Óscar Álvarez Gila eta Ana Isabel Ugalde. Euskal Herria Mugaz Gaindi: Izugarrizko eragina du Euskal Herriko kanpoko proiekzioak Euskal Herriko historian

2009-10-16

BEGIRISTAIN, Edurne

Euskal diasporaren egoeraren inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera izango da hilaren 20, 21 eta 22an Arrasaten (Gipuzkoa), Euskal Herria Mugaz Gaindiren seigarren mintegian.“Nuevas perspectivas de investigación (Ikerketa ikuspuntu berriak)” izenburupean antolatu du UPV-EHUk aurtengo mintegia, eta euskal diasporaren inguruan egiten ari diren ikerketak ezagutzea eta zabaltzea izango du helburu. Jon Ander Ramos eta Ana Isabel Ugalde dira aurtengo edizioa antolatzearen ardura hartu dutenak. Azken honekin eta Óscar Álvarez Gilarekin, orain arteko antolatzailearekin, euskal diasporaren inguruan solastatu gara.

Euskal diasporaren inguruko ikerketak hizpide hartuta egingo duzue aurtengo Euskal Herria Mugaz Gaindi nazioarteko mintegia. Zer lortu nahi duzue?

Óscar: Euskal diasporaren inguruan ikertzen ari den jendearen erakustokia izan nahi du mintegiak, ikertzaileak batzeko toki bat. Batez ere une honetan egiten ari diren ikerketak aurkeztuko dira, ikasleak egiten ari diren doktoretzak eta martxan dauden egitasmoen berri emango da (prentsarena, diasporaren genomarena, kanpoko kongregazioen ingurukoa...). Gainera, edizio guztietan ikertzaile gazteei zuzendutako tartea ere izango dugu. Orain mintegian parte hartuko duten hizlari batzuk gaztetan hasi ziren ikertzen, esaterako Jon Ander Ramos gaztetan hasi zen ikertzen eta Arrasateko mintegian parte hartuko duen hizlarietako bat izango da.

Ana Isabel: Aurten Arrasaten egitea lorpen bat izan dela uste dut. Udalak babesa eman du eta pozik gaude. Lortuko bagenu ikasleak joatea, are eta hobeto, noski. Unibertsitatea oso mundu itxia da, eta mintegia modu bat da gazteek ikus dezaten hor badagoela etorkizunik. Herriko jendea eta ingurukoak etorriko balira, eta gaiarekin sentsibilitate apur bat agertuko balute, are eta hobeto. Kanpoko jendea ere etorriko da, ikertzaileak bereziki. Hala ere, asmoa ez da pertsona ospetsuak ekartzea, baizik eta tokian tokiko jendea erakartzea. Ikertzaile sare bat sortu nahiko genuke mintegiaren bidez.

Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegiaren lehen edizioa 2004an egin zen. Ordutik sei edizio egin dituzue. Zein izan da mintegiaren ibilbidea? Eta zer nolakoa izan da parte hartzea?

Óscar: Nahiko ongi joan da orain arte. Bi edo hiru eguneko mintegia egiteko haina jende bildu dugu urtero. Niretzat inportanteena da jende gazteak parte hartzea, eta neurri handi batean lortzen ari gara. Gazteek interesa agertuz gero, zerbait ikertzeko aukera ematen zaie mintegian.

Aurreko edizioekin alderatuta, zein berritasun dakar aurtengo mintegiak?

Ana Isabel: Berrikuntzarik nabarmenena artearen inguruan antolatu dugun mintegia da. Arte irakaslea naizen aldetik, nire ekarpena utzi nahi izan dut (barreak).

Nolakoa da euskal diasporaren eta artearen inguruko harremana? Ikerketa asko daude?

