Teresa del Valle. Antropologoa: XXI. mendeak gizartearen mendea izan behar du: biztanleriaren %10ak ezin du gizateria osoari dagozkion baliabideen %90 kontsumitu

2006-06-23

SALABERRIA, Urkiri

GARMENDIA IARTZA, Koro

Donostian geratu gara, Eusko Ikaskuntzako bere bulegoan. Sartzean, deigarria egin zait hormetan inongo apaingarririk ez egotea. Del Valle andreak agurtu eta itzali egin ditu ordenagailua, pantaila eta inprimagailua. Eskertzen den isiltasuna piztu da. Eseri egin gara, eta solasean hasi. Gure elkarrizketatuak eraztun bakarra darama eskuetan, bitxia, oso polita eta fin askoa. Elkarrizketa osoan aritu da eskuekin jolasean, eraztuna kentzen, jartzen eta mahai gainean uzten.

Nor da Teresa del Valle?

Pertsona baikor bat, aldaketetan interesatua dagoena, erroak leku ugaritan dituena, eta jakinguraz betea dagoena. Arakatzea gustatzen zait; ez naiz zergatiak galdetzearen beldur. Nik uste dut horrek bultzatu nauela ikertzailea izatera. Ikertzaile izateko jaioa naizela iruditzen zait, gizarte zientzietako ikertzailea.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Gustura sentitzen naiz Gizarte Antropologo definizioarekin. Baina, nire ibilbidea ikusita, antropologia beste arlo batzuekin uztartu dudala esan behar da. Musika ikasi nuen; Bilboko kontserbatorioan amaitu nituen piano ikasketak. Artea ere oso presente egon da nire bizitzan, bai sendiaren bidez, bai hezkuntzaren bidez, eta baita esperientzia estetikoekin izan dudan loturari esker. Historiaren arloa ere landu dut, batez ere Ameriketako Estatu Batuetako eta Latinoamerikako Historia. Gero egin nuen topo Antropologiarekin. Beraz, ibilbide horrek arlo horiek guztiak maitatu eta euren artean lotzeko aukera ematen dit.

Eta nolakoa zara maila pertsonalari dagokionez?

Hiritar bat naiz, baina landa eta paisaiarekin asko gozatzen duena. Gaztetan, Bilboko Vera Cruz-en egin nituen ikasketak, eta gero Berrizko Vera Cruz barnetegian egon nintzen. Aldi artan, Anboto erreferentzia moduko bat zen niretzat, urte osoan zehar: elurtuta zegoenean, udaberrian... (Etenaldi labur bat egiten du, gogoetarekin jarraitzeko). Oso garrantzitsua da paisaia eta ingurua erreferentzia modura izatea. Duela hamahiru bat urte, Donostia utzi eta Asteasura joan nintzen bizitzera, landa ingurura, eta, han ere, paisaia egunetik egunera nola aldatzen den ikusteko aukera daukat. Edonola ere, ez dut uste landako eta hiriko elementuak elkarri kontrajarrita daudenik; nik uste dut elkarri lotuta daudela.

Hiriez mintzo garenez, hitz egin dezagun hiritarren partaidetzaz. Posible al da banakotasuna eta taldeko partaidetza uztartzea?

Talde baten izenean parte hartzen duzunean, aurrez taldearen baitan hartu beharko duzu parte -taldea banakoez osatua baitago-, eta ondoren etorriko dira adostasun edo desadostasunak. Horrela ikusita, hiritarren partaidetzak estali egiten du banakoen ahotsa, baina, aldi berean, indartu egiten da taldearena. Alde batetik, banakotasuna aintzatesten da, eta, bestetik, ikusten da hiritar bakoitzak badituela beste pertsonak inplikatzen dituen interesak ere. Hiria nirea da, baina beste pertsona batzuena ere bai.

Bada, batzuetan ahaztu egiten zaigula dirudi. Astakeria galantak ikusi ohi ditugu espazio publikoetan.

Nik kasu hori bera jartzen dut adibide bezala: espazio publikoak zaindu beharra. Jendeak, etxean inoiz ere egiten ez dituen gauzak egiten ditu espazio publikoetan. Espazio pribatua espazio publikoarekin lotuta dagoela ikusten dugunean, eta espazio publikoa, berebat, beste espazio batzuekin, espazioak bere balioa duela konturatuko gara. Nik inoiz ez nuke izango, ezta munduko pertsonarik aberatsena izanda ere, hiru hondartzatara joateko aukera, hainbat menditara, ibaietan igeri egitera, parkeetan ibiltzera...

