Odile Kruzeta. Euskadi Irratiko zuzendaria: Euskaraz lan egiten dugun hedabideok euskal esparru komunikatibo bat osatu beharko genuke

2008-02-01

AGIRREZABAL, Lore

Duela ia hogeita bost urte irakasle lanak utzi eta kazetaritzan murgildu zen Odile Kruzeta. Euskadi Irratiko lehenengo lan taldean ikasi zuen kazetari ofizioa. Ondoren, lan talde haren zuzendaritza hartu zuen albistegietako buru izendatu zutenean. Gaur egun, berekin batera hazi eta heldu den komunikabideko zuzendari da.

25 urte bete berri ditu Euskadi Irratiak. Zer esaten dizu zifra horrek?

Batez ere balio du atzera begiratu, egindako bideari begirada bat bota eta, batez ere, aurrera begira jartzeko. Hasieran ilusioa zen, gero bidean ofizioa ikasi da eta orain aurrera begira erronkak daude.

Non zinen duela 25 urte?

Ni lehendabiziko urtean etorri nintzen, baina ez hasiera-hasieran. Artean, Joxe Mari Otermin zen zuzendaria. Hura zen bihotza, arima eta gauzak nahiko garbi zeuzkana. Hark bi iturritara jo zuen taldea osatzeko: batetik, horretan ari ziren profesionaletara; Herri Irratian, Ser irratian, edota prentsan lanean ari zen jendearekin lan talde bat osatu zuen. Bestetik, saiatu zen Euskal Filologiatik zetorren, edo euskararen ikuspegitik oso ondo prestatuta zegoen jendea ere erakartzen. Bi ardatz horiek Joxe Mariren buruan oso argi zeuden. Kazetaritzaz, eta bereziki ahozko kazetaritzaz zekiten pertsonak behar ziren, baina gure lan-tresna nagusia hizkuntza da, beraz, hizkuntza ondo menperatzen duen jendea ekarri beharra zegoen. Nigana jo zuenean era hori zeukan buruan; euskaraz dakien bati kazetari izaten erakustea.

Zertan hasi zinen?

Hasieran musika saio bat egiteko deitu ninduten eta horri ezezkoa eman nion, ez nuelako nire burua hori egiteko gai ikusten. Sekula irrati batean lan egin gabe nengoen eta ez nintzen ausartzen. Oterminek bigarrenez deitu ninduenean informatiboetan lan egitea eskaini zidan. Galdetu nion ea hortaz bazekien norbait egongo ote zen taldea gidatzen; niri irakasteko norbait egongo zela esan zidanez, baietz esan nion.

Baina ikasketaz fisikaria zara.

Bai, fisika ikasi nuen eta matematika irakasten ari nintzen garai hartan.

Musika talde batean ere aritzen zinen.

Bai, ordurako utzita izango nuen. Izukaitz deitzen zen taldea. Folk musika egiten genuen eta Oterminek horretatik ezagutzen ninduen. Berak Herri Irratian egiten zuen lan garai hartan. Behin elkarrizketatu egin ninduen eta hartatik deitu ninduen gero Euskadi Irratirako.

25 urte hauetan zein bide egin duzu Euskadi Irratian?

Beti ikasten. Horrek ez dauka bukaerarik. Bizitza beti aldatuz eta aldatuz doa, eta lanarekin ere gauza bera gertatzen da: urrats bat ematen duzunean hurrengo pausoak nondik nora joan behar duen ikusten duzu eta beste ahalegin bat egiten duzu harmaila txiki bat igotzeko, eta horrelaxe, gutxika-gutxika. Argazkia: Gorka Estrada.

Kazetari lanetan hasi, baina ondoren albistegietako buru izan zinen.