Ana Isabel: Egin dira hainbat ikerketa, eta badira zenbait proiektu eta ekimen, baina ez asko. Izan ere, diasporako euskaldunek euren herrietan egindako edo eragindako artelan gehienak kanpoko diruari esker egin ziren. Euskal Herrian Karrantza (Bizkaia) ingurukoa dago aztertuta, baina oro har ezer gutxi egin da arlo horretan. Badira katalogo batzuk oso zaharrak, zenbait aipamen... Esaterako, Ameriketatik ekarritako zilarrezko lanak edota jauregietan egindako berrikuntza asko kanpoko diruarekin egin ziren. Nolanahi ere, gutxi ikertu da gai horri buruz, eta ziur naiz askoz gehiago egin zitekeela. Uste dut meategiek askorako ematen dutela, diru asko etorri baitzen kanpotik hona eta hemengo euskaldunek hainbat gauza egin zituzten kanpoan. Hortaz, mintegiaren bidez artearen inguruko ikerketari hasiera edo bultzada ematea nahiko genuke. Bide bat izan daiteke gazteek ikus dezaten badagoela zer ikertu, eta ohartu daitezen gauzak egiten hasteko ez dagoela oso urruti joan beharrik. Oro har sormenaren munduari eman nahi diogu tartea, bestelako gai batzuk ere jorratuko ditugulako: euskal abizenak, literatura, prentsa, zinema,...

Óscar: Euskal emigranteen inguruko irudia aztertzea da asmoa. Ameriketako Estatu Batuetako literaturan zelako isla duen, hemengo artean zelako eragina izan duen, euskal literaturan eta kanpoko literaturan euskal emigranteak izan duen presentzia, zineman euskaldunak izan duen isla...

Seigarren edizioa du aurten mintegiak. Zeu, Óscar, hasieratik ibili zara antolaketa lanetan. Zein da jardunaldien filosofia?

Óscar: Mundu osoko berrehun ikertzaile inguru bildu ohi gara urtero, euskal diasporaren inguruan ikertzen dabiltzan irakasle, ikasle eta ikertzaileen artean. EuskoSareko kideek pentsatu genuen beste ekintza batzuen artean noizean behin halako mintegiak antolatzea ongi legokeela, batez ere tokian tokiko pertsonak biltzeko. Horregatik orain arte saiatu gara Europan eta Ameriketan egitea (Ameriketan bi egin ditugu, Uruguaien bat eta Kalifornian bestea). Eta asmoa genuen hurrengoa Argentinan egiteko, baina krisiaren eraginez orain zailagoa ikusten dugu. Mintegia urtero-urtero egitea da gure asmoa, baina ez da erraza.

Zein egoeratan dago euskal diasporaren inguruko ikerketa gaur egun? Zein norabidetan doaz ikerketak?

Óscar: Azkenengo bost urteotan nabaritu dugu jende asko dagoela gai honekin interesatuta eta ikertzen ari dela. Uste dut gaia interesgarria dela, jorratu gabeko arloa delako, exotikoa. Gainera, Euskal Herriko historia ikasteko beste bide bat da. Baina ez bakarrik hori, mundu osoko beste herrialdeen historia eta gurearen arteko loturak aztertzeko bide erakargarria da. Orain arte ez gara konturatu, baina izugarrizko eragina du Euskal Herriko kanpoko proiekzioak Euskal Herriko historian. Artearen adibidea argia da, baina beste hamaika adibide badira. Kanpoan bizi ziren euskaldunek Euskal Herriaren inguruan egindako lanak ikertu gabe daude, eta hori ere arras interesgarria da, hemengo historiaren bilakaeran bere eragina izan baitu.

Zeintzuk dira ikertzaileek dituzten zailtasun nagusiak?

Óscar: Diru falta da oztopo nagusia. Izan ere, ikertzeko beharrezkoa izaten da iturrira jotzea eta kanpora joatea. Pertsona baten arrastoa jarraitzeko beharrezkoa izaten da kanpoko artxiboetara jotzea, eta hori diru asko da.

Euskal diasporaren inguruko artxiborik ez egoteak asko zailtzen du lana, ezta?

Óscar: Bai, hala da. Lana errazteko zenbait ekimen badira, esaterako, mundu osoko diasporako euskal kazeta eta aldizkari guztiak digitalizatuta daude, eta horrek asko laguntzen du. Baina orain arte ia ezinezkoa izan da informazio hori guztia erabiltzea ez zegoelako bilduta. Orain ikasleek badaukate dokumentazio horretara jotzerik.

Artxibo bat lantzeko egitasmorik ez dago gaur egun?

