Xabier Etxague eta Ana Aierbe. Hezkuntzaren Zientzietan doktorea eta Psikologian doktorea: Irakurketa oinarrizko konpetentzia bat da, ez bakarrik ikaskuntzarako baizik eta norberaren ikuspegi analizatzailea, kritikoa eta erabakitzailea garatzeko

2017-03-01

AGUIRRE SORONDO, Juan



“Zer hezkuntza-eredu behar dugu, gaur egun kultura humanistikoaren eta zientifikoaren artean dagoen banaketa desagerrarazteko?”. Hori izan zen Eusko Ikaskuntzak 2016an proposatutako galdera. Banaketa horren jatorria zehaztu dezakegu, eta historikoki zergatik irauten duen azaldu?

Ana Aierbe (A. A.): Kultura zientifiko eta humanistikoaren arteko zatiketa hori aztertzen dugunean, historian zehar eta gaur egun ere, indarrean dagoen galdera eta erronka bat da. Jatorria aztertu daiteke modu globalean, aztertzen badin badugu, helburu politikoak, interes ekonomikoak, hezkuntza legearen joan-etorriak eta abar, kontutan hartuta bere gorabeherak izan dituela uztarketa horretan. Gaur egun esango genuke ildo horretatik, hezkuntza proiektuetan orokorrean jasotzen direla, beste gauza bat da nola burutzen diren eta nola lortzen diren helburu horiek.

Xabier Etxague (X. E.): Bai, hori halaxe da. Hezkuntza sisteman iraun duen bereizketa da, ikuspuntu historiko batetik aztertu ezkero, ez da hain zaharra, hezkuntza ikuspuntutik ikusita. Hezkuntza garaiak oso luzeak dira, oso mantsoak dira, hezkuntza kulturak aldatzea oso nekosoa da, baina bereizketa hau hain zaharra ez da XIX. mendekoa da, oker ez banago. Unibertsitateak unibertsalizatzen diren garaikoak, goi-mailako hizkuntza zabaldu eta unibertsalizatu diren garaikoa. Agian ikustekoa izan dezake goi-mailako hezkuntza, populazio sektore zabal batengana iritsi nahi izanaren asmoarekin. Bereizketa horren hasierako zioan helburu jatorra bazegoen, nolabait jende askorengana iritsi nahia.

Zer iruditzen zaizu, horrela liteke?

A. A.: Alde horretarik ikusita, egia da eskolaren sorrera XIX. mende bukaeran sortzen da, heziketa horretaz arduratzeko eta Industri Iraultzaren helburuetan ere, seguruena pentsatuta zuten nola hezi pertsona horiek. Baina, nik uste dut baita ere, curriculumera joan behar garela. Egia da badaudela alderdi zientifikoagoak eta beste batzuk humanistikoagoak, zatituta daude ikasgaiak eta jakintzagaik, eta hor zubiak egin behar ditugu. Hezkuntza proiektuetan eta unibertsitatean ere dena dago idatzita esplizituki, gero legoke nola garatzen diren horiek. Eta uste dut ezfortzuak egiten direla. Beste gauza bat da gizartean zein oztopo ikusten ditugun, nola dagoen baloratuta ikaskuntza zientifiko hori. Egia da, erritmoan ere, berrikuntza teknologikoak eta zientifikoak izugarrizko arrakasta izaten dutela, oihartzun handia dutela. Eta hezkuntza mailan aldaketa humanistiko horiei ematen zaien garrantzia hori epe luzerako da, eta ez da hainbeste ikusten. Gero ere, aldaketak oso azkar doaz zientifikoki, pixka bat atzetik doa bestea. Ez zaizu iruditzen?