Bai 13 urtez izan nintzen albistegietako buru. Baina ez dakit nola esan, hasieran dena daukazu ikasteko: nola erredaktatu, nola irakurri, nola jarri lehentasunak informazioa sailkatzeko orduan... Eta aldi berean, irratiak ere ibilbide bat egin beharra zeukan. Hasieran euskal munduari begira geunden, oso bertako informazioari begira. Baina konturatzen zara, mundu zabalago batean txertatuta gaudela, eta inportantea dela kanpoan hartzen diren erabaki horiek, gugan hemen eraginik baldin badute, horien berri ondo ematea. Azken urteotako aldaketa nagusia globalizazioa izan da. Ibilbide bat egiten joan gara informazioari eta edukiei dagokienez. Gaur egun, “glokaltasuna” deitzen den horretan gaude, lokala eta globala uztartuz. Sustraiak galdu gabe, eta ahaztu gabe nor informatu behar duzun, nor entretenitu nahi duzun, nori eskaini behar diozun konpainia, eta zein gizartetako iritzi aniztasuna ekarri nahi duzun zure hedabidera. Baina, era berean, munduari begira. Azken finean, euskaldunok munduan barrena gauza asko egiten ditugu eta, aldi berean, munduan gertatzen direnek gugan eragin zuzena dute.

Gaur egun nolakoa da Euskadi Irratiaren entzuleria?

Ez da erraza izaten zer nolako entzulea daukagun jakitea. Guri bai EGMk (Estudio General de Medios), bai CIES (Centro de Investigación de Economía y Sociedad) etxeak ikerketak egiten dizkigute urtean zehar, eta hor badago urtea joan eta urtea etorri errepikatzen den perfil bat. Beraz, ziurrenera, entzulea tankera horretakoa izango da. Zein eratakoa? Bada, gizonak eta emakumeak nahiko parekatuta azaltzen dira; multzo handi batek goi ikasketak dauzka; klase sozialari dagokionez, klase sozial ertaina edo ertain altua eduki dezake; eta multzo nagusia herrietan bizi da, ez oso herri txikietan, ez hiriburuan. Adina, berriz, 25 eta 45 urte bitartean. Hori nahiko gaztea da. Normalean irrati generalistak –gurea irrati generalista da- adineko jendeak entzuten ditu, batik bat. Ser irratiak edo Radio Euskadik 45 eta 55 urte bitarteko entzuleria izango dute nagusiki, eta horien aldean gurea ia 10 urte gazteagoa da.

Nolako bilakaera izan du entzuleriak?

Berdin jarraitzen du. Ez da ikusten lehen askoz ere gazteagoa zenik eta orain gurekin batera “heldu” denik.

Gaztea eta EITB Musika irratien zuzendari ere bazara. Horien entzuleria desberdina izango da?

Bai, Gazteak oso perfil gaztea du: 15etik 25era bitartean. Nahiz eta gero denok ezagutzen ditugun inguruan 30 urterekin ere Gaztearekin bat egiten duten pertsonak. Gainerakoan, perfilak ez du desberdintasun handirik: herri ertainetan bizi den jendea da Gaztean ere, eta klase soziala eta ikasketak ere Euskadi Irratikoen berberak. EITB Musika Gaztearen eta Euskadi Irratiaren tartean dagoela esan dezakegu.

CIES etxearen azken inkesten arabera zuen entzuleriak gora egin du.

Gaztearen eta Euskadi Irratiaren entzuleria igo egin da eta EITB Musikarena hortxe-hortxe. Hala ere, nik beti pentsatu dut desberdinak direla telebistako audientzia neurketak eta irratikoak. Azken finean, han ez zaio jendeari galdetzen zer ikusten duen, baizik eta etxean jartzen zaion aparailuaren eboluzioa aztertzen da. Irratiko inkestetan aldiz, jendeari galdera egiten zaio. Beraz, fidagarritasun maila ez da parean jartzeko modukoa. Inkestek, batez ere, joera erakusten dute. Alde horretatik, guretzat azken urteotako joera ona da eta horrek animua ematen digu.

Irratiko entzulea leialagoa da?

Garai batean, agian, bai. Baina, gaur egun, teknologiak aukera handia ematen du zapping egiteko. Nik neure buruaren kasuan ikusten dut: musika entzuten ari banaiz eta kanturen bat ez bazait gehiegi gustatzen, irratian aurrez sintonizatuta ditudan hiruzpalau emisoren artean beti begiratzen dut ea besteetan zer dabilen. Normalean gustuko duzun horretan geratzen zara, baina ez derrigorrez. Irratian ere gero eta gehiago ikusten da jendeak bere gustuko saioak dituela eta horren bila doala. Erraza da batetik bestera salto egitea.

Teknologia berriek zer aldaketa eragin ditu irratigintzan? Eta zer ekarriko du etorkizunean?