Óscar: Aurreko Eusko Jaurlaritzak bazuen aspaldian egitasmo bat euskal diasporaren inguruko museo bat egiteko. Museo hori antolatzen ari zirenekin harremanak izan genituen, gure ideia zelako museoarekin batera artxiboa ere martxan jartzea, alegia, dokumentazio eta ikerketa zentroa egitea. Galizian, esaterako, museoa ez ezik, interpretazio zentro bat eta ikerketa zentro bat daude. Europan ere halako egitasmoak daude. Hemen, ordea, egitasmoak ez du aurrera egin. Interesgarria litzateke halako egitasmo bat martxan jartzea.

Ana Isabel: Diru eta borondate falta da arazoa.

Azken urteotan euskal diaspora berriak sortu dira Europan (Londresen, Milanen, Copenhaguen...). Zein da euskal diasporaren egungo egoera?

Óscar: Bi motatako diasporak daude. Batetik dago Euskal Herritik Europara ateratzen ari diren gazteek edo pertsonek osatutakoa. Eta bestea litzateke batez ere Ameriketan dagoen diaspora, batez ere AEBtan, Argentinan, Txilen, Uruguain... Eta pertsona horiek Euskal Herriarekin duten lotura bestelakoa da, batez ere kutsu afektiboa du, haien arbasoekin zerikusia du. Batzuek eta besteek duten ikuspegia erabat desberdina da, dituzten beharrak desberdinak dira, eta planteamendua ere desberdina da.

Ana Isabel: Azpimarratzekoa da euskal diaspora osatzen duten pertsona asko ekonomikoki gaizki pasatzen ari direla gaur egun.

Komuneko ezaugarririk ba al dute bi diaspora horiek?

Óscar: Diaspora bakoitzak bere ezaugarriak izanda ere, komunean dutena da guztiek euskalduntzat dutela euren burua, edo gutxienez euskaltasunarekin lotura afektiboa dutela. Beste kontu bat da gero nola ulertzen den hori guztia. Hemendik emigratu duen eta Shangain bizi den pertsona batentzat bere jaioterria gogoratzea da, baina Argentinan dagoen beste belaunaldiko pertsona batentzat beste kontu bat da, bere familiaren historiarekin zerikusia du.

Ana Isabel: Argi dago duela 150 urte Euskal Herritik kanpo joandako belaunaldi batek Euskal Herriarekin duen lotura edo duela urte batzuk Pragara joandako euskal herritar batek Euskal Herriarekin duen lortura oso desberdina dela.

Euskal diasporatik datozkigun albiste gehienek folklorearekin lotuta daude. Badirudi euskal jaiak direla diasporaren eta Euskal Herriaren arteko lotura bakarra...

Óscar: Folklorearekin zerikusia duten jaiek bere garrantzia badute, jendea biltzeko zeregina baitute. Jai horietan beti elementu folklorikoak eta sinbolikoak egoten dira, eta modu horretan, diasporaren nortasuna mantentzen da elementu sinboliko batzuen inguruan. Argentinan bizi den euskaldun bat argentinarratzat izango du bere burua, baina euskal kulturarekin lotura izaten jarraitzen du, esaterako, euskal dantzen bitartez. Elementu sinbolikoek eta folklorikoek diasporaren bizitzaren zati bat betetzen dute, eta logikoa da hori adierazteko bidea jaia izatea. Hori da gurekin duten lotura. Eta pentsatu behar da halako jaiak izugarrizko erakusleihoak direla bertako jendearentzat, Euskal Herria ezagutarazteko modua baita. Zeregin hori ere betetzen dute jaiek. Beste kontu bat da jaien bidez erakusten duten Euskal Herria mitikoa dela, oso folklorikoa. Baina gutxienez positiboa da, eta gaur egungo egoera ikusita, interesgarria da Euskal Herriaren alde positiboa erakustea.

Euskal Herria asko aldatu da azken hamarkadan. Baina euskal diasporak Euskal Herriari eta euskaldunoi buruz duen ikuspuntua neurri berean aldatu egin al da?

Óscar: Informazio falta handia dute, eta logikoa da duten ikuspegia oso errealista ez izatea. Guk, esaterako, zerekin lotzen dugu Argentina? Futbolarekin eta Maradona-rekin.... Bada gauza bera gertatzen da beraien kasuan.