X. E.: Bai, dudarik gabe mundu akademikoak azkeneko urtetan abiadura handia hartu du, inoiz ezagutu ez den abiadura. Eta gaur eguneko munduak eskatzen digu bereizketa horiek gainditzea, nola egin, horretan dago gure gakoa eta zalantza. Zergatik iraun duen bereizketa hau? Hasieran, nire ustez, asmo onarekin egindako bereizketa honek? Hasierako bereizketa horren berezko bilakaeran sortu ditu interes taldeak, sortu ditu talde profesional propioak... Guzti hori gizartean kontsolidatu egin da, unibertso propio bat sortu du bere esparru zientifiko bakoitzak eta orain unibertso horiek hartu duten boterea kentzea oso zaila da, oso prozesu problematikoak izan daitezke horiek. Gaur egun, sortu diren unibertso txiki bakoitzak baditu bere interesak, bere botere taldeak, bere talde eragin propioak, bere lan esparru propioak eta interes propio horiei uko egitea sozialki eta akademikoki zaila da.

A. A.: Dinamika horiek nola aldatu ezta? Nik uste saiatzen ari garela esperientzia txikien bidez, baina oraindik asko falta zaigu, gutxienez goi-mailako ikasketetan.

X. E.: Bai, ni ere optimista naiz. Esperientzia txikiak badaude eta esperientzia horiek zabaldu egin behar dira. “Kultura zientifiko eta humanistikoaren arteko bereizketa horren hasierako zioan helburu jatorra zegoen, nolabait jende askorengana iritsi nahia”.

Gaur egun, arrakasta akademikoa eta profesionala lortzeko, balio handiegia ematen zaio bide zientifikoari. Baina, aldi berean, beldur gaude aurrerabide zientifiko eta tekniko geldiezinak gure askatasuna eta gure bizitza arriskuan jarriko ote dituen. Gaur egungo paradoxa handietako bat da hori, ezta?

X. E.: Paradoxa hori oso indartsua da, batetatik aurrerabide zientifikoak eta beste aldetik gure askatasuna, zertan dagoen, zertan datzan. Dena den, nik uste dut tentsio hori hemendik aurrera betierekoa izanen dela, ez dugu gure burua askatuko tentsio horretatik. Tentsio horrekin bizitzen ikasi behar dugu. Gaur egun, aurrerabide zientifikoek gure askatasuna mugatzen dute, kontrola mugarekin identifikatzen baldinbadugu. Baina dudarik gabe, gure bizitza erabat “anai handiaren” kontrolpean jartzen dugu. Eta horrekin ez dugu gure burua engainatzen, jakin badakigu gure mugimendu guztiekin zein oinatza uzten dugun toki guztietan, baina ez diogu uko egiten horri kontzienteki behintzat, eta kontzienteak gara horretaz eta ez diogu uko egiten. Nahiago dugu horretaz gozatzea gure erabateko askatasunaz gozatzea baino. Paradojikoa da.

A. A.: Alor akademiakoan eta baita ere profesionalean, alderdi zientifikoari gehiegizko balio hori ematea, neurri batean, bere zehaztapena eta bere balorea ematen dio alde batetik, eta egia da askotan menpekotasun bat sortzen digula. Baina hor ere ereduak daude eta guk ere alderdi zientifikotik ereduak, goi-mailako ikasketetan, jarraitu ditzazkegu.

Tentsio hori beharrezkoa ikusten dut, hau da, lotuta egotea nolabait alderdi zientifiko horri eta bere arriskuak ere kontutan hartzea eta ikustea. Nik uste det neurri hori hartzea edo balioztatze horiek egitea ondo dagoela. Beldurrarekin aurrera ezin gara joan, batzutan molde horietatik irten beharko ginateke. Ikerkuntzan eta lanbideetan eta abar, dagoena jarraitzen dugu, dauden patroiak jarraitzen ditugu. Kode deontologikoak ere badaude, noraino iritsi gaitezkeen esaten digutenak. Askotan ez diogu denboratik ematen: honek zer transzendentzia dauka erakundean edo erakundetik kanpo, nola lotu, gizarterako zein balioa dauka... Baina egia da, alor akademikoan zientzia horren kutsu hori estimatzen dela eta neurri batean aurrerakuntza handiak egin ditugula.