Hiri tentsionalei buruz idatzi izan duzu. Zer izango litzateke hiri tentsional bat?

Tentsioei buruz hitz egiten dudanean adierazi nahi dudana da tentsioak, indarren bat-egiteak, ez duela zertan beti negatiboa izan. Tentsioak elkarren aurkako indarrak dira, baina dualtasunak gabe, bipolaritaterik gabe. Beren helburua ez baita oreka lortzea.

Tentsioa, beraz, positiboa izan daiteke...

Bai, eta negatiboa edo sortzailea. Hiri tentsionalaz hitz egitean adierazi nahi dudana da espazio batean indar ezberdinak elkarbizi daitezkeela. Ikusi egin behar da zeintzuk diren hirian tentsioan dauden puntuak, eta puntu horiek aztertu, tentsio negatiboek ez dezaten gehiegizko eraginik izan. Hiri batean dena bere menpean duen klase sozial bat baldin badago, eta gainerakoek ez baldin badute inolako eraginik, oztopoak sortuko dira, eta zaila izango da tentsio positibo edo sortzailerik izatea.

Beraz, gainditu egin beharko genituzke gizarte bipolarrak, aberats-behartsu, gizon-emakume, ipar-hego modukoak?

Bada gaurkotasun handia duen gai bat: garapen iraunkorrarena. Azkenean, behingoz, ingurumenak duen garrantziaz jabetu gara, ekonomiaren kontrolaz eta gizarte dimentsioaz. Nire iritzian, gizarte mailak duen garrantziaz jabetzea tokatzen zaigu orain: zenbateko eragina daukagun pertsonok, zein aukera dauzkagun, gure sormena, gure hunkiberatasuna, gatazkak konpontzeko daukagun gaitasuna... Hori guztia presente izan beharko genuke. XXI. mendeak gizartearen mendea izan behar du, pertsonen dimentsio kolektiboarena. Horrela ikusiko dugu pertsonok hunkipena, adimena, berrikuntza eta kontserbadurismoa garela. Baina ez da gauza bera banakoaren mailan jardutea, edo maila zabalago batean aritzea. Hain da indartsu eta zabala munduaren problematika, ez dagoela ingurumenaren ikuspegitik, edo ekonomikotik, eta are gutxiago politikotik konpontzerik. Onartezina da batzuk goseak hiltzen egotea, eta beste batzuk loditasun arazoengatik. Gizartearen %10ak ezin du gizateria guztiari dagozkion baliabideen %90 kontsumitu.

Gaurkotasunarekin jarraituz, baina beste gai batera joz... XXI. mendean, berdintasun osoa gizon-emakumeen artean, ala "gora diferentziak"?

Orokorrean esanda, gizarte guztiak ari dira errealitateari nolabait erantzun nahian; errealitateak erakusten diguna da giza espeziea sexuduna dela. Gizarte batzuek ezberdintasun biologikoei eskaintzen diete arreta, eta, batez ere, ugalketarekin lotutako gaiei. Beste gizarte batzuetan, neska edo mutila nola gizarteratzen den izaten da garrantzitsuena. Beste kultura batzuetan, elikagaia lortzeko nola antolatu...

Nik kritika feministan kokatzen dut nire burua. Interesatzen zaiguna da generoa nola sortzen den, baina ez batzuetan egiten den bezala, gaizki gainera, gizon generoa eta emakume generoa bereiziz, baizik eta gizartea egituratzeko modu gisa hartuz.

Adibidez? Emakumeak lan merkatura jotzearen kasua. Autonomiarekin, erabakitzeko ahalmenarekin eta eragiteko gaitasunarekin lotuta dagoen guztia oso positiboa da, baina elementu negatiboak ere egon daitezke; adibidez, lana behar bezala ordainduta ez egotea, edo esplotatua egotea. Dena den, erabakigarria iruditzen zait emakumea lan merkatuan sartzea. Emakumea espazio publikoetan sartzea positiboa da. Emakumea erabakien munduan sartzea funtsezkoa da. Baina, noski, ikusi egin behar da trukean ordaindu beharrekoa lanaldi bikoitz edo hirukoitza den, eta sarrera hori baldintza berdinetan edo ezberdinetan gauzatzen den. Gero, bada beste kontu bat ere: indarkeriarekin lotuta agertzen ari diren arazo larriak. Emakumeok berdintasun horren alde egiten dugun erresistentziarekin ere badute zerikusirik. Teresa del Valle (Donostia, 1937) Lanbidez antropologoa. Eskola garaiari dagokionez, Teresa del Vallek ez du "hezkuntza erlijioso errepresiboa" jaso izanaren inpresiorik; aitzitik, oso hezkuntza "humanista" jaso zuela deritzo. Ia hobeto ezagutzen zituen Marco Polok Ekialdera eginiko bidaiak, Kolonenak baino, eta hurbilekoa iruditzen zitzaion urruneko mundua: Ozeania, Mikronesia... Elkarrizketan adierazi digunez, "oso positibotzat" jotzen du gaur egun erlijio aldetik aukera egiteko dagoen askatasuna, erlijioa "aukera pertsonala" baita, "atxikipen soziologikoa" beharrean. 22 urterekin AEBra joateko "zoria" izan omen zuen, bertan Ameriketako Estatu Batuetako eta Latinoamerikako Artea eta Historia ikasteko. Ez beka bati esker, ordea, baizik eta Berrizko misiolarien taldearen bidez. Gero, Guam-eko Irlako Unibertsitatean ibili zen irakasle gisa, eta ikertzaile lanetan Micronesian Area Research Center erakundean. Kolonizatuta egondako artxipelagoetako prozesu kolonizatzaile eta kulturalak aztertzea zuen xede zentro horrek. Hantxe izan omen zuen antropologiarekin inoiz izan duen esperientziarik bikainena, eta Mikronesiari buruzko azterlanetan murgildu zen, kolonizatzaileen ikuspuntutik ez, baizik eta antropologiaren aldetik. Hawaiiko Unibertsitatean Antropologiako Master bat egin zuen, eta ondoren doktoradutza. Bertan, Pazifiko aldeko antropologo nagusietako bat ezagutzeko zoria izan zuen: Douglas Oliver. Teresa del Valleren aburuz, antropologia "oso oinarri teoriko eta metodologiko mamitsua duen gizarte zientzia bat da, kultura gisa identifikatzen ditugun bizimoduak nola eratzen diren eta zein konplexutasun dauzkaten aztertzera eramaten gaituena". "Baina ez kulturak finkoak bailiran -dio-, baizik eta gizakiok denboran zehar luzatzeko eta gure instituzioak sortzeko daukagun beharraren ahala osatzen goazen zerbait bezala. Denborak esango digu sortu ditugun instituzio horiek eraginkorrak diren edo ez". Antropologiak alderdi ezberdin ugari lantzen omen ditu: "giza espeziea sexuduna dela kontuan izanik, ahaidetasunaren arabera nola antolatua dagoen aztertzea" -eta horrek gizon-emakumeen artean sortzen dituen ezberdintasunak-, eta "erantzunik ez daukaten" galderei erantzutea (erlijioarekin lotutakoak), "erritualen boterea", kale zurrutetik hasi eta erritual ozeanikora bitartekoak izan daitezkeenak, non taldeko hierarkiak azaltzen baitiren... Antropologiak, dio amaitzeko, "auzitan jartzen ditu alderdi unibertsalak, eta, aldi berean, hemen gertatzen dena beste edonon gerta daitekeela ikusteko aukera ematen du".
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Joaquim Dolz Mestre. Hizkuntzen Didaktikan eta Irakasleen Prestakuntzan katedraduna Genevako Unibertsitatean: Ez da nahikoa hizkuntza bat erabiltzea; mintzamenak irakasgaia ere izan beharko luke

 

Irakurri

Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko lehendakaria: Ez dakit noraino diren beharrezkoak hainbeste elkarte txiki herri bakoitzean, askotan zentzurik ere ez daukaten muga administratibo batzuei jarraituz

 

Irakurri

Gregorio Monreal. Zuzenbidearen Historian Katedraduna: Zapaterok autodeterminazio eskubiderik ez dagoela esatea Espainian eskubide hori aitortzearen gaineko bere iritzia ematen duen politiko baten esaldia besterik ez da

 

Irakurri

Julio Ibarra. Metro Bilbao-ko komunikazio-burua: Bilboko Metroa arima bako garraioa da; hori da nire kritikarik handiena, eta neurri batean konpontzen saiatuko naizena

 

Irakurri

Marian Elorza. Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Zuzendaria: Euskal enpresak atzerrian errotzeko oztopo nagusiak tamainaren aldetik datoz, baita atzerrian bizi eta lan egiteko prest dauden giza baliabideen eskasiatik ere

 

Irakurri