Baina teknologia berriekin gauzak asko aldatu dira...

Óscar: Duela hogei urte informazio bide bakarra egunkariak ziren, baina orain teknologia berriekin gauzak asko aldatu dira bereziki gazteekin, eta ez horrenbeste adineko jendearekin. Jende gazteak informazio gehiago lortzeko aukera du, eta bide gehiago ditu informazioa eskuratzeko. Etorkizunean aldaketak ekar ditzakeen bidea izango da, baina oraindik hastapenetan dago. Óscar Álvarez Gila (Portugalete, 1966) Historian doktorea eta EHUn Ameriketako Historiako irakasle titularra da. XIX. eta XX. mendeetan Ameriketara joandako euskal emigrazioan aditua izaki, bereziki honako eremuetan ikertu du: euskal erlijioaren presentzia, kolektibitate euskaldun-amerikarren antolaketa soziala eta ideologikoa, euskal nazionalismoaren hedapena Ameriketan, eta euskal immigranteen jarduera ekonomiko eta enpresarialak. Zazpi liburu eta berrogeita hamar artikulu baino gehiago argitaratu ditu Espainian, Frantzian, Italian, Suezian, Mexikon, Argentinan, Uruguayn, Brasilen eta Japonen. Besteak beste, honako lanak argitaratu ditu: Misiones y misioneros vascos en Hispanoámerica, 1820-1960 (Bilbo, 1998), De la Ría del Nervión al Río de la Plata. Estudio histórico de una emigración, 1750-1850 (Portugalete, 1998), Euskal Herria y el aporte europeo a la Iglesia en el Río de la Plata (Vitoria-Gasteiz, 1999), eta Las migraciones vascas en perspectiva histórica, siglos XVI-XX (Bilbo, 2002).

Ana Isabel Ugalde Gorostiza (Arrasate, 1956) Artearen Historian irakaslea da EHUn. 1977an Magisteritzan eta Geografia eta Historian lizentziatu zen, eta Historian espezializatu zen 1983an. Doktoretza lortu zuen ostean (2001ean) honako tesiarekin: Una mirada al cielo. Iconografía de las claves de bóveda de la Diócesis de Vitoria. 1977tik 1981era Lehen Hezkuntzako irakasle izan zen, eta 1981etik aurrera baita Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko irakasle ere. 2003tik EHUko Arabako campuseko Filolofia, Geografia eta Historia fakultateko irakasle ere bada. Ikerketa ildo nagusiak honakoak ditu: Erdi Aroko eta aro garaikideko arkitektura eta ikonografia, bereziki erretaula eta gangetan. Ondare aldizkariko kolaboratzailea da, eta besteak beste, honako artikuluak idatzi ditu bertan: El retablo de San Miguel de la anteiglesia de Gargarza de Mondragón, 2003; El coro de la parroquia de Santa María de Salvatierra: una loa al emperador, 1998; El programa iconográfico del coro de Santa María de Vitoria, 1996; Santiagoren Ikonografia Gipuzkoan, 1994; Iglesia de Santa María de Deba: Iconografía de sus clases de Bóveda, 1991.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Itziar Eizagirre Irureta. Ingurumen aholkularia eta Mugikortasun Iraunkorreko Kudeatzailea: Gaur egungo garraio-ereduarentzako alternatibak gure pentsaera-aldaketatik datoz lehenik

 

Irakurri

Juan Gimeno Ullastres. UNEDeko Errektorea: Ohartu nintzen justizia ekonomian zegoela zuzenbidean baino askoz gehiago

 

Irakurri

Asier Hilario. Geologoa: Flysch-etik ibiltzea denboran zehar bidaiatzea da. Ematen duzun pausu bakoitzeko 10.000 urte egiten duzu aurrera

 

Irakurri

Mikel Atxaga. Kazetaria: Seguruena, ni naiz lehenengo euskal kazetaria soldatarekin

 

Irakurri

Juan Miguel Gutierrez. Zinemagilea: Ikustezina den hori harrapatzeko gai zarela konturatzea zinearen alderdirik atseginena da

 

Irakurri