X. E.: Bai, dudarik gabe aurrerakuntza zientifikoek gure bizitza hobetu dute eta hobetzen lagundu digute: gure bizi itxaropena luzatu egin da, gure bizi kalitatea handitu egin da, gaur ohikoa da jubilazio adinera sasoian iristea. Horretan lagundu egin digute eta bizitzaz gozatzeko bideak eskaini dizkigute, horretan ados nago. Baina, horrekin batera, guk zer ordaindu dugu horretarako? ordaintzen dugun hori noraino berdintzen du eman digun hori? edo gure askatasunari jarri dizkiogun muga horiek berdintzen dute ematen diguten onura hori? Tentsio hori, galdera hori, nik uste ez duela mementuko erantzunik, betierekoa bilakatuko zaigula eta etengabe hemen izanen dugula. “Gaur egun, aurrerabide zientifikoek gure askatasuna mugatzen dute, kontrola mugarekin identifikatzen baldinbadugu”.

Goi-mailako hezkuntzak eta ikerketak ondasun publikoak lortzeari utzi diote, eta, merkatuen logikari jarraituz, lehiakortasun pribatura orientatuta daude, argi eta garbi.Beharrezko errealismoaren islatzat hartu behar dugu hori?

A. A.: Goi-mailako ikasketak eta egiten den ikerketa bere ondasun publikoari begira, agian gaur egun batzutan zalantzan jartzen dela ikusten dugu eta lehiakortasun pribatu horretara bideratzen direla. Ez nituzke zehaztapenik emango edo datu oso kenkretuak ditugunik, baliteke horrela izatea. Nik uste dut bermatu behar ditugula ondasun publikoak neurri batetan, eta horren alde egin behar dugula. Orokorrean, hemen fakultatean, hezkuntzako alorrean, ideia horiek maneiatu egiten dira, baina bai lehiakortasun puntu batek ekartzen ditu guregana saikaerak egitera, eta ditugun produktuak edo emaitzak, hezkuntzan ere emaitza horiek polikiago joaten dira. Baina bai ekartzen digula aurrerakuntzetarako edo guk jarritako estandarrak pixka bat gorago jartzea. Ez dugu ahaztu behar hor daudela, bermatzeko edo orain arte asko kostatu zaiguna lortzeko. Nik horrela ikusten det.

X. E.: Bai, nik uste dut guk behintzat erakunde publikoetatik ahalegin handiak egiten ditugula gure ikerketa mailari eusteko, aldi berean gure independentziari eutsirik. Baina beste alde batetik ere egia da zerbitzu publikoak putzu beltzak direla, edozein zerbitzu publikok bereganatu dezake gobernu oso baten aurrekontua. Batez ere zerbitzu publiko funtsezkoak, hala nola osasuna, hala nola hezkuntza, eta hezkuntzaren barruan goi-mailako hezkuntzak. Aldi berean, gaur egun, ikerketarako beharra gero eta nabarmenagoa da. Ikerketa proiektu indartsu batek edan dezake nahi duen aurrekontua.

Azken batean, zu goi-mailako ikerlaria zara eta badakizu proiektuaren dimentsio batzuk gehituz, zabalduz, halako lagin batekin jokatuz, halako populazioaren jokatu ezkero,... hartu dezakezu nahi duzun aurrekontua eta horrek ikerketaren kalitatea hobetzen du. Eta argi dago gaur eguneko gizarte ereduarekin eta daukagun gobernu ereduarekin, ikerketaren beharrak, behar finantzieroak, ezin daitezke ase kutxa publikotik.

Ikerlariak orduan uko egin behar dio diru pribatuari, uko egin behar dio banku batek eman dezakeen laguntzari? edo nazioarteko korporazio handi batek eman ahal dion laguntzari? nire ustez ez. Nire ustez gaur egun ikerlariak onartu behar du bere proiektu handiak atera ahal izateko diru pribatuaren beharra duela. Joku horretan, ikerlariak jarri beharko ditu bere mugak, eta bere perspektiba kritikoaz jokatu beharko du, bere helburuetatik ez desbideratzeko. Baina funtsean, nik uste, ikerketaren onerako baldinbada, ikerketak diru pribatuaz baliatu behar duela. “Ondasun publikoak neurri batetan bermatu behar ditugu eta horren alde egin behar dugu”.

