Urteko galdera

Fito Rodriguez / Idazlea eta EHUn irakasle

2015/07/08

Fito Rodriguez / Idazlea eta EHUn irakasle

Kopiatzeaz

Twist eleberria aurkeztu zuenean mokadu bat hartzen egon ginen Harkaitz Canok eta biok. Literatura molde berriak aitzakia, Harkaitzek "kopia eta atxiki" sistema sinplea erraztea izan dela idazkera telematikoaren ekarpena handiena zioen. Ebaluazio moduetan ere aztertzeak desagertzear dauden irakaskuntza zaharberritu honetan, ordea, mota desberdinetako dosierretan "kopia eta atxiki" sistemak bere garrantzia badu, eduki. Betiko "kopiatzearen" azken moldaketei aurre egiteko, nik behintzat, aukera hau erabili ohi dut: http://economia.elpais.com/economia/2015/06/05/actualidad/1433510626_359303.html Horrela, ikasleen artean ematen den copy-paste delakoari antzematen diot eta norena den testu bakoitza jakin dezaket ebaluazio ordurako. Literatura arloan, aldiz, zailagoa izaten da zer den kopia edo plagioa eta zer den sorkuntzarako erabilitako meta-testua deritzana baina, teknologia informatikoen eraginez, egilearen eskubideak birmoldatzen ari direla ez dago dudarik: http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/riev/54/54227248.pdf Copyright arautzeko lege espainiarrean sekulako arazoak ezarri zizkioten interneten bidezko loturen lan-moduari. Izan ere, Alemaniako legearen antzera, Espainiak snippets deitutakoak erabiltzeko ordaindu beharra onartu zuen legez. Horrekin batera, Googlek ezin ditu era askean (ordaindu gabe) egunkari digitalen linkak eskaini eta ondorioz, Alemanian erakutsitakoan bezala, haienganako bisitak izugarri gutxitu zirenez, haiek maneiatzeko lizentzia libreak tramitatu behar izan zituzten legeari berari salbuespen eremuak sortaraziz. Europar Legebiltzarrean tramitatzen ari den legean, Espainian ez bezala, Google tasarik ez bide da onartuko eta loturak era askean bideratuko dira. Aipatu espainiar jabego intelektualaren legek, duela gutxitik indarrean egon arren, ez ditu oraingoz argitu loturen bidezko kopiak zer-nolako tarifak jarriko ditu abian. Horretan diharduten clipping agentziek ere ez dute horren berririk eta, bitartean idazleen jabego intelektuala kudeatu ohi duen CEDRO entitateari legozkioke halaber ustezko eta legezko diren tarifa haiek kobratzea. Nahasketa galanta, bada. Urte batzuk egin ditut nik CEDROko zuzendaritzan eta, zinez, esan dezaket gauzak, argitu beharrean, gero eta korapilatsuagoak daudela. Izan ere, azken espainiar jabego intelektualaren legeak ez baitu bat egiten Europatik prestatzen ari den horri buruzko marko legalarekin eta, gainera, aipatu ezarpen araudia, tarifak eta guzti, ez dira ezagutu ere egiten... nola aplikatu, orduan?. Ez da notizia ezaguna baina Euskal Idazleen Elkarteak CEDROtik irtetea erabaki zuen bere azken Batzarrean eta, era berean, Jabego Intelektuala kudeatuko duen Euskal Agentziaren alde egin zuen. Ez da arazo samurra baina informazio teknologiek agintzen duten mundu honetan horretaz hitz egin, idatzi eta eztabaidatu beharra dago. Arestian esan bezala, kopiatzeak balio lezake edo ez baina noiz den zilegi eta noiz jotzen duen denon eskubideen aurka argitzea premiazkoa izaten da. Eta, ildo horretatik, ez litzateke gauza txarra izango, bide onetik hasteko, Eusko Ikaskuntzaren babespean daukagun Auñamendi Entziklopedia digitalaren artikuluek, esaterako, bere ISBN edota ISSN izatea...horrela, inork gaizki kopiatu gabe, bere aipuak egin zitzakeen eta haien loturak, askeak izanik, jakintza zabaltzeko baliagarriak izango lirateke. Hala izan bedi.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp