Lehenik eta behin, uste dut gizarte kohesio eta berdintasun sozioekonomikoaren aldeko kontzientzia kolektiboa behar dugula. Konsziente izan, kohesio soziala denontzat onuragarria dela. Nabarmena da kohesioa onuragarria dela gutxien dutenentzat; benetako erronka beste aldean dago, gehien dutenak balora dezaten kohesioa beraientzat ere oso onuragarria dela, guztiok konpartitzen dugun gizartea askoz ere bizigarriago egiten duelako, ikuspegi sozioekonomikotik eta haratago ere, elementu soziologiko eta sikologikoetara heltzeraino.
Hortik abiatuta, birbanaketarako dugun tresna nagusian, politika fiskalean, aurrekoa islatzen bada, dagokionak ez du iruzurrerako joera izango, arau fiskalen arabera dagokiona justua dela barneratzen badu.
Politika fiskalarekin jarraituz, kohesioruntz jo eta desberdintasunak murrizte aldera, benetan orientazio birbanatzailea eduki beharko luke. Eta iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko nahiko baliabide publiko erabili. Aparteko komentarioa merezi du paradisu fiskalen gaiak, legeztaturiko iruzurra. Horren aurka egiteak, politika publikoen aldetik, ondorio ekonomiko ikusgarriak edukiko lituzke, ogasun publikoaren mesedetan.
Egoera sozioekonomiko ahulean dagoen kolektiboei begira, badirudi Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI), oro har, nahiko ongi funtzionatzen ari dela, babes ekonomikoa eskainiz gehien behar dutenei. Etengabe eguneratu beharreko tresna da, egoeraren bilakaera aztertuz eta horri aurre egiteko neurriak hartuz. Betiere, printzipio gisa, lehen aukera lan egitea dela hobetsiz.
Lan mundura etorrita, nabarmena da esparru honetan ere beharrezkoa dela kohesio politika. Izan ere, zenbait ikerketek mahai gainean jarri dute langile txiroen problematika. Alegia, lan egiteak, lan ordaindua izanda ere, ez duela bermatzen duintasunez bizitzeko gutxieneko soldatarik. Langileen artean, diru sarrera desberdintasunek ez dute legezko mugarik, eta batzutan desberdintasun horiek obszenoak dira. Bai lanaren errentak kontuan hartuta, eta baita ere kapitalaren errentak.
Horren aurrean zer egin? Kapital errentak alde batera utzita, eta soldaten arlora etorrita, gaur egun dugun lan-zuzenbideko sistemarekin zaila da esku hartzea. Botere publikoek gutxieneko soldata ezartzen dute, eta hori hobetu dezakete hitzarmen kolektiboek eta kontratu indibidualek. Azken hauek autonomia pribatuaren esparruan daude, eta hor sor daitezke desberdintasun handiak.
Kohesioaren aldeko hautua eredu produktibotik etorri beharko litzateke; enpresen politika konszientetik. Arlo honetan, Euskal Herria mundu mailako erreferentea da gizarte ekonomiako enpresetan, bereziki kooperatibagintzan. Eredu honek berez barneratzen du elkartasunaren balorea, desberdintasunek kontrako norabidean, eta zuzenenan kohesioaren aldeko eragina daukana.