Inork ez daki ziurtasun osoz gauzek nondik nora joko duten. Garbi ikusten dena da gero eta aukera gehiago ditugula denok eta, aldi berean, entzulea parte-hartzaile izateko aukeran ere badagoela. Badirudi interaktibitateak pisua izango duela hurrengo urteetan. Baina hori zertan gorpuztuko den? Inork ez dakigu garbi. Izan ere, aukerak zabalduz doaz, baina aldi berean, jendeak irratiari dagokionez behintzat, gehien-gehien estimatzen duena komunikatzailea da. Komunikatzaile on bat edo bikain bat aurkitzea ez da oso erraza.

Eta Gazteari dagokionez?

Gazteak irratira jotzen duenean bi gauza bilatzen dituela ikusten da: musika edo kirola. Irrati musikaletan joera hori garbi ikusi da; ia magazin guztiak kendu dira eta musikari eman zaio lehentasun osoa, gainera, ez oso musika espezializatuari, gero tabernetan, diskotekan edo lagunarteko giroan aurkituko duten musika mota hori entzun nahi dute irratian. Horretan jende gaztearekin hobeto konektatzen duen emisorak entzule gehiago ditu. Gazteek irrati konbentzionaletara ez dute jotzen informazio bila, kirolari lotuta ez bada. Hori da azken urteotako joera, eta telebistan lan egiten duen jendeak ere hori kezka moduan bizi du. Jende gazteak ez du albistegirik ikusten. Kirolari lotutako saioak bai, baina albistegi arruntak ez. Ikusten da kontsumorako joerak aldatuz doazela.

EITB taldeak kalitatearen “Q” ziurtagiria jaso berri du.

Askotan pentsatzen dut ea hainbesteko aldaketa izan ote dugun, baina hobe pentsatuta ohartzen naiz bide hau hasi aurretik nola egiten genuen lan eta orain nola egiten dugun. Ibilbide bat egin duzula ikusten duzu. Betikoa da, ordea, hori ondo egin arren, sormena eta espiritu kritikoa behar da hedabide batek aurrera egin dezan. Baina kudeaketa on batek izugarri errazten ditu gauzak.

Zein baliabiderekin hasi zen lanean Euskadi Irratia?

Donostiako Andia kalean hasi ginen, oso leku politean, itsasoari eta Alderdi Ederri begira. Gainera, hiriaren pultsua bihotz-bihotzetik bizi genuen. Han hamar bat urte egin genituen eta handik Larramendi kalera joan ginen. Han hiruzpalau urte egin eta Miramonera etorri ginen. Hemen hamaika urte daramatzagu. Guretzat oso inportantea izan zen Miramonera etortzea. Azken finean, telebistarekin lan egiteko egoera batean jarri gintuen horrek. Ez hainbeste, kazetariei dagokienez. Bai, ordea, kudeaketari dagokionez. Telebista oso hedabide indartsua da eta dituen azpiegiturak hain indartsuak direnez, guretzat oso baliagarriak izan dira. Orain Bilbon antolatu den erredakzio multimedia, lankidetza azken muturreraino eramatea da. Benetan oso esperientzia interesgarria iruditzen zait, bonba bat. Argazkia: EITB.

Komunikabide pribatuetako programazioa aukeratzerakoan eragin ikaragarria du audientziak. Komunikabide publikoetan ere bai?

Audientziak bakarrik ez. Baina garbi dago audientziarik gabe ere ezin dela. Non dago oreka puntua? Guk badakigu hainbat gauza eta saio egin behar ditugula eta zorionez, egin nahi ditugula, benetan eskaini beharreko saioak direla iruditzen zaigulako entzule multzo zabal batek jarraitu edo ez jarraitu. Hala ere, katearen emaitzak entzulearen gustukoa izan behar du, bestela, ez du zentzurik. Guk, azken finean, herritarren dirua kudeatzen dugu, irratigintza duin eta zerbitzuzko bat eskaintzeko. Beraz, egiten dugunak zerbitzu bat eman behar du, baina herritarraren jakin-mina ere asetu egin behar du. Bestela, ez du ezertarako balio. Zertarako gastatu behar ditugu milaka euro inork ez entzuteko?

Komunikabide publikoaren konpetentzia nolakoa da?