Zer-nolako eragina dute teknologia berriek hezkuntzan eta ikaskuntzan, eta, hain zuzen, zientzien eta humanitateen arteko dialektikan?

X. E.: Ederra, polita, erakargarria eta berria ere bai. Nik uste dut oraindik asko dugula jakiteke. Hasi berriak gara mundu honetan eta oraindik ondorio tinko guztiz baliogarririk ez daukagu eta ez dakit inoiz izanen dugun ere. Ze, ikerketak bukatu orduko, teknologia berri bat plazaratu egin da. Eskoletan eta gure munduan sartu da eta haren atzetik joan behar dugu, eta ikertu, eta jakin, eta ondorioak atera. Hau etengabeko elkar ekintza da, hezkuntza eta teknologia, teknologia-hezkuntza, ikerketa.

Dena den, nire ikuspuntua, teknologia berriak nolabait irakaskuntza modalitatea biderkatu egin dutela da. Ez dira etorri ordezkatzeko, baizik biderkatzeko. Gaur egun modalitate desberdinak dauzkagu: presentziala, online modalitatea, presentziala teknologiak lagundurik, presentzialak teknologiarik gabekoak... Beraz, hezkuntza modalitateak biderkatu egin dira eta guk danok, gizarte moduan, aukera gehiago daukagu hezkuntza prozesuak diseinatzeko, inplementatzeko, eta gu geu ere hiritar bezala hezitzeko. Biderkatze honek gizartearen eskutan jarri ditu hezkuntza modalitate berriak eta ondo erabili ezkero hiritar gehiagorengana iritsi gaitezke. Mementuz horrela ikusten dut.

A. A.: Egia da aukera handiak ematen dizkigutela teknologiak eta baita ere bere zailtasunak ditu. Gu ez gara hezi teknologien bitartez baina teknologien erabilpenean ikas dezakegu eta belaunaldi gazteak berriz oso trebeak dira. Baina horrek, bai harremanetarako, beraien artekoak edo hezkuntza arloan ere, ikasteko garaian, erronka batzuk ekartzen ditu. Ikas dezakete ez espazio fisiko batetan, testuinguru desberdinetatik hartu ditzakete informazioa, sortu, bideratu, sare sozialetan hedatu... Nonahiko lekukotasun hori, alde batetik oso ondo dago. Gero, iritzi asko jasotzen dira, edozein mementutan ikasteko aukera, guzti honek erronka handiak ekartzen dizkigu.

Zein da gure papera? Maneiatzen dituzten mezuen filtroak, esanahiak,... bitartekari papera jokatu behar dugu. Irakasle eta hezitzaileentzat zaila da batzutan hori bideratzea. Askotan lan politak ikusten ditugu forma aldetik, baina pentsatzen gelditu dira zer traszendentzia daukan horrek? Gaitasun mediatikoa eta digitala izatea ondo dago, aukera handiak ematen dizkigu baina askotan, nere esperientziak esaten dit, goi-mailan gaudenak, batzutan ikasleak iritzia jasotzen geratzen dira. Oso pragmatikoak bihurtu gara, hor geratzen gara, atzean dagoen hori sakondu gabe. “Teknologia berriak nolabait irakaskuntza modalitatea biderkatu egin dute. Ez dira etorri ordezkatzeko, baizik biderkatzeko”.

Zer garrantzi dute eta izan beharko lukete irakurmenak, idazmenak, arte-hezkuntzak eta, oro har, sormenak hezkuntza-maila guztien curriculumean?

