko, hori erosoegia da. Zerbait eskatu baina zerbait eskaini. Nire ibilbidea oso laburra da oraindik, urte bi baino ez, eta beharbada larregi esatea da, baina erakundeetan jarrera ona igarri dut gureganako. Bai Bizkaiko Aldundia, bai Jaurlaritza, bai Durangoko Udala… Ezin da eskatu eman barik, eta uste dut Gerediagak asko ematen duela. Eta asko emateaz gainera, oso ondo eman behar dugu. Hori egiten badugu, nik konfiantza daukat. Eta gero, elkarteen etorkizunari begira, kulturari begira… alperrik gabiltza guztiok plan estrategikoak egiten, dena dago sistematizatuta, denok kale beretik goaz. Uste dut elkarteek hautsi egiten dutela hori, zentzu onean. Ez zait asko gustatzen elkarteak aipatzea, pertsonak baizik. Elkarteetako pertsonek ez dakite plan estrategikoez, baina gauza batzuk oso argi dituzte, sentiberak dira, herria maite dute… Guk geurea saldu behar dugu baina ondo hausnartuz zer garen eta norantz goazen. Hori argi daukagunean, orduan atera kalera. Eta lortuko dugula uste dut, jende ona ikusten dudalako kultur elkarteetan. Ni itxaropentsu naiz. Nerea Mujika Ulazia (Durango, 1960) Geografia ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean. Doktoregoa, berriz, Deustukoan, beraren neurriko gaia aukeratuz gainera: Durangaldeko geografia. 1982tik geografia irakaslea da Deustun, eta Deiker institutua ere zuzentzen du. “Unibersitatean bertan sortutako taldea da, toponimia aztertzeko. Horretan ibili naiz azken 20 urteotan”. Piano ikasketak ere badauzka, baina gaur egun ez du musika arloa gehiegi jorratzeko aukerarik izaten. “Badaukat pianoa etxean, baina oso gutxitan jotzen dut, inoiz semearekin, bera ere ikasten dabil eta. Teknika oso motelduta daukat honezkero”.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Gregorio Monreal. Zuzenbidearen Historian Katedraduna: Zapaterok autodeterminazio eskubiderik ez dagoela esatea Espainian eskubide hori aitortzearen gaineko bere iritzia ematen duen politiko baten esaldia besterik ez da

 

Irakurri

Julio Ibarra. Metro Bilbao-ko komunikazio-burua: Bilboko Metroa arima bako garraioa da; hori da nire kritikarik handiena, eta neurri batean konpontzen saiatuko naizena

 

Irakurri

Marian Elorza. Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Zuzendaria: Euskal enpresak atzerrian errotzeko oztopo nagusiak tamainaren aldetik datoz, baita atzerrian bizi eta lan egiteko prest dauden giza baliabideen eskasiatik ere

 

Irakurri

Antxon Aguirre Sorondo. Etnologoa, historialaria eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea: Lehen artisautza erabilgarria egiten zen, eta gaur egun, aldiz, artisautza dekoratiboa lantzen da

 

Irakurri

Sonia Samaniego. Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrolerako zuzendaria: Euskal Autonomia Erkidegoan ahalegin serio eta irmoa egiten ari gara gure egoera inguruan dauzkagun herrialdeenarekin parekatzeko

 

Irakurri