Denok erakarri behar dugu entzulea. Kazetari batek ez du bere buruarentzat lan egiten, baizik eta gizartearentzat. Beraz, gizarteak zer nolako erantzuna ematen dion oso garrantzitsua da beretzat. Horrek ez du esan nahi morboan erori beharra dagoenik, edozer gauza eskaini behar denik eta salduz gero denak balio duenik. Ez. Hori ez da horrela, baina bizkarra emanda bizi izatea ere ez. Erdibideko puntu hori nola lortu? Bada, saiatuta. Batzuetan hobeto asmatzen da, eta beste batzuetan ez. Gainera, gizarte guztiak ere ez dira berdin-berdinak. Esate baterako, Frantziako telebistan musika saioek oso ikuslego zabala lortzen dute. Aldiz, Hegoaldean, eta oro har Espainian, ez dute funtzionatzen. Gizarte bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta horri bizkar emanda ez dago bizitzerik.

Zein dira irrati publiko baten abantailak eta desabantailak?

Abantailak: ez daukazula audientzia jaun eta jabe. Hainbat gauza egin ditzakezula uste duzulako merezi duela hori egitea. Desabantaila: batzuetan erabakiak hartzeko orduan ez garela pribatuak bezain dinamikoak. Gure egiturak, normalean, astunagoak izaten dira. Gainera, azalpen asko eman behar zaizkio gizarteari. Hori dela eta, batzuetan dinamismoa falta zaigu.

Ia 25 urte daramatzazu irratigintzan buru-belarri sartuta. Inoiz atzera egin eta matematikako irakasle izaten jarraitu nahiko zenukeela pentsatu duzu?

Ez. Nik uste dut, etapa bat ixten duzunean hortxe geratzen dela. Nire esperientziak, behintzat, hala erakutsi dit. Gauza batzuk oso gustura egin ditut, baina bukatu direnean bukatu egin dira. Patinetan ibiltzea izugarri gustatzen zitzaidan, eta, gaur egun, jende gaztea patinetan ikusten dudanean ulertzen dut haien gozamena, baina ez dizkiot Olentzerori patinak eskatu. Hori bezala, beste hainbat gauza. Musika talde batean oso gustura aritu nintzen, baina hura bukatu zen.

Lanbideak zer eman dizu?

Batez ere, jendearekin lan egiteko aukera eman dit, eta hori munduan dagoen gauzarik interesgarriena da. Pertsonak gara ziurrenera planeta honetan dauden gauza horiek guztietatik zoragarrienetako batzuk. Baina, aldi berean, oso bihurriak gara eta buruhauste asko ere horrek eman dizkit. Baina lanak pertsona asko ezagutzeko aukera eman dit, jende interesgarri, maitagarri asko ezagutzeko aukera.

Zuzendari lanerako zer eman dizu lanean kazetari gisa hasi izanak?

Perspektiba. Adibide gisa jartzen zuten ondokoa: Sobiet Batasuneko atzerri ministro urte askoan izan zen Andrei Gromyko. Beste herrialde bat bisitatzera joaten zen bakoitzean, mapa hartzen omen zuen eta mapari begira jartzen zen, baina herrialde horren ikuspegitik. Han bizi zirenek zein mundu ikuskera zuten bilatzen zuen berak. Profesioan ere lan desberdinak egitean, gauzak ikuspuntu desberdinetatik begiratzen dituzu. Horrek, nolabait, ikusmen osatuago bat ematen dizu. Ez zuzenago bat, osatuago bat baizik. Ohartzen zara errealitateari denok modu askotan begiratzen diogula. Objektibitatea zer da? Zuk zure ikuspuntutik ikusten duzu hori modu leial eta zintzoan kontatzea. Baina horrek ez du esan nahi egia zuk daukazunik. Egia da denon artean osatzen dugun hori.

Etorkizunari begira, nola ikusten duzu zeure burua?

Bizitza abentura bat da eta eskerrak ez dakigun zer datorkigun. Alderdi horretatik, erne eta zabalik egon eta datorrenari ahalik eta erantzunik onena ematen ikusten naiz.

Eta etorkizuneko irratia?