A. A.: Irakurmena, artea, sormenak, gaur egun bere biziko garrantzia dute. Nahiz eta aurrerakuntza handiak egin, bai metodoetan eta abar —aldeak daude orain dela hamarkada batzurekin konparatuta— baina irakurketa-idazketa funtsezkoa da. Prozesu bat da ezagutzarako eta ikasteko. Garapenerako izugarrizko atea da. Orain ere, zenbait ikastetxeetako hezkuntzako lehenengo etapetan, berriro bueltatzen ari dira irakurketaren ulermenean zentratzera, haur hezkuntzatik hasita batxilergorarte. Egia da, irakurketa-idazketa on baten oinarriak ez badira zaintzen gero hankamotz geraten da prozesu guztia.

Zer gertatzen da? Nik uste dut metodologietan dagoela gakoa. Gizartea aldatu da, gure gazte eta haurren interesak zeharo desberdinak dira gurekin konparatuta, orduan metodoak ere aldatu behar dira. Zer da interesgarria beraientzat? Berdin zaigu zein medioekin, ordenagailua dela, liburuak direla, eleberriak direla, baina gauza da oinarri on bat finkatzea.

Artea eta sormenari dagokionez, lehenengo hezkuntza etapetan baita ere saiatzen ari dira adimen anitzen inguruan. Pentsamendu logiko, matematiko eta linguistikoak oso inportanteak dira, baina baditugu baita ere pertsonen arteko harremanetarako trebetasunak, pertsonen gaitasunak edo nortasunaren garapena, bestetik musikaren arloa, mugimenduarena Zer gertatzen da? Askotan denborak eta dirulaguntzak murrizterakoan zenbait ikasgairi, lenguari, matematikari, garrantzi gehiago ematen zaiela. Baina hala ere, uste dut alderdi horretatik jarraitu behar dugula.

Goi-mailako ikasketetan baita ere, gero eta gehiago, —hemen adibidez, pedagogian eta gizarte hezkuntzan, antropologia, filosofian— disziplinarteko esfortzua egitea eskatzen diegu. Horren alde egin beharko genuke. Zerbait berria sortu nahi badugu, askatasun puntu hori utzi behar dugu. Nola egin? Metodologia aktiboak, motibazioa,... badaude, baino pixka bat motelago goaz unibertsitatean beste mailekin konparatuta.

X. E.: Funtsean zurekin ados nago. Teknologia berriek edukia guztien eskura jarri dute, ikasleen eskura, gaur egun jakina irakaslea berez ez da edukiaren jabea. Guztien eskura dagoen telefono mugikor hori unean uneko edukia aurkezten du modu zabalean, argian eta sakonean, beraz edukiaren jabego hori irakaslearengandik aldatu egin da beste esparruetara, beste tresnetara eta hori ikasleak badaki eta irakasleak ere bai, errealitate horrekin jokatzen dugu. Irakasleak ezinbestean gidatzaile rola hartu behar du beste rolez gainera, gidatzaile rola eduki horietara modu, esan dezagun, zienfikoan iristeko. Filtro horiek erabiltzen ikasi behar du, jatorri oneko edukiak harrapatzen erakutsi behar du, bitartekaritza lana areagotu egin da irakaslearen rola analizatzen dugunean.

Horrekin batera, zuk azpimarratu duzu irakurketa-idazketaren garrantzia. Ikasten ikastea irakurketarekin hasten da, ez dago besterik azken batetan. Ondo irakurtzen ondo jakiteak edozein ikasketa, edozein ikasbide errazten dizu. Beraz, irakurketaren garrantzia lehen, orain eta bihar ezinbestekoa da, horretan bat nator zurekin. Agian teknologia berrien agerpenarekin, beste mundu honek liluratu egin gaitu eta oinarrizko konpetentzia horren balioa pixka bat lanbrotu egin zaigu, baina nik uste dut azkar asko ohartu garela konpetentzia hori ezinbestekoa dela gainerakoak eraikitzeko. Hori funtsezkoa da eta horretan behintzat uste dut ez dugula galdu. Dudarik gabe bestelako eduki horiek, ikuspegi kritikoa, analizatzailea, konpetentzia trasbertsal horietaz jabetzeko, aipatu ditugun filtroen erabilpenerako, ezinbestekoak dira. Ezinbestekoak dira baita ere, norberaren ikuspegi analizatzailea, kritikoa eta erabakitzailea garatzeko.

Azken batean, hainbesteko presentziarekin ikasi egin behar dugu ondo bereizten, filtroak ezartzen, ondo irakurtzen, interpretatzen eta erabakitzen. Horretarako bestelako jakintza hauek giza garapenarekin, alderdi humanistikoarekin, zer ikusia duten arlo hauek ere ezinbestekoak dira, dena ezin da egin, egin, egin. “Ondo irakurtzen ondo jakiteak edozein ikasketa, edozein ikasbide errazten dizu. Irakurketaren garrantzia lehen, orain eta bihar ezinbestekoa da”.

Azken batean, gizarte hobea garatzeko zer herritar eta profesionalmota hezi behar dugun hausnartzea bada helburua, ez dugu behar hezkuntza-esparrua barne hartu baina gainditzen duen ikuspegi sistemiko bat?

X. E.: Geroari begira hezkuntza eredu integratzaile bat behar dugula ikusten dut. Giza esparru eta, esan dezagun, esparru zientifiko-teknologikoa, biak integratzen dituena. Ez da erraza izanen hori sortzea egun dauden atomizazio hauek oso indartsuak direlako. Atomizazio horren barruan esparru txiki bakoitzak baditu bere interesak, bere botereak, bere eragin esparruak, bere lan esparru propioak eta muga horiek haustea sozialki ere zaila da, eta seguru aski ere kostea ere bai neurri batetan, konflikto mailan neurtu daitekeen koste bat. Baina geroari begirako beharrezkoa.

Horrez gainera, irakaskuntza eredu sistemikoari dagokionez, ados nago hezkuntzak beste gizarte sistemarekin elkarrekintzan ari behar duela. Esan dezagun, gobernu sistemarekin, onura sozialaren sistemarekin, zerbitzu sozialen sistemarekin. Sistema horiekin hezkuntzak elkar ekintzan egon behar du eta zenbait etapetan eta zenbait zentrotan horretan ari gara lanean. Eztabaidagarriagoa, nahiz eta elkar ekintzan ari behar ere, zer nolako harremanak eraiki edo izan ibehar ditugun eredu sistemiko horretan, mundu ekonomikoarekin eta erakunde ekonomiko handi guzti hauekin. Nik uste, eredu integratzaile eta sistemiko honetan edonola ere hezkuntzak berak izan behar duela zentralitatea eta hezkuntzak berak gobernatu behar duela gainerako sistemen gainean proiektatzen duen begirada eta harremana.

Oso oso garrantzitsua da hezkuntza independientea izaten jarraitzea, independientea gobernuarekiko, sistema ekonomikoarekiko. Hezkuntzak garatu behar du orohar bere zutabe oso osoan, baita ere bizitzarako eta bizitzan zehar egiten den hezkuntza prozesu horietan, esan bezala, garatu behar du bere independentzia propioa kritikotasun hori peoiektatu ahal izateko.

Beraz, integrazioa beharrezkoa dugu dudarik gabe hiritar moderno gai sortzeko, sistematikotasunaren beharrean gaude hezkuntza bera irauteko eta baliagarria izateko gizartearentzat baina aldi berean hezkuntzak independientea eta zentralitateari eutsi behar dio sistema horren barruan.

A. A.: Ikuspegi sistemikoak abantaila handiak ekarri ditu hezkuntzan eta globalitatearen ideia bat ematen du. Askotan profesionalek beraien arloan funtzionatzen dute, agian erakundearen irizpideak kontutan hartuz baina, bat nator zurekin, beste profesional batzurekin lanean arituko garela ikustean, sarean aritzen garen bezala gure harremanetan. Azken finean, zer lortu nahi dugu? Gizarteratze horretan, hezkuntzak duen helburu nagusi horretan, besteekin batera lan egitea. Gizartean gertatzen diren egoerak, arazoak edo ematen diren gora beherak gure gai bat izango balira bezala hartu, baloratu, ikuspegi desberdinak atera eta elkarrekin bateratu. Gero errealitatera joaten gara eta ez da erreza, eta ikasleei ere hori adierazten diegu, konsziente gara errealitatean zer oztopo egongo diren.

Nik uste dut horretan asko irabazi duela hezkuntza arloak eta egia esan katalizatzaile modura erabili beharko genuke, hezkuntza esparruak hartzen dituelako besteak ere. Nik horretan ikusten dut ez dela bakarrik arlo batetik egiten den ekintza bat, gehi beste bat, gehi beste bat... Ikus dezagun zer ondorio dauden, zer jarraipena egin, zer ondorio dituen erakunde batentzat egiten den hori, non egin behar den,...

X. E.: Arazoen analisian begirada anitzak behar dira eta gure ikasleei begirada anitzak izaten erakutsi behar diegu. Begirada anitz horiek izaten gaitu behar ditugu, eta baita ere beste begiradak izan ditzaketen beste profesionalekin elkar lanean aritzen. Xabier Etxague eta Ana Aierbe. Ana Aierbe Barandiaran Psikologian Doktorea. Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko Irakasle Titularra (Euskal Herriko Univertsitatea, UPV/EHU). Garatzen dituen ikerketa lerroak nagusiki hauek dira: “Zailtasunak garapenean eta ikaskuntzan, eremu formal eta ez-formaletan” eta “Komunikabideak eta gizarteratzea”. Gaur egun, I + D ikerketa proiektu honetan partehartzen du: “Euskal Herriko ikastetxeen eranginkortasunaren ikerketa luzeran eta testuinguruan oinarrituta. Ikastetxe hobekuntzarako ekintzen diseinua”. Baita ere, EHU/UPVko “Generoaren sozializazioa eta hezkuntza-testuinguruak” taldekide da. Xabier Etxague Hezkuntza Zientzietan doktorea eta Didaktika eta Eskola Antolakuntza saileko irakasle titularra da. EHUko “Eleaniztasuna eta Hezkuntza Unibertsitate Master” ofizialeko irakaslea eta zuzendaritzako kidea da. Bere ikerketa, didaktika eta hizkuntzen iraka-ikaskuntza prozesuetan zentratzen da. Gai hauei buruzko hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu, bai bakarrik bai beste egilerekin batera. DREAM (Donostia Research Group on Education and Multilingualism) ikerketa taldeko partaidea da. Erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritua da, gizarte eta hezkuntza proiektuen garapen eta ebaluazioan. EHUren kudeaketan lan egin du hainbat kargu betez (Erretoreordea, 2003-2008; Dekanoa, 2012-2017).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Mari Jose Aranguren eta Helena Franco. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktoreak: Ongizate-estatuaren defentsan, kohesio soziala eta garapen ekonomikoa jokoan daude

 

Irakurri

Nicanor Ursua eta Antonio Casado. Filosofoak: Gizartearentzat garrantzitsua da komunitate zientifikoak elkarrekin aritzea pentsamendu kolektiboa sortzen

 

Irakurri

Javier Aguirresarobe eta José Luis Rebordinos. Argazki-zuzendaria eta Donostiako Zinemaldiko zuzendaria: Zinemak suaren inguruan kontatutako istorioen xarma du oraindik ere

 

Irakurri

Karmele Aranburu eta Mirentxu Purroy. Kazetariak: Gaur egungo kazetaritzan, prestakuntza, etika eta egiaztatutako iturriak falta dira, eta Wikipedian adituak sobera daude

 

Irakurri

Fernando Escalante eta Ramón Zallo. Soziologoa eta Ikus Entzunezko Komunikazioko katedraduna: Nolako eremu publikoa nahi dugun erabaki behar da, eta horren araberako politika kulturalak ezarri

 

Irakurri