Azken urteotan zorionez, euskarazko kazetaritza garatu eta ugaldu egin da. Askoz ere aberatsagoa da duela 25 urte baino. Oro har diot. Hor daude tokian tokiko hedabide guztiak, prentsa idatzia Argiak egin duen lana gu baino askoz lehenagotik hasita, Euskaldunon Egunkariak eta Berriak egin duten lana, eta beste hainbat argitalpenek egindakoa: Jakin, Elhuyar, Bertsolari elkarteko aldizkaria... Aldi berean, audientziak atomizatu egin zaizkigu. Lehen Argia erosten zuenak ez zeukan beste aukerarik, edo, agian, Anaitasuna, Arantzazu... Baina, gaur egun, Argiako harpidedunak beste hainbat aukera ere baditu. Beraz, bakoitzak bere esparrua bilatzen du, beste inork baino hobeto landuko eta kudeatuko duen ezaugarriren bat bilatzen du. Gure atalean saiatu gara Euskadi Irratia hitzaren irrati bilakatzen, eta, Gaztea eta EITB Musika musikaren irrati bihurtzen. Guk, garai batean, musika klasikoari edo beste musikari tarte zabalagoa eskaintzen genion, baina azken urteotan, batez ere, hitzari eskaini diogu. Beraz, ildo horretatik jarraitu behar dugula ikusten dugu, iruditzen zaigu oro har euskaraz lan egiten dugun hedabideok euskal esparru komunikatibo bat osatu beharko genukeela, hortik etorriko baitzaio euskaraz egindako informazioari indarra. Hor egongo dira zenbait gauza euskaldunen komunitatearentzat interesgarriak baldin badira, euskarazko esparru komunikatibo hori osatzetik etorriko direnak. Euskarri teknologikoei dagokienez, ikusi beharra dago ea sakelako telefonoek irratia edukitzearekin irratia entzuteko ohiturak aldatuko diren edo ez; Interneteko erabiltzailearentzat irratiak zer interes eduki dezakeen edo nola erabiliko duen; eta teknologiak interaktibitaterako zabalduko dituen bide guztiak irratigintzara nola ekarriko dituen. Hor ikusten dut lanerako esparrua eta bidea. Odile Kruzeta (Eibar, 1957) Eibarren jaio zen, 1957ko azaroaren 6an. Ikasketak bertan egin zituen. Ondoren, Fisikan lizentziatu zen EHUko Donostiako canpusean. Gaur egun, ordea, Euskadi Irratiko, Gazteako eta EITB Musikako zuzendari da. Baina abeslaria ere izan zen gaztetan, Izukaitz taldean. Hain zuzen, garai haietan ezagutu zuen Joxe Mari Oterminek Odile, Herri Irratian egindako elkarrizketa batean. Eta handik lasterrera Euskadi Irratian lan egiteko eskaintza luzatu zion. Irakasle lanak utzi eta kazetaritzan murgildu zen duela ia 25 urte. Baina ez zen horretan jarduten zuen lehen aldia, ikasle garaietan Argia aldizkarian kazetari lanetan ibili baitzen kolaboratzaile gisa. Euskadi Irratian esatari lanetan hasi, albistegietako buru izatera pasatu, eta, Euskadi Irratiko, Gazteako eta EITB Musikako zuzendari izatera iritsi da. Ez da damutzen egindako hautuez. Musika, dantza, ibiltzea, mendira joatea eta irakurtzea oso gustuko ditu eta handik edo hemendik hartzen du astia afizio horiei ere beren denbora eskaintzeko.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Amando Pavía. Gehitu elkarteko presidentea: Ume eta nerabe gay eta lesbianei berdintasunezko mezua heldu behar zaie, gainerako ume eta nerabeen berdinak direla dioen mezua

 

Irakurri

Cristina Garmendia. Biologoa. Genetrix taldeko presidentea eta 2008ko Urrezko Danborra: Aitak egin zidan oparirik handiena esfortzuaren kultura izan zen

 

Irakurri

Jose Mari Ormaetxea. Mondragon Kooperatiba taldearen sortzaileetarikoa: Enpresetan zuzentasunak izan behar du nagusi, hau da, nori berea eman behar zaio, eta halaber, bidezko gizartea sustatu behar dute, herriko eragile dinamizatzaile bihurtuz

 

Irakurri

Eva Aguilera. Amnistia Internazionala: Pobreziaren kartzeletan preso dauden pertsonen askatasuna aldarrikatzen dugu

 

Irakurri

Felix Mugurutza. Etnografoa eta Aunia Kultur Elkarteko kidea: Gabonetako ohiturak Elizak eraldatu nahi izan dituen erritu paganoak izan dira

 

